Pelukeria for men

Idoia Santamaria Urkaregi

Ez da nik asmatua izenburuko hori, duela egun gutxi Donostiako Altza auzoko ile-apaindegi bateko errotuluan irakurria baizik. Eta mundiala iruditu zitzaidan. Touché, pentsatu nuen, ke fuerte. Globalizazioaren top of the top. Memelokeria galanta, beharbada. Baina erreal-erreala, como la vida misma. Eta, zer arraio, jostaria. Koldo Izagirreren Zergatik bai (Kriselu, 1977, 61. or.) liburuko mikroipuin gogoangarri hura ekarri zidan gogora:

Eta zergatik jo nau antes de peibe se pone siempre eme esan du eta nik jarri dut ondo mpamplona eta gainera erori zait plumilla baina ez egin dut negarra eta belarrian soinua tii daukat eta ze bero ni naiz el número veintitrés eta daukat estutxea de colores.

Handik segundo gutxira, ordea, aspaldi gibelean okupa bizi zaidan talibana atera zitzaidan, durbante eta guzti, «nola da posible»ka, sekulako erretolikarekin, hondamendi apokaliptikoa iragarriz, konponbiderik gabea, ezta sei aitagure eta hiru agurmaria errezatuta ere. Ezta astebetez Berria bakarrik irakurtzeko penitentzia egingo dudala aginduta ere. Atentatu suizida baterako materiala bildu eta bildu sumatzen dut aspaldi, eta kontuz ibili beharko dut, herriko plazan leherraraziko bainau bestela eta nire lotsaizun guztiak agerian utziko.

Nola edo hala moldatu nintzen, hala ere, talibana mendean hartzeko. Hitz eman behar izan nion ez ditudala berriz erabiliko sarean bolo-bolo dabiltzan aditz trinko itsusi tradiziorik gabeko horiek, ezta lagunei whatsappak bidaltzeko ere, eta lotarako ere ez dudala kenduko baserritar jantziko buruko zapi zuri-zuri ondo lisatua.

Baina, hura berriz esnatu bitartean, esan dezadan zer pentsatu nuen Altzako errotulua ikusi nuenean: desdramatiza ditzagun pixka bat hizkuntza-kontuak (ere), ez dezagun piztu hain erraz inkisidore boligrafogorrizaleon matxinada zuzentasunaren izenean, ez gaitezen hain serio demonio jarri beti hizkuntza-kontuetan (ere), ez dadila dena hain transzendentala izan, por dios.

Badaezpada: ni betiko infernura kondenatu aurretik, garbi gera bedi, bitte, ez naizela esaten ari errotulu horren ereduari jarraitu behar geniokeenik idaztean, God forbid! Ez dezala inork ondorioztatu ile-apaindegi, liburu-denda, gimnasio edo sex-shopen errotuluetarako marketin-eredu berria proposatzen ari naizenik. Horrelakoek ere badutela lekua diot, sin más, dagokien testuinguru eta erregistroetan, of course, eta hizkuntza(k) jostailu ere bad(ir)ela eta osasungarria dela bihurritzea. Kontua, noski, jolaserako eremuak adostea da; bestela, barre egin ordez, barregarri geratzen baikara.

Joan egin behar dut. Talibana esnatzen ari dela uste dut, eta ez da gozoa izaten siestatik esnatu berritan. Broma gutxi horrekin. Boligrafo gorria bakarrik ez; oraingoan, errotuladore lodi-lodi bat dakar eskuan, metraileta baten tankerakoa. Akabo. Fin.