Arrazoibide soziolinguistikoak

 Igone Zabala Unzalu

Urte berrian sartu gara, baina berriro ere zaila zait bukatu berri den urtean foro honetan azaldu eta eztabaidatu diren zenbait gaitatik aldentzea. Elixabete Perez Gazteluk abenduaren 10ean mahaigaineratutako gazteen idazkera ez-estandarraren kontutik abiatuko naiz oraingoan. Euskara egunero eta askotariko komunikazio-egoeretan erabiltzen duten hiztun gazteez ari da Eli, alegia, euskararen etorkizunerako gako diren hiztunetako batzuez. Garbi dago hizkuntzen erabilerarekin estuki lotuta datozela hizkuntzen beraien aldaketa eta egokitzea. Euskaldunok oro har onartuta daukagu euskararen iraupenaren gakoa erabileran datzala, baina erabilerak dakarren aldaketak urduri jartzen gaitu. Euskararen historia edota tradizio idatzia aztertzea eta deskribatzea edota aldaera estandarraren arauak finkatzea filologoek eta hizkuntzalariek egiten ditugun lan “teknikoak” dira, hasieratik eta une oro kontrola ditzakegun jarduerak dira, baina hizkuntzaren aldaketaren jitea ezin aurreikus dezakegu, hiztun guztiek eta hiztun-komunitate guztiek egiten dituzten erabileren emaitza baitira aldaketok. Hizkuntzalariok erabilera berriak aztertu eta interpretatzen ditugu, baina ezin ditugu kontrolatu: hizkuntza hiztunena da eta ez hizkuntzalariona. Aldaketa jakin bat hizkuntzaren gainbeherarekin lotuko du batek eta beste batek, aldiz, hizkuntzaren garapenarekin, eta normalizazioaren jomugan dugun hizkuntza-ereduarekin lotuta egongo dira neurri handian interpretazio horiek.

Hitz egiten duten bezala idazten duten gazteek oso ondo dakite komunikazio-egoera formaletan, adibidez, unibertsitatean lan bat aurkeztu behar dutenean edota lan-eskaintza bati erantzuteko aurkezpen-gutuna idatzi behar dutenean, ortografia estandarra erabili behar dutela. Elik erakutsi digun kartelaren modukoak irakurtzen ditugunok ere badakigu erabilitako ortografia ez dela estandarra eta, beraz, komunikazio-egoera informalarekin eta hiztun mota jakin batekin lotzen ditugu hizkuntzaren erabilera horiek. Erabilera berri horien interpretazioa eta horrek dakarren balio komunikatiboa posible dira ortografia estandarra egun finkatuta dugulako. Izan ere, euskara estandarrik ez genuenean, zaila zatekeen, kartela euskaraz idatzita zegoela ikusteaz haratago, kartel horretan bestelako informazio pragmatikorik antzematea. Estandarretik urruntzea bada, beraz, gaur egun erregistroak garatzeko bide bat, estandarrik ez genuenean ezinezkoa zen bidea. Asier Larrinagak aipatzen zuen «hizketa-komunitatea» kontzeptuarekin lotuz, estandarraren arauak partekatzeak eta hainbat komunikazio-egoeratan ulertzeko eta erabiltzeko gauza izateak bihurtzen gaitu hizketa-komunitate, bai eta bestelako erabilerak interpretatzeko erabilera-arau batzuk partekatzeak ere. Hizketa-komunitatea hizkuntzaren aldakortasuna eta aldaketa ikertzeko azterketa-unitatetzat hartzen da egun, hizkuntzaren aldaera bakarra erabiltzen duen hiztun-taldetzat baino areago. Normalizazioaren jomuga askotariko erabilera eta erregistrodun euskara izan behar dela sinetsita, Elik deskribatutako fenomenoan «gorakadaren lehen zantzuak» ikusten ditut nik, Pruden Gartziak bezala, eta ez «euskararen gainbeheraren sintoma» Asier Larrinagak zioenez.

Idoia Santamariak aipatzen zuen abiatu, abiarazi, abian jarri bezalako formulen zabaltzea ere, euskararen biziberritzearen sintomatzat hartuko nuke nik gainbeheraren sintomatzat baino areago. Izan ere, hizkuntza jakin bat komunikatzeko maiz erabiltzen duten hiztunen arteko harreman-sare arinak behar dira «diskurtso-errutinak» garatzeko, eta diskurtso-errutina horiek partekatzeak, hain zuzen ere, errazago egiten digu hizkuntza egunero eta komunikazio-egoera desberdinetan erabiltzea. Funtzionalago bihurtzen da hizkuntza errutinak finkatzen eta partekatzen direnean, eta ez dut uste horrek sinonimoak eta erdisinonimoak baztertzera eramaten gaituenik. Testu landuago eta profesionalagoetan erabiltzen direla esango nuke nik, eta testu horiei eta testu horien sortzaileei balio erantsia gaineratzen dietela.

Azaldutako bi fenomenoak euskararen erabilera eta erabileraren arauak partekatzen dituen hizketa-komunitate baten garapenaren seinaleak dira. Nire iritziz, euskararen biziberritzean aurrera segitzeko dugun erronka da hizkuntza-esperientzia eta errepertorio linguistiko mugatuagoa duten hiztunak ere hizketa-komunitate horretan integratzen joatea. Unibertsitateko ikasleen artean nabaria da euskara gutxiago erabili dutenek, hain zuzen ere, diskurtso-errutinen faltan direla eta testu desegokiak idazten dituztela askotan beren gramatika-gaitasuna eta sormena beste baliabiderik ez dutelako. Hain zuzen ere, unibertsitatean elkartzen dira gune soziolinguistiko desberdinetako hiztunak eta aukera paregabea da hizkuntza-esperientzia mugatuagoa duten gazteak errepertorio linguistiko zabaleko Oiartzualdeko gazteen modukoekin nahasteko eta beraiei esker beren hizkuntza-gaitasuna handitzeko. Hala gertatzen zen duela hogeita hamar urte inguru nik unibertsitatean ikasten nuenean, baina oraingo egoera oso bestelakoa dela iruditzen zait. Beldur naiz euskalkiduna izatearen harrotasuna komunikazioa solaskidearen profil soziolinguistikoari egokitzeko beharraren aurretik jartzeak ez ote dakarren euskalkirik gabeko hiztunen gutxiespena eta bazterketa. Horren seinale ote da zenbait ikaslek erakutsi didaten autoestimu linguistiko ezin baxuagoa. Izan ere, behin baino gehiagotan gertatu zait klasekideen aurrean ahozko aurkezpena egiteko orduan ikasleren batek Gasteizekoa dela aitortzea eta bere euskaragatik barkamena eskatzea. Ñabardurak ñabardura, beraz, azkenean bat nator Asier Larrinagaren kezkaren zati batekin ere.