Beñat Oihartzabal
Gauza ezaguna da desberdintasunezko maila-konparazio perpausak beti norabide positiboan egiten direla euskaraz. Ondoko adibideetakoak, beraz, gaizki eratuak dira, gutiagotasunezkoak baitira:
*Jon gutiago handi da Gorka baino.
*Aitatxi amatxi baino gutiago zaharra da.
Ondoko erdaretan, aitzitik, menos/moins konparazio hitzen bidez, arazorik gabe moldatzen baitira horrelako perpausak, euskal itzultzaileek beste bide bat erabili beharra dute gutiagotasuna adierazten duten maila konparazioak euskarara itzultzean. Biderik ohikoena da orduan, berdintasunezko konparazio perpausak ezezkoan erabiltzea :[1]
Jon ez da Gorka bezain handia.
Aitatxi ez da amatxi bezain zaharra.
Nik uste, orain arte, hizkuntzaren erabilera arruntean bederen, ongi begiratua izan da euskarazko maila konparazio perpausen berezitasun hori, desberdintasunezko konparazioen morfologia izenondoekin atzizki batean gauzatu beharrak ekarria. Ez da harritzekoa, beraz, Euskarazko Prosa Gaur corpusean maiztasun handiko dozena bat izenondo baliatuz egin dudan bilaketak kontrako adibide bihirik ez baitit eskaini.
Bizkitartean, testuetako lekukotasunei behatuz, iduri luke badela gutiagotasunezko konparazioa izenondoekin ere nolabait zilegiztatzen duen testuinguru bat. Era honetakoa da:
Ez da gutiago IZENONDOA
Hona zenbait adibide molde horretakoak, azken bi mendeetako Iparraldeko testuetarik hartuak:
- Zure konduita gordea izan arren, ez da gutiago adoragarria (Mihura)
- Estonagarri bada hainbertze neskatxa gazte ikustea, bere gaztetasunetik hasirik debruari betiko emaiten, ez da gutiago espantagarri jakitea nola debrua nahi zen guziz jabetu haur gaztez (M. Elizanburu)
- Nork ez ditu ezagutzen Xuriko, Pilotariak, Betirisants? Kopla hoik oro kasik pollitak dira biziki. Erlisioneari doazkon koplak ez dira gutiago ederrak (Hiriart-Urruty zaharra)
- Ez da gutiago trebe xinaurri hatzemaiten (Almanaka)
- Ez da gutiago atsegingarri orain berean Agorrila disketxearen bidez plazaratzen duen “Goazen!” bigarren diska (Herria)
Ikus daitekeenaz erabide horretan konparazio ardatza den izenondoa predikatu osagarria da eta ezezko perpaus batean jarria. Ohargarri da, bestalde, desberdintasunezko konparazioen morfologia erabilirik ere, baino konparazio hitza ez dela agertzen adibideetan, konparazio kanoniko ez direlako seinale, hain segur.
Horrelako perpausen gibelean, erretorika figura ezaguna dugu: negazioaren bidezko litotea, konparazio jokoa gaineraturik. Horrela, Hiriart-Urrutyren adibidea hartzen badugu, lehenik gogoratzen du Ademak zenbait kopla ezagun, biziki politak, egin zituela, ondotik erlijio gaiez egin zituenak ere hala zirela azpimarratzeko; hauek ere ederrak zirela, hots, besteak bezain ederrak. Horren egiteko, haatik, ezezkoan emanikako gutiagotasunezko konparazioa baliatzen du, horrela gauzaturik aipatu erretorika figura.
Baliabide diskurtsibo hau euskarara ekartzean ezinbestekoa gertatzen da izenondoekin ere gutiagotasunezko konparazioen morfologia baliatzea, eta, itzulika markatua izanagatik, badirudi azken bi mende hauetako idazleek, Iparraldekoek bederen, arazo handiegirik gabe egin izan dutela, frantsesezko testuetarik ekarririk, seguraz ere.[2] Erran gabe doa, oker geundekeela, hortik ondoriozta bageneza aldatua dutela idazle horiek maila-konparazio perpausen eratzeko gramatika. Nekez, adibidez, hizkuntzaren izkutuko xikana guziekin jostatzen hain trebe zen Hiriart-Urrutyk horrelakorik egin zezakeen maila konparazio kanonikoak josterakoan. Erretorikaren pribilejioen ondorioa da, urrunago joan gabe, delako erabidea.
Azken hitz bat, eredu horri jarraikirik Iparraldeko testuetan, 19. mendean hasirik, biziki hedatu den erranbide baten seinalatzeko. Hartan, izenondoaren orde, egia izena baliatzen da: «ez da gutiago egia … -ela», ondoko adibidean bezala:
- Ezen politika makurrak ondorio gaixto anitz, ikusten dugun bezala, balin badakarzke, ez da gutiago egia, bertze asko eta asko gaitzen eta gaizkiren ondorio bat dela politika tzarra delakoa ere. (Hiriart-Urruty zaharra)
Kasu honetan ere, lehen aipatu litote mota bera dugu, eta morfologiazko arau-urratze bera ere, predikatu osagarri gisa baliatzen diren izenek desberdintasunezko konparazioetan izenondoek bezalako morfologia hartzen ohi baitute: -ago atzizkia. Gertatu zaio A. Lukuri egiago hartaz baliatzea hemen aipatu litoteaz beste erretorika joko batzuk erabiliz. Balia bekit, bada, haren ateraldi hau, luzeegi joan zaidan ele-mele honen besterik gabe bururatzeko:
Batzutan gezurrak egia baino egiago dira. (Botoiletan)
[1] Antonimoen baliatzea, edo konparazio kideen ifrentzikatzea dira beste itzulbide baliagarriak (perpausen egia balioa aldarazten ez duten neurrian):
Gorka baino ttipiago da Jon. / Jon baino handiago da Gorka.
Aitaxi gazteago da amatxi baino. / Aitatxi baino zaharrago da amatxi.
[2] Hegoaldean, erabidea izenondoa isildua izanik bereziki, aurkitzen da, nik uste. Gaurko testuetan bederen. Hona JM Irigoienen hiru adibide, gisa horretakoak (EPG corpusetik):
Sara urduri zegoen, bai… baina ama ez gutxiago, itxura batean
Ekain berezia zen, Leire ez gutxiago
Maizterrak gogorrak dira, bai, baina ez gutxiago nire emaztea
Hiru adibide horietan, isildua da gutiagoko mailakatzea hartzen duen izenondoa, aurreko perpausean adierazia baita. Iparraldeko adibideetako erretorika figura bera baliatua da, baita morfologiazko tresna berak (gutxiago) ere. Izenondoaren isiltzeak, halere, errazten bide du erabidea.
Aipatu duzun Hegoaldeko erabileraren beste adibide bat, Koldo Mitxelenarena, hona:
“Bere idazlanak beti izan dira gihar, zorrotz eta trinkoak, eta oraingo liburua ez da gutxiago. MIH 333.”
Eta, zure idazki interesgarria irakurtzen ari nintzela, galdera bururatu zait: “ez da gutxiago egia” esamolde ihartutzat jo behar ote dugu ala baliabide “bizia” dugu? Adibidez, “hori gezurra bada, ez da gutxiago gezur…” onargarria ote da? Eta, hortik tiraka, predikatu osagarri gisa erabiltzen diren beste izenetara zabal liteke? (“hori ametsa bada, ez da gutxiago amets…; hori arrazoi bada, ez da gutxiago arrazoi…; ez da gutxiago kalte…).
Adibidez, Enbata aldizkarian agertu zen hau ontzat ematekoa da?:
“Errepublika federal bat ez da guttiago errepublika izango, demokratikoagoa baizik.”
(enbata.info/Edito-en-euskara,932.html)
Konparazio morfologia izenekin erabiltzea ez da maiz egiten den zerbait (hizkuntzalaritzako testu liburu askotan ezinezkoa ere dela azaltzen dute, morfologia hori izenondoak eta izenak elkarretarik bereizten dituen irizpidetzat baitaukate). Ez dut uste ‘gezurrago’, ‘gizonago’ edo ‘errepublikago’ formen gertaldi anitz-anitz aurkituko dugun gure corpusetan, baina ez dudarik enetzat euskaraz erabil daitezkeela, eta indar espresibo berezia ere izan dezaketela, hain zuzen forma markatuak edo direlako. Ez da urrats ttipia hortik gutiagotasunezko konparazioen morfologiarekin izen horien erabiltzera … Dudarik batere gabe, are markatuago da orduan itzulika.
Nik, halere, ez nezake erabilera hau ihartutzat jo (Enbatatik hartu duzun adibideak ere erakusten duen bezala). Adibidez, Narbaitzen ondoko adibidea osoki euskara ‘biziari’ dagokiola iruditzen zait (‘Jainko’ izenarekin):
“Jauna, egidazu beti ikus zitzadan ene Aita eta ene Jainkoa bezala, edozoin estatutan izan nadin… zu beti bera baitzira… eta ez baitzira gutiago Jainko pena eta gaztigu duzularik emaiten…” (Pascalen gogoetak)
Horrelakoak ‘ontzat’ ematekoak direnetz … gustu kontua da, nire iduriko. Enetzat, konparazione, ez da zalantzarik. Baina, badateke hor gaindi bat baino gehiago begietan min hartuko duenik holakoak irakurtzean…
Ez dakit auzia itxitzat jo ote daitekeen zure artikuluak esaten duenarekin.
“Gutxiago + izenondoa” onartzen bada (eta ni onartzearen alde nago, zalantzarik gabe), potoloena onartu da. Hortik aurrera, aditzak ezezkoan joan behar izatea eta “baino”ri (eta horrekin doan bigarren konparazio-erreferenteari) ateak ixtea, mugarri-jartze aski inkoherentea iruditzen zait.
Bestetik, ezin dugu ahaztu gutxiagotasun-konparazioaren eskutik datorkigula gutxiagotasun-superlatiboa. Horren aipamenik ez duzu egin; beraz, ez dakit euskaraz superlatibo hori ezin erabiltzea aldezten duzun (eta, kasu horretan, galdetuko nizuke zer aterabide proposatuko zenukeen “democracy is the least bad of all the systems of government” edo “Greece must choose the least bad option” bezalakoak euskaratzeko) ala superlatibo horren alde zauden. Baina, bigarren kasu horretan, berriro izangu genuke, nire ustez, koherentzia-korapilo bat: gutxiagotasun-superlatiboa bai, baina desberdintasun-konparazioa, muga zorrotz horrekin.
Jakintza-arlo ezberdinetan, forma funtzioari jarraitzen zaiola esan ohi da; baina, nonbait, hizkuntza-kontuetan ez gatoz bat printzipio horren aplikazioari dagokionez.
Egia erran, doi bat izitzen nau zure iruzkinaren lehen partean azaltzen duzun ikusmoldeak. Ez da dudarik ‘gutiago IZENONDO’ erabideak urratzen dituela euskararen konparazio morfologiaren arauak. Halere, urraketa hori guziz mugatua da, erretorikako figura baten euskaratzeko sartu baitzen iduriz. Eta bakarrik horretarako. Gure ohiko irizpideei jarraikiz, nekez kontsidera daiteke Pouvreaurenganik hasirik egungo testuetaraino idazle andana batek erabili izan duen erabide berezi hau euskararatik kanpo dagoela. Bazterrekoa eta markatua dudarik batere gabe, baina parte. Gaitzeko jauzia da, haatik, salbuespenezko ‘ximiko’ horretarik izenondoen konparazio morfologiaren osoki aldatzera. Pentsa emazu zer nahasmendua sor litekeen gramatikan salbuespenez sartuak edo aldatu gabe egon diren jokabide guziak, horrela, koherentziaren izenean, sistematikoki orokor bagenitza!
Superlatibo erlatiboen kasua altxatzen duzu gero. Ados naiz zurekin komeni litzatekeela gutientasunezko superlatiboen datuen biltzea, haien kasuan tradizioak halako salbuespenezko egokitzapenik utzi digunetz ikusteko. Gaia ez dut ikertu, baina ezetz sumatzen dut (Iparraldean, behintzat).
Artean lan hori beste norbaitek egiten ez badu, ahaleginduko naiz beste aldiko datu batzuen biltzera. Sekula irakurtzaileen artean norbait holako superlatiboen itzultzeko beharrean gertatu bada jadanik, seinala diezadala, eta erran zer konponbide eman dion buruhausteari. Aitzinetik, milesker!
Beñat, esteka honen bidez Itzulisten 2003an izan zen mezu trukea irakur dezakezu; gaia: nola esan euskaraz “la solución menos mala”?
http://search.gmane.org/?query=menos+mala&author=&group=gmane.culture.language.basque.itzul&sort=relevance&DEFAULTOP=and&%5B=1&TOPDOC=10&xP=Zmeno%09Zmala&xFILTERS=Gculture.language.basque.itzul—A
Itziar
milesker!
Eta hona hemen beste adibide frexko-frexkoa:Ramon Etxezarretaren adierazpen batzuk, BADU BADA erakusketaren bisitan egindako bisitaren haritik: “Euskara hizkuntzagoa izan behar da, sinboloa baino”
http://www.badubada.com/bloga/eu/ramon-etxezarreta-euskara-hizkuntzagoa-izan-behar-da-sinbolo-baino/