Iratxe Goikoetxea Langarika
Hedabideetan, eguneroko kontua da itzulpena, kontatu behar dugun munduaren zati handi bat euskaraz zehaztu barik dago eta. Halakoak jasotzeko, HIKEA datu basea hasi ginen osatzen EITBn orain hamabost bat urte, eta bertara jotzen dugu hiztegiz kanpoko berben beharrizana dugunean. Lehengoan, esaterako, «assault weapons» behar genuen, Obamak armok debekatu nahi dituela eta. Badaukagu fitxa bat horrekin lotuta: rifle de asalto (es), assault rifle (en), fusil d’assault (fr). Eta euskaraz, eraso(rako) errifle. Eraso-ren beretik jo dute Berrian eta Wikipedian ere. Denok bat etorri gara, baina zuzen ote gabiltza? Eraso hitza ez ote da lausoegia asalto/assault-en aldean?
Armaren izena anekdotikoa da, baina badu loturarik blog honetan agertu izan diren zalantza batzuekin.
Garbizaleegiak gara? Hiztegiek bultzatuta eta guk geure burua estu hartuta, berba «jatorragoak» aukeratzen ditugu askotan, zehaztasunaren kaltetan bada ere.
Fernando Reyk aurrekoan esan zuen lexiko guztiak direla euskara batua Hiztegi Batuan edo OEHn baldin baditugu. Orotarikoan begiratu, eta badira asaldu (+asalto, asaltu) eta asaut sarrerak, tradizio zabal samarrekoak. Hiztegi modernoetan ez daude jasota, adiera horretan bederen.
Esanekoegiak gara? Batasunaren izenean, hitz edo aldaera bat bultzatu da hainbatetan, eta bazterrean utzi euskaldun askoren ahotan normalena dena. Esaterako, pelikula espainola alboratu, eta film unibertsala bultzatu da. Ondorioa? Film esangaitz horren ordez, «filme» entzuten dugu bazterretan.
Hitzak baztertzen eta debekatzen ibili barik, onuragarriagoa litzateke ahalik eta gehien onartu eta geuretzea, batez ere eguneroko gauzen izenetan. Gaztelaniazkoak, frantsesekoak zein ingelesekoak izan. Hor dugu OEHren adibidea: Koldo Bigurik batukotzat jotako txapin ez ezik, bertan agertzen dira auzitara ekarritako zapatilla, txinal eta pantufla ere gutxienez, etxeko oinetakoak izendatzeko.
Izan ere, ez dira nahikoa berba generikoak. «Oinetakoak» behar ditugu, baina baita era eta garai guztietako oinetakoak izendatzeko hitzak ere (espartinak, abarkak, zapatak, sandaliak, mokasinak, botak, botinak, txokloak, zuekoak, txankletak, flipflopak, manoletinak, kanperak, oxfordak, peeptoeak…).
Generikotasunetik espezifikotasunera jotzeko bitartekoak behar ditugu. Eta horretan erabilgarri dugu tradizioa (edo tradizioak), behar izanez gero, asaltoa jotzeko.