Nola esaten da euskaraz…?

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Euskararen corpus lexikoaren normalizazioan aurrerapauso nabarmenak egin ditugu aspaldi honetan, idatzizkotik abiatuz, noski, baina ahozko hizketara ere iritsiz; gaur egun ez da batere harrigarria hainbat euskaldunen ahozko jardun bat-batekoan ere entzutea jasangarri, zehar-lerro, baldintzagabe, irisgarritasun, su-eten, garapen, langabezia… hitzak, duela (harrigarriro) urte gutxi euskaldun (baita) eskolatu askorentzat ere ezezagun peto-petoak zirenak.

Urte gutxian, izan ere, euskararen corpus lexikoak nahiko normalizazio maila aipagarria irabazi du hizkuntzaren esparrurik formalenetan, erregistro landuan; nire gaurko ikasleen adina neukanean, adibidez, garatu aditza ez zegoen hain zabaldua, eta, nire ikasle horien harridurarako, desarroilatu esan-idazten genuen trankil asko. Honen antzeko ehunka adibide bururatuko zaizkie blog honetako irakurleei, norbere esperientziaren eta bizi-ibilbidearen arabera. Urtez urte, itzulpena bitarteko, aise samar joan gara aurkitzen gure hizkuntzaren puzzle lexikoari falta (edo) zitzaikion hainbat pieza, gehienetan lehenagoko erdarakada edo mailegu ezinbestekoen ordez.

Aldiz, erregistro landutik eta esparru formaletatik aldendu eta geure bizitzaren eguneroko eta hurbileneko behar eta ohitura pragmatikoagoetara jaisten bagara, argi dago normalizazio horretarako arazo gehiago topatzen ditugula, gehiago kostatzen zaigula hiztegietan jada jasota dauden baliokideak erabiltzea, ahozkoan bereziki. Esate baterako, gutako zenbatek etxeko ate aurrera iritsi eta esaten die seme-alabei zapata-azpiak lanpasean garbitzeko eta zenbatek felpudoan? Edo, etxera iritsi ondoren, izerditzeko jertsea (sudadera erabili beharrean) kendu eta garbitzeko makinan (ala ikuzgailuan?) sartzeko? Zenbat aldiz esaten dugu, geure etxean gaudenean, mikro-uhin labea, edo txapinak, edo platerikuzgailua, tapiza, lanbasa edo tiradera, ahozko euskararen paradisutik urrun egotzita mikroondasa, etxeko zapatilak, labaplatosa, alfonbra, fregona eta kajoi hitz tematiak? Kanpoan uso, etxean otso, lexikoan ere? Badirudi resilientziarik handieneko erdarakada edo maileguak direla gertueneko horiek, eta kontraesan handian erortzen gara idatzizkoan erabili beharrekoak iruditzen zaizkigun hitz horiek etxeko goxoan euskaldun formalaren soinetik kendu eta besteak (erosoagoak?) janzten ditugunean, arazorik batere gabe, itxuraz.

Kontraesan horren akuiluagatik erortzen dira nire itzulpen ikasleak klaseen hasieran egiten diedan galdera-tranpan, galdetzen diedanean «Nola esaten da euskaraz… felpudo?». Gehienek ez dakite erantzuten… esan, felpudo esaten dela, haiek horixe esaten dutela, behintzat. Hori bai, gero, txintxo-txintxo, ikasketak bukatu eta lanari ekitean, hiztegietan bilatu eta euren (eta gure) testuak lanpasez eta tiraderaz betetzen zaizkigu, baina, hala ere, susmoa dut dexente gehiago kostatuko zaigula hiztegietako hitz horiek mihiratzea.