Andrea, Aitana eta besteak

Iñaki Segurola

Jakina da iraultza onomastiko latza gertatu dela euskal herrietan XX. mendean; badakizue: Xeledoni eta Leontxioren umeak Arantxa eta Josu, eta hauenak, aldiz, Ioritz eta Harkaitz. Adar gehiago ere izan ditu delako iraultza horrek, baina bego eskematxoa bere horretan.

Iraultza guztiek utzi ohi dituzte beren biktimak, eta gure honek ere utzi ditu bereak. Nik neuk, konparazio batera, ezin irentsi dut inola ere nexka bat Andrea izatea izenez. Ezina da osotara nere bihotz-belarrientzat. (Ariketa bat itzultzaileentzat: itzul bedi, orri-barreneko oharrik gabe, honako esaldi hau: «Kaixo, ni Andrea naiz, lau urte ditut, eta Azpeitiko lehengusina Olatzek burla egiten dio nere izenari.»)

Oraindik orain, berriz, hamaika urteko neskatila azkoitiar batek adierazi dit ea nola litekeen nexka bat Aitana izatea izenez, mundu guztiak dakielarik umea ama(re)na ere izaten dela. (Bigarren ariketa itzultzaileentzat: «Nere ahizpa Aitana amazulo hutsa da. Kar!».)

Neskatila horren amamak —laurogei urtera doa— ezin irentsi duena Eñaut izena da. Bai, jaun-andreak: xalotasun eta xanotasun garbiz esplikatu dit berak e(i)ñ aut (‘egin haut’) aditzen duela hor, eta ez zaiola batere itxurazkoa iruditzen ume bati hola deitzea. Ez dut lanik hartu aditzera ematen euskarazko beste alderdi batzuetan herrikoia dela izen hori; arrazoiak oso gutxi lezake belarri on baten kontra.

Gure modukoen minak eta ezinak huskeriak dira, halere, atso-agure ez-informatuenen aldean. Izan dut aditzea, besteak beste, Susana eta Ainhoa izenik ezin onets zezaketen batzuena: batari susa(r)a ekartzen ziolako gogora, eta besteari aiñoa, zenbait landareri sortzen zaion gaitza adierazten baitu hitz horrek leku batzuetan. Gehiago ere luza liteke ezin-izan hauen soka.

Nik gero-eta gutxiago dakit edo ulertzen dut politikaz —politikoen politikaz—, baina goietako berri dakitenek diote bakezko aro berri batean gaudela eta biktima guztien aitortza egiteko garaia dela hau.

Bihotz-belarrizko biktima batzuen aitortza xume bat egin nahi izan dut hemen.

2 Replies to “Andrea, Aitana eta besteak”

  1. Kaixo, Iñaki. Nik etxean ere ezagutu dut hori, amarekin (86 aurte); beraren laguntzaile baten izena Jesica izan, eta berak ‘Iesika’ ahoskatzen zuen (‘ihesika’ etorri da…) Grazia egiten zidan, berari arrotza egiten Jesica izena…

    Atsegin dut

  2. Umea nintzelarik norbaitek “Axun” (Asunción) izena aipatzen bazuen niri “asuna” edo “osiña” zetorkidan burura.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina