Datsegit

Leire Mendiburu Garaiar

Abenduaren 26an, blog honetan, Jesus Maria Agirre Berezibarrek Xabier Amuriza aipatu zuen bezala, nik ere halaxe egin nahi nuke egun. Zazpi ebidentzia birjaiotzarako liburuan euskararen inguruko hainbat proposamen egiten ditu Amurizak (Zuzeun egin elkarrizketan ere entzun dugu liburuaren ideia nagusiez). Besteak beste, euskal aditzaz dihardu. Haren hitzetan, «aditz deabruzkoaz, ebidentzia da laburtu egin behar dela lehiakorra izateko, trinkoak erabili», eta, aditz trinkoen kopurua mugatua izaki, «beste hizkuntzetatik analogiaz, zabalduz joan behar da». Egun gazteek sortzen dituzte aditz trinko berriak, mezu laburrak idazteko beharrak eraginda (SMSak, Twitter), eta, honela, «adituek ez direnek erakutsiko diete adituei zein den bidea». Euskararen mundu akademikoaren parean, freskotasunaren alde egiteko tresna baliagarritzat dauka Amurizak aditz trinkoa.

Tonu ludikoagoan, hortxe dugu Twitterreko @trinkotzaindia (Aditz Trinkoaren Erret Akademia, ATEA), aditz trinkoa bultzatu nahian, aukera-emaile, aditzak asmatzeko, proposatzeko eta kontrastatzeko gunea eskaintzen baitu. Adibide politak irakurtzen ahal dira bertan. Gazteen inguruan dabiltzan irakasleak erdigune dituen DBH telebista-saioan ere entzuten ahal ditugu modan-edo jarri diren zenbait aditz trinko.

Azken boladan, han-hemenka agertzen ari den gaia da euskal aditzarena, euskal aditzaren luzetasunarena, hain zuzen; edo aditz laburren beharrarena, bestela esanda. Modu teorikoan batzuek, praktikoan, bestetzuek. Tonu serioan ala arinean. Dena dela, inpresioa dut, gero eta gehiago, aditz trinkoaren aldeko joera dakusagula.

Aditz trinkoak asmatzeak jostatzeko balio duela argi dago, eta testuinguru informalean erabilera zabal liteke, baina sor al liteke paradigma oso bat? Edo sortu behar al da paradigma oso bat? Edo bere bidea egiten utzi behar al zaio, eta beharra delarik, sortu? Zenbateraino eragin lezake egungo gure aditz sisteman? Ba al du funtsik honek?

Nik jokoa ikusten diot gaiari, ariketa polita ere izan liteke. Datsegit.

15 erantzun “Datsegit” bidalketan

  1. Ez neukan nik ATEAren berririk. Hori hordagoa botatzea puntura, baina 34 eskutik edukita!!!
    Euskaran inoiz gertatu den iraultzarik handiena aspektuaren eta aditz laguntzailearen sorrera izan da, zalantzarik gabe, eta hala jasotzen du Lafonek euskal aditzaren gainean egin zuen lanean. Izan ere, aditz trinkoaren ezaugarri nagusia irregulartasuna da, eta horrek ia ezinezko egiten du egunero sortzen diren aditz berriak euskalduntzea. Orain, aski dugu -tu txoro bat jartzea, esaterako “tuiteatu” sortzeko, eta -tzen txoro bat “tuiteatzen ari naiz” esateko. Jarri trinkoa horri…. nik datuit edo… eta lehen aldian…
    Milaka dira euskarak aspektuari eta aditz laguntzaileari esker azkar, zuzen eta erregularki bereganatu dituen aditzak. Bide hori gabe gureak egin zuen aspaldi.
    Gaztelaniak ere duela asko ez hautu bat egin zuen aditzak sortzeko: guztiak -ar txoro batekin sortzea. Adibide praktikoa: sortu ezazue oraintxe aditz bat aurrean duzuen gauzaren batekin. Gosaltzen ari bazarete eta kroasan bat baduzue aurrean, “kruasanear” sortuko duzue, ez “kruasaner” edo “kruasanir”… “kruasanear”. Bada, euskaraz, berdin: “kroasaneatzen ari naiz gustura”. Ez “gustura kroasanit”.
    Trinkoak asmatzea. Ez zait bururatzen bide motzagorik denok “yo tuiteo” esateko.

    1. ‘Kruasan’-ek, euskararen legeen arabera adiztuz gero, ‘kruasandu’ ematen du. Begira behean utzi dizudan beste erantzuna.

  2. Egia da oso barregarria dela aditz trinkoak asmatzea, baina, barregarrikeria batzuetatik harago, uste dut ez duela ezertarako balio.
    Dena dela, banuen lehendik kezka apur bat gai honengatik, trinko berrion erabilera asko nik egiten dudan euskararen sistematik kanpo daudelako zeharo. «Datsegit» hori —nik egiten dudan euskaran, behintzat— «badatsegit» izan beharko litzateke, esate baterako ZuZeun gustuko artikuluak baloratzeko erabiltzen duten sisteman. Eta lehengo batean webgune honetan agertu zen «daflipat» —nik egiten dudan euskaran, behintzat— «flipatu egiten dut» izan beharko litzateke.

  3. Beharbada aditzok zelan erabili ere aztertu beharko genuke, zeren nire ustez, azken “datsegit” horrek “badatsegit” behar du.

  4. Bai, ikaragarri dibertigarri eta jostagarria: galdetu, bestela, euskara ozta-ozta lardaskatzera iristen diren familia erdaldunetako gazte ikastoletan nolabait euskaldunduei eta bestelako euskaldun berriei zenbaterainoko grazia egiten dieten “gazte euskaldun jator autentiko euskalkidunen” artean zabaltzen ari diren era honetako jokamoldeek: ustezko euskalkia mihian, aditz trinko marabillosoak idatzian… Eta gainera, hedabideen laguntzaz (Euskadi Irratian “Oilategia”rekin, edo ETBn “Kontuz Atsoak” eta holako saioak, jendea deuskalkitzen, oso jator, hori bai, oso gazte eta fresko!).

    Lehengo batean iruzkin batean Igone Zabalak zioena azpimarratu nahi dut: “Izan ere, behin baino gehiagotan gertatu zait klasekideen aurrean ahozko aurkezpena egiteko orduan ikasleren batek Gasteizekoa dela aitortzea eta bere euskaragatik barkamena eskatzea”. Hurrengoan, popatik hartzera bidaliko gaituzte, edo gaitugu (zergatik ez, geure burua bidaltzen badugu?) gu eta euskara; eta arrazoiarekin. Segi horrela…

    1. Batek baino gehiagok esan duen bezala, trinkotze trikimailuaren “berritasunak” ahantzarazi bide digu aditz sintetikoak eratzeko modua, alegia, aurrean ‘ba-‘ lotu behar zaiela bere horretan azaltzen diren adizkiei.

      Bestalde, espainierak ‘-ear’ erabiltzen duen kasuetan, euskarak, hots, euskaldunon hizkuntza nazionalak, ez du jartzen ‘-eatu’, ‘-(a)tu’ baizik.

      Badirudi ia ezinezkoa dela, hizkera informalaz baliatzeko orduan, euskañol zorri haren parametroetatik aldentzea. Batzuentzat ‘nik flipatzen dut’ naturalagoa izango da ‘(ba)daflipat’ baino, baina azken batean ‘yo flipo’-ren orpotik dabiltza biak ala biak. Hain motxak ditugu baliabideak?

      Harrapazank!

      1. Euskarak gaztelaniatik bereganatzen ditu tuiteatu, zapeatu eta abar, horregatik -ear -eatu egiten du; berdin -ar -atu, flipatu eta abarrekin.
        Zer egingo genuke gaztelania hain erraz geureratzeko modurik ez bagenu!!!!
        Denok mutu hizkuntza nazionalean.

  5. Bada bai, Gasteizkoa dela aitortzean euskaragatik barkamena eskatzearena irakurri orduko neu ere sutu egin nintzen, Koldo, eta orain berriz ere sutu egin naiz. Eta oraingoan ez naiz isilduko.

    Zeren gure Gipuzkoa ederreko giputz eta debarrotar zindo eta zangar ugarik arabarrak gutxiesteko joera izan dute, eta dute. Bizkaitarrek baita ere, akaso, baina gutxiago ezagutzen ditut. Esango nuke gaur egun fenomeno aski marginala dela, baina badirudi (badirudi!) oraindik ez dela guztiz amaitu. Badakizu, zazpigarren alaba (fin esateko). Eta hortik gure umeak beren euskaragatik barkazio eske! Sutu, sutu egiten naiz. Aski da!

    Ez da bakarrik euskararena kontua, eta ziur aski ez bereziki euskaragatik, faktore sozial gehiago sartzen dira jokoan, kostaldeko probintziak eta barrualdea bereizi eta urrundu dutenak. Baina euskararena bereziki mingarria suertatzen da, niri behintzat.

    Bere garaian Hertzainak-ek (eta beste hamaika lagunek) egundoko lana egin zuten topiko lerdo horiek eraisten. Omenaldi bat merezi dute horregatik, beste ezer egin ez balute ere (eta asko egin zuten!). Ez nuke inor ahaztu nahi, horregatik Hertzainak baino ez ditut aipatuko.

    Tira, “elebakarra naiz eta harro nago”, oihukatu zuen azkoitiarrak (edo horrelako zerbait). Aizu, eta ez zaizu bururatu oihukatzea “euskaldun berria naiz eta harro nago”? Edo “eskolan ikasi nuen eta harro nago”? Ala uste duzue elebakarrak baino ez direla egon gutxiestuta?

    Nik neuk ez nuke ezertaz harro egon nahi (euskaldunen artean harroa izatea ez da inoiz positiboki baloratu Negu Gorriak matraka ematen hasi arte, eta gure adineko jende batzuk ere ere oraindik aurpegia okertzen dute “harro”-ren erabilera bitxi hori entzutean). Baina ez ote dago kantari edo poetarik euskaldun arabarren ohorea goratuko duenik? Neuk eskertuko nioke.

    Bitartean, utikan hiper-jatorrak!

  6. Zuk hain justu defenditzen duzu nik kritikatzen dudana: Espainiarekiko dependentzia. Nire ustez, independentziarako bideak hizkuntzatik hasi beharko luke, esaterako, maileguak, mailegatu nahi bada, jatorrizko hizkuntzatik hartuz.

    Zuk ‘tuiteatu’ esaten duzuna Ipar Euskal Herriko batek ‘tuitatu’-edo esango du; zuk ‘zapeatu’ diozuna, hark ‘zapatu’. ‘Flipatu’ ez da han erabiltzen, ez adiera horrekin, behintzat.

    Esango duzu guk espainierarekiko dugun menpetasuna haiek frantsesarekiko dutela. Orduan, esan bezala, jo dezagun jatorrira:

    – Ingeleraz ‘-t’ letraz amaitzen direnak ‘u’ gehiturik euskaratu: tweetu/tuitu,
    – Beste kontsonante batekin amaitzen direnak ‘-atu’ nahiz ‘egin/-ein’ bidez euskaratu: flipatu (‘burua pitzatu’ esan nahi du, ez ‘harrituta geratu’), klikatu, surfein, whatsappein, zapein.
    – bokalez amaitzen direnak ‘-tu’-ren bidez gurera ekarri: googletu,

    Asmatzen hasiz gero, nik hizkuntza duin bat lortze aldera egitea nahiago, espainieraren mirabe segitu beharrean.

    1. Kontu da hizkuntza duin eta independent bat izateaz, gutxi-gorabehera orain ez duguna.

  7. Kaixo. Pruden: Nik ez du inon “elebakarra naiz eta harro nago” edo antzeko ezer oihukatu, ezta hurrik eman ere! Eta ez zait iruditzen Imanol Lazkanok errezildarrek hizketarako duten abilidadearekiko sentitzen duen lilura ukaezin eta barru-barrukoaz ohartaraztea eta horren inguruko gogoeta egitea planteatzea (zer besterik egin dut nik?) inongo euskaldun berriren ohorearen kalterako denik. Gasteizen bizi den poeta baten izenburua gogorarazten dit horrek: “Batak ez du bestea kentzen”. Edo bai? Nola? Zergatik? Desjatortze plan orokor bat proposatu beharko da Errezil eta Errezil gisako herri eta auzoentzat, euskararen demokratizazio orokorraren izenean?

  8. Arrazoi duzu, Juan Luis, eta barkazioa eskatzen dizut nire mezua bereziki zuretzat hartu baduzu. Nire asmoa ez zen horrelakoa eta uste nuen hori begibistakoa zela, baina agian ez zen hain agerikoa.

    Eta orain, elkarrenganako borondate ona aitortu ondoren, harira joan beharko nuke, eta (orain berrirakurrita) kriptiko xamarra zen nire mezua argitu. Baina agian ez da hau lekurik egokiena.

    Hara, neu konbentzituta nago euskararen arazo nagusiak ez direla gramatikalak, sozialak baizik. Horregatik oso eskertzen dut norbait (kasu honetan zeu izan zinen) gramatikaren markotik atera (“ezen”-en erabilera berria, eta abar) eta arazo handiagoei buruz zerbait idazten duenean. Bai, gramatikari buruzkoak ere interes handiz irakurtzen ditut, gutxi ulertzen badut ere. Baina, egia esanda, horrenbeste gramatikazale artean itota sentitzen naiz eta nahiago izaten dut isildu. Itota sentitzen naiz, gainera, zenbait azalpide-moduren aurrean, txit razionalak eta zentzuzkoak… eta elkorrak.

    Beste hitz batzuetan: haize berria behar dugu, desesperatuki. Baina agian okerreko lekuan nabil horrelakoak aldarrikatzen.

    Biziki eskertu nuen Errezili buruz egin zenuen artikulua, eta ezer faltan aurkitu badut da beste inork euskaldunberrien arazoei eta gutxiespen kroniko eta erremediogabeei buruz idaztea. Edo euskara eskolako hizkuntza gisa ikasi dutenek jasaten duten destainei buruz, eta arabarrei buruz, eta etorkin berriei buruz, etab.

    Gramatikalari oso onak ditugu egun, eta poztekoa da hori, dudarik gabe. Lastima horien kezkak eta katrimalak hain konexio txikia izatea euskaren egoera errealarekin.

    Baina neureak ere ez, ziur aski.

    Haize berria behar dugu, mesedez, haize berria.

  9. Haize berria eskatzea ondo iduritzen zait. Ni neu horretantxe ahalegindu naiz blog honetan, baina a ze zirimolak eragiten dituen batzuengan horrek!
    Badakigu Euskal Herrian errealitate ezberdinak daudena (eremu erdaldunetakoa ere ezagutzen dugu aski ongi), baina euskara osasuntsu dagoen lekuetan euskarak aldaketak jasatea ere seinale ona da. Bizirik dagoen hizkuntza garatu eta aldatu egiten da. Hor kokatzen dut aditz trinkoen kontua.
    Blog honetan esandakoei buruzko iritziak askotarikoak dira, eta denek dute beren lekua, baina modu eraikitzailean adieraztea ez dago soberan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude