EEEAAA elkartea (Egoera Errealeko Euskararen Aurrerabide Arruntaren Alde) eta magia

Juan Garzia Garmendia

Esana dut blog honetako erantzunetariko batean, eta hasieratik adierazia nien kezka hori arduradunei, arriskua ikusten nuela 31 eskutik egitasmo hau ez ote genuen erabiliko bakoitzak aurreko sarreragileei erantzuteko, halako iritzi-tirabira endogamiko batean kateatuz. Gehienetan bezala, badirudi neurea baino ez zela kezka hori, eta bilatu ere egiten dela hemen, antza, barne-lotura hori.

Hala, nola nik, fantasiak fantasia, badudan ardura (neure buru zoro honi jarria) errealitatera albait egokitzeko, hementxe nator neu ere erantzunka, barrenak agindu dit-eta oraingoan horri erantzuteko (edo, nahiago baduzue, horren aitzakian nik neureak botatzeko).

Elebakartasunaren aberastasuna sarrerak, literalki aipatzen duen horretan aitzakiarik duen ala ez alde batera utzita, hauspoa eman diezaioke gurean zenbaiten edo hainbaten artean errotuta dagoen mito itsu katastrofiko bati, eta horregatik iruditu zait egokia brotxa lodiaz baliatzea halako jarreren azken muturreko ondorioak nabarmenarazteko.

Esana gera bedi, bada, ez dela hau artikuluaren beraren kritika zuzen inolakoa (bada halakorik, nik neure egiten dudanik, erantzunetan). Hona, bada, ia ukiturik ere eman gabe, elebakartasunaren amets-lilura horrek berehala gogoetaratu zidan munstroa:

Elebakartasuna ez da berme nahikoa: izatekotan, analfabetotasuna da benetako errezeta mintzoaren bikaintasun gailena lortzeko. Izan ere, idazketa da, gehiagorik gabe ere, ahozkotasun jentilaren Kixmi erabakigarria: Akabatu da mundu umanua, asi da mundu perrua.

Ezin gaitezke, bestalde, errezildar halabehar territorialekin konformatu: beharrezkoa da, ezinbestekoa eta ez beharbada hala ere nahikoa, norberaren haurrak horrela heztea, eskolarik, hedabiderik eta internetik gabe, triki-bertsozko erregimen kultural zorrotzean.

Edo, hobe, gobernu jator batek har gaitzala guztiok bere haurtzat euskalduntze plangintza definitiboan (soluzio finala), idealki errezildartu gaitezen. Hasteko, kaletarrak baserri-lanera behartu, han desikasiz berrezteko. Horrek funtzionatzen ez badu, ea manipulazio genetikoa inplementatzea lortzen dugun.

Bestela, halakorik ezin bada, zer? Jatortasun-erreserbak erreserbagotu behintzat, kutsatutako euskaldun arrunt erosook haien miresmenez ondo flagelatzeko.

Esango nuke, hala ere, gure nahi eta ezinek eragindako ameskeria –nabarmen irreal baina prestigio eta lilura anbiguoko– horietariko bat baino ez dela elebakartasunaren sasikonponbide horrena ere, beste askoren artean. Iraganari begira, kasu horretan: idealizaturiko iragan fantastiko bati, nahiz eta orainean geratzen diren haren hondarretatik egin nahi izan gaurko eta biharko magia-potajia.

Beste muturrean dagoela ematen du, eta hala dago noski formalki, baina nik ez diot funtsean horrekiko alde handirik ikusten –nahiz, bigarren kasu horretan, etorkizun berariaz asmatu bat den gaur bertan gauzatu nahi dena– joskera-ingeniaritza ausart nola edo halakoa zertzen dutenen ikuspegiari, hala nola, berrikienik, EZENen beste erabilera bat sarreran aldezten den Amurizaren hori. Aitor dezadan, hala ere, badela hori baino –eta ez dut nik asmatu izendapen hori hemen– askoz ere harrikada larriagorik bide horietatik.

Hara, beraz, gure hizkuntza-egonezin berak eragindako bi konponbide-proposamen, zeharo desberdinak eta are kontrajarriak. Batean, elebakartasunez erdara ahaztea litzateke gomendioa; bestean, berriz, ahalik eta erdalantzekoen bihurtzea euskara, lehiakorra izan dadin mundu eleanitzean.

Kontrajarriak esan al dut? Zer axola diote kontraesanek, baina, eta are errealitatearen ukoak berak, ametsetan ari denari?

Tira. Ni, adinean aurrera, amets zorrotz nahiz presazkoak kamustu edo patxadaturik, ondo samar lo egitearekin konformatzen naiz dagoeneko. Horretarako, nire loa ameskeriaz are asaldatuagotu ez dadin, pentsatu nahi nuke badela gure artean, existitzen dela, izenburuan aipatu dudan elkarte birtual hori ere, alegiazko EEEAAA horren bazkideak zenbat diren jakitea zaila izanagatik.

Ni ez naiz noski haien ahotsa, baina garbi daukat ezen, haien lan kolektibo ez-ozen iraunkor errealista egunerokoa gabe, alferrik direla asma litezkeen estrategia guztiak, eta hutsalak –edo are kaltegarriak– ametsik zoragarrienak ere.

Aztiak, ez gaitezela tronpa, (bere buruari eta besteei) lilura eragiteko baino ez du dantzatzen magikoa omen den zotz hori. Erregea biluzik zihoala esan zuen harako mutiko xalo hark etorri behar ote du guri hori ikusaraztera?

Segi, bada, hortxe apurka-apurka aurrera eginez garen eta gauden honetatik: ez da konponbide magikorik.

Urte berria ere apurtxo bat hobea izan dadila, zenbakia gorabehera, bat-batean zoragarria espero izatea gehitxo da eta.

7 erantzun “EEEAAA elkartea (Egoera Errealeko Euskararen Aurrerabide Arruntaren Alde) eta magia” bidalketan

  1. Tira, bota duzu harria eta erantzunik ez.

    Eta hori ona da ala txarra? Ez dakit, agian neuk ere, hasierako ekarpenen kalitateari begiratuta, gehiago espero nuen blog honetatik. Agian, gainera, ez da ona debaterik egotea, lelokeriak idazteko arrisku gehigi horrelakoetan…

    Baina egin dezadan neuk ere neure ekarpentxoa, inork ez dezan esan kasu ez egiteagatik izan dela.

    “Ezen” eta Amurizaren kontu horretaz, jakina, ideiarik ere ez. “Elebakartasunaz”, tira, beste edozeinek bezainbeste, euskalduna izatea nahikoa da kontu horretaz esperientzia bat izateko (eta iritzi bat, noski). Baina ez noa orain ematera.

    Zeren, goazen harira: zer helburu du horrelako blog batek, ideia zoro batzuk planteatzea ez bada? Alegia, den-denok zentzuzkoak eta zentzudunak izan behar badugu, EEEAAA bada gure hausnarketen horizontea, zertarako behar da blogik?

    Uste dut Atxagaren poema batean esaten dela, “esan dezagun lau txorakeri”, edo horrelako zerbait. Maitasunaz ari da, jakina, baina ez ote da euskara ere gure maitte-kuttun bat? Ez dugu izan behar lau txorakeria idazteko eskubiderik, lekurik? Pasioz idaztekoa ere ez?

    Eta bai, badakit, txorakeriei (“elebakarra naiz eta harro nago” edo horrelakoak) bidea ematea arriskugarri izan daiteke, noski. Baina zentzunaren apologiak ere baditu bereak, eta bistan daude.

    Nik iritzi zoroak entzutea ere maite dut. Tabarrismorik gabe, jakina.

    Gaizki esanak barkatu.

  2. Ados nagok hirekin, Juan. Baina oso neurea sentitzen diat Lazkanok errezildarrekiko duen lilura hori, eta ez zakiat zer egin horrekin, zein kaxoitan sartu beste ezeri traba egin gabe. Hunkitu egiten naik erdaraz ezin moldatu den jendeak; halakoak eskertu eta saritu behar bat ateratzen zaidak neure barrunberik sakonenetatik. Sentimendu horiek eraman naitek irudikatzera etorkizunean elebakartasuna –edo are, behin hasiz gero zergatik ez, horretan ere ados naukak, analfabetismo erabatekoa– laudatu eta sustatuko duten antropologia eta antropologo eskolak sor daitezkeela. Ipuin baterako hipotesi hobea, beharbada, honelako blog baterako baino, nirea ez baita inondik ere proposamen bat, zalantza eta kontraesan batzuen adierazpena baino. Ez ahal diot behintzat hauspoa emango “gurean zenbaiten edo hainbaten artean errotuta dagoen mito itsu katastrofiko bati “! Ez diat uste, ez nauk ni inoiz oso treba izan inor inora gidatzen. Gora EEEAAA eta EEEAAAtarrak, eleaniztunak eta elebakarrak!

  3. Ez nioke inori heroina hartzeko gomendatuko, baina ergelkeria handia litzateke heroina plazer iturri ikaragarria dela ukatzea. Ez nioke inori elebakar eta analfabeto izateko gomendatuko, edo seme-alabak elebakatasunean eta analfabetismoan hezitzeko, baina uste dut elebakartasuna eta analfabetismoa, baldintza jakin batzuetan bederen, lagungarri direla hizkuntz adierazpenaren alderdi batzuei beteago, zorrotzago eta aberatsago eusteko. Horrekin ez noa inora eta ez dut inor inora eraman nahi, baina esateko gogoa sentitzen dut, batez ere kulturaniztasunaren totemaren inguruan dogmak eta tabuak sortzen ari direla iruditzen zaidalako.

    1. Juan Luis, ez dakit elebakartasuna eta analfabetismoa lagungarri ote diren beti hizkuntz adierazpenerako, baina nik ere uste dut gure hemengo eta gaurko elebitasun eredu nagusiak eragin negargarriak dituela hizkuntzetako baten ahozko “esan-indarrean”. Hemen eta orain kontua ez da erdaraz ondo moldatzen garela, baizik eta euskaldun gehien-gehienok gaztelaniadun edo frantsesdun arras osoak garela eta beste hizkuntza horren etengabeko euriak modu ikaragarrian eragiten diola gure euskarari. Holandar, norvergiar gehienak, esaten digute, txit elebidunak dira, oso ondo dakite ingelesez; baina, jakina, ingeles horrek ez die nederlandera edo norvegiera higatuko (gure seme-alaba txit hirueledunen beste erdara higatuko ez duen bezala). Eta guztiz ados zurekin, kultura aniztasunari buruzko dogmak sortzen eta errotzen ari dira, sarritan elebakar lokalek hauspotuak. Auskalo elebakartasuna sustatuko duen antropologia eskolak eratuko diren inoiz, baina nire ustez egon badaude kultura aniztasunaren dogma horietako batzuk deseraikitzen saiatzen diren antropologoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude