Alfontso Mujika Etxeberria
Euskara ikasten hasi nintzenean, goiko izenburu hori honela idatziko nuen:
Merezi du saiatzeak, moduren batek egon behar duelako nire zalantza argitzeko.
Izan ere, gramatikaren itxurazko logikaz, du adizkiari subjektu ergatiboa dagokio.
Gero, ohartu nintzen itxurazko logika hori ez zetorrela bat kalean entzuten nuenarekin, ezta liburu batzuetan irakurtzen nuenarekin ere.
Lehen lasaitua duela 19 urte hartu nuen, 1994an, Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeak, Euskaltzaindiaren XIII. Biltzarrean, Leioan, merezi izan aditzarekin doan aditz-izena absolutiboan doala aldarrikatu zuenean. Aldarrikapen hura arau bihurtu zen 1995ean (31. araua: Ekartzea merezi du). Eta 1999rako Hiztegi Batuak berak ekarri zuen oharra:
merezi izan. du ad.: bere saria merezi du langile zintzoak; merezi du nolakoa den adieraztea. ( *joateak merezi du e. joatea merezi du ).
Merezi izan aditzarekikoa argituta ere, bazen oraindik zalantzarako tarterik. Adibidez, Oscar Wilderi hau irakurrita [1] Antton Olanoren itzulpenean:
Zergatik egon behar du lege bat gizonezkoentzat, eta beste bat emakumezkoentzat?
Galdera sakona, bai horixe, baina —aitor dezadan— zalantza eragin zidana ez zen sexu-berdintasunari buruzko galdera, zerbait prosaikoagoa baizik: nola behar luke, «lege bat» ala «lege batek»?
Beste hainbeste, Bernardo Atxagari [2] hau irakurrita:
Bordeletik promenatzeko edo paseatzeko era guztien artean, egon behar du bakarren bat Ameriketatik iristen zen kakaoaren edo kafearen aztarna gordetzen duena (…)
Bigarren lasaitua-edo urte batzuk geroago hartu nuen, 2005ean. Iratxe Goikoetxea blogkidearen bidez jakin genuen Euskaltzaindiko Gramatika batzordearen iritzia (ItzuL, 2005-02-23):
«Mendiak oso polita egon behar du elurtuta» eta «Moduren bat egon behar du hau konpontzeko» dira forma zuzenak. Izan ere, perpaus batzuetan, «existentzial» deitutako subjektu ezkutua dutenetan (eta horietakoa da «Moduren bat egon behar du hau konpontzeko»), badirudi, tradizioaren arabera, egokiagoa dela subjektu hori absolutuan ematea, eta ez ergatiboan.
Alabaina —zoriona inoiz ez baita betea—, lasaitua ez zen erabatekoa izan. Gramatika batzordearen beste iritzi baten berri eman zigun Bittor Hidalgok egun berean (ItzuL, 2005-02-23). Hau izan zen galdera:
«Oso gogorra behar du zure familiako norbait horrelako egoera batean ikustea(k)» esaldiak azkeneko -k hori behar duen ala ez.
Eta hau Gramatika batzordearen erantzuna (2002-o5-22):
Gramatika batzordearen ustez, auzi hori ez dago argi. Gutako askori -k gabekoa egiten zaigu normalagoa, baina ezin esango genuke bestea (-k duena) okerra denik. Ez gara, beraz, ez bata eta ez bestea txartzat ematera ausartzen.
Gaia ez zen, beraz, hor agortu, eta zalantza berriro agertu zen ItzuLen hurrengo urtean (2006-09-25). Beste blogkide batek, Juan Garziak, bere ikusmen periferiko apartaz baliaturik, gaia testuinguru zabalago batean ezarri zuen:
Badirudi tirabira gertatzen dela halakoetan gramatikak eskatzen duenaren (behar modalarekiko komunztadura) eta zentzuak nahi lukeenaren (izan, egon aditz nagusiekikoa) artean.
Koldar samarra irudituko zaizu, baina adierazpidea moldatzea iruditzen zait irtenbiderik egokiena (…) Hala ere, ergatibodunak, izan, zuzenak dira.
Eta segidako beste mezu batean, honela jarraitu zuen:
Oker ez banago, nolabaiteko inpertsonaltasuna tartean denean dugu arazoa, hots, behar horrek berez adierazten duen obligazioa («joan behar dut») nahiz eskasia («ura behar dugu») subjektu zehatzik gabe geratzen denean, edo subjektu hori abstraktua denean, adibideotan bezala («hori», «-tzea»…).
Uste dut halakoetan gertatzen dela eskema gramatikalaren eta sakoneko adieraren arteko tirabira hori. Bide batez, uste dut (…) hiztun guztiona edo gehienona dela zalantza hori (…). Hori esanda, hala ere, ez dut uste abantaila handia genukeenik orain joskerotan tematu eta ergatiboak sistematikoki kentzen hasita gure idatzietan…
Egia esatera, azalpen eta iritzi horien guztien ondoren, halako «ergatiboa kentzeko lizentzia bai, bainaaa…» atera nuen ondoriotzat. Ahaztuxea nuen, baina, lehengoan, egunkarian, izenburu hau:
«42 puntu eskuratzeak izan behar du lehen helburua» (Berria, 2013-01-10).
Berriz ere lehengo zalantza izan genuen hizpide. Moldatu egin zitekeela, edo hobe litzatekeela moldatzea:
- «42 puntu eskuratzea izan behar dugu lehen helburua»
- «Lehen helburuak 42 puntu eskuratzea izan behar du»
- …
Bai, baina —ezin lasaitua behar bezala hartu— nahitaez moldatu beharrekoa da? Eta, gero, Goenkaleko testuen corpusa begiratzen ari nintzela:
- Gogorra izan behar du bakarrik bizitzea.
- Gogorra izan behar du ama horrela galtzea.
Lasaitua ezin harturik bizitzen ohituko naiz, baina, eskatzea libre denez eta dagoeneko bi blogkide —Iratxe Goikoetxea eta Juan Garzia— aipatu ditudanez idazkitxo honetan, hirugarrena ere aipatu nahi dut, eta bera gai honi buruz iritzia ematera gonbidatu, betiere baita plazer handia Beñat Oihartzabalen iritzia irakurtzea.
“Tartariarren basamortua” itzulpentzaz gozatzen harrapatu nau zureak, Alfontso, 66. orrialdean:
-Gotorleku hau guztiz garrantzitsua zela sartu zitzaion buruan, eta zerbait gertatu behar zuela.
(…)
-Begira koronel jauna, Stizione kapitaina, Ortiz kapitaina, teniente koronel jauna, urtero gertatu behar du zerbaitek…
Zalantza itzultzileon artean ere bizi-bizi dagoen seinale.
Bistan da ez naizela Beñat Oihartzabal, baina, atrebentzia ez bada, zer edo zer esan nahi nuke:
1.- Oker ez banago, “merezi izan”en kasua eta “egon behar du”rena bi kasu ezberdin dira, edo niri behintzat hala iruditzen zait. Nik uste izan dudanez, eta adibide bat jartzearren, “merezi du joatea” esaldian “joatea” ez da perpauseko subjektu, baizik eta osagarri zuzen; horregatik ez darama “k”rik. Perpausa inpertsonala litzateke.
2.- “42 puntu eskuratzeak izan behar du lehen helburua” esaldian, eta horren tankerakoetan, “42 puntu eskuratzeak” subjektua da; horrela, ba, “du” aditz laguntzailea eraman behar badu, ez dut ulertzen zergatik Euskaltzaindiak dioen ez doala ergatiboan. Baldin eta subjektuarekiko komunztaduraz aditza aldatzen bada, eta “modu bat dago/bi modu daude” esaten bada, logikoa dirudi ergatiboari ere eusteak. NOR-NORK erako aditz baten subjektua NOR izatea ez dakit ez ote zaidan salbuespen handi samarra iruditzen.
3.-Dena den, onartu behar da “modu batek egon behar du” ere gogor samarra gertatzen dela gaur egungo euskara mintzatuan (ez dakit beste inoizkoan samurrago suertatuko ote zen), inpertsonaltasun-kutsua edo dena delakoa tarteko. Baina, horretarako, nire ustez onargarriagoa litzateke, ergatiboa kendu ordez, “behar+du” araua edo dena delakoa apurtzea. Azken batean, “kontuan hartu da” perpausak “kontuan hartu behar da” ematen du, ez “kontuan hartu behar du”. Horrela, ba, inpertsonaltasun-kutsuak egina duen bide horri helduta, “ergatiboa+du” araua hausten duen “modu bat egon behar du”ren ordez, nik nahiago dut “behar+du” ustezko araua apurtzen duen “modu bat egon behar da”.
Izan ere, eta pixka bat harago joanez, niri ez zait oso argi gelditzen zenbateraino den ARAU ” behar+du” hori. Hasteko, Euskaltzaindiaren arauetan 113.a denak dio “Honenbestez, ondokoa da Euskaltzaindiaren GOMENDIOA” (kontrastean-edo kontsultatu ditudan beste arau batzuekin, non “Euskaltzaindiaren erabakia” esaten baita). Eta, jarraitzeko, gomendio horren 3. puntuan “joan behar naiz” bezalakoak onartzen ditu.
Laburbilduz, eta bi hitzetan esanda: ergatiboa gogor suertatzen baldin bada eta horregatik desagerrarazi nahi bada, onargarriagoa iruditzen zaidala “behar+DA” erabiliz egitea hori, eta ez “du” aditz laguntzaile bati NOR erako subjektua ipiniz egitea.
Astelehen goiz hau zure erranak irakurtzearekin hasi dut. Gogotik segitu dut argiki azaldu duzun arrazoibidea, eta hondar partean iritzia galdatzen baititazu, ezbaian gelditu naiz zerbait idatzi ala ez, ez bainuen ikusten zer gehiago erran nezakeen nik horretaz. Itsusia iduritu zait, halere, lagunaren gomitari ez erantzutea, eta horregatik, arrats honetako deskantsuaz baliatuz, besterik gabe nire iritzia emanen dizut. Dakidan bezala eginen dut, ordea, erran nahi baitu azalbide formalak baliatuz, eta argiki abisua emanik gaia ez dudala merezi lukeen bezain funski ikertu (oroz gainetik arras datu guti dut, iduriz arazo gehienik sortzen duen, eta nik arrotz dudan eramoldeaz).
Nik uste, aipatzen duzun kontuaren hastapeneko egitura ondokoa da (ordenari ez diogu kasu eginen hemen):
(1) Ø behar ukan [hori egia izan]
(1) egitura horretan ‘behar ukan’ aditzak (‘behar *edun’ ez errateko, hola erran dezadan hemen) perpaus jokatugabea hartzen du osagarri gisa (‘hori egia izan’), honen aditza partizipio burutua delarik (‘izan’). ‘Behar ukan’ aditzaren subjektu argumentua erreferentziarik gabekoa baita (1)ean, ‘Ø’ zeinuaren bidez adierazi dut.
(1) egitura horretarik hiru perpaus ateratzen dira euskaraz: zuk seinalatzen dituzun biak eta aipatu gabe utzi duzun hirugarren bat ere. Hona zein diren:
(2a) Horrek egia izan behar du.
(2b) Hori egia izan behar da.
(2c) Hori egia izan behar du.
Ene ustez, hiru adierazmoldeak erabiltzen dira eta hiruak zilegi dira (seguraz ere, euskaldun gehienentzat hiruak baliagarri ez badira ere). Lehen biak franko molde orokorrean ateratzen dira oinarriko egituratik; hirugarrena, haatik, alde batetik sinpleago da, baina bestetik markatuago, oker ez banago, balia dezaketenek ere baldintza mugatuetan baizik ez baitezakete egin.
Ikus dezagun bakoitza nola azal daitekeen.
(2a) perpausa, argiki, perpaus osagarriko subjektua goragoko perpauseko subjektu lekura joanik erdiesten da. Demagun giltzen artean agerrarazten dugula subjektu haren tokiaren hartzeko mugitua izan den argumentua eta ‘@’ zeinua emanez mugitua izan den argumentuaren abialekua. Orduan, honelako egitura dugu:
Ø behar ukan [hori egia izan]–> Ø{horrek} behar du [@ egia izan]–> Horrek egia izan behar du.
(2b) perpausa bestelakoa da. Egitura honetan, perpaus osagarriko aditzak ematen dizkio ‘behar ukan’ aditzari bere ezaugarri morfosintaktikoak eta, ondorioz, haren arabera jokatzen da hau. Berdin gertatzen da, orduan bortxaz, perpaus osagarriko aditza NOR- NORI motakoa denean: ‘Hori dolutu beharko zaio’. Berrazterketa dela erraten ohi da orduan, azkenean bi perpauseko egitura perpaus bakarrekoa balitz bezala tratatzen baita, komunztadura ere hala eginik. Eramolde hau ere onartzen du Euskaltzaindiak (ikus 113. araua; nahiz arauak Iparraldeko erabide dela erraten duen, uste dut Hegoaldeko toki askotan ere erabiltzen dela).
(2c) perpausaren egitura sinpleena bide da, batere mugimendurik gabekoa delako. Halere, hau dateke, bestalde, zalantza gehienik sortzen duena. Ikus dezagun zer gisaz. Hartan, nire ikusmoldean, goiko aditzaren subjektu lekua izenordain espletibo isil batek (‘espl’ deituko dudana) betetzen du (mugitua litzatekeen izen-sintagma batek ez baitu egiten). ‘Behar ukan’ aditzak, orduan, berez behar duen jokamolde ergatiboarekin agertzen da jokaturik. (4)eko egituratik sortzen da (2c) perpausa:
(4) espl [hori egia egon] behar du
(4)eko egituraren arazoa osagarri perpausean agertzen da bereziki, ez baita argi holako partizipio perpaus batean aditzazen argumentuak (‘hori’) zer gisaz hartzen duen bere kasua. Badirudi ‘egiazko’ pertsona denean ezin har dezakeela. Adibidez, 1. edo 2. pertsonako subjekturik ezin gauza daiteke leku horretan, eta ondorioz, (5)eko adibidea gaizki eratua da:
(5) *espl [zu etxean egon] behar du.
(5)eko ezintasunak erakusten du osagarri perpauseko subjektua 1. edo 2. pertsona denean, edo mugitu behar dela (‘Zuk etxean izan behar duzu’), edo berrazterketa egin beharra dela (‘Zu etxean izan behar zara’), gorago ikusi bezala.
Are gehiago, subjektu hori 3. pertsonako denean ere, badirudi, Juan Garziak azpimarratu bezala, ez dela edozein motatakoa izaten ahal. Definitutasunaren eskalan maila apalekoak direnak edo proposizio edukia dutenak ((2)ko adibidean edo –tzea erako perpaus nominalizatuekin bezala) bereziki dira egitura horietan agertzen, holako kasuetan izen-sintagma morfologikoki markatugabea modu berezi batean zilegiztatua balitz bezala. Ez dut segurtamenik erabilera hau ez baitut neurea. Test argiena izen berezi batekin gauzatu behar litzateke (definitutasunaren eskalan gorako maila batean dira izen bereziak). Jakin behar litzateke (2c)ko eramoldea erabiltzen dutenek ondoko perpausa ere onartzen duten, ala haiek ere orduan beste zerbait egin behar duten (ergatiboa erabiliz, edo berrazterketaren ondorioz ‘da’ aditz jokatua sartuz):
(6) (*)Pello etxean izan behar du
Alderantziz perpausa ezezkoan izanik, eta perpaus osagarria existentziala, onartua izan behar litzateke subjektu partitiboa (definitutasunaren eskalan maila apalekoak direnak). Hala dea?
(7) Ez du libururik egon behar han
Ikusten duzu, Alfontso, gramatikalariaren jokutriak zer diren: galdera batekin zoaz harengana, eta hiru dituzu uzten duzunean!
Gezi zorrotza Alfontso Mujikarena, eta bikain laburbildua izenburuan. Badirudi beharrek interes handiagoa sortu duela merezik baino, baina hitz bat egin nahi dut, hari ekin aurretik, garbiago bide dagoen horri buruz.
Izan ere, Merezi du berriro hori egitea esaldiak bi egitura/interpretazio ditu, eta bietariko batean baino ez da ageri ergatiborik gabeko inpertsonaltasun edo dena delako hori. Adiera horretan, honelakoren bat litzateke esanahia: Neke eta guzti, onuragarri da berriro hori egitea.
Halako esapideetatik hurbil egoteak faboratzen du, nonbait, zalantzarik gabekoa izatea joskera (nahiz erdaraz subjektu izan, garbi, mendeko perpausa: Merece la pena volverlo a hacer):
Merezi du(en gauza da) berriro hori egitea
Merezi du berriro hori egitea
*Merezi du berriro hori egiteak
Joskera hori, ordea, loturik dago argumentu sintaktiko hori -tzea moldeko perpausa izatearekin, eta aski da egitura horri ukitu txiki bat ematea bestelakoa izan dadin adiera:
Ez du merezi berriro hori egitea.
#Ez du merezi berriro hori egiterik.
#Ez du merezi berriro halakorik.
#Ez du merezi berriro hori.
Hain zuzen ere, ergatiborik gabeko egitura fraseologiko berezi horretatik kanpo, ez da halako interpretaziorik: beti dago NORK argumentu bat, eta halako ordaina jasotzeko merezimenduak (positiboak zein negatiboak) eginak izan (norbaitek) zentzua du hori merezi du esapideak.
Alegia, salbuespen dontsu horretatik kanpo, harako “Hark merezi du hiltzea” gramatikalki arruntari dagokiona da merezi izan aditzaren oinarrizko adiera. Eta salbuespenezkoak ere gorde dezake, fraseologikoarekin batera, esanahi-aukera arrunt hori, hasieratik esan dugunez, baldin eta halako merezimendu-ordain zentzuan hartzeko modukoa bada semantikoki mendeko perpausa:
Merezi du berriro hori egitea. [Onura-ekarle izango da, azkenean, horrela jokatzea]
Merezi du berriro hori egitea. [Aipatu ez den norbaitek bere portaeraz irabazia du horrela jokatzea berarekin]
Beraz, joskera berezi horretaz ari garelarik, komeniko litzateke garbi uztea salbuespen guztiz mugatu batez ari garela, eta gainezarrita dagoela erabilera fraseologiko hori sistema orokorrean, subjektu paziente ergatibodun arruntari lekua kendu gabe. (Joskeraren berezitasun edo salbuespentasun hori, itxura denez, erdaratik gisa horretan kalkatua izateari zor zaio, baina hori beste kontu bat da, zeren, jatorria jatorri, hala baita joskera hori aspalditik euskara molde guztietan).
Gatozen, bada, hain garbi ez bide dagoenera.
Hasieran, zerbait(ek) gertatu behar du erakoetan zerbait gertatu behar da irtenbidea ere badagoela aipatzea baino ez zen nire asmoa, baina, aurrea hartu didatenez, egoki hartu ere, bego esana.
Irtenbideetariko bat da hori, hala ere, bestelakoekin lehian, eta, nolanahi ere, estu lotua esanahi-testuinguru horrekin; bestela, gomendio zuhur izaten jarraitzen du, estandarizazioari begira, Anek etorri behar du moldea lehenestea Ane etorri behar da moldearen aldean.
Nolanahi ere, Beñat Oihartzabalek seinalatu duen bezala, normala da komunztadura-trukea gertatzea aditz bien artean, eta (itxurazko) logika eta erregulartasuna ez dira noski erabatekoak hizkuntzaren bizian, geurean bezalatsu:
Hurbildu behar dut (haiengana) [nik].
Hurbildu behar natzaie (haiei) [ni].
Nik behiala egindako oharra, hain zuzen, hor kokatzekoa da. Alegia, hurbil samar dagoela behar modala geroalditik, eta kidetasun semantiko horrek badukeela zerikusirik halako komunztadura-lerratzeetan [1]:
Etxera joango naiz.
Etxera joan behar dut (>naiz).
Errazago lerra daiteke komunztadura, modala ez eta beste aditza badago hurbilen aditz laguntzailetik, hala nola ezezkoetan [2]:
Ez naiz joango.
Ez naiz joan behar.
Esango nuke, bestalde (baina beste gai bat da hori), behar horren adieren artean bereizi nahiak ere eragiten duela, hizkeraren batean, erregimen-aldaketa:
Etxera joan behar dut. [adiera, aukeran: eginbeharra]
Etxera joan behar naiz. [adiera, aukeran: asmoa, geroalditik gertu]
Gorago aipatu dudan adibidean, ohartzekoa da ergatiboaren zalantza zer aldetara ebatzi den kasu bakoitzean, ordenaren arabera, komunztadura gobernatzen duen aditzaren arabera [3]:
zerbait gertatu behar (zuen)
gertatu behar (zuen) zerbaitek
Itzul gaitezen, hala ere, hari nagusira, eta ikus dezagun, adibide bat mailegatuz, nola eragin dezakeen hor ere kidetasun semantikoak, deskomunztaduraraino, ergatibotasunaren galera. Kasu honetan, uste sendoa adierazten du behar modalak:
Gogorra da, noski, bakarrik bizitzea.
Gogorra izango da, nahitaez, bakarrik bizitzea.
Gogorra (izan) behar du bakarrik bizitzea.
Kasu zehatz horretan, izan ere, hain gaude urrun eginbehar esanahitik, ezen inork ez bailuke, ustez (barka bekit izarñoaren ausardia), ergatibora joko:
*Gogorra (izan) behar du bakarrik bizitzeak.
Halakoetan litzateke aukera zilegia, kontrako bidetik jota, aditz-jokoa aldatzea komunztadura erregularizatzeko premia sentitzen duenak:
Gogorra (izan) behar da bakarrik bizitzea.
Nik neuk, hala ere, ez dut beharrik ikusten, eta eroso nago komunztaduraren desegokitze arrunt horrekin, hiztun trebeak baititut gidari hizkuntzan, eta ez logikaren simetria teorikoak:
Gogorra (izan) behar du bakarrik bizitzea.
____________
[1] Ekialde muturreko euskalkietan, nahirekin, beste aditzarekiko komunztadura da araua: Jin nahi zara.
[2] Kontrako lerratzea gertatzen ari da ezinekin zenbait hizkeratan: Ezin naiz joan. > Ezin dut joan.
[3] Antzeko egoera da, berez, zenbait sasikopulatiborena, baina ez dirudi hor lerratzerik gertatzen denik: mutila jatorra dela dirudi vs mutilak jatorra dirudi.
Eskertzen dizuet erantzuna. Eskerrak Martini, zalantza nirea eta nire ingurukoena bakarrik ez dela edo dagoeneko gainditua dagoen zalantza ez dela azaltzeagatik.
Eskerrak Xabierri, “behar + DA” aukerarena aipatzeagatik. Nolanahi ere, nire zalantza ez zen ea beste aukerarik dagoen jakitea (hori Euskaltzaindiaren arauan bertan ageri baita), baizik eta “behar + DU” moldearen barnean dagoen ”irregulartasun” hori, MEREZI IZAN aditzarekikoa ez bezala arautua eta deskribatua ez dagoena, zilegi edo onargarritzat jotzekoa zen eta, baiezkoan zein ezezkoan, zergatik.
Mila esker, halaber, Beñati, eta barkamena plaza honetara hain tupustean, hain ustekabean, bultzatu baitzintudan (eta arrats baten deskantsua ebatsi bainizun). Auziaren disekzio zehatz-zehatza egin, eta ergatiborik gabeko moldea zilegitzat jo duzu, baina molde horren salbuespen-izaera nabarmendu duzu, murriztapen sintaktiko nabarmenak dituela erakutsirik.
Orobat eskertu nahi diot Juani azken erantzuna, haritik tiraka hasi eta gaiaren ingurune zabala erakusteagatik, egin ohi duen bezala, hari-mutur guztiak agerraraziz lehenik, gero, haien bidez eta haietan bermaturik gaiaren ikuspegi osoa izanik, korapiloa askatzeko. Juanek ere, Beñatek bezala, zilegitzat eta normaltzat jo du ergatiborik gabeko moldea, testuinguru eta baldintza berezi eta jakin horien esparruan betiere.