Igone Zabala Unzalu
Aurreko astean Ugarteburu Terminologia Jardunaldien V. edizioa egin du Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuak. Jardunaldiotan euskarazko terminologiaren garapen eta normalizazioan parte hartzen dugun askotariko eragileak bildu gara: itzultzaileak, interpreteak, zientzialariak, hiztegigileak, editoreak, informatikariak, hizkuntzalariak eta hizkuntzaren normalizazioaren ardura duten erakundeetako kideak. Hartara, aukera paregabea izan dugu Iñaki Ugarteburu lankide eta adiskidearen oroimena elkarrekin biziberritzeko eta, halaber, euskarazko terminologiarekin lotutako beharrak, kezkak eta gogoetak lehen eskutik entzuteko eta partekatzeko.
Terminologia izena izenondo eta mugatzaile ugarirekin konbinatuta ikusi eta entzun dugu jardunaldiotan. Besteak beste, terminologia naturala, terminologia erreala, testuinguruan aztertutako terminologia, terminologia kodifikatua, terminologia planifikatua, terminologia ofiziala, terminologia normalizatua, in vivo eta in vitro terminologia, terminologia-lan puntuala eta terminologia-lan sistematikoa izendapenak erabili dira aurkezpen eta eztabaidetan. Hain zuzen ere, terminologiaz hitz egiteko egun erabiltzen ditugun termino eta adierazpideen ugaritasunak agerian uzten du terminologiaren inguruko teoriek azken hamarkadetan egin duten bide oparoa. Izan ere, XX. mendearen bukaeran eta XXI. mendearen hasieran kolokan jarri dira hainbat hamarkadatan terminologia-lanaren gidari bakarra izan den Terminologiaren Teoria Orokorraren (TTO) oinarriak. Duela gutxi arte nagusi izan den TTO Wüster ingeniari austriarrak formulatu zuen, nazioarteko komunikazio espezializatua bermatzeko premiazkotzat jotzen zen terminologiaren estandariazioa jomugan zuela.
Edozein zientzia edo jakintzaren garapena adituen arteko eztabaidan oinarritzen da. Aldez aurretik alorreko adituen komunitateak onartutako zenbait ideia kolokan jarri, hipotesi berriak formulatu eta froga enpirikoak eskaintzen dira, harik eta ideia berri horietako batzuk adituen komunitatearen oinarri bihurtzen diren arte. Adituen arteko komunikazioa, besteak beste jakintzaren garapena helburu duena, testuen bitartez gertatzen da, eta ezin da aurrera eraman terminologiarik gabe. Hartara, jakintzaren garapenak berezkoa du terminologiaren garapen eta erregulazio natural etengabea, alegia, terminoen sorrera, jario, aldaketa, egokitze eta finkapen amaigabea. Ildo honetatik, egun zalantza handirik ez dago espezialitate-alor jakin bateko “terminologia errealaz” zerbait jakin nahi duenak komunikazio espezializatuan erabiltzen diren (ahozko zein idatzizko) testuak aztertu behar dituela. Testuen azterketa enpirikoetatik etorri dira, hain zuzen ere, TTOri egin zaizkion kritikak. Hasteko, agerian geratu da nazioarteko estandarizazioaren helburuarekin sortu izanak eragindako funts teoriko-metodologikoen sinplifikazioa. Hain zuzen ere, hizkuntza gutxituen normalizazioa helburu izan duten hurbilketa sozioterminologikoetan terminologiaren estandarizazioa eta normalizazioa bereizi beharra jarri da agerian, bai eta normalizazio-ekimenetarako aurretiko deskripzioak eta ezarpenaren ebaluazioak duten garrantzia ere. Ildo horretatik, terminologiaren normalizazioaren zeregina preskripzio hutsa gabe harmonizazioa izan behar duela onartzen da egun. Hizkuntzalaritzarekin lotura estuagoa duten hurbilketa soziokognitibo eta komunikazionalek agerian utzi dute terminologia diskurtsoan aztertzeko beharra, eta terminologia in vivo aztertzeko modu horrek berehala utzi du agerian terminoen unibokotasuna eta monosemia idealizazio bat baino ez direla. Terminologia errealaren aldakortasunaren ebidentzia eztabaidaezinarekin batera etorri dira terminologiaren aldakortasun funtzionala eta aldaketa diakronikoa ikertzeko interesa eta grina. Aldaketa horiek guztiek eragin erabatekoa dute euskarazko terminologiaren normalizazioak abiapuntutzat hartu beharko lituzkeen baliabideetan eta jomugan izan beharko lukeen ereduan.
Protagonismo berezia hartu du aurtengo Ugarteburu Jardunaldietan esparru akademikoan erabiltzen den terminologiak, eta ezin ditut aipatu gabe utzi azaleratu diren zenbait gogoeta, kezka eta erronka, bete-betean uztartzen baitira egun hauetan Soziolinguistika Klusterrak antolatutako jardunaldietan egiten ari den Arrue ikerketaren emaitzei buruzko gogoetarekin. Arrue ikerketaren emaitzek agerian utzi dute euskarak irakaskuntzan lortu duen presentzia handiak, ezagutzari ez ezik, erabilerari ere egiten dion ekarpen handia. Ikerketa lehen eta bigarren hezkuntzara mugatu da eta eman dituen ondorioetako bat da 9-10 urteko haurrek gehiago erabiltzen dutela euskara esparru akademikoan 13-14 urtekoek baino. Datu hori unibertsitateko datuekin osatu beharko litzateke, unibertsitateak harreman eta komunikazio-bide berrietarako aukerak eskaintzen baitizkie ikasleei eta behin baino gehiagotan entzun baitiet 18-19 urteko gazteei lehenago galdutako erabilera berreskuratu dutela testuinguru berrian. Datu esangarri batzuk emateagatik, 2011-2012 ikasturtean ikasleen % 61ek egin zituzten unibertsitatera sartzeko probak euskaraz; UPV/EHUko ikasleen % 46,72k gradua osorik edo zati batean behintzat euskaraz ikasten dute, derrigorrezko kredituen % 78 euskaraz eskaintzen dira eta irakasleen % 45,10 elebidunak dira. Datu hauek agerian uzten dute, batetik, oraingo gazte gehienak ziurrago sentitzen direla beren etorkizuna erabat baldintzatu dezaketen probetan euskaraz erdaraz baino eta, bestetik, denetariko gai espezializatuak ikasten eta lantzen direla euskaraz komunikazio akademikoaren bitartez.
Mundu akademikoak protagonismo berezia du hizkuntzaren normalizaziorako gakoak diren zenbait prozesutan. Izan ere, esparru akademikoa funtsezkoa da estandarraren ezarpenerako eta garapen edo lantze funtzionalerako. Artikulu honen harira, esparru akademikoak funtsezko ekarpena egin eta egiten du euskarazko terminologiaren garapenean eta hedapenean. Unibertsitateak prestatzen ditu etorkizuneko aditu-profesionalak, eta giltzarria da diskurtso espezializatuaren lehen oinarriak jartzen dituen bigarren hezkuntzaren eta etorkizuneko adituei diskurtso zientifiko eta profesionalak egokiro kudeatzea eskatuko dien lan-munduaren artean. Unibertsitatean euskara transmisio-hizkuntza bezala erabiltzeak funtsezko ekarpena egiten du euskarazko terminologiaren garapen eta hedapenean. Gogoeta honek, baina, erronka handiak ere badakartza. Nola uztartu lehen eta bigarren hezkuntzan erabiltzen den terminologia unibertsitatean erabiltzen den terminologia errealarekin? Nola uztartu mundu akademikoan erabiltzen den terminologia erreala hiztegietan eta datu-base terminologikoetan kodifikatutako terminologiarekin? Nola egin terminologia erreala ikusgai terminologiaren normalizazio-ekimenetarako? Azken galdera honi dagokionez, urrats txiki bat eman du UPV/EHUk duela zenbait urte abian jarri zuen Terminologia Sareak Ehunduz programarekin, eta hori ere hizpide izan dugu Ugarteburu Terminologia Jardunaldietan.