EEEAAA elkartea (Egoera Errealeko Euskararen Aurrerabide Arruntaren Alde) eta magia

Juan Garzia Garmendia

Esana dut blog honetako erantzunetariko batean, eta hasieratik adierazia nien kezka hori arduradunei, arriskua ikusten nuela 31 eskutik egitasmo hau ez ote genuen erabiliko bakoitzak aurreko sarreragileei erantzuteko, halako iritzi-tirabira endogamiko batean kateatuz. Gehienetan bezala, badirudi neurea baino ez zela kezka hori, eta bilatu ere egiten dela hemen, antza, barne-lotura hori.

Hala, nola nik, fantasiak fantasia, badudan ardura (neure buru zoro honi jarria) errealitatera albait egokitzeko, hementxe nator neu ere erantzunka, barrenak agindu dit-eta oraingoan horri erantzuteko (edo, nahiago baduzue, horren aitzakian nik neureak botatzeko).

Elebakartasunaren aberastasuna sarrerak, literalki aipatzen duen horretan aitzakiarik duen ala ez alde batera utzita, hauspoa eman diezaioke gurean zenbaiten edo hainbaten artean errotuta dagoen mito itsu katastrofiko bati, eta horregatik iruditu zait egokia brotxa lodiaz baliatzea halako jarreren azken muturreko ondorioak nabarmenarazteko.

Esana gera bedi, bada, ez dela hau artikuluaren beraren kritika zuzen inolakoa (bada halakorik, nik neure egiten dudanik, erantzunetan). Hona, bada, ia ukiturik ere eman gabe, elebakartasunaren amets-lilura horrek berehala gogoetaratu zidan munstroa:

Elebakartasuna ez da berme nahikoa: izatekotan, analfabetotasuna da benetako errezeta mintzoaren bikaintasun gailena lortzeko. Izan ere, idazketa da, gehiagorik gabe ere, ahozkotasun jentilaren Kixmi erabakigarria: Akabatu da mundu umanua, asi da mundu perrua.

Ezin gaitezke, bestalde, errezildar halabehar territorialekin konformatu: beharrezkoa da, ezinbestekoa eta ez beharbada hala ere nahikoa, norberaren haurrak horrela heztea, eskolarik, hedabiderik eta internetik gabe, triki-bertsozko erregimen kultural zorrotzean.

Edo, hobe, gobernu jator batek har gaitzala guztiok bere haurtzat euskalduntze plangintza definitiboan (soluzio finala), idealki errezildartu gaitezen. Hasteko, kaletarrak baserri-lanera behartu, han desikasiz berrezteko. Horrek funtzionatzen ez badu, ea manipulazio genetikoa inplementatzea lortzen dugun.

Bestela, halakorik ezin bada, zer? Jatortasun-erreserbak erreserbagotu behintzat, kutsatutako euskaldun arrunt erosook haien miresmenez ondo flagelatzeko.

Esango nuke, hala ere, gure nahi eta ezinek eragindako ameskeria –nabarmen irreal baina prestigio eta lilura anbiguoko– horietariko bat baino ez dela elebakartasunaren sasikonponbide horrena ere, beste askoren artean. Iraganari begira, kasu horretan: idealizaturiko iragan fantastiko bati, nahiz eta orainean geratzen diren haren hondarretatik egin nahi izan gaurko eta biharko magia-potajia.

Beste muturrean dagoela ematen du, eta hala dago noski formalki, baina nik ez diot funtsean horrekiko alde handirik ikusten –nahiz, bigarren kasu horretan, etorkizun berariaz asmatu bat den gaur bertan gauzatu nahi dena– joskera-ingeniaritza ausart nola edo halakoa zertzen dutenen ikuspegiari, hala nola, berrikienik, EZENen beste erabilera bat sarreran aldezten den Amurizaren hori. Aitor dezadan, hala ere, badela hori baino –eta ez dut nik asmatu izendapen hori hemen– askoz ere harrikada larriagorik bide horietatik.

Hara, beraz, gure hizkuntza-egonezin berak eragindako bi konponbide-proposamen, zeharo desberdinak eta are kontrajarriak. Batean, elebakartasunez erdara ahaztea litzateke gomendioa; bestean, berriz, ahalik eta erdalantzekoen bihurtzea euskara, lehiakorra izan dadin mundu eleanitzean.

Kontrajarriak esan al dut? Zer axola diote kontraesanek, baina, eta are errealitatearen ukoak berak, ametsetan ari denari?

Tira. Ni, adinean aurrera, amets zorrotz nahiz presazkoak kamustu edo patxadaturik, ondo samar lo egitearekin konformatzen naiz dagoeneko. Horretarako, nire loa ameskeriaz are asaldatuagotu ez dadin, pentsatu nahi nuke badela gure artean, existitzen dela, izenburuan aipatu dudan elkarte birtual hori ere, alegiazko EEEAAA horren bazkideak zenbat diren jakitea zaila izanagatik.

Ni ez naiz noski haien ahotsa, baina garbi daukat ezen, haien lan kolektibo ez-ozen iraunkor errealista egunerokoa gabe, alferrik direla asma litezkeen estrategia guztiak, eta hutsalak –edo are kaltegarriak– ametsik zoragarrienak ere.

Aztiak, ez gaitezela tronpa, (bere buruari eta besteei) lilura eragiteko baino ez du dantzatzen magikoa omen den zotz hori. Erregea biluzik zihoala esan zuen harako mutiko xalo hark etorri behar ote du guri hori ikusaraztera?

Segi, bada, hortxe apurka-apurka aurrera eginez garen eta gauden honetatik: ez da konponbide magikorik.

Urte berria ere apurtxo bat hobea izan dadila, zenbakia gorabehera, bat-batean zoragarria espero izatea gehitxo da eta.