Nola esaten da euskaraz…?

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Euskararen corpus lexikoaren normalizazioan aurrerapauso nabarmenak egin ditugu aspaldi honetan, idatzizkotik abiatuz, noski, baina ahozko hizketara ere iritsiz; gaur egun ez da batere harrigarria hainbat euskaldunen ahozko jardun bat-batekoan ere entzutea jasangarri, zehar-lerro, baldintzagabe, irisgarritasun, su-eten, garapen, langabezia… hitzak, duela (harrigarriro) urte gutxi euskaldun (baita) eskolatu askorentzat ere ezezagun peto-petoak zirenak.

Urte gutxian, izan ere, euskararen corpus lexikoak nahiko normalizazio maila aipagarria irabazi du hizkuntzaren esparrurik formalenetan, erregistro landuan; nire gaurko ikasleen adina neukanean, adibidez, garatu aditza ez zegoen hain zabaldua, eta, nire ikasle horien harridurarako, desarroilatu esan-idazten genuen trankil asko. Honen antzeko ehunka adibide bururatuko zaizkie blog honetako irakurleei, norbere esperientziaren eta bizi-ibilbidearen arabera. Urtez urte, itzulpena bitarteko, aise samar joan gara aurkitzen gure hizkuntzaren puzzle lexikoari falta (edo) zitzaikion hainbat pieza, gehienetan lehenagoko erdarakada edo mailegu ezinbestekoen ordez.

Aldiz, erregistro landutik eta esparru formaletatik aldendu eta geure bizitzaren eguneroko eta hurbileneko behar eta ohitura pragmatikoagoetara jaisten bagara, argi dago normalizazio horretarako arazo gehiago topatzen ditugula, gehiago kostatzen zaigula hiztegietan jada jasota dauden baliokideak erabiltzea, ahozkoan bereziki. Esate baterako, gutako zenbatek etxeko ate aurrera iritsi eta esaten die seme-alabei zapata-azpiak lanpasean garbitzeko eta zenbatek felpudoan? Edo, etxera iritsi ondoren, izerditzeko jertsea (sudadera erabili beharrean) kendu eta garbitzeko makinan (ala ikuzgailuan?) sartzeko? Zenbat aldiz esaten dugu, geure etxean gaudenean, mikro-uhin labea, edo txapinak, edo platerikuzgailua, tapiza, lanbasa edo tiradera, ahozko euskararen paradisutik urrun egotzita mikroondasa, etxeko zapatilak, labaplatosa, alfonbra, fregona eta kajoi hitz tematiak? Kanpoan uso, etxean otso, lexikoan ere? Badirudi resilientziarik handieneko erdarakada edo maileguak direla gertueneko horiek, eta kontraesan handian erortzen gara idatzizkoan erabili beharrekoak iruditzen zaizkigun hitz horiek etxeko goxoan euskaldun formalaren soinetik kendu eta besteak (erosoagoak?) janzten ditugunean, arazorik batere gabe, itxuraz.

Kontraesan horren akuiluagatik erortzen dira nire itzulpen ikasleak klaseen hasieran egiten diedan galdera-tranpan, galdetzen diedanean «Nola esaten da euskaraz… felpudo?». Gehienek ez dakite erantzuten… esan, felpudo esaten dela, haiek horixe esaten dutela, behintzat. Hori bai, gero, txintxo-txintxo, ikasketak bukatu eta lanari ekitean, hiztegietan bilatu eta euren (eta gure) testuak lanpasez eta tiraderaz betetzen zaizkigu, baina, hala ere, susmoa dut dexente gehiago kostatuko zaigula hiztegietako hitz horiek mihiratzea.

5 erantzun “Nola esaten da euskaraz…?” bidalketan

  1. Busturialdeko zenbait herrietan, oraintsu arte behintzat, ohiko ziren “lanpasak” eta “tiradorak” zaharren aho-mihietan, eta “fregonak” eta “kajoiak” gazteenetan. Laurak erdaratik ekarriak dira: “lampazo”, “tirador”, fregona” eta “cajón”. Batzuk aspaldi ekarriak, besteak berrikiago.

  2. Iñigo Roqueren iruzkinaren harira, goiko artikulua irakurri nuenean burura etorri zitzaidan kontu bat aipatuko dut: zergatik hobetsi behar ditugu “lanpas” edo “tiradore” moduko mailegu zaharrak, maizenik geografia hedadura eta idatzizko tradizio eskasa dutenak, “felpudo” edo “kajoi / kaxoi” moduko mailegu berriago (batzuk ez hain berriak) eta hedatuagoen aldean? Susmatzen dut erantzuna dela mailegu zahar horiek gaurko gaztelaniatik urrunago gertatzen zaizkigula, zeren Iparraldeko bati “felpudo” bezain arrotz gertatuko baitzaio “lanpas”, nik uste.

    Azken buruan, ez ote gara joera horren bidez garbizaletasun bitxi batean erortzen ari?

    1. Ricardoren haritik, baina mataza gorapilotzearren… Jakina dugu bi indar daudela hizkuntza guztietan: bata identitatearena, garbizale fama txarrekoen (Arana, Azkue) eta fama onekoen (Oihenart, Sarasola) ahotan entzun ditugunak. Konturatu gaitezen oso guaytzat hartzen dugula geure burua urdaibain, Ibarrangelun eta oso sartuta zegoen izparringia-ren kontra geureak eta bi botata. Eta bestea integrazioarena, Europan izan (Irigoien, Krutwig) edo Espainian (gaurko histolari postkolonialak…). Kontua litzateke onartzea bi indar hauek zilegi direla (“lanbaza” eta “bruze” ederto batean daudela, eta areago, ikasi eta guzti egin daitezkeela), eta gainditzea… Ok. Baina nola? ba hitzaz asago edo harago joanez, edo hitza baldin bada etimologiari arbitrariotasun erlatiboa bakarrik aitortuta. Ez naiz luzatuko, baina esan dezagun gure amumak ez lukeela sekula santan ulertuko “hanka sartu dut” bezalako adierazpide bat, bat ere arazorik ez zuela “purperue” bezalako nolakotzailea erabiltzeko… Espainolez formateatu zaigu burmuina batuaren (modernitatearen) aitzakiatan; ez da berba bera, konfigurazio kognitiboa baizik (Lakoff, Tomasello), batez ere pentsatzen dugulako modernitateak gaztelaniaz egiten duela berba, ingelesez beharrean…

  3. Pingback-a: Asaldua | 31 eskutik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude