Koro Garmendia Iartza
Aurreko batean, film klasiko batek gogoetarako bidea zabaldu zidan. Nola emango nuke izenburua euskaraz? Atzerrikoa zen filma, aspaldikoa, eta zerikusirik ez dute jatorrizko hizkuntzan eman zioten izenburuak eta gaztelaniara itzulitakoan esleitu ziotenak. Itxura batean eragozpen handirik gabeko egitekoa denak buruhausteak sor diezazkioke izenburua euskaratzeko beharrean denari. Zer hobetsi? Jatorrizko hizkuntzan duen moldea ala inguru honetako herritarrei ezagun egingo zaien ordaina?
Irizpide nagusi gisa, jatorrizko izenburua euskaratzea hobesten da, baina auzo-erdaretan jarri diotenari begirik kendu gabe. Batzuetan, erraza izaten da bidea, inolako arazorik gabea; dela filmak ele bietan izen berbera hartu duelako (Pulp Fiction, Quentin Tarantino, 1994), dela jatorrizkoa eta itzulpena noranzko berdinekoak direlako (The Piano / El piano, Jane Campion, 1993).
Izenburuen arteko jauziak dira buruhausteen iturri. Duela urte batzuetako artelanen kasuan, gehienbat. Adibidez, klasikoetan klasikoa den John Ford-en The Searchers filmak Centauros del desierto izena du gaztelaniazko bertsioan. Ez hori bakarrik: Argentinan, Txilen, Mexikon eta Perun, Más corazón que odio izendatu zuten. Beste bat: Some Like It Hot (Billy Wilder, 1959). Zinemazale porrokatuak asmatuko du zein pelikulaz ari naizen, baina hainbesterainokoa ez denak jakingo al du horixe zuela izenburu Con faldas y a lo loco filmak? Hego Amerikan, berriz, Una Eva y dos Adanes.
Itzultzen erraza zirudien Rosemary’s Baby (Roman Polanski, 1968) izenburuak, baina, arrazoiren batengatik, eta seguruenik ikusleak zinema-aretoetara erakartzeko xedearekin, oso bestelako bidea hartu zuen gaztelaniaz izendatzeko orduan: La semilla del diablo. Ea beste honekin asmatzen duzuen: Avanti! (Billy Wilder, 1972). Bai? Ezaguna egiten? Ezetz? Ea, bada… Jack Lemmon… Oraindik ere ez? Egin dezagun proba gaztelaniazko izenburuarekin: ¿Qué ocurrió entre mi padre y tu madre? Eta ehun mila aldiz programatu duten beste honekin: The Sound of Music (Robert Wise, 1965). Asmatu duzu, bai: Sonrisas y lágrimas. Euskaraz izendatzeko orduan, nola jarriko zenukete? Musikaren soinua? Irribarreak eta malkoak? Ez batera eta ez bestera?
Berriagoetan ere, badugu gogoetara bederen bidera gaitzakeen adibiderik. Jungla de cristal (Die Hard, John McTiernan, 1988). Gogoratuko duzue filma: Bruce Willis kementsua kristalezko eraikin luze batean, Alan Rickman maltzurraren eta kuadrillaren aurka… Aipatu ditudan bi izenburuak, berez, ez dira baliokide, baina ez zen hain okerra gaztelaniazko izenburua, egia baita kristalezko eraikina arriskuz eta basapiztiaz betea zegoela… Itzultzailearen zoritxarrerako, pelikula horren ostean, Die Hard 2 etorri zen, eta gero beste bat, eta laugarrena ere bai… Eta kristalarekin zerikusirik ez! Baina, gaztelaniaz, eutsi egin behar aurreneko izenburu hari! Zer erremedio!
Eta beste bitxikeria bat: behin izenburua jarrita, aldatzerik ez dago. Eta dagoenarekin moldatu behar. Adibidez, Cliffhanger (Renny Harlin, 1993) filmari Máximo riesgo izenburua jarri zioten ‒euskaraz, Arrisku bizian‒, eta handik hiru urtera, Maximum Risk (Ringo Lam, 1996) izenekoa atera zuten. Nola izendatu, orduan, bigarren hori? Egokiena Máximo riesgo zen arren, horrela izendatzerik ez zutenez, ahalik eta gutxien urrunduko zen hautua egin behar izan zuten. Emaitza: Al límite del riesgo.