Ia gauza bera esatea larria izan daiteke zenbaitetan

Bego Montorio Uribarren

Literatura itzultzea «ia gauza bera esatea» dela azaldu zuen Umberto Ecok bere saiakera batean (Dire quasi la stessa cosa [1]), eta baietz egin genuen buruaz hura irakurri genuen askok. Horra langintzaren definizio polit bat, pentsatu genuen, eta egiazkoa (edo egiatik oso gertukoa, zuhurrago esanda).

Itzulpena tarteko, testu bakarra zegoen tokian orain bi ditugu: jatorrizkoa eta hark sorrarazitako bestea, «ia» gauza bera dioen beste hori. Parekoak biak? Bata bestearen gainekoa?

Asko hitz egin eta idatzi izan da horren inguruan –adostasunik ez, jakina–, eta fikzio gaia ere izan da; urrunago joan gabe, hor dugu Iban Zalduak berriki kaleratutako Idazten ari dela idazten duen idazlea [2] liburuko Itzulpengintza ipuina. Kasu horretan, kumea, klona, itzulpena gailendu egiten zaio jatorrizkoari, protagonista den idazleak hobea baiteritzo itzulpenari, eta hura jatorrizkotzat hartzeko agintzen du beste hizkuntzetarako itzulpenetan; amaierarik gabeko sorgin gurpilean galduko da idazlea, itzulpen berri orok aurreko testua hobetzen duelakoan.

Halako obsesiora heldu gabe, Eider Rodriguezek honako gogoeta hau egin zuen, autoitzulpenaz ziharduela, itzulitako testua hobea zela iritzita sentitu zuena azaltzeko: «Quizás autotraducirse sea eso: ponerse frente al espejo y verse todas las impurezas que una tiene. Pero mayor traición sería no poder aceptarlas». [3]

Ezaguna da, halaber, Jorge Luis Borgesen beste esaldi hura: «Quizá el oficio del traductor es más sutil, más civilizado que el del escritor: es obvio que el traductor viene después del escritor. La traducción es una etapa más avanzada»; Itziar Otegik goian aipatutako artikuluan egiten dion iruzkina eta guzti irakurri beharrekoa, bidenabar esanda: «Nahiz eta, aintzat hartuta Borges paradoxa zalea zela oso, aipu hori bera ere tentuz hartu beharrekoa izan».

Literaturaz ari ez garenean, baina, bi letra horiek, bi bokal xume horiek –i eta a, ia; ia gauza bera– amildegi arriskutsua zabal dezakete. Lege testuetan, esaterako.

Hona adibide bat, eta, zoritxarrez, ez da bakarra. (Beste artikulu, literario?, baterako gaia ematen du aipatuko dudan dekretua argitaratu zeneko aldizkariaren izen ofizial bikoitzak: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria – Boletín Oficial del País Vasco).

175/2007 DEKRETUA, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzekoa.
35. artikulua(…)
2.– Hezkuntza-etapa horretako irakasgai guztiak gainditzen dituzten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua jasoko dute. Halaber, titulu hori lortuko dute, ikasturtea amaituta, irakasgai batean edo bitan ebaluazio negatiboa jaso duten ikasleek. Salbuespenez, titulu hori lortuko dute hiru irakasgaitan ebaluazio negatiboa jaso duten ikasleek, baldin eta irakasle-taldeak uste badu, irakasgaien izaerari eta garrantziari erreparatuta, irakasgai horiek ez gainditu arren, ikasle horiek oinarrizko gaitasunak eta etapako helburuak lortuak dituztela. Titulua lortu ez duten ikasleek aukera izango dute, hurrengo ikasturtean, aparteko proba bat egiteko, gainditu gabeko irakasgaietan.
DECRETO 175/2007, de 16 de octubre, por el que se establece el currículo de la Educación Básica y se implanta en la Comunidad Autónoma del País Vasco.
Artículo 35(…)
2.– Quienes superen todas las materias de esta etapa obtendrán el título de Graduado en Educación Secundaria Obligatoria. Asimismo podrán obtener dicho título aquellos que hayan finalizado el curso con evaluación negativa en una o dos materias, y excepcionalmente en tres, si el equipo docente considera que la naturaleza y el peso de las mismas en el conjunto de la etapa no les ha impedido alcanzar las competencias básicas y los objetivos de la etapa. Quienes no hayan obtenido la titulación podrán realizar una prueba extraordinaria de las materias que no hayan superado en el curso inmediato posterior.

Euskaraz, ikasturtea amaituta irakasgai batean edo bitan ebaluazio negatiboa jaso duten ikasleek titulu hori lortuko dute. Baldintzarik gabe. Salbuespenak eta baldintzak geroago datoz, hiru irakasgaitan ebaluazio negatiboa jaso duten ikasleentzat. Gaztelaniaz, berriz, bestelakoa da kontua: baldintzak denentzat dira, bat zein bi irakasgaitan ebaluazio negatiboa jaso duten ikasleentzat, eta, salbuespenez, baita hiru irakasgaitan halakoa jasotakoentzat ere.

Orri berean, elkarren ondoan, hala daude argitaratuta gauza bera ez dioten bi aginduak. Bata bestearen itzulpena dira? Baliteke. Azken orduko zuzenketak testu bakarrean egin dituzte? Baliteke. (Edozein kasutan, itzultzaileari egotziko zaio errua, bai horixe!). Garrantzitsuena, edozelan ere, beste hau da: Zeini egin behar zaio jaramon?

Indarrean dago dekretu hori, bere horretan. Institutuetan nola aplikatzen den ez dakit; ez dakit tokian tokiko zuzendaritzaren berezko hizkuntza hautuak, ikaslearenak, haren gurasoenak edo zerk baldintzatzen duen testu baten edo bestearen alde egitea. Dona-dona-katona… egitea ere balukete, ze, parte batean kontrajarriak izan arren, testu biak baitaude indarrean, biek dute lege balio bera, Jon Agirrek aspaldiko artikulu batean [4] adierazi zuen moduan:

Beraz, Konstituzio Auzitegiak dioenez, hizkuntza bat berez ezin da nagusitu, ezin du lehentasunik izan interpretazioetarako, orijinala izan nahiz itzulpena izan. (…) Jatorrizkoak balio duen beste balio du itzulpenak, administrazio-egintza gauzatu duen organo berak egiten badu.

Orduan, zer? Badu ala ez du titulua eskuratzeko eskubidea DBH amaituta bi ikasgai gainditu gabe dituen ikasleak, irakasleek ezetz pentsatu arren? Ikasle euskaldunak bai, eta erdaldunak ez?

Ea zalantzak argitzen ditudan etxean hori gertatu ahal izateko tenorea baino lehen!


[1]  Tascabili Bompiani, 2003.
[2]  Elkar, 2012.
[3] Eider Rodriguez in: Pizti jendea: katuak, itzultzaileak eta idazleak, Itziar Otegi.
[4]
  “Euskarazko itzulpen juridiko-administratiboen balio ofiziala”, Senez 19, 1997.

5 erantzun “Ia gauza bera esatea larria izan daiteke zenbaitetan” bidalketan

  1. Oso adibide interesgarria. Oso interesgarria.

    Eman dezagun honela gertatu direla gauzak:

    Etortzen da testu bat itzultzeko. Hasi da itzultzailea itzultzen, eta gauza arraro bat ikusi du: iruditzen zaio hor jartzen duena ez dagoela ongi. Izan ere, esaldi batean puntu bat (edo puntu eta koma bat) behar zuen lekuan koma bat jartzen du (edo koma bat soberan dago beste leku batean). Itzultzailea goitik behera dago sinetsita hor jartzen duena ez dela egia. Izan ere, txikia zenean ez zen ikasle ona (horregatik da orain itzultzaile eta ez ingeniari), eta hor ibiltzen zen bi suspentsoren bila gehienez. Bi, zerua; hiru, infernua. Begiratzen du itzultzaileak Interneten kontua eta ikusten du, Eusko Jaurlaritzaren webean: “Se promocionará al curso siguiente cuando se hayan superado los objetivos de las materias cursadas o se tenga evaluación negativa en dos materias como máximo y se repetirá curso con evaluación negativa en tres o más materias. Excepcionalmente, podrá autorizarse la promoción con evaluación negativa en tres materias cuando el equipo docente considere que la naturaleza de las mismas no le impide seguir con éxito el curso siguiente, que tiene expectativas favorables de recuperación y que dicha promoción beneficiará su evolución académica”.

    Eta euskaraz jatorrizkoan jartzen ez duena jartzea erabakitzen du; alegia, salbuespena “hiru”ri dagokiola bakarrik. Ongi egin du? Zeri egin behar dio jaramon? Jatorrizkoari edo bere uste arrazoituari?

    (Jakina, onena jatorrizkoaren egilearengana jotzea da, eta harekin kontua argitzea. Baina hori ez da beti erraza izaten. Eman dezagun, honako, gure itzultzaileak ez daukala, ez bide zuzenik urrats hori emateko, ez denborarik bueltaka ibiltzeko; gainera, badaki “no me seas tiquismiquis” entzuteko arriskua duela)

    1. Gauza bat argitu nahi dut aurrekoaren inguruan: “jatorrizkoa” versus “uste arrazoitua” jarri dut, ez “jatorrizkoa” versus “zuzena”, zeren eta adibide horretan ez baitago garbi itzulpena izatea zuzena.

      Horregatik gustatzen zait hainbeste adibide hau, itzultzaileak arrazoi asko dituelako pentsatzeko jatorrizkoa okerra dela: bere ikasle garaiko eskarmentuak hala dio, oso antzeko egoera bat (baina ez bera) aurkitu du Interneten, eta koma bat da auzia (oso arrunta da jatorrizkoak gaizki puntuatuta etortzea).

  2. Nik uste dut arazoa gaztelaniazko testuaren sintaxian dagoela, sintaxi anbiguoa delako. Baldin eta jatorrizko testua gaztelaniazkoa bada, itzultzaileak aukera egin du gaztelaniazkoak ahalbidetzen duen interpretazioetako baten alde (hertsiki sintaxiari lotzen bagatzaizkio). Alegia, gaztelaniadun erkidego elebakar bateko araua izanda ere, ulermen-arazoa sortuko litzatekeela, sintaxiari dagokionez.

  3. Hara! Aipatu duzuen adibide hori da, hain justu ere, itzulpenak originala gainditzen dueneko beste kasu bat. Izan ere, testu hori gure esku artetik pasa zenean itzultzeko, arakatze-lana egin genuen jatorrizkoan zioena ez baitzegoen argi, eta, kontuak argituta, xede hizkuntzan sorburukoan baino egokiago adierazi genuen (gure ustez). Argiago bai, baina irakurlearen kaltetan agi denez: jakinik administrazio-testu (ia) guztiak gaztelaniaz sortu eta gero itzultzen direla, pentsatzen dugu euskarazkoa dela ongi ez dagoena, hau da, itzultzaileak itzuli duela gaizki. Kasu honetan ez da horrela izan. Beraz, ezinbestean sortzen zaigun galdera hau da: itzultzaileak zer egin behar luke, bere esku badago, jatorrizkoa hobetu, ala jatorriko testuari atxiki, itzuli baizik ez egin, testua hobetu daitekeela jakinik ere? Guk lehenaren alde egin bagenuen ere, ez dakit testu-motaren araberako erantzuna eman behar ez ote litzatekeen… Dena den, Bego, zure zalantzak bederen argitu dira.

    1. Eskerrik asko Xabier, Xabier eta Leire, zuen erantzunengatik, eta jarritako adibideari buruzko zenbait kontu argitzeaz gain gogoetarako gai gehiago azaltzeagatik.

      Lehendabizi, zehaztasun txiki bat Xabier Andonegiri. Zuk aipatzen duzun testu hori, dekretu beraren aurreko artikuluan agertzen da, baina maila batetik hurrengora pasatzeari dagokio (34. artikulua, 3. atala), ez graduatu titulua eskuratzeari (35. artikulua). Maila batetik bestera pasatzeko baldintzei dagokienez, ez dago ezadostasunik euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean, gazteleraz ere argi baitio bi ikasgai bi gainditu gabe hurrengo mailara pasatuko dela; eta gero, puntu baten ondoren, “(…). Excepcionalmente el equipo docente podrá decidir la promoción con evaluación negativa en tres materias, siempre que…”. Honela dio euskarazko bertsioak: “(…). Salbuespen gisa, hiru irakasgaitan ebaluazio negatiboa lortu duen ikasle bat hurrengo mailara igarotzeko erabakia har dezake irakasle-taldeak, beti ere….”.

      Nolanahi ere, orain badakigu dekretuko testua gaztelaniaz sortu eta ondoren euskaratu zela, gehienok susmatzen genuen moduan. Eta badakigu, halaber, itzultzaileek profesionaltasunez jokatu zutela eta jatorrizko hitzen atzetik zer zegoen arakatu zutela. Gehienok susmatzen genuen moduan? (Uste hori hasieratik agertu izan banu, batek baino gehiagok gremiokeria leporatuko zidalakoan nago.)

      Ez dakiguna da zergatik ez den korredakzioaren bidea jorratzen; edo hedatzen, nonbait erabiltzen baldin badute. Edo zergatik, itzulpena erabiltzen denean, ez den hori baliatzen jatorrizkoan antzemandako lausotasunak eta hutsak zuzentzeko. Itzultzailea ez den lagun batek, esaterako, buruz itzuli ohi ditu idazten dituen txosten eta abarretako pasarterik korapilatsuenak, gatazkatsuenak, esan nahi duena (eta hori baino ez) esaten ari ote den segurtatzeko; itzultzeko arazoa sortzen zaion gehienetan jatorrizkoa argi ez dagoela frogatu omen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude