Iñigo Aranbarri Alberdi
Lantegi bihurtu zait azkenaldian goizeroko kafea.
Esan nahi dut orain ez hainbestera arte ekintza berezko, natural, nekegabea zena politiko bihurtu zaidala, hautu ideologikoa, borrokaldi identitarioa. Eta zer nahi duzue esatea, ez da samurra goiz-goizetik, begiak makarretan dituzula, halako banderak astintzen hastea.
Argitu dezadan bada, eguneroko eginbehar hori dela eta, zerk eragozten didan loa. Eguerditik atzera kafea hutsik hartzeko ohitura dudan arren, esne pixka batekin hartu ohi dut goizekoa, gurean, gazteleratik mailegu hartuta, korta(d)ua deitu izan den hori, alegia. Hizkuntza aldetik, bistan da, inolako martingala ezkuturik ez duen jokabidea bestalde: kaña diogunean bezala, edo marianitoa, edo karajilloa, edo panaxea edo pika edo boka… Halakoz beteta dago, beharrik, barraz bestaldea.
Kontua da beste hitz askok ez bezala, kafe kortauak agerian duela jatorria, abizenak nabarmenago salatzen duela jimenez bat epaitegi aranazale baten aurrean baino. Eskerrak, zorionez, gaztelera pixka bat jakinda, erraz konpon daitekeen itsusikeria estetiko hori. Eta hala sortu zen, txisteekin bezala, ez dakigu non, ez dakigu nork eta noiz, baina bai zergatik, eta halaxe zabaldu lurralde zikindu guztietan ordura arte nekerik gabe erabiltzen zen korta(d)uaren ordain orbangabea: ebakia, ebagia edo moztua.
—Zer dugu?
—Kortaua.
—Ebakia —berehala zuzenketa, adeitsu beti, hori bai.
Sekula ez gorri hotsik egunero huts bera nahita egiten entzunda ere. Aitortu behar dut, horretan behintzat pazientzia handia izan dutela beti nirekin bateko eta besteko tabernariek urte hauetan guztietan. Nik beraiekin izan dezakedana baino handiagoa. Halaxe da, ezen nik, egonarri pixka batez, errepasatu beharko nuke eurekin batera, paper mutur batean, zer diogun nagusiki gazteleraz cortar diogunean. Ea, zer da zuretzat “cortar el café”? : a) moztu, ebaki… “cortar el pelo, la hierba, el chorizo” eta abarrak bezala; b) galdu, garraztu, mindu, baita zoratu ere gurean, esnea tarteko denean, “cortarse la leche”; edo c) nahastu, zerbait erantsi “la fanecetina se utiliza para cortar la cocaína”.
Baina ezin. Barruak agintzen ez didalako ez ditut hamar minutu hartzen kortaua hartzen dudan barra izkina bakoitzean eta galdetzen barrukoari ea hiru adiera horietatik zein den euskaraz esan nahi dugunari dagokiona, hau da, zer egiten dugun kafe hutsari esne xorta bat botatzen diogunean, ondo baitakit erantzuna: “eta orduan zer esan behar dugu, nahastua? Hoa txakurraren salara!”.
Arrazoirik ez zaie falta. Nahastua beldurgarri zatarra da ebakia aratz eta arazorik gabe gizarteratuaren aldean. Gainera, zertan hasi aldatzen azkenaldiko hiztegi nagusien bermea ere hor badago (Elhuyar, Labayru, Zehazki…).
Nik, berriz, ateratzen hasita, gaztelerazko cortadoren nazioarteko arrakasta ateratzea badut neure alde. Ia torero, paella edota sangría bezainbeste esportatu da-eta, antza, ditxozozko asmakaria: cortado italieraz, suedieraz, neederlanderaz zein ingelesez (Ingalaterran ez da horrelakorik, kafea txarra da! oharra nire ikasle Chrisek), kortadas lituanieraz, kortado errusieraz… Frantsesez, beste bat izan du bidea: café noisette (eta kolesterolaren kontrako kanpaina heldu eta esne-tela erabiltzen ez denetik, baita p’tit crème ere, hainbat bazterretan nuazetak baino esne gehixeagoz). Portugesak ere, polita ematen digu aukera: pingao (pinga, tanta) oso esne gutxirekin, eta garoto, pixka bat gehiagorekin.
Alferrik.
Pazientzia agortuta, zakartzen ere hasi zaizkit, ordea, azkenaldian barraz bestaldekoak:
—Kortaua, mesedez.
—Eta hi irakaslea izango haiz?
Etsi behar nuke. Beranduegi da ezer aldatzen hasteko, joana duk garai hura, txikito. Eman egingo dut. Zer arraio, agintzen dizuet bihar bertan izango dela, kontua ere ez da-eta kikarakoa ozpintzea. Lasai bizi beharra dago, merezi dugu hainbeste. Bai, halaxe egingo dut. Sartuko naiz goizero bezala eguna zabaltzerako Akeita kafetegian, igoko naiz Sartre 68ko barrikadetan nola egurrezko mahai gainera, baztertuko ditut kafekonletxe esneagaz guztiak zapata muturraz, eta Chaplinek The great dictator-en bezala, edo Charles Laughtonek This land is mine-n edo Orson Wellesek Compulsion-en, azken alegatoari ekingo diot:
“Jaun-andreok, ez dakit aski zabaldua dagoen bezalaxe, erdara asko jakin beharra dagoen egungo euskara ulertzeko; dakidana da erdara motza izanda ere, ez dela zaila euskaldunari oker dabilela sinestarazi eta ordaina saldu eta sartzeko.
Eta orain, egidazu ebaki eder bat, mesedez”.
Behin Baionako taberna batean, Hegoaldeko batek Iparraldeko lagunari galdetu zion ea frantsesez nola eskatu behar zen “ebakia” edo “cortado” delako hori… Iparraldekoak: “café décapité”. Eta hark tabernariari hala eskatu…
Tabernaria zur eta lur, eta Iparraldeko laguna irriz uzkailirik.
Italieraz caffe macchiato esan ohi da. Macchiato horrek “zikindua” esan nahi du. Oso polita, horixe baita kortaua kafearen puristentzat: kafe zikindu bat..
Beraz, ebakiak balio badu, balio du honek ere:
“eta, orain, egidazu zure kafe zikin horietako bat… mesedez”
Aterako zara tabernatik Ignatius J. Rilley bezala bere alegatua egin ondoren…
Zeinen ederra, eta antropologia aldetik interesgarria, lortuko bagenu esnearen zuriak kafea zikintzea…
Ez dakit alemanez, baina esango nuke beheko hori “kafea esne xorta batekin” horren parekoa dela. Garbizalekeriaren inguruko eztabaidotan gure parean ote dabiltzan, ez dakit. (Ponst on line hiztegia).
cortado1 [korˈtaðo] SUST m
1. cortado (café):
.cortado Kaffee m mit wenig Milch
Ez etsi, Iñigo, ez haiz bakarra “kortaua” deitzen diona “cortado”ari. Niretzat ere “ebagixa” beti izan dok beste zerbait, etsai gaiztoenari baizik opa ez diodana, hain zuzen ere.
Gaiaz bestera egitea izango da, baina herriz-herri hitz egiteko modua nola aldatzen den erakusteko adibide gisa baliatu dut nik askotan kortauarena. Elorriotik Durangora 10 km. Durangotik Zornotzara 10 km. Elorrion “ebatxaku bat”, Durangon “ebei bat”, Zornotzan “ebagi bet”.
kafea esne-ttanttoarekin esan liteke (“ttanttoarekin” laburtua izatera inoiz irits liteke, baina oraingoz horrek alkohola dakar berekin).
Edo “esne pixka batekin”, edo “esne txorrota batekin”, edo “esne parrastada batekin”… mailaz maila esne hutseraino.
Hori bai mundiala, hori!
Duela urte batzuk, Zuberoara joan ginen maskarada ikustera herri benetan txiki batera (izenaz ez naiz oroitzen). Hegoaldeko gehiago ere bageunden herriko taberna bakarrean. Kafea eskatzean, nire ondoan zegoenak “X huts, Y kafesne eta Z ebaki” eskatu zizkion tabernari zuberotarrari, eta honek erantzun: “Ebaki? Nola? Motozerra aterata?”
Harrezkero, kortau hitzaren defendatzaile sutsua naiz!
…eta katalanez ez al da “tallat” esaten?
“Noisette” frantsesa da noski, baina Iparraldeko euskaldunek asmatutako frantsesa, Joan den mendeko 80ko hamarkadaren hasieran Parisen inork ez zekien “noisette” hori zer zen, Iparraldean baino ez zen erabiltzen. Gero hitzak frantses euskaldunen ibilbideari jarraiki, Parisera jauzi egin eta handik apurka apurka Frantzia osoan hedatu zen. Joan den mendeko azken urteetan Poitou-Charentes bezalako leku “atzeratuetan” ez zegoen oraindik erabat zabalduta. “Noisette” hitzak “urra” esan nahi du, eta kafeak esne piska bat erantsitakoan hartzen duen koloreagatik sortu zen antza. Alde horretatik, “zikindu”, “ebaki” edo “galdu” adierak baino askoz ere politagoa iruditzen zait. Beraz, gure iparraldeko herkideen omenez eta euskararen batasunean aurrera egiteko “urratua” proposatzen dut “ebakiaren” ordez. “Kortadu” zaleak frikiak baginan, atera kontuak “urratuarekin” hasten bagara.
Zehazkiren “bermea” ez zait hain begien bistakoa iruditzen: ebaki behe mailakotzat hartzen du, baina ez du esaten zein den ordain “dotorea”.
Zer ulertu behar dut? ebaki hitza behe mailakoa dela ala kafe ebaki/korta(d)u bat eskatzea bera ere behe mailakotzat hartu behar dela?
Falta zena!
Sisiforen madarikazioa erori zaigu, Ricardo!
Arrazoiren baten bila, zergatik hiztunak normal hartzen duen okerreko itzulpena horrekin txisterik egiteke (trenaren azpikogona, bigarren landarea, etab.), baliteke gazteleran egotea giltza, eta ez euskaran. Alegia, gazteleraz normal egiten duen zenbatek ezagutzen du kafearen kasuko “cortar” horren esanahia? Eta auzoak ez badaki, gu arduratuko gara? Logikoa dirudi. Gazteleraz kafea ebakitzea baldin badago, gu ez gara gutxiago izango…
Ea nor ausartzen den “kafe zuritua/zuritue” eskatzera…
Ño! hemen idatzitakoa eramango dut poltsikoan! Zenbat filologo barra ostean! 🙂
Ni, kortauzale izan…
Egia da EBAKI hitz aski zatarra dela, baina ezin dugu ukatu bere bidea egin duela. Iparraldean noissete bat eskatzen da normalean, baina EBAKI bat ere zabaltzen hasia da. Behin, Donibane Lohizuneko ostatu batean esne-kafea eskatzen entzun nion bertako bai.
Artikulu gloriosua urten jak, Iñigó.
Mahaigaiñeko une goren horretan presente egon nahi juat.
Hasteko, dagokigun adiera ondo mugatzeko, begiratu bat hiztegiei:
RAE
cortar
(hamalaugarren adiera)
14. tr. Mezclar un líquido con otro para modificar su fuerza o su sabor.
cortado
6. m. Taza o vaso de café con algo de leche.
ELHUYAR
cortar
11. v.tr.
nahasi; bota
• Voy a cortar el café con un poco de leche: kafeari esne pixka bat botako diot.
cortado
2. s.m.
ebaki
• Pídeme un cortado: eska iezadak ebaki bat.
EUSKALTERM
café cortado
– Merkataritza > Jatetxe, Taberna eta Kafetegiak > Edariak –
eu ebakia (4)
kafe ebakia (4)
es café cortado
fr café noisette
[Jatetxe, Taberna eta Kafetegien Hiztegia] [2009]
(Terminologia Batzordeak ponderazio-markak finkatu ditu terminoen fidagarritasuna adierazteko:
• 4 Termino normalizatua/gomendatua).
NIRE GOGOETAK
Kalko okerra da, seguruena –euskaraz “ebaki” aditza ez baita erabili adiera horretan–, baina erabiltzen ari bada, eta erabiltzea proposatzen bada, kalkoa finkatzeko bidean da (“igogailua” jaisteko ere bada, “ascensor” ere “para descender” den bezalaxe, eta itxuraz, erdaratik kalkatu zen, paradoxa eta guzti: eta, gaur egun, zeinek jartzen du zalantzatan “igogailua”?). Dena dela, ez dut uste “kafe ebakia” hizkuntza adituek edo itzultzaileek asmatutakoa denik; ez dakit “oiloa edo arrautza” lehenago zein den, baina, beharbada, alderantziz gertatu da: herri xeheak egin du kalko okerra, eta berak zabaldu eta finkatu du: euskal hiztun guztiak, erdaraz ere badakitenez, itzultzaileak ere badira, eta itzultzaile orok kalko okerrak (erdarakadak) egiteko arriskua dauka beti, eta kalko oker horiek batzuetan euskal hiztunen erabilera orokorrak gaitzetsi egiten du, eta kalkoa egin ordez mailegua hartzen du (cortado-kortado-kortadoa-kortadua-kortaua), eta beste batzuetan, berriz, arrakasta izaten du (ebakia).
Gauzak nola dauden ikusita, terminoak joera hau izango duela dirudi: Hizkuntza formalerako: ebakia. Ahozko hizkuntzan ere nagusitzen ari dena: ebakia. Frikion hizkuntzarako (hizkuntza informalerako, argota?): kortaua.
Biei eutsiz, euskarak irabazi egingo du kasu honetan: .
Ingelesak, adibidez, harrigarria da nola bereganatzen dituen hitz eta forma berri guztiak, ingelesezko jatorrizkoak izan, nazioartekoak izan edo beste hizkuntzetatik hartutakoak izan, eta denei eusten die, eta denboraren poderioz, forma bakoitzak bere kokapena hartzen du hizkuntza orokorraren barruan, bere ñabardurekin eta erregistro markekin, eta hizkuntza akademiarik ez dutenez, inortxok ere ez du erabakitzen zein hartu eta zein ez, erabilerak berak erabakitzen du hitz bakoitza zein testuingurutan den egokia. Hortik ere ez al datorkio daukan arrakasta?
Norberaren esku dago, noski, aipatu diren bestelakoak ere erabiltzea: kafe zikindua; kafe zuritua; esne-kafea; “kafea esne xorta batekin”, “kafea esne pixka batekin” eta antzekoak ez dira adierazleak, adieraziak baizik, definizioak, eta, azken batean, hitz edo termino baten beharra sortuko da, eta orduan egin behar zirt edo zart; “kafe urratua” dela-eta, kafea ebaki badaiteke, zergatik ez urratu? edo pitzatu? edo arrakalatu? edo erdibitu?, baina “hurraren” erreferentzia egin nahi badugu, “kafe hurratua” beharko luke, ala?
Inor saia daiteke forma horiekin beste biei gailentzen, baina azkenean erabilera orokorrak izango du azken hitza, eta badirudi joera nagusia bestelakoa dela.
Ni ere kortauzalea, bi adieretan.
Arrazoi oso duzu Iñaki. Barka akatsa: “hurratua”
Iñaki, “kafe zuritua” esatean, kafea eta zuritoa (garagardoa) elkartzeak eragin lezakeen nahasteaz ari nintzen, modu jostagarrian.
Dena den, esne xorta isurtze horrek intseminaziotik ere baduenez, nik hauxe proposatzen dut: “kafe ernaldua”.
Ona, ona! Eta sakarinaren ordez antisorgailua badazpada ere …
Erresuma Batuan normalean italieratiko “macchiato” erabiltzen da; nik beti hala entzun dut, behintzat. Hitz horrek zikindua baino orbaindua esan nahi du.
Bestalde, proposamenen hariari lotuz, OEHko “txirrio” sarreraren laugarren puntuak “con chorro pequeño” adiera dakar:
4. (Predicativo). “Txírrixo ifinízu, ponlo con chorro pequeño” Iz ArOñ.
Norbaitek agian barre egingo badit ere, bururatu zaidan bezalaxe botako dut:
– Bi kafesne eta (kafe) txirrio bat / bat txirrio.
Barka, “orbaindua” ez, baina “orbandua” esan nahi nuen.