Isuri, korritu…

Fernando Rey Escalera

Aitortu dezadan, lehenik eta behin, bestelakoa imajinatzen nuela nik hasieran 31 eskutik. Egunero-egunero itzulpengintzarekin lotutako zertxobait agertuko zela espero nuen nik, baina tanta bat, zer pentsatua eman behar zuen daturen bat, orain hitz bat, orain esaldi baten inguruko zailtasuna, orain pasadizo bat, betiere labur. Eta ikusten dut, oro har, karga handikoak direla artikulu gehienak, gogoeta eta lan mardulak.

Ongi iruditzen zait, eta, blogaren arduradunek esaten duten bezala, artikulu-egileek zer nahi duten, horixe izanen da bloga. Dena dela, nik nahiago buruan nuen horri segitu, eta, praktikan gertatutako txikikeriak aitzakia hartuta, nire aletxoa bota.

Aste hauetan, Garazi Arrula tafallarrak euskaratu eta hemendik laster Txalapartak argitaratuko duen liburu bat zuzentzen ari naiz: Venusen Delta, kontakizun erotikoak, Anaïs Ninena.

Problema bat ikusi dut gaztelaniazko «correrse» kontzeptuaren ordaina ematerakoan.

Eztabaida luzea pitz lezake soluzio egokien faltaren arrazoiak, baina egia da hiztegiei begiratuta kontuak nahasita daudela.

Lehenbizi, harrigarria da Sexologiako hiztegiak aipamenik ere ez egitea.

Beste hiztegi batzuetara joaz, hauek aurkitzen ditugu:

a)      Elhuyar:

19 v.prnl. (vulg.) orgasmora iritsi, orgasmoa izan

b)      Zehazki:

16 vulg (tener orgasmo) etorri, korritu beh, isuri goi; ella volvió a correrse, neska berriro isuri zen; ¡que me corro!, banator, banator!

c)      Labayru:

16 vb. prnl. (vulg.) Tener un orgasmo orgasmoa euki/eduki | izan, orgasmora heldu.

Ramon Etxezarretaren Hiztegi erotikoak ez dakar correrse sarrera, nahiz eta ordain asko eman beste sarrera batzuen bidez (eyacular, orgasmoa):

bapo gelditu, busti, eskapatu, gainezka egin, hustu, isuri, joan / etorri egin, korritu, partidoa bukatu, zurrustatu, hazia bota, joan, asetu, atsegin hartu, grinak asetu

Bi gauza egin zaizkit harrigarri. Bata, erregistro desberdinak ez bereiztea, ez baita erregistro bera «correrse» edo «tener o llegar al orgasmo». Bestea, zehaztasun falta, espezifikotasun falta, ñabardurak inportanteak baitira, ez baita apenas berezitasunik ageri emakumeen eta gizonen korritze kontzeptuak direla-eta.

Erregistro formalerako –iruditzen zait, dena dela, sexu hezkuntza dela-eta lehenago formaltzat hartzen ziren zenbait esapide arruntak direla gaur egun–, «orgasmoa izan», «orgasmora ailegatu, iritsi, heldu» dugu nire ustez bide normalena.

Erregistro arruntagoetarako, correrse aditzaren pare, Hegoaldean behinik behin, korritu iruditzen zait modu zabalduena, eta ongi etorria izan dadila mailegua. Zuetako inork besterik baldin badu, hainbat hobe.

Horien artean gelditzen dira hiztegietan proposatzen diren etorri eta joan. Zehazkik «banator, banator» dio. Niri eta nire lagun batzuei bitxi samarra iruditzen zaigu, baina tira. Aukeran, nahiago joan. Kike Amonarrizi behin aditutako txiste batean oso ongi ematen zuen joan aditzak, eta aise ulertzen zen, testuinguru horretan, jakina (bikote bat larrutan ari da bere gelan, eta umeak, beretik, zera aditu dio amari: «Banoa, banoa». Orduan, umeak oihu egin, eta galdetu dio: «Ama, baina nora zoaz?»). Etorri ilunagoa iruditzen zait.

Heldu, iritsi edo ailegatu, huts-hutsean, motz gelditzen dira testuinguru markatu gabeetan, eta, eufemismoak direnez, hobe dugu, behin horretara ezkero, «orgasmora heldu, iritsi, ailegatu» esan.

Komentatu nahi nuen azkena isuri da. Ni harritu egin nau Sarasolaren proposamenak, are gehiago jarri duen adibidearekin: «Neska berriz isuri zen». Isuri aditzak badu bere lekua noski, eta hortxe ditugu «hazia isuri» eta «hazi-isurtzea» eta behar den guztia, baina klimaxera ailegatze hori adierazteko, niri bederen, ez zait egokia gustatzen. Goi mailarako proposatzen du, gainera.

Horretarako, eta proposamen hoberik ez den bitartean, nahiago dut korritu mailegua.

Nire artikulu honek hutsune bat du gutxienez. Ez dakit frantsesez, eta, galdeka ibili banaiz ere, ez zait informazio askorik ailegatu Iparraldeko erabileraz. Aingeru Epaltzak esan dit jouir esaten ote den. Segur aski erregistro maila arruntagoan egonen da beste hitzik ere. Aingeruren bitartez, Itxaro Bordaren aportazioa ailegatu zait. Eta honela zioen:

Hemen ere orgasmoa erraten diaguk, baina gehienetan euskaraz gozatu, atseginez lehertu, erre, gogortu, malgortu, sugartu eta irudimenak hazi ditzakeen hitzak oro baliagarriak direla erraiok hire lagun itzultzaileari.

Esperientzia horiek adierazteko, hamaika modu erabiltzen ahalko genuke, eta hitzekin trebe direnek nahi adina modu eskainiko dizkigute, metaforak barne. Baina hizketa lauan, behar-beharrezkoak ditugu termino horiek.

Eskertuko nituzke zuen aportazioak, edo iritzia behintzat.

Gutako inorentzat ez dira arrotzak esperientzia horiek. Baina, esan, zer esaten dugu?

19 Replies to “Isuri, korritu…”

  1. Oso interesgarria, Fernando (bidenabar, nik ere zure uste bera nuen 31Eskutik-en formatuaz, eta horixe nahiago, aukeran). Nik esango nuke Ibon Sarasolaren irudimenean ezpada, Euskal Herrian emakume bat sekula “ez dela isuri” testuinguru horretan (tira, ez horretan ez bestetan, esango nuke). Niri zera baino xelebreagoa iruditzen zait; baina jakina da Sarasolaren hiztegia ez dela deskriptiboa, beraz, uste dut haren proposamentzat hartu beharko litzatekeela.
    Nik euskaldunen ahotan ezagututakoak, erregistro arruntean, dira: “korritu” (intransitiboa,jakina) eta “joan” (“banoa”, “joan egingo naiz”). “Amaitu” ere bai, baina gehiago zigarro moment-erako, adibidez: “amaitu dozu?”

    Atsegin dut

    1. Bai, Ana. Arrazoi duzu. Ederki dakit Zehazki pertsona baten hiztegia dela, proposamen bat, baina Sarasola ez da edonor, eta susmoa dut jendeak Biblia balitz bezala hartzen duela, eta itsu-itsu obeditzen diola. Baliabide zoragarria da, oso gauza onak ditu hiztegiak, baina ez da beti “men” eta “amen” egin behar zaion zerbait.
      Eta “isuri” hori, bai, bitxia da. Niri ez zait egokia iruditzen. Eta “neska berriro isuri zen” adibidea jarri duenean, ongi ohartuta jarri izanen du segur aski, bai “neska”, bai “zen” (nor aditz-erregimena).
      Ongi bizi. Klimax etengabean ezin. eta, horregatik, ahalik zoriontsuen behintzat.

      Atsegin dut

      1. Corpusetan begira, Sadeko Markesaren adibide bat topatu dut, Juan Martin Elexpuruk eta Bego Montoriok itzulitako “Filosofia apaingelan” (2001) libururan: “Eta oraindik eta zoriontsuagoa izateko, bataz eta besteaz balia dadila aldi berean; alutik ematen dionaren joaldi lizunek, ipurditik ematen dionaren estasia leher dezatela, eta horrela, gizon bien haziz blai eginik, neskak berea isur dezala, plazerez hiltzen den bitartean”.
        Zalantzak uxatze aldera, jatorrizkoa bilatu dut (1795): “Sans doute, et pour être encore plus heureuse, qu’elle se serve de l’un et de l’autre à la fois, que les secousses voluptueuses dont elle agitera celui qui l’enconne servent à précipiter l’extase de celui qui l’encule ; et, qu’inondée du foutre de tous deux, elle élance le sien en mourant de plaisir.” Identifikatu gabeko espainierazko itzulpen bat ere topatu dut: “Indudablemente, y para ser aún más feliz, que se sirva de los dos a la vez; que las voluptuosas sacudidas con que ha de agitar al que la encoña sirvan para precipitar el éxtasis del que la encula, e, inundada de leche por los dos, lance la suya muriendo de placer”.

        Atsegin dut

  2. Gauza bitxia da Sarasolak “isuri”rako proposatutako erregimena, baina are bitxiagoa zer egoeratan paratu behar duen itzultzaileak bere burua hitz egokiaren peskizan (beharbada maitaleari galdetzea hobe).

    Nik “isuri” horrekin ez du dudarik: “isuri egin du halakok”, eta emakumeen isurketa, mito hutsa ez den arren, ez dut uste hitza desmistifikazio-nahi horretatik harago erabilia denik.

    Bitxia ere bada, gizonak “korritu” egiten direla, “amaitzen” dutela, “isurtzen” dutela, eta emakumeak, berriz, “ailegatu”, “iritsi” egiten direla (nire ideolektoan, bederen). Beharbada, horretan zerikusia izango du giza arren klimaxa laburra dela giza emeen klimaxaren aldean.

    “Banator” horri, berriz, nik barre-antza hartzen diot, disfuntzio halako baten ondorio balitz bezala, baina ezin jakin bestek zer esaten duten.

    Atsegin dut

    1. Barkatu, Iñigo, baina emakumeok ere korritu egiten gara. Bestalde, ja ja ja, ez dut uste inondik ere Sarasolak “squirter” esan nahi zuenik isuri horrekin (hortik gainera ondorioztatu litzateke emakume guztiok squirterrak garela, edo hala uste duela Sarasolak).

      Atsegin dut

  3. Fernando: diplomaziak hala agintzen duela eta, eta gai hain atsegingarri eta oihartzun ederrekoaren erdian ari ginenez, ez dut gordinegi esan nahi izan Zehazki-ri buruz eta Zehazki-ren erabilerari buruz uste dudana. Utz dezagun horretan: pertsona baten hiztegia da (pertsona bat, batzuek kategoria naturaz gaindikoa aitortuko lioketela dirudien arren), ez da deskriptiboa (lehen talde horretako pertsonek preskriptibo bihurtu badute ere), eta sarri askotan bere izenburuak agintzen duenaren guztiz kontrakoa dakar: dimentsio dibinoari dagokion lausotasuna.

    Atsegin dut

  4. Barkatu, ahaztu zait gauza bat: aditz hori erabiltzen dutenek jakingo dute ea euren inguruan ohikoa eta tradizionala den (euskaldunok gauza horietaz gurasoei eta aitita-amamei galdetu ahal diegun neurrian, ja!), baina ausartuko nintzateke esatera “banator” hori ingelesaren eragina baino ez dela, denok dakigunez, anglofonoak betetasunera heltzen direnean etorri datoz eta.

    Atsegin dut

  5. Emakumezkoaren ‘isuri’-ren “kontra” edo egon daitezkeenei, gogorarazi nahi diet Tantra praktiketan ohikoa dela emakumezkoaren isuria: अमृत ‘amṛta’ esaten zaio, grezierazko ἀμβροσία ‘ambrosía’ berbera: hau da, isuri dibinala, hilezkortasunarekin lotua, hilezkorren likidoa… Eta bakar-bakarrik emakumezkoari esaten zaio horrela, ez gizonezkoari. Tantra praktika horietan (emakumezkoen benetako sexu-askatzea dakartzatenak), biziki bilatzen dute bikotekideek emakumezkoaren isuri-aldi hori.

    Beraz, oso egokia iruditzen zait ‘isuri’ hori, are gehiago, erreibindikatu beharko genukeela uste dut. Seguru nago Euskal Herrian ere emakume batzu(e)k (Anak iradokitzen duen bezala) ‘isuri (egin) direla’ edo ‘isuri (egin) dutela’, hobeki esanda iruditzen bazaizue. Jakin dezatela emakumezko guziek isuri hori isurtzeak dakarren plazer inmortala.

    Beste alde batetik, ‘banator’ oso ohikoa zen, Nafarroan behintzat, garai batean, eguneroko hizketan, “Etor zaitez!”-i ematen zitzaion erantzun arrunta baitzen: gure amona zenak (nafarra nuen amona) ‘Banoa!’ esan beharrean ‘Banator’ esaten zuen. Beste trantze partikular horretan, berriz, ezin jakin… baina ez diot kontrakorik deus ikusten, kontuan izanik batetik bestera pasatutako irudia edo metafora dela. Horrezaz gain, seguruenik ulergarri ez den zerbait botatzen duenak izanen du plazerrik haundiena, mugagabeena.

    Atsegin dut

  6. Mutilen kasuan “BANISUR” da egokiena

    A! A! A! A! BANISUR; BANISUR BANISUR::::::::

    Nesken kasuan “GAILURTU”

    A! A! A! GAILURTU DUT; GAILURTU DUT :::::

    Atsegin dut

  7. Lotsagarria da batzuek ez jakitea Banator tradizio ezagun zaharragokoa dela Banoa diglosikoa baino (ez dut esaten bigarrena gaizki dagoenik, baizik eta horren apurra jakin beharko litzatekeela iritzia eman aurretik).
    Nafarroan ez ezik (gorago aipatu da hori), Gipuzkoan ere dokumentatua dago Garateren arabera (ikus OEH, etorri)
    Gainera irriak eta anglofoniaren teoria ergelak jasan behar!
    Ez dakit hemen proposatzen den testuingururako erabiltzekoa den, baina Banator Martetik iritsitako zerbait balitz bezala tratatzea ere!

    Atsegin dut

    1. Ai, talib maitatua, Jainkoak guarda zaitzala. Inortxok ere ez du esan “banator” hori arrotza denik edo ingelesetik datorrenik, ezpada testuinguru jakin horretan ez dela erabiltzen (lagunarteko txantxetatik harago ez, behintzat) eta ingelesetik etor litekeela erabilera hori.

      Atsegin dut

    2. Ez dakit hemen esan ditugunak jakinduriaren galbahe finagotik pasatu behar ote ditugun, baina uste dut Iban Talibanen jarrera zentsura bihurtu daitekeela, Nor ausartuko da deus komentatzera, gero Ibantzaindiko buruak halako egurra ematen badio?
      Erlaxatu gaitezen.
      Dena dela, zuk esandakoak ere, Iban, aski ausartak dira. “Banoa” diglosikotzat hartu duzu. Erabakia. Ez dakit kalkoa den edo ez den, baina kalkoen artean “kalko egokiak” eta “kalko aproposak” bereizi beharko genituzke. Edo kalko den guztia da txarra? Eta noiz bihurtzen da kalko bat euskara, eta, beraz, kalko on?
      Eta ez dut uste “banator” hori oso zabaldua dagoenik Nafarroan, are gehiago nafar gehienok “heldu naiz” esaten dugunean. Dena dela, azaleraz, Nafarroa zabala da, eta denetik egonen da noski.
      Eta bai, erabilera hori badago. Baina hemen orgasmoaren esperientziarako balio ote digun ari gara.
      “Ergelak”, “lotsagarria”, “apurra jakin beharko litzateke hitz egin aurretik” adierazpide goxoek ez dute inor askorik animatzen blog batean parte hartzera, baina, igoal, “reality show”etan bezala eta harreman sakomasokistetan bezala, pizgarri dira baten batentzat. Niretzat ez, baina, tira, askatasuna.
      Ez naiz ariko goxokeriaren alde, baina, purrustadak baino, nahiago “orgasmoa”, joan, etorri, edo korritu.

      Atsegin dut

      1. Nik neronek bereiziko nituzke, hasteko, bi kontu: alde batetik, “Nafarroa gehienean (=lurralde hedadura)”, eta bestetik “Nafar gehienok (=hiztun kopurua)”.

        Ez dakit “Nafarroa gehienean” nola dagoen “Banator”-en zera hori, baina esanen nuke “Nafar gehienok” erabiltzen dugula, ondoren egiten dudan bereizketaren aurreneko zentzuan.

        Bereizi behar baikenituzke “Banator” “Banoa”-ren zentzuan, eta “heldu da / heldu naiz” “dator / nator”-en zentzuan: bai, Nafar gehienok, eta are Nafarroa gehienean (denean ez balinbada), “Bidean heldu da” esaten dugu beste batzuen “Bidean dator”-en lekuan.

        Atsegin dut

Utzi iruzkina