Koldo Biguri Otxoa de Eribe
Hiztegi elebiduna lagunik onena eta etsairik gaiztoena izan daitezke aldi berean itzulpen lanari ekin behar dionarentzat, euskararen kasuan bereziki. Arituaren arituaz, eta batez ere adinak ematen duen sen bereziaren laguntzaz, itzultzaile ohartua gutxi gorabehera moldatzen da euskal hiztegien soroetan dauden segada eta zepo ugarietatik ihes egiten, baina zin dagizuet oso neketsua izaten dela itzulpen ikasketak egiten ari den ikasle bati azaltzea zergatik ez duen erabili behar euskal hiztegietan “ohore” guztiez jasota datozen itzulpen-ordain asko eta asko, zergatik diren desegokiak edo, besterik gabe, arbuiagarriak. Adibide bat besterik ez:
Demagun “suntuoso” adjektiboa euskaratu behar dugula honako adibide hauetan: “J. de A. se construyó una suntuosa casa en…” edo “Te da la sensación de ser un espectador directo de la suntuosa Ópera de París”. Erdarazko hiztegietara joz gero, DRAEn ematen den adiera, egia esan, ez da oso lagungarria: “Grande y costoso”; zehatzagoxea, baina aukeran motza, iruditzen zait María Molinerren hiztegian datorrena: “Lujoso y magnífico”. Zorrotzagoa iruditzen zait ingelesezko dictionary.com on-line hiztegian “sumptuous” hitzarentzat aurkitu dudana: “entailing great expense, as from choice materials, fine work, etc.”; edo frantsesezko le-dictionnaire.com hiztegian “somptueux” hitzarentzat dakarrena: “Se dit d’un luxe, d’une magnificence qui a nécessité de grandes dépenses”
Euskal hiztegietatik erronda egiten hasita, Elhuyarrek honako itzulpen aukerak ematen ditu: aberats, handi(os), bikain, galant, aparta, sekulako, egundoko. Tira, baten bat hurbildu edo egiten da, baina ez dut uste bat bakarra asebetegarria denik (“etxe bikain aberats handiosa” izan liteke itzulpena testu batean, baina definizioa lirudike). Zoritxarrez, Elhuyar hiztegiak adibide gisa hauxe ematen du: “Tiene una suntuosa casa: etxe galanta du”. Eta gure zoritxarreko itzulpen ikasleak, noski, hori hautatzen du. Hiztegiak dakar, ez? Baina, egiatan, nork aterako luke, alderantzizko itzulpena eginez, euskarazko “etxe galant” horretatik Urliak “casa suntuosa” bat duenik, eta ez “una casa enorme” edo “tremenda” edo “del copón”? edo, kasurik onenean, “una casa magnífica”, hiztegietan erregistro desberdin horiek denak baitatoz hitz beraren kasuan? Eta zer sentsazio subjektibo aterako genuke, beste adibidean, “Parisko Opera aberatsa” edo “Parisko Opera galanta” irakurri beharko bagenu? Sydneyko Opera House ikonikoaz inork esango luke “sumptuous” dela? Eta, euskaraz, “galanta” edo “aberatsa” ez dela? Zeren arabera neurtzen dugu galantasuna edo aberastasuna? Nola irudikatzen ditugu kontzeptu horiek?
Beno, begira dezagun orain Zehazkin, eta hara zer dakarren “suntuoso” itzultzeko: “luxu garestiko” eta “hotsandiko”; ausartuko ginateke esatera Parispo Opera “luxu garestikoa” dela? Sinpleegia eta konnotatiboegia iruditzen zait; eta bigarrenaren adiera, Orotarikoan begiratuta, “sonado, famoso, solemne” da; alegia, etxe edo Opera jauregi “suntuoso” bat, jakina, izan daitezke hotsandikoak (hots handikoak; eta, bide batez, Opera jauregiaren kasuan auskalo zer ulertuko lukeen irakurleak), baina beste zerbait esan nahi du horrek. Hala ere, horixe dakar hiztegi horrek. Eta Google Translatek “etxe aparta” dakar, baina, jakina, etxe apart edo Opera jauregi apart guztiak (Sydneykoa, adibidez) ez dira “suntuosoak”.
Honelako kasuetarako erabiltzen dira hizkuntza guztietan maileguak, eta euskaraz ere erabil genezake “suntuoso” hitza, ingelesez “sumptuous” erabiltzen duten bezala, “luxurious”, “plush”, “magnificient” sinonimoekin batera. Gure arazoa, beste askotan bezala, odoletan daramagu: mailegu eta kalko asko eta askori beti aurkitu nahi izaten diegu euskal ordain jator-jatorra beste ezer baino lehen, euskal hiztegietako zokorik zokoenetan aurkitu nahirik inguruko hizkuntza landuagoek tradizio idatzi luzearen ondoren lortu duten lexiko aberats guztiarentzako euskal ordain jator-jatorra, eta, ondorioz, mila hitz multisemikoko euskara (garbi baina pobrea, edo, pobre baina garbia) sustatuz, erregistro guztiak nahastuz eta zehaztasunari eta euskara aberastu beharrari bizkarra emanez.
Blog honetan bertan edo Itzul bezalako zerrendetako hit-paradeetan begiratzen badugu zeren inguruan sortzen diren eztabaidarik sutsuenak, zein sarrerak duen iruzkin eta ika-mika gehien, ez zait iruditzen euskarazko testuen zehaztasuna edo euskal lexikoaren aberastasuna daudenik gure grinarik piztuenen tontorrean.