Zenbaiten “euskalkikeriaz”

Paskual Rekalde Irigoien

Mende laurdena baino gehiago iragan da herria utzi nuenetik. Lehenik, unibertsitatera jo nuen eta gero hirira, lanera. Aski gogoan dut Gasteiza joan berritan bitxiak egiten zitzaizkiela ikaskide gipuzkoar eta bizkaitarrei (ez horrenbertze nafarrei) “behar dut egin”, “nahi dut joan”, “lauretan hogei”, “heldu naiz” (=banoa) edo “egiten ahal dut” modukoak eta zer erranik ez “azkar” (=indartsu), “fite”, “alta”… “Bertze” eta “erran” arruntagoak ziren edo entzunagoak, bederen. Egunak joan egunak etorri eta eginahalari esker, soinean generaman hitz egiteko modu hura aldatuz joan zen, erdialdeko mintzo “arrotz” hartara jo zuen, nolabait errateko.

Urte pare batez Gipuzkoan irakasle ari izan nintzen eta, han ere, lapurteraren eta nafarreraren arteko zubi-hizkera hura bitxi samar egiten zitzaien, arrotz ez errateagatik, irakasle gipuzkoar eta bizkaitarrei eta, zer erranik ez, euskaraz ikasi berria zutenei edo hobetzen ari zirenei. Ikasleekin, jakina, erdialdeko euskara-edo erabili beharra zegoen eta hartan entseatzen ginen.

Irakaskuntza utzi eta itzulpengintzan hasi nintzenean, sorterritik inguruko lankide gehiago ginenez, ez zen batere zaila gertatu etxeko euskara aberastu hura erabiltzea, ahoz behinik behin. Bertzerik zen testuetan erabiltzen genuena, hasmenta hartan zurrun samarra gerora “nafartzen” joan bazen ere. Bertze itzultzaile eta irakasle batzuekin batera Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriko epaimahaian aritzea egokitu zitzaigun. Ahozko azterketetan berehala nabarmentzen zen nongoak ziren azterketariak eta batzuei ahoa ireki orduko, gainera. Herri hizkeran mintzo ziren leitzarrek, goizuetarrek, bortzerritarrek edo baztandarrek erraz samar pasatzen zuten ahozko proba, eskuarki zuzen mintzo zirelako. Gaur den egunean zorrotzago ibili ohi gara, batik bat euskalkia mintzatu nahi dutenekin, hau da, euskalkiaren izenean euskara batu “euskañoldu” kaxkar eta zabar bat egiten dutenekin, euskalkiko hitz solte batzuk gehituz.

Ezin ukatuzkoa da beti egin direla ahaleginak euskalkia idatzira ekartzeko, euskalkia nolabait “arautzeko”. Idatzian ere gero eta leku handiagoa hartzen hasi zen herri aldizkarietan, festa programetan, herri ekitaldietan… eta txarrena, maiz ahoskatu bezala idatziz. Adibidez, Baztan aldeko herri bateko festa programan agertu ohi diren “asteartia”, “ortzegune”, “ortzileria”, “launbeta”, “igendia” edo “iyendia” (aldi berean “astelehena” paratzen dutenean). “Izal” (= Idiazabal), “Pilereko Amaren ermite”, “Lekauz” (=Lekaroz)… ere antzekoak dira. Are mingarriagoa egiten da Sakanako herri bati buruz idatzita eta letra handitan ikusi dudan hau: “Eskerrik asko guai artekuangatik (herria) eta beste 700 urtetan beietz seittu izeten herri. (…) Beste 700 beyetz. Ginen, ga eta izenen ga.”

Egia errateko, ez dakit zer irabazten dugun “launbeta”, “iyendia”, “beyetz” edo “ga” idatziz, ez bada euskaraz ikasten edo hobetzen ari direnak nahastea. Gainera, iruditzen zait gainerako euskaldunengandik urruntzen garela, hor dugunean euskara batua eta inguruan sortutako “makineria” osoa (hiztegiak, eskuliburuak, atlasak…) eta gaur inolako arazorik ez dagoenean euskalkiko hitzak idatzira ekartzeko (ez dira guti Hiztegi Batuan daudenak).

Era berean, jakina da sare sozialetan anitz jendek ahoskatu bezala idazten duela. Norbera libre da hala idazteko, baina idazteko modu horrek bidea labur du (herriko lagunak, ingurukoak) eta ez luke balioko norberarena ez den hizkera batean ari diren lagunekin solasteko, demagun baztandar bat bizkaitar batekin edo zuberotar batekin. Ez dakit zer erdiesten dugun edo zertan aberasten dugun hizkuntza “itenalkoizu” (egiten ahalko duzu), “fan biu” (joan behar dugu) edo “eingo al deu” (egingo al degu) modukoak idatziz.