Iñaki Iñurrieta Labaien
Nola liteke Argentinako eleberrigilerik onena poloniarra izatea? Poloniarra, eta beti polonieraz idatzi zuena (ez Conrad bat, literatura ingelesean arrasto nabarmena utzi zuena). Eleberrigile onenaren titulua Ricardo Pigliak eman zion behin Gombrowicz-i[i], probokatzeagatik noski. Baina ez probokatzeagatik bakarrik.
Itzultzaileak eta estilo ertaina aipatu nituen aurrekoan. Pigliak itzultzaileoi egozten zigula, beste idazlari guztiekin batera, estilo hori zertzeko eta zabaltzeko eginkizuna (Juan Garziak aipatzen zuen “lan kolektibo ez-ozen iraunkor errealista egunerokoan”), gehien erabili ohi diren formak atzematen, inguruan aurkitzen ditugun hiztun “klasikoen” esamoldeak jasotzen, idazle eredugarriengandik ikasten, zabalduz doazen hizkerez jabetzen (tartean, aldian behin boladan jarri ohi diren modismoak, nazka ere sortzerainoko sukarraldian… atzera berriz distira galdu eta leku arrunt bat aurkitzen duten arte). Denak behar, denontzako estilo-esparru zabal, natural(du), normal(du) bat lortuko bada, etengabe zabalduz-zabalduz joango dena.
Estilo arrunt, konbentzional hori eraikitzearekin batera, ordea, itzultzailea beste aldearekin harremanetan dabil betiere, hizkuntzaren mugetan, mugak zabaldu nahian, mugei bultzaka (tarteka, harrika ere bai). Horren adibide oso berezi bat da Gombrowicz-en Ferdydurkeren itzulpena.
Ez da erraza Ferdydurke hitz gutxitan deskribatzea. Wikipediara joz gero, ikusiko duzu 1937an argitaratu zela Polonian, eta ohitura politiko, nazional eta kulturalen esplorazio bitxi eta arraro bat dela, umore misteriotsuko idazlan bat, zeinean Joey Kowalski hogeita hamar urtetik gorako protagonistak deskribatzen baitu nola bilakatzen den nerabe, bere ibilera komiko eta erotikoetan barrena. Modernismoko maisulantzat jotzen du Wikipediak, dadaismoaren eta Marx anaien ukituekin.
Zuzenean irakurtzeari ekiten badiozu, kontrako sentimenduek hartuko zaituzte ziur asko: noraeza, egilea adarra jotzen ari zaizulakoa, distira fin bereziren bat tarteka, umore-kolpe ustekabekoren bat… Baina jatorrizkoaren falta sumatuko duzu agian gehien: hura itzulpen txar bat ote den susmoa, eleberriaren testuinguruaz, sortu zueneko gizarteaz, gehiago jakiteko beharra. Nekez egingo duzu aurrera, egiten baduzu. Baliteke norbaitek gozamenaren aparretan egitea ere irakurraldi osoa. Niri ez zitzaidan halakorik gertatu.
1939an, Gombrowicz Argentinara joan zen kultur bisitan, beste idazle poloniar batzuekin batera; han zegoen bitartean, Alemaniak Polonia inbaditu, eta Bigarren Mundu Gerra hasi zen. Beste idazle gehienek Ingalaterrara jo zuten, Gombrowiczek Argentinan geratzea erabaki zuen. 24 urte emango zituen bertan.
Han, ia miserian bizi zela, lagun talde batez inguratu zen, itsasportuko tabernazuloetan biltzen ziren mozkor, alfer, ero, poeten artean. Eta haiek jakin zutenean idazle poloniar bat zela, eta Ferdydurke izeneko eleberri bat argitaratua zela, itzultzeko eskatu zioten.
Itzulpen hura oso modu bitxian egin zen. Saio bakoitzaren aurretik, Gombrowicz-ek zirriborro bat egiten zuen, eleberria espainiera ustekabeko, ia oniriko batera itzuliz, hiztegiez lagunduta, oso gutxi ezagutzen baitzuen hizkuntza. Eleberrigile bat hizkuntza ezezagun bat arakatzen, bere prosa poloniarraren erritmoak bestalderatu nahian.
Gombrowicz-en joera, diotenez, hizkuntza berri bat asmatzea zen: ez neologismoak asmatzea, baizik eta hitzen esanahia bortxatzea, testuinguru batetik beste batera aldatu eta esanahi berriak hartzera behartzea. Ondoren, lehen material haren gainean, talde bitxi, askotariko hark ekiten omen zion Rex izeneko kafetegi harrezkero ospetsu bihurtuan, non edateko eta xakean jokatzeko biltzen baitziren. Hogeitaka lagun, eldarnio betean, polonieraz hitzik ez zekitenak, ia gaztelaniarik apenas zekien poloniar baten hitzak antolatzen. Taldearen buru, Virgilio Piñera idazle kubatarra.
1947an argitaratu zen itzulpena, Ernesto Sabatoren hitzaurrea zuela. Argentinan, itzulpen hari esker, Gombrowicz izan omen zen lehenengoetakoa, estilo ertain, konbentzionalaren arauetatik aldentzen. Itzulpen hura erabakigarria gertatu zen Argentinako literatur estiloen historian. Ferdydurkeren argentinar bertsioan, espainiera ezin gehiago dago bihurdikatua eta bortxatua, hausturaraino ia; hizkera artifiziala da, etorkizuneko hizkuntza dirudi, dio Pigliak.
Hizkuntza horixe aldarrikatzen du Pigliak balizko eleberri argentinar baterako. Horregatik jartzen du Gombrowicz bi idazle argentinar peto ezin bereziagoren aldamenean: Macedonio Fernández da bat, eta Roberto Arlt bestea. Bien estiloen marka ere bitxitasuna baita. Hizkuntza atzerriratuak omen dirudite: Gombrowicz-en espainieraren antza omen dute.
Gaur egun, Argentinako literaturaren historia batzuetan ageri da Gombrowicz.
Halaxe imajinatzen du Pigliak argentinar eleberri etorkizunekoa: eleberri poloniarra litzateke, konspiratzaile talde batek etorkizuneko espainiera batera itzulia, Buenos Airesko kafetegi batean.
[i] Ricardo Piglia, Formas breves, Anagrama, 2000.