Elixabete Perez Gaztelu
Bi hitz nahi nituzke ekarri agente edo egiletasuna adieraztearen gainean, gaiak eskatzen duen baino askoz arinago eta, nolanahi dela ere, galdera batzuk paratzeko aitzakiatan.
Kalkoen behatokiak erdal egitura pasiboaren ispilu trakestzat ematen du -EN aldetik (“agurra jaso X-ren aldetik”) egilea adierazteko erabiltzea. Euskaltzaindiak ere 2002ko Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna (EGLPB) lanean desegokitzat joa du egiletasuna adierazteko ergatiboaren ordez postposizio batzuk erabiltzea: instrumentala (-Z) dela,
Partizipioa pasiboaren zentzuan erabiltzen delarik, bada joera handi bat aditzaren egilea edo agentea instrumentalean jartzeko:
(85) Jainkoa deabruaz tentatua izan zen
Hala ere, badirudi hor egokiago litzatekeela ergatiboa (deabruak) jartzea. Zernahi gisaz ez, jakina, deabruagatik edo halako zerbait, horrek perpausaren adiera osoa aldatzen baítu.
(EGLPB: 485)
motibatiboa (-GATIK) dela:
Forma hau erabiltzen dute zenbaitek egiletasuna edo adierazteko, nigatik idatzia da, nigatik egina da eta halakoak esanez edo idatziz.
21. Adberbio sintagma: Adizlagunak
Erabilera hori ez da batere egokia horretarako euskarak bestelako bideak baititu:
(89) etxea nik egina da
(EGLPB: 486)
Eskas bide den ergatiboaren ordez, guk behinik behin apenas topo egiten dugu instrumentalarekin. -EN aldetik postposizio konplexuarekin, eta kausaren, arrazoiaren adierazpidea den motibatiboarekin (‘egiletasuna’ eta ‘kausa’ batzuetan horren urrutikoak ez izaki?), berriz, gehixeagotan.
Eguneroko jardunean, guk behintzat, egiletasuna adierazteko ergatiboaren ordez askotxotan postposizio ablatiboak irakurtzen (eta ikus-entzunezko komunikabideetan entzuten ere) ditugu; sintagma bizidunak (NORENGANDIK), eta sintagma bizigabeak (NONDIK) oinarri dituztela. Arestian ahotan hartu dugun EGLPBk ablatiboaren erabileraren deskripzioa ez du egiletasunarekin uztartzen. Nik, berriz, horrixe heldu nahi diot; ablatiboaren erabilera bati.
Begietan ematen du ablatiboa erabiltzeak egilea, agentea eskatzen duten aditzez eratutako perpausetan. Batez ere giza taldeak (erakunde nahiz bestelako talde antolatu era askotakoak) izaten dira egileak.
Hona, konparazio batera, erakundetik, udaletik, aldunditik, gobernutik eta unibertsitatetik galdetuta eskuratutako adibide batzuk, batez ere euskal egunkari-kazeta batzuetako edizio digitaletatik hartuak.
Pentsa daiteke, beharbada, postposizio ablatiboa isilpeko ‘etorri’ edo antzeko mugimenduzko aditzen baten osagaia dela: “Udako Euskal Unibertsitatetik [datorren] proposamena” edo, Fernandez eta Sarasolaren bidetik, jaso duguna izenburua izanik, izen sintagma beregaina dela. Ez dugu uste, hala ere, azalpen itxurako honek nonahiko balio duenik.
Har ditzagun testuinguru zabalagoa duten adibide gehiago. Bidenabar errepara diezaiogun, beti hala ez bada ere, askotan subjektua singularra izanik (dena delako erakunde edo giza taldea), adizkiko subjektuaren morfema pluralezkoa dela.
Nonbaitetik eskatu dute?
Nonbaitetik aldatu dute epea?
Nonbaitetik ezarri nahi dute bazterketa?
- Aldunditik programa honen hasierako balorazio positiboa egin dute, eta azpimarratu dute horrelako programa bereziei esker, behera egin dutela adin txikiko etorkinekin egondako arazoek.
Nonbaitetik egin dute balorazioa? Nonbaitetik azpimarratu dute arazoak gutxitu direla?
Nonbaitetik iragarri dute materialak baliagarriak izan daitezkeela?
Ez dirudi alboratu ditugun galderek zentzurik dutenik hor.
Igandeko egunkaritik hartu dugu sorta honetako azken adibidea. Hor, esate baterako, badirudi irakurleak kazetariari “nondik erran dioten” baino gehiago inferituko duela kazetariari “jatetxekoek adierazpenik ez dutela egingo erran diotela”:
Egiletasuna ez da beti ez modu berean ez subjektuaren bitartez adierazten. Urrutirago gabe, lehen ekarri dugun gramatikan (EGLPB: 192) Euskaltzaindiak esana du instrumentala ere erabil daitekeela egiletasuna adierazteko.
(59) Jainkoa deabruaz tentatua izan zen
[…]
Bigarrenean, deabruaz sintagmak egiletasuna markatzen du, nahiz ez den subjektua.
Baina, kontrara, ergatiboa beti da subjektua eta egilea adierazten du (aditz iragankor agentedunak dituzten perpausez ari gara): esan duen, erabaki duen, jakinarazi duen horren erantzulea da nork.
Norketik nondikera? Ergatibotik postposiziorako urratsean ikusten al dute kazetari batzuek informazio-iturriak ez zehazteko bide hala moduzkoa? Erakundeetako taldekideen aukera (erabakia?) da subjektu agerikorik gabe esan beharrekoak esatea? Bizi dugun munduaren seinalearen, erantzukizunik bizkarreratu nahi ez izatearen arrastoa da egilerik berariaz ez aipatzea? Edo… lerro hauen egilearen paranoiatzakoa?
Administrazioan ia egunero topatzen ditugu horrelakoak: “Desde la Diputación Foral de Gipuzkoa queremos agradecerle…” eta ia egunero jotzen dugu itzulpen honetara: “Gipuzkoako Foru Aldunditik eskertu nahi dizugu…”, Egin genezake “Gipuzkoako Foru Aldundikook eskertu nahi dizugu…”, baina aldaketa handiegia iruditzen zaigu esanahian ere. Eta, jakina, egin genezake “Gipuzkoako Foru Aldundiak eskertu nahi dizu…”, baina, orduan, “dizuGU” horrek aditzera eman nahi duen gertutasun gogoa-edo galduko genuke.
Egiatan, nik “Gipuzkoako Foru Aldunditik” baino egokiagorik ez dut aurkitu.
Eta gaztelaniaz arrunta egiten zaizu esateko modu hori? Niri ez.
Erabat arrunta. Izan ere, ez litzateke harrigarria izango bihar bertan, edo etzi, egitura horrekin hasten diren pare bat dokumentu itzuli behar izatea. Eta arrunta ez ezik, zuzena ere badela esango nuke. Nik, behintzat, ez dut inoiz ezer irakurri egitura horren aurka.
Barkatu. Erantzuten hasi eta ihes egin dit aurrekoak amaitu baino lehen (ikasi dut aparteko testuan idatzi behar dela erantzuna).
Nik behintzat ez diot abantaila handirik harrapatzen ablatibodun irtenbideari zerorrek aipatzen dituzun subjektu egilea duten beste biei (“Aldundiak eskertu nahi dizu”, “Aldundikook eskertu nahi dizugu”) baino. Areago, ez dut uste hiztunarentzat irtenbide “gertukoagoa” denik nork-ik ez duen ablatiboduna. Nire begi-belarrientzat ez.
Bestalde, ez dut oso ongi ulertu esanahiaren aldaketarena.
Esanahiari dagokionez, esan nahi nuen gauza bakarra hauxe zen: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundikook ez direla berdinak.
Ba niri ez zait batere arrunta egiten gaztelaniaz. Administrazio arloan batez ere, eta kazetaritzan, barra-barra erabiltzen da esateko modu hori, bai, baina ez dut uste hizkera arruntean, edo egunerokoan, erabiltzen denik. Sintaktikoki zuzena da, jakina, baina nire ustez horren atzean kazetaritza eta administrazio hizkeretan askotan modan jartzen diren esateko modu horietako bat dago (blog honetan agertu izan dira horietako batzuk, “poner en valor”, adibidez). Administrazio hizkerak hizkera “arruntetik” aldentzeko sentitzen ohi duen nahi edo behar horretatik etorritako esamolde bat izan daiteke.
Bestalde, nire iritziz “desde” preposizioaren gehiegizko erabileraren beste adibide bat da hori (gehiegizko erabilera horren beste adibide bat: “lo decimos desde la humildad”, esan beharrean “lo decimos con humildad”).
Eta guk, euskaraz, kalkatu.
Buruz ari naiz, baina Lazaro Carreterrek “desde” horren ingurukoak bota zituenean, abiapuntua adierazten ez zuten “desde” horiek kritikatzen zituen, eta adibidea jartzen zuen erregearen esaldi bat, “desde la emoción del recuerdo a Franco” edo horrelako zerbait. Nire ustez, “desde la diputación…” eta horrelakoak ez dira talde horretan sartzen, abiapuntua dutenez. Hala ere, ez nago batere ziur, abiapuntua lausoa dela onartu behar baita; eta, bestalde, egia da euskaraz “nondik” oso inbasiboa dela.
Nik ia egunero topatzen ditut horrela hasten diren gutun, idatzi eta abar. Hori dela eta esan dut arrunta iruditzen zaidala. Egia, autobuseko elkarrizketa batean nekez entzuten dut, baina horrek ez dio arruntasuna kentzen, nire ustez.
Kazetaritzako hizkeran asko erabiltzen da bide ofizialetik kanpo esandakoak aipatzeko: dena delako erakundearen izenean barik, handik (iturri hartatik) datorrela zehazteko. Hor badago bereiztu nahi bat. Dena dela, askotan gertatzen den bezala, litekeena da neurri barik zabaldu izana gero.
Eta horretarako ez lizueke balioko “iturria(k)” egile bihurtu eta ergatiboaz erabiltzeak (“ez dakit nongo iturriek/ordezakariek… dena delakoek esan dute hau edo bestea”)?
Eskerrik asko parte hartzeagatik, Iratxe.
Xabier, Lázaro Carreterren artikulu hori El dardo en la palabra liburuan dago (52. or.), eta, zuk aipatu duzunaz gainera, beste adibide batzuk ere ematen ditu. Esaterako:
Todos sabemos que el señor Presidente del Gobierno ha anunciado su propósito de acudir a estas Cortes para exponer la política que pretende impulsar DESDE la acción del Gobierno.
Ahora bien, lo que no puede dudar nadie es que esta Cámara […] ejercerá sus funciones DESDE la cierta significación institucional que le atribuyen las Leyes Fundamentales.
Estoy seguro, señores procuradores, de que ejercitaremos nuestra función […] con el único objetivo de servir a nuestro pueblo DESDE la lealtad al Rey.
Egia da adibide horiek ez direla DESDE la Diputación… motakoen berdin-berdinak (antzekoak bai, hala ere), baina DESDE horien guztien erabilera zalantzazkoa dela esango nuke. Lázaro Carreterrek berak dio DESDE preposizioak abiapuntu bat markatzen duela espazioan edo denboran:
Aipatzen du, hala ere, idazle batzuek beste testuinguru batzuetan ere erabiltzen dutela DESDE, baina betiere prozesu bat leku edo garai batetik bestera eramateko adierari eutsiz :
Eta berak (1975ean!) ingelesari egozten dio desde preposizioa gaztelaniaz egiten ari den (edo dagoeneko egin duen) bide berria:
Kontuak kontu, iruditzen zait ez genukeela kalkatu behar euskaraz gaztelaniaz ere badaezpadakoa den egitura bat (batez ere ez dugulako horren beharrik) eta saiatu beharko genukeela, ahal dela, horrelako esaldiak saihesten:
Desde el Departamento para la Política Social, consideramos que debemos continuar por la vía de la colaboración entre instituciones y entidades del sector terciario…
… eta bide honetatik elkarrekin jarraitu behar dugula uste dugu Gizarte Politikarako Departamentutik
Kaixo, Idoia:
Dakizun bezala, zure erantzunak ez nau harritu (aitzitik, noiz erantzungo zenuen zain nengoen), duela asko ez, gaztelaniako mintegi batean (zeu irakasle, ni ikasle) gaia aztertu baikenuen, zehazki, Gizarte Politikako Departamentuaren azken esaldi hori.
Lazaro Carreterrek aipatzen duenari dagokionez, hauxe dio:
Horri jarraikiz, aditzari erreparatu behar zaio joera inplizitua dagoen edo ez zehazteko. Nire ustez, “Desde la Diputación Foral de Gipuzkoa le enviamos nuestra más sincera felicitación” Lázaro Carreterrek aipatzen duen bigarren taldean sar daiteke inolako arazorik gabe. Eta nire ustez, orobat, “Desde el Departamento de Política Social creemos…” esaldian abiapuntua oso lausoa da, lausoegia, eta hor egokiagoa da “El Departamento de Política Social”-edo. Ez daukat, dena dela, batere garbi kontua.
Bestalde, gaztelaniaz, Lázaro Carreter gorabehera, zabalduegia dago formula erretoriko hori orain guk zalantzatan jartzeko. Dena dela, Akademiari kontsulta egin diot, eta erantzunaren zain nago.
Euskaraz, berriz, kontua askoz ilunago ikusten dut. Hemen jaso ditudan erantzunek aurretik ere banuen zalantza handitu baino ez didate egiten, eta iruditzen zait zuek (Elixabetek, Mirenek eta zuk) esandakoari jaramon egitea dudala onena, hots, egitura horiek saihestea beti.
Mila esker hiruroi erantzuteagatik eta kontu hori argitzen laguntzeagatik.
Galdera bat: aipatu dituzuen adibideetarako NONDIK kasua gaitzesten bada, ez al litzateke horrekin batera NON kasua gaitzetsi behar? Alegia, “Departamentutik esan/erantzun… didate” gaizki badago, eta horren ordez ergatiboa erabili behar bada, horren arabera ez al litzateke berdin jokatu beharko “Departamentuan esan/erantzun… didate”rekin, eta hor ere ergatiboa erabili? Eta NON kasua ez bada gaitzesten, koherentea al da NONDIK gaitzestea?
Amaitzeko.
Jaso dut RAEren erantzuna. Hiru adibide jarri nizkien “Desde la DFG le envíamos nuestro agradecimiento…”, “Desde la DFG le queremos agradecer” eta “Desde la DFG creemos…”. Ez dute bereizketarik egin:
Eskerrik asko, Xabier. Badirudi RAEk bidea egin duela Lázaro Carreterrek hizpide izan dugun artikulua idatzi zuenetik.
Nik Fundéura bidali nuen aurreko iruzkinean aipatutako adibidea («Desde el Departamento para la Política Social, consideramos que debemos continuar por la vía de la colaboración entre instituciones y entidades del sector terciario…»), ikusteko ea zer zioten esaldi horretako DESDEren erabilerari buruz.
Eta hauxe erantzun zidaten:
«La preposición “desde” no es apropiada en este caso, pues debería ser “en”. También podría construirse con el complemento pasado al sujeto, como propone, pero no es necesario».
Alegia: «EN el Departamento para la Política Social consideramos que…” edo “El Departamento para la Política Social considera que….».
Bi iritziak, RAErena eta Fundéurena, kontuan hartuta, esango nuke, zuzentasun gramatikala gorabehera, gutxienez neurriz erabiltzekoa dela gaztelaniaz DESDE halako egituretan, eta iruditzen zait gehitxo erabiltzen dela kazetaritzako eta administrazioko testuetan. Beharbada, egitura pasibo eta sasipasiboen abusuak ere izango du zerikusirik DESDEren erabilera hedatu horretan.
Beste kontu bat da, noski, gaztelaniazko erabilera alde batera utzita, ea euskaraz mesedegarria zaigun egitura hori kalkatzea. Ea benetan behar dugun, alegia. Nik ez dut uste, baina ez naiz horretan aditua. Ea argi pixka bat egiten dugun denon artean.
Bide batez, eskerrik asko Elixabete, Xabier (biak), Miren eta Iratxe. Gustua ematen dute halako iritzi-truke eta eztabaida irekiek, ikasteko aukera paregabea baitira. Horixe da blog honen (eta antolatzaileen!) dohain handienetako bat.
Ondo-ondo segi