Zaletuen mugikorrean x

Juan Garzia Garmendia

Ez dakit nondik hasi.

Zerotik, demagun. Lizeoko irakasle nintzen garaian, famatu nintzen klaustroan, besteak beste, zero hitza euskarazkoa dela aldezteagatik. Urte batzuk lehenago, huts hitza zatekeen oztopoa; ordurako, ordea, ondo janda zeukaten irakasle gazte modernoek zero izena behar zuela zenbakiak euskaraz. Zer zen, orduan, arazoa? Bada, euskaraz erdaratik ez oso bestela idazten ziren hitzek mailegatu egiten zutela haien hizkeran ahoskera ere: alegia, cero bezalaxe ahoskatzen zutela zero, euskal z hotsa pedante eta are barregarri iruditurik hor, nonbait.

Adibide bat baino ez da, eta halako hitz guztiekin gertatzen zen –eta da oraindik ere– fenomenoa. Bestelako sintomak baino larriagoa zen, fonetikaren mailan, joera temati hori. Izan ere, yeismoa ere lotsagabetu samarturik zegoen jada (guztiz nagusi dabil dagoeneko, are hedabideetako profesionalen artean), baina, kasu honetan, ez zen aitzakiarik, zeren, ll grafemari dagokion hotsa ez bezala, irakasleok ez baitzuten berez guztiz galdua z letrari euskarazko euskaraz dagokion fonema…

Zero hitza, irakasleontzat, erdarazkoa zen euskaraz ere, nolabait esateko.

Gure berri ez duen behatzaile batek, duda handirik gabe, pentsatuko du halakoetan aski dela okerraz konturatzea oker hori zuzentzen has dadin, bigarren aldian ez bada hamaikagarrenean, baina, esan dut, gaur da eguna, hogeita hamar urte luze igarota, berdin esaten dutena irakasleok, aitorpen-irriño batez inoiz nire aurrean, cero jarriko diotela norbaiti.

Duela urte pare bateko Eguberritan konturatu nintzen ez dela sindrome hori lizeoko orduko nire lankideen bereizgarria. Nire iloba gazte txikitatik euskaraz eskolatuak, hizpidea auskalo nondik etorrita, garbi utzi zigun berak nahiago zuela mutu hil, x sinboloa ixa irakurri baino. Fusilen puntan ere ez zutela behartuko, alegia, mundu guztiak ekis esaten dion horri bestela deitzera; ea nor zen Euskaltzaindia bera bezalako hiztun libre bati halako asmakeria inposatzeko.

Garbi gera bedi: ez ginen ari lagunarteko hizkeraz, unibertsitatean eskolak edo telebistan albisteak eman behar dituenaren hizkera-ereduaz baizik. Ez dut iruzkinik egingo, ilobak pentsa ez dezan, hau irakur lezan kasu guztiz gertagaitzean, orain bildu ditudala orduan ez nituen arrazoiak. Ez, lasai, ez dut arrazoi gehiagorik: berak du noski indarrarekin arrazoia, aldeko baitu soziologia; gehiengoa duten alderdiek bezalaxe, hain zuzen.

Horiek guztiak, sintoma txiki-handi gisa, euskarak euskaldunon artean benetan duen estatusaren isla dira: beste zernahi izango da euskara, baina ia inork ez dauka kultura-hizkuntza beregain erabatekotzat. Euskal hiztun naturalek artifizialtzat jotzen dute euskarak zeinahi kultura-hizkuntzak egin izan duen eta egiten segitzen duena egiteko ahalegin ia oro. Praktikan, sakonean, euskara batuaren beraren ideia dago auzitan; hots, estandar baten beharra.

Jakina, suak hartzeraino berotuko lirateke gero, diskurtsoan, baten batek esango balie bigarren mailako hizkuntza dela horrenbestez euskara, baina alferrikako pedantekeriatzat jotzen jarraituko dute, noski, lagunartekotik goragoko eta herrixkatik haragoko erabilera zaindu, landu, osatu, ondua: utikan batukeriok!

Espontaneismoa da nagusi eskolan, arrunkeria telebistan, eta literaturak ere, bere aberastasunaz erakarri beharrean, berak txirotu behar du nagienaren arreta eske. Bertsolaritza da, edo rock radikala eta ondorengoak, gaurko gazte askok irudikatzen duten euskal kulturaren gailurra.

Ixa, berriz, lehengusinaren izen laburtua ez bada, euskara informatikaren munduan txertatzeko ahalegin eskergan ari den taldearen izena izan liteke, gehien jota: izen berezi bat, nolanahi ere, eta ez x sinboloaren izen batu estandar arrunt eta –egiunez eta debileroz– naturala, nahiz neuri ere, naturaltzeko bide horretan, oraindik ahalegintxo bat eskatu noski neure egiteko (geologia txukun ahoskatzen ere, aitor dezadan, ez naiz oraindik trebatu).

Aldagaien ikur izaten da x, baina badoa denbora, eta ez dirudi gai garenik zeroaren hurrengotik aldatzeko geu horretan.

Uste dut zero hitzarekikoak baino zaharragoak direla zaletu izenarekikoak. Garbi geratu zen; aspaldi erabaki zen, eta inork ez zuen esan, nik dakidala, kontrakorik ezer: kalko oker, alferrikakoa zen, bistan da, eta aski eta sobera genuen zale hitza.

Bada, sentitzen dut salatu beharra konturatu gabe bazeundeten, baina barra-barra erabiltzen da oraindik zaletu sasiko hori.

Izan ere, gu geure eztabaida sofistikatuetan hain gustura endredatzen garen bitartean (lehengoetan zein berrietan, berdin dio), adostutako apurrak ere ez dira behar bezala iristen euskaldun korrienteengana; hots, kaleko erabileraren zirkuitura.

Bada zer pentsatua hor ere, ea (beste) antolaeraren bat ez ote genukeen behar adosbidea (mailarik arruntenekoa bederen) areagotu eta eraginkorragotzeko. Ni ez naiz horretan aditua, baina bistakoak dira eskasiak, eta euskararen aurrerabide teknikoa hutsalarazterainokoak dira maiz. Euskalgintzaren profesional askoren ikuspegiak eta jarrerak ere berrikusi behar lirateke, nik uste, norbere arrazoiotxoaren tirabiran azkenean denon artean kultura-hizkuntza batek ezinbesteko duen batu estandarraren aurrerabidea eten ez dadin.

Estandar noranahiko hori gabe, jai dugu: atzera erlikia miretsi bat izatera ekar dezakegu horrela euskara (edo berniz prestigiotsu bat, edo errebindikazio-arma eternal bat, edo nahi dena, baina ez behar duguna). Eta, estandar normal zinezko bat lortzeko, jarrerak ez ezik, estandar hori benetan jendarteratzeko mekanismoak ere berrikusi behar ditugu, nik uste, optimismo akritikotik harago.

Azken adibide bat gaurkoz, zikuituaren ahuleziaren erakusgarri. Gogoan al duzue nolako eztabaida luze-beroak izan ziren (noiz eta zertan ez, baina!) telefono txiki noranahi aldean erabiltzeko horietarikoak ugaritu eta haiei euskarazko izena esleitzeko orduan? Oroitzen al da inor han mahaigaineratu ziren aukera ederrez eta are txapeldun irten bide zenaz? Oker ez banago, sakelako (telefono) irten zen garaile formal (sakeleko ere entzun-irakurtzen dugu sarri, -a itsatsia janez), baina ia inork ez dio jaramonik egin horri zirkuitu korrientean.

Gehienetan bezala, mailegu hutsaren eta kalko gordinaren artean banatu da arrakasta soziologikoa: mobila erabiltzen da, batik bat, lagunarteko ahozkoan, eta, idatzian edo ahozko formalagoan, berriz, mugikorra (garbi-dotoreago ustean). Izan ere, erdarak bizi gaitu, eta ez dugu aski indar ezta hura forma bakar batez ordaintzeko ere, mordoloena balitz ere: sakelako baztertuta ere, batzuek mugikorra, besteek mobila.

Kontuak kontu, nik neuk ez dut lexikoaren bilakabidea ardura nagusia. (Eta, orain, ez naiz ari estandarraz bakarrik, euskara guztiez baizik. Besteak beste, gogoeta zahar bezain zuhur hau dago tartean (Altube, 1950, Erderakadarik txarrenak):

Sarri esana da: izkuntzen arima, mintzaien benetako muiña, beuren Gramatika dala. Itzak, itz zaarrak, itz berri txukunak maitagarriak ditugu. Nik neuk, nere jaioterriratzean, lengo euskal itz zar bat edo beste orain erderatikoaz ordeztuta entzuten dedanean, benetan min artzen det, biotzean zarrastada mingoitza nabaritzen det. Baña milla bider mingoitzagoa, euskal Gramatika jatorrari dagozkion itz-jokoak, erderatikoz edo erdera kutsudunez ordeztuta entzun oi ditudanean; gaitz au ilgarriago baita izkuntzentzat.

Gramatikaki bat mintzaiak benetan galtzen duanean, eztago berpizterik; idazleen artean gutxi-asko bai, baiña erri-izkeran ez. Egi au, izkuntz jakintzaren ikaskizunik lenenetarikoa degu, izkuntz istoriak toki guzietan gertatutzat irakasten diguna. Beraz, euskeraren berantzaldi larri oietan euskal-gramatika erriaren adimen eta ezpanetan biziarazten alegindu bear genuke beiñen, iztegi garbikeriaren lepotik ba da ere.

Bai, bai, onako itzai, badakigu iñok iñoiz zer erantzun izan dien: «Ni neu —dirausku itz-garbi zaleak—, aur mixkatua bezelako naiz: galde zaiozue oni, pastela ala karamelua naiago duan. “Biak” erantzungo dizu dudatzeke».

Nik ere pozik erantzungo nuke ori, baldin biotz-deiai jarraituko banie. Baiña buruak besterik diraust: guk pastel eta karamelutzat ditugun geure idatz-lanok, euskaldun geien geienek, iruntsi eziñezko jaki esten dituztela; eta au ola dateken artean, gugana igo nai edo al eztuten irakurleekin adiskidetzeko, gu beeraxeago jetxi beste egitekorik eztukegula.

Norbaiteri, dagokion baiño gaitzagoko lan bat egin-arazi zaionean, oker ori burlaxkatzeko, Gernika aldeko baserritarrek, onako au esan oi diote: «Astoari lasto-askie goregi imiñi yeutsek». Orixe ez ote degu egin 50 urte oietan?

Astoak asto eta lastoak lasto, zaleon smartphoneetan dagoke etorkizunaren ekuazioan x ezezaguna askatzea. Eta ez ahal da izango cero hutsa.