Leire Mendiburu Garaiar
Abenduaren 26an, blog honetan, Jesus Maria Agirre Berezibarrek Xabier Amuriza aipatu zuen bezala, nik ere halaxe egin nahi nuke egun. Zazpi ebidentzia birjaiotzarako liburuan euskararen inguruko hainbat proposamen egiten ditu Amurizak (Zuzeun egin elkarrizketan ere entzun dugu liburuaren ideia nagusiez). Besteak beste, euskal aditzaz dihardu. Haren hitzetan, «aditz deabruzkoaz, ebidentzia da laburtu egin behar dela lehiakorra izateko, trinkoak erabili», eta, aditz trinkoen kopurua mugatua izaki, «beste hizkuntzetatik analogiaz, zabalduz joan behar da». Egun gazteek sortzen dituzte aditz trinko berriak, mezu laburrak idazteko beharrak eraginda (SMSak, Twitter), eta, honela, «adituek ez direnek erakutsiko diete adituei zein den bidea». Euskararen mundu akademikoaren parean, freskotasunaren alde egiteko tresna baliagarritzat dauka Amurizak aditz trinkoa.
Tonu ludikoagoan, hortxe dugu Twitterreko @trinkotzaindia (Aditz Trinkoaren Erret Akademia, ATEA), aditz trinkoa bultzatu nahian, aukera-emaile, aditzak asmatzeko, proposatzeko eta kontrastatzeko gunea eskaintzen baitu. Adibide politak irakurtzen ahal dira bertan. Gazteen inguruan dabiltzan irakasleak erdigune dituen DBH telebista-saioan ere entzuten ahal ditugu modan-edo jarri diren zenbait aditz trinko.
Azken boladan, han-hemenka agertzen ari den gaia da euskal aditzarena, euskal aditzaren luzetasunarena, hain zuzen; edo aditz laburren beharrarena, bestela esanda. Modu teorikoan batzuek, praktikoan, bestetzuek. Tonu serioan ala arinean. Dena dela, inpresioa dut, gero eta gehiago, aditz trinkoaren aldeko joera dakusagula.
Aditz trinkoak asmatzeak jostatzeko balio duela argi dago, eta testuinguru informalean erabilera zabal liteke, baina sor al liteke paradigma oso bat? Edo sortu behar al da paradigma oso bat? Edo bere bidea egiten utzi behar al zaio, eta beharra delarik, sortu? Zenbateraino eragin lezake egungo gure aditz sisteman? Ba al du funtsik honek?
Nik jokoa ikusten diot gaiari, ariketa polita ere izan liteke. Datsegit.