Zenbaiten “euskalkikeriaz”

Paskual Rekalde Irigoien

Mende laurdena baino gehiago iragan da herria utzi nuenetik. Lehenik, unibertsitatera jo nuen eta gero hirira, lanera. Aski gogoan dut Gasteiza joan berritan bitxiak egiten zitzaizkiela ikaskide gipuzkoar eta bizkaitarrei (ez horrenbertze nafarrei) “behar dut egin”, “nahi dut joan”, “lauretan hogei”, “heldu naiz” (=banoa) edo “egiten ahal dut” modukoak eta zer erranik ez “azkar” (=indartsu), “fite”, “alta”… “Bertze” eta “erran” arruntagoak ziren edo entzunagoak, bederen. Egunak joan egunak etorri eta eginahalari esker, soinean generaman hitz egiteko modu hura aldatuz joan zen, erdialdeko mintzo “arrotz” hartara jo zuen, nolabait errateko.

Urte pare batez Gipuzkoan irakasle ari izan nintzen eta, han ere, lapurteraren eta nafarreraren arteko zubi-hizkera hura bitxi samar egiten zitzaien, arrotz ez errateagatik, irakasle gipuzkoar eta bizkaitarrei eta, zer erranik ez, euskaraz ikasi berria zutenei edo hobetzen ari zirenei. Ikasleekin, jakina, erdialdeko euskara-edo erabili beharra zegoen eta hartan entseatzen ginen.

Irakaskuntza utzi eta itzulpengintzan hasi nintzenean, sorterritik inguruko lankide gehiago ginenez, ez zen batere zaila gertatu etxeko euskara aberastu hura erabiltzea, ahoz behinik behin. Bertzerik zen testuetan erabiltzen genuena, hasmenta hartan zurrun samarra gerora “nafartzen” joan bazen ere. Bertze itzultzaile eta irakasle batzuekin batera Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriko epaimahaian aritzea egokitu zitzaigun. Ahozko azterketetan berehala nabarmentzen zen nongoak ziren azterketariak eta batzuei ahoa ireki orduko, gainera. Herri hizkeran mintzo ziren leitzarrek, goizuetarrek, bortzerritarrek edo baztandarrek erraz samar pasatzen zuten ahozko proba, eskuarki zuzen mintzo zirelako. Gaur den egunean zorrotzago ibili ohi gara, batik bat euskalkia mintzatu nahi dutenekin, hau da, euskalkiaren izenean euskara batu “euskañoldu” kaxkar eta zabar bat egiten dutenekin, euskalkiko hitz solte batzuk gehituz.

Ezin ukatuzkoa da beti egin direla ahaleginak euskalkia idatzira ekartzeko, euskalkia nolabait “arautzeko”. Idatzian ere gero eta leku handiagoa hartzen hasi zen herri aldizkarietan, festa programetan, herri ekitaldietan… eta txarrena, maiz ahoskatu bezala idatziz. Adibidez, Baztan aldeko herri bateko festa programan agertu ohi diren “asteartia”, “ortzegune”, “ortzileria”, “launbeta”, “igendia” edo “iyendia” (aldi berean “astelehena” paratzen dutenean). “Izal” (= Idiazabal), “Pilereko Amaren ermite”, “Lekauz” (=Lekaroz)… ere antzekoak dira. Are mingarriagoa egiten da Sakanako herri bati buruz idatzita eta letra handitan ikusi dudan hau: “Eskerrik asko guai artekuangatik (herria) eta beste 700 urtetan beietz seittu izeten herri. (…) Beste 700 beyetz. Ginen, ga eta izenen ga.”

Egia errateko, ez dakit zer irabazten dugun “launbeta”, “iyendia”, “beyetz” edo “ga” idatziz, ez bada euskaraz ikasten edo hobetzen ari direnak nahastea. Gainera, iruditzen zait gainerako euskaldunengandik urruntzen garela, hor dugunean euskara batua eta inguruan sortutako “makineria” osoa (hiztegiak, eskuliburuak, atlasak…) eta gaur inolako arazorik ez dagoenean euskalkiko hitzak idatzira ekartzeko (ez dira guti Hiztegi Batuan daudenak).

Era berean, jakina da sare sozialetan anitz jendek ahoskatu bezala idazten duela. Norbera libre da hala idazteko, baina idazteko modu horrek bidea labur du (herriko lagunak, ingurukoak) eta ez luke balioko norberarena ez den hizkera batean ari diren lagunekin solasteko, demagun baztandar bat bizkaitar batekin edo zuberotar batekin. Ez dakit zer erdiesten dugun edo zertan aberasten dugun hizkuntza “itenalkoizu” (egiten ahalko duzu), “fan biu” (joan behar dugu) edo “eingo al deu” (egingo al degu) modukoak idatziz.

7 erantzun “Zenbaiten “euskalkikeriaz”” bidalketan

  1. Goian aipatu dituzun gehienekin ados egon arren, galdera bota duzunez: “Zer erdiesten dugun?” Ba, kasu askotan: hurbiltasuna, harrotasuna, autoestima, konplizitatea, arazo eta lotsak estaltzea…
    Eta euskarak gaur egun bizi duen egoeran…, ez da gutxi.

    Lasai egon, belaunaldi bat barru ez da horrelakorik izango (kasurik gehienetan ezingo da horrelakorik existitu, zoritxarrez). Bitartean, H batek gora-behera, niri neuri ez dit inolako minik egiten. Eta ezta batasunari eta euskarari berari ere.

    1. Ez dizut ukatuko kasu askotan hurbiltasuna, harrotasuna… erdiesten direla, baina maiz euskalkia erabiltzearena edo batuaren aitzinean hura defendatzearena aitzakia moduan erabiltzen da euskara maila kaxkarra gordetzeko (adibidez, EGAko ahozko azterketa batean).
      Gainera, entzuna edo irakurria dut nonbait batzuek ahoskatu bezala idazten dutela beren herriko edo inguruko gainerako euskaldunengandik bereizteko. Daflipat!

    1. >>G.: Sare sozialetan ere estandarren arautzeak aplikatuko zenituzke beti?
      E.: Ezelako zalantzarik barik, bai.
      Esan dezadan ezer baino lehen bat natorrela Paskual Rekaldek agertutako kezkarekin. Eta kezka horren haritik, gaineratu behar dut ezin ulertuzkoa zaidala mugarik ezagutzen ez duen komunikazio-kanal batean ahalik eta koderik irismen-murritzekoena erabiltzeko tema. Gaztelaniaz ez da horrelakorik gertatzen. Sare sozialetan ari direnak —nire ezagutza heltzen den punturaino, behintzat— gaztelania estandarrean ari dira.
      Beste kontu bat da gaztelania hori transkribatzeko modua. Egia da hainbat trikimailu grafiko erabiltzen direla laburrago, arinago, karaktere gutxiagorekin idazteko, baina denen oinarrian gaztelania estandarra dago. Lehengo batean euskarazko kanal horietako batean «hobio» irakurri nuen, horrela, huts-hutsik, eta minutu erdi kostatu zitzaidan harrapatzea. Ekonomia grafikoaren aldetik ez dauka justifikaziorik, «hobe» estandarra laburragoa da eta. Beste edozein aldetatik ere, ez diot abantailarik igartzen (edozein euskaldunentzat ari direla suposatuta; beste kontu bat da Eibartarrak posta-zerrendaren erako kanalak).
      Eta, amaitzeko, kontutxo bat. Gure ikasle garaian, sare sozialik eta antzekorik ez zegoenean, bagenekien —gaztelaniaz— labur eta arin idaztea zer zen, apunteak hartzean, eta esango nuke gaur egungo sare-sozialzaleek darabiltzaten trikimailuak baino askoz hobeak erabiltzen genituela. Baina hori subjektiboa da.

  2. Arras interesgarria iduritu zait Paskualen gogoeta, eta orokorrean ados nago. Halere, euskalkikeria baden bezalaxe, nik kontrakoa —”batukeria” deitzen ahal duguna— ezagutu dut. Duela urte pare bat, Elizondoko bi ikasle izan nituen, idazlanetan sistematikoki “euskara batua” erabiltzen zutenak: “gelditu” beharrean, “geratu”; “heldu dira” formaren ordez, “(ba)datoz”; “egiten ahal dugu” ahaleraren ordez, “egin dezakegu”; beti “esan” eta “beste”, eta abar. Beharbada, problema da zenbaitek ez dakitela edo ez dutela sobera argi euskara batua zer den. Nire ikasleen kasuan (eta ez da ezagutu dudan kasu bakarra) batuaren definizio inplizitua hauxe zen: euskara batua da gure herriko euskara ez dena. Eta horren aitzinean, bi erantzun izaten dira: euskalkira jo eta ahal bada euskalkien ezaugarriak muturrera eraman, batuaren ezagutza falta estaltzeko (Paskualek aipatu “euskalkikeria”); edo ahal den neurrian, euskalkiko hitzak baztertu (desegokiak direlakoan) eta hedabideetan nagusi den batura jo. Nire ustez, bi erantzunak dira desegokiak, eta biek egiten dute euskara pobreago.

    Sare sozialei dagokienez, ni forma estandarra erabiltzearen aldekoa naiz, baina batzuetan laburdurak laguntzen dute Twitterreko 140 karaktereko muga hori gainditzen. Hortaz, horrelakoetan nik ez dut problemarik izaten ahozko forma horiek erabiltzen, eta gehienetan ez dut uste ulergarritasunari traba egiten diotenik.

  3. Errejistroa erabakitzerakoan, idazlearen intresa edo jopuntua non dagoen garrantzitsua da.

    Ni neu, sare sozialetan sartu banaiz, Lea-Artibai inguruko euskaldunengana heltzeko da. Bakar-bakarrik. Jakina, tartean beste jendearekin aritzen naiz (asko gainera): gazteleraz… batuaz… baiña horiek ez dira nire itua.

    Horretara, nere errejistrua euskalkia da; eta kontrakzioekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude