Iratxe Goikoetxea Langarika
Hedabideetan, eguneroko kontua da itzulpena, kontatu behar dugun munduaren zati handi bat euskaraz zehaztu barik dago eta. Halakoak jasotzeko, HIKEA datu basea hasi ginen osatzen EITBn orain hamabost bat urte, eta bertara jotzen dugu hiztegiz kanpoko berben beharrizana dugunean. Lehengoan, esaterako, «assault weapons» behar genuen, Obamak armok debekatu nahi dituela eta. Badaukagu fitxa bat horrekin lotuta: rifle de asalto (es), assault rifle (en), fusil d’assault (fr). Eta euskaraz, eraso(rako) errifle. Eraso-ren beretik jo dute Berrian eta Wikipedian ere. Denok bat etorri gara, baina zuzen ote gabiltza? Eraso hitza ez ote da lausoegia asalto/assault-en aldean?
Armaren izena anekdotikoa da, baina badu loturarik blog honetan agertu izan diren zalantza batzuekin.
Garbizaleegiak gara? Hiztegiek bultzatuta eta guk geure burua estu hartuta, berba «jatorragoak» aukeratzen ditugu askotan, zehaztasunaren kaltetan bada ere.
Fernando Reyk aurrekoan esan zuen lexiko guztiak direla euskara batua Hiztegi Batuan edo OEHn baldin baditugu. Orotarikoan begiratu, eta badira asaldu (+asalto, asaltu) eta asaut sarrerak, tradizio zabal samarrekoak. Hiztegi modernoetan ez daude jasota, adiera horretan bederen.
Esanekoegiak gara? Batasunaren izenean, hitz edo aldaera bat bultzatu da hainbatetan, eta bazterrean utzi euskaldun askoren ahotan normalena dena. Esaterako, pelikula espainola alboratu, eta film unibertsala bultzatu da. Ondorioa? Film esangaitz horren ordez, «filme» entzuten dugu bazterretan.
Hitzak baztertzen eta debekatzen ibili barik, onuragarriagoa litzateke ahalik eta gehien onartu eta geuretzea, batez ere eguneroko gauzen izenetan. Gaztelaniazkoak, frantsesekoak zein ingelesekoak izan. Hor dugu OEHren adibidea: Koldo Bigurik batukotzat jotako txapin ez ezik, bertan agertzen dira auzitara ekarritako zapatilla, txinal eta pantufla ere gutxienez, etxeko oinetakoak izendatzeko.
Izan ere, ez dira nahikoa berba generikoak. «Oinetakoak» behar ditugu, baina baita era eta garai guztietako oinetakoak izendatzeko hitzak ere (espartinak, abarkak, zapatak, sandaliak, mokasinak, botak, botinak, txokloak, zuekoak, txankletak, flipflopak, manoletinak, kanperak, oxfordak, peeptoeak…).
Generikotasunetik espezifikotasunera jotzeko bitartekoak behar ditugu. Eta horretan erabilgarri dugu tradizioa (edo tradizioak), behar izanez gero, asaltoa jotzeko.
Iratxe, bikaina zure testua, mamiz eta azalez.
Egia duzu, oinetako guztiak behar ditugu geuretu, etxean zapatiletan txinalka eroso ibiltzeko, katiuskak jantzita lohian plisti-plasta aritzeko, ospakizun berezietan eta sudur-puntan jartzen zaigun guztietan takoi altuko sandalia finak janzteko… (bidenabar, bitxia iruditu zait Zehazkin, Elhuyarren eta Euskaltermen begiratu eta ezin jakitea nola eman euskaraz “zapato de tacón de aguja / stiletto = spike heel shoe”)
Iratxe: polita eta interesgarria zurea.
Itziar:
Ez dakit zapata/oinetako ko(s)(x)dunetatik abiatzeak balioko lizukeen behar duzun horretarako (koskor fin, zorrotz… ).
Gure ama-amonei entzun ez ezik, Antonio Zavalari ere irakurri nion. Hauxe kontatzen du Joxepa Antoni Aranberri Petriarena “Xenpelar” bertsolariaz ari dela:
“Joxepa Antoni amabi urterekin asi zan lanean, Fabrika Aundian, bere
ama eta osaba ziranak lan egin zuten lantegi berean alegia. Artean txikia zan, noski; eta eskola-liburua uzten zion lagun arek berak, zapata koxkordunak utzi zizkion, onela esanez:
– Aundiagoa emango duzu auekin. Bestela, nagusiak igual bialduko zaitu, txikia zerala ta.
Buruko pañueloa ere janzten zuan, atso zaarrak bezela, errespeto geiagokoa zalakoan. Pañuelo orri ttattarra deitzen zitzaion” http://www.euskaltzaindia.net/dok/iker_jagon_tegiak/auspoa/4572.pdf
Buru-paper eta abarretako hiztegietako hautsak harrotzen jarraitu beharko.
Zurekin zeharo ados, Iratxe. Ustezko jatortasunaren irizpideari ez litzaioke lehentasunik eman beharko argitasunaren eta zehaztasunaren irizpidearen gainetik, hizkuntzaren berezko zeregina ez bada usteldu nahi.
Gauzak argitzeagatik, nik esan nuena zen txapin hitza dagoela hobetsita Hiztegi Batuan (zapatila jasota dago, hegoaldekotzat ordea) eta hori baino ez dela agertzen Zehazkin; baina, hiztegiak hiztegi, txapin bezalako hitzak batez ere testu idatzietan eta, ia gehienetan, itzulpenetan baino ez ditugula ikusiko; are gehiago, asko kostatuko zaigula (edo ziur aski inoiz ez dugula lortuko) ahozko hizkeran ere erabiltzea, gaur egun normaltasunez erabiltzen ditugun beste hitz edo esamolde asko eskuratu ditugun bezala.
Bestela esanda, eta zure galderari erantzunez, bai, garbizaletasuna daramagu odolean, bereziki itzulpenak egiteko orduan (ausartuko naiz esatera gaurko euskal idazleak baino garbizaleagoak garela itzultzaileok edo itzulpenak egiten ditugunean). Eta, zoritxarrez, baita euskal hiztegiak egiten dituztenak ere: joera nabariegia dago euskal ordain “jatorrak” erabiltzeko, mugarik gabeko polisemiaren eskutik, eta munduan dagoen konplexutasun abarkaezina (abarka ere oinetakoa baita, baina ez bakarra) euskal hiztegietako hitz euskolabeldunen mugarte estu samarrera murriztuz, zehaztasunaren kalterako… eta, bide batez, euskararen beraren kalterako, hizkuntza ez funtzionala bihurtzeko arriskua baitu bide horretatik eramaten badugu.
Azken gogoeta, euskara-erdara interpretearen begiekin: gure arazorik handienetakoa da hau, hain zuzen, hizlari askok ere joera hau izaten baitute publikoki mintzatzen direnean, inguru formaletan, hitzen polisemia garbizale horretaz abusatuz, eta interpretea sekulako ataka gaiztoan jarriz, euskal hitz jator horiek testuinguru hutsaren laguntzaz itzuli behar baitu. Probatu bestela itzultzera “eraso hau gaitzesten dugu” duela bi urteko udal bilkura batean ezker abertzaleko norbaitek esana, EAJko norbaitek esana, edo, gaur egun bertan, Bilduko norbaitek esana.
Hiztegiak nola erabili ere ikasi behar, badaezpada.
Izan ere, “tacón” bilatuz gero (eta ez “zapato”), hortxe dituzu “orpo altuko zapatak” (Zehazki) eta “takoi luzekoak” (Labayru).
Gainerakoan, “zueco”ak “eskalapoiak” izango dira, ezta? Zabalkuntza semantikoa ez da hainbesterainokoa, ekaia (zura>goma) bakarrik aldatzen baita. Hala ere, arrazoi duzue zehaztasun-premia horretan: buru-hauste batzuk eman dizkidate “parisin”ek eta “bailarin”ek azkenaldion.
Eta bitxia, Elixabetek ekarri digun “ttattar”aren aipua, nik “gorbata”ren sinonimo petotzat izan baitut beti.
Bai, Iñigo, arrazoi duzu, hiztegiak nola erabili ere ikasi behar. Eta, horregatik, “tacón” ere begiratu nuen, ez pentsa. Halere, “orpo altuko zapatak” eta “takoi luzekoak”, ez dira, nire ustez, “de aguja”. Takoi horiek luzeak ez ezik oso-oso meheak dira. Ni ederki moldatzen naiz takoi altuko zapatekin, ez, ordea, takoi oso-oso mehea dutenekin.
Errezeloa nuen nire aurreko mezuaren tonuarekin: ez nuke nahi inork txarrean hartzerik.
Halako kolokazioak bilatzeko guztiz erabilgarria da EHUko Euskara Institutuaren Egungo Euskararen Hiztegia (EEH): http://www.ehu.es/eeh/.
Hiztegia, ordea, apurka-apurka osatzen ari dira, eta T letra oraindik sartu gabe dute.
Hala ere, Ereduzko Prosa Gaurrera jo daiteke, hiztegia handik elikatzen ari baitira. Hona emaitza batzuk:
orratz-takoi (Harkaitz Cano)
takoi fin (Fernando Rey, J.R. Goikoetxea, Urtzi Urrutikoetxea)
takoi zorrotz (Jasone Osoro)
takoi luze/altu (ugari)
Bide batez: ni ez naiz batere moldatzen ez takoi finekin, ez luzeekin.
Zehaztasuna aldarrikatzeko zen testua zapata festa bihurtu zaigu! 🙂
Asko poztu nau agertu duzuen interesak; eskerrik asko. Eta zuen erantzunen ildotik, kontu pare bat.
Txokloak, eskalapoiak… Garai batean, berbok erabiltzen ziren lupetzetarako egurrezko oinetakoak izendatzeko (gazt: zuecos, almadreñas). Garai haiek joan ziren, oinetako haiek joan ziren, eta halako batean beste oinetako batzuk ipini ziren modan, orpobakoak, egurrezko zorudunak, eta haiei zueco esan zitzaien gaztelaniaz. Eta euskaldun askorentzat zuekoak dira. Iñigo, egia da euskarazkoaren eremua zabaldu egin daitekeela, baina merezi du indarrak halako kontuetan erabiltzea?
Hara zer diren kasualitateak. John Banvilleren nobela bat irakurtzen nabil, gaztelaniaz. Irlandan girotuta dago, eta 1960 inguruko emakume bat deskribatzen da: bizikletan ibiltzen da, automobila ere badu, erretzailea da, eta honela dio liburuak: “llevaba unas galochas de goma y un impermeable de plástico(…). Hoy nadie lleva ya esos impermeables, ni tampoco galochas; me pregunto por qué”. Oraindik ez dakit zer oinetako klase erabiltzen zuen emakumeak. Izan ere, DRAEren arabera, galochak txokloak dira. Eta zer diren gauzak, kalotxa esaten zieten eskalapoiei euskara batzuetan .
Anekdotikoa da hori ere. Dena den, hitzek badute alde estetiko bat ere, esanahi hutsetik harago doana. Esate baterako, zueko hitzak lortu du eskalapoiak galduta daukan neutrotasun bat. Stiletto erabiltzea laburragoa eta dotoreagoa da zapata takoizorrotza esatea baino. Hiztunaren esku dago bata edo bestea aukeratzea. Baina italierako eta ingeleseko berbak zarra-zarra irensten ditugun moduan, gure auzo erdaretako berbak ere erabiltzeko libreago jokatu behar dugula uste dut.
Iratxe, ez dut uste irakurtzen ari zaren eleberri horretako emakumeak txokloak, kalotxak edo eskalapoiak zituenik soinean: «She wore galoshes and a smoke-coloured transparent plastic coat buttoned all the way up to her throat». John Banville, ‘Ancient Light’.
Aipatu duzuen zabalkuntza semantikoa ez da euskaraz bakarrik gertatzen: «In modern usage, galoshes are outer shoes worn in inclement weather to protect the inner shoes and keep the feet dry. Galoshes are now almost universally made of rubber. […] A more modern term for galoshes is rubber boots.»
Nik uste dut gomazko botak zituela soinean.
Garbizaleegiak garen galdetu duzu eta «Hiztegiek bultzatuta eta guk geure burua estu hartuta, berba “jatorragoak” aukeratzen ditugu askotan, zehaztasunaren kaltetan bada ere» gehitu duzu. Nik uste dut askotan hiztegiek bultzatuta izaten dela. Koldo Bigurik ‘txapin’ aipatu du, eta adierazi du ‘Hiztegi Batua’n huraxe hobesten dela ‘zapatila’ren kaltetan, eta ‘Zehazki’n ‘txapin’ baizik ez dela ematen zapatillarako. Nik ez dakit beti kontuan hartzen diren azken urteetan hainbat herritan egin diren lexiko-bilketak. ‘Hiztegi Batu Oinarridun’ean badago iritzi-emaile baten ohar bat: -«[A204]: Etxean (Beran) zapin erabiltzen dugu (zapiñak), artilezko galtzerdin lodiak aipatzeko. Uste dut adiera hori ere bildu beharko litzatekeela, nahi bada txapin sarreran, edo, bertzela, zapin sarrera gehituz. Ikusi, nahi izanez gero, OEH. (2009-12-10)». Nahiz eta Koldo Bigurik aipatu duen asko kostatuko zaigula (edo ziur aski inoiz ez dugula lortuko) ‘txapin’ bezalako hitzak ahozko hizkeran erabiltzea, ‘txapin’ bai erabiltzen da, Bizkaian behintzat bai, baina beste adiera batez, ‘Hiztegi Batu Oinarridun’eko iritzi-emaile horrek aipatzen duen adieran, hain zuzen ere. Adiera horretan biltzen da, orobat, Lopez de Guereñuren ‘Voces alavesas’en (chapín Calcetines de lana burda hechos a mano (Zuya). MVA), Pello Salabururen eta Maite Lakarren ‘Baztango Mintzoa: gramatika eta hiztegia’n (txapin (xapin, zapino) ‘orkatiletaraino ailegatzen den ilezko galtzerdia’:)… ‘Orotariko Euskal Hiztegia’n testigantza bakarra dago etxeko zapatilei ‘zapino’ esaten zaiona: «En zonas guipuzcoanas, al menos, se emplea para referirse a las zapatillas de casa. Cf. VocNav s.v. zapino». Beharbada Gipuzkoako tokiren batean hala esango da. Toki horretako hizkerak hainbesteko pisua du txapinen adiera zabalena bazterrean uzteko? Arrazoia bada ‘zapatila’rako beste ordain bat behar dela, hori garbizalekeria da, hiztegiek bultzatuta.
Alberto Martínez de la Cuadra
Estimatzen dizut azalpena, Alberto.
Eta txapin hitzari dagokionez, geure etxean ere galtzerdiak esateko erabiltzen dugu. Eta galtzak, mediak edo pantyak esateko. Baina berben batasunaren gaian, bizkaieradunok borroka galduta daukagula uste dut. Lar espezialak gara, antza.
Zapatagin temosoaren azkena, benetan.
Ederki, “zuekoak”. Eta Donibane Garazin? Sabotak? Galoxak? Sokak?
Konponbidea hain eskura izanik, domaia litzateke.
Donibane Garazin, zein beste edonon, horren beharra dutenek ziur finkatuta daukatela izena. Ziurrenik frantsesekoa erabiliko dute, bai. Eta zer du txarrik?
Jantzi “tradizionalen” zerrenda bat egiten hasiko bagina, ikusiko genuke izen gehien-gehienak maileguak direla: alkondara, atorra, juboia, prakak, galtzak, galtzerdiak, galtzoinak, galtzontziloak… eta zer esanik ez kuleroak.
Donibane Garazin ez dut uste kuleroak esango dutenik. Galtzazpiko edo kulota esango dute, Nola erran hiztegiaren arabera.
Beraz, egon badago dikotomia hori, eta ez ekialdeko eta mendebaldeko hizkeren artean bakarrik.
Dena dela, eman dezagun ez dugula ez zuekorik ez sabotik onartu behar, eta euskal tradizioko berba bat aukeratu behar dugula. Arazo berarekin egingo genuke topo: Zein aukeratu? Txoklo/txokolo? Eskalapoi? Kalotxa? Kloska?
Erosoagoa, praktikoagoa eta ulergarriagoa iruditzen zait finkatu diren izenei bidea ematea:
http://www.lardies.es/produktuak_oinetakoak.php
http://amaiaandleire.blogspot.com.es/2010_05_17_archive.html
Iparraldekorik ezin izan dut aurkitu, tamalez.
Bai, ez dago dudarik, garbizaleegiak gara (ni behintzat). Dena dela, maileguen kontua ez da hain erraza konpontzen.
Niretzat, esate baterako, zoritxarrez, “asaldua” ez da ezer, nahiz eta tradizioan hor egon. Gehienez ere “asaldatu”ren familiakotzat joko nuke bote-lasterrean, eta halaxe ageri da OEHn. Ez dakit asaldu-fusila erasoko fusila baino argiagoa den.
Problema oso ondo planteatua dago. Garbi gelditu da, erantzunak ikusita.
Gehienetan bezala, soluzioetan dago koska. Eta OEHn bertan “asalto” kontzeptutik hurbilago ageri da, esate baterako “jazarri”:
5. (AN, BN-ciz-arb; Dv; H (i- G, L, BN)), jazartu (BN-arb; Lar, Izt, H (i- G)), jazarritu. Ref.: A; Gte Erd 240, 264. Atacar, asaltar; perseguir; resistirse, oponerse, hacer frente; rebelarse, sublevarse. “Chocar, pelear”, “combatir” Lar. “Chocar de un modo sobresaliente, nabarben jazartu” Izt. “(msLond), perseguir” A. “Bere etsaiari jazartu zaio (ataquer) (BN-arb)” Gte Erd 240. “Langileak usinan jazarri egin dira (BN-ciz), oldartu dira (BN-arb), gaiztotü (S)” Ib. 264. v. jazarkatu, jazarrikatu, jazarmendatu.
Hau ere “eraso” bezain polisemikoa dela, eta ia “perseguir” “acosar” adieratan espezializatua dagoela? Bai, ez da dudarik.
Ni ez naiz inor, jakina, jazarpen-fusila, jazarrirako fusila edo gisakorik proposatzeko, baina soluzioak beti ez dira egoten (erosoak izan arren), maileguen kalkoan.
Xabier Amurizak ere hor jarraitzen du bere gurutzadarekin. Ea Arantzazuko Biltzarraren mendeurrenerako problema konponbidean den.
Halabiz. In xaa Allah. Amen.
Ondo diozu: ‘asaldu’ forma asaldurarekin lotzen dugu. Izenbururako aukeratu nuen, zer pentsatu emateko. Nik ‘asalto’-ri emango nioke bidea (mendebaldean, behintzat). Erabili izan da lehendik ere, OEHko ‘asaldu’ sarrera barruan ikusten denez, eta idatzi berriagoetan (bilatu “asalto guardiak” interneten).
‘Jazarri’, ‘esetsi, ‘oldartu’, ‘jauki’… Hor bada aditz sorta bat, emankorra eta erabilgarria, baina egungo erabileran arrakasta handirik izan ez duena. ‘Jazarpen’, ostera, zuk aipatutako adieran espezializatu da, eta, nire ustez, merezi du ildo horretatik jarraitzea.
Zure burubide horretatik, Iratxe, segitzen da bi euskara behar ditugula, eta funtsean bi eskualde-hizkuntza, bi patois, bata espainol euskaldunentzat eta beste bat frantses euskaldunentzat.
Abiaburua hori baldin bada… nik ez dut hizkuntza erregional subsidiario semipentsionistarik nahi; nik hizkuntza beregain ireki oso bateratu bat nahi nuke, bere barruan eta nazioartean konponbide bila dabilena.
Uste nuen horretan ari ginela gehienok, baina, agidanez, ez da hala.
Testu hau aspaldikoa izan arren, ea inork irakurtzen duen nire erantzuna:
Tolosan eguneroko hitza da txapin (gaztelaniaz ere bai) etxeko zapatiletarako. Ez dut uste gurean bakarrik erabiltzeagatik onartu dutenik adiera horretan Hiztegi Batuan, ezta?