Hitzen lorrina

Iñigo Aranbarri Alberdi

Hizkuntzak pentsatu gabe erabiltzeko dira. Baina nola hitzak ideologiaren arabera sortu, sailkatu eta gizarteratzen baditugu.

Orain hurrengoan irakurri nuen —ez dakit non, ez dakit nori, ganbela tzar hau— zergatik erabili behar dugun Aita Santua beste hizkuntzek Papa, Pape edo Pope dioten horren ordain. Aita Santua baloratiboa dela guztiz, kristau ez denak ez duela, esaterako Santo Padre erabiltzen gazteleraz Papa hor badauka. Esan beharrik ez dago: gandorra sano agerian duelako gaixotzen zizkion ditxosozko hitzak begi-belarriak hiztun arranguratuari.

Eta etimoa zuztarretik erreko dion soluzio garbirik ezean (“beste hitzen bat, baina zein”), ez dakit nik zer konponbide duen Erromako obispoarenak ez bada gure umetako Dios eta dios haren antzera, hasteko letra xehetara ekartzea, aita santua, edota bigarren urrats batean dena elkartuta ematea, aitasantua, hala eginda intsentsu kerua ahal den neurrian joango zaiolakoan. Erdipurdiko ateraldiak biak, bistan denez. Erlijioaren esparrutik ateratzeke, lantegi samurragoa dugu herri dezentetako eguneroko lexiko zibilean aski txertatuak ageri zaizkigun hauekin: doministikua, patrifilioak egin, bedeinkatu zein bataiatu. Adierazkortasuna gorabehera, denek dutela uste dut, zorionez, ordain egokia.

Hizketan ari garela, ideologiaz ari baikara.

Bat eta bi baino gehiago izango gara seguru asko Itziar Diez de Ultzurrunek bezala Plazido Mugikaren 1965eko hiztegiarekin gozatu ederrik hartu dugunok. Ez naiz ni izango ia berrehun zapata-kaxatan bildu zuen lana zoragarria ez dela esango duena. Perlategi miragarri horretan ditugu, ordea, oraindik irribarre loratuena mikazteko gauza diren sarrerak: Jainko-gabekeri (ateismo), erri-nasle (sedicioso, rebelde), lege-etsaigo (anarquismo), ezigaitz (insumiso), darbinkeri (evolucionismo), eritasun loi (enfermedad venérea), bere burua lizundu (masturbarse), urdain-etxe (prostíbulo), loikerian ari (fornicar), astagaitz (menstruación)

Denak ez dira asmatuak. Bizi-alarguna etxean entzuna dugu.

Eta bai, hizkuntzak pentsatu gabe erabiltzeko dira…

Loiolak euskal lexikoari eman dionaz, urteak behar izan nituen konturatzeko. Mugikaren hiztegia kaleratu eta gutxira, 1967an, Loyola inguruan osatutako iztegitxoa argitaratu zuen Euskera aldizkarian Joan Goikoetxea josulagunak. Mugikaren lanaren inolako inbidiarik gabe, bertan aurkituko ditugu, esaterako: aketza (ninfómana), antropologia tratatu baterako balio lezakeen apaiz-kontrako (anticlerical. Zakur au apaiz-kontrakoa diagu zearo), eta agian hiztegi batean egundo irakurri dudan aleena: aje-ume (hijo tarado. Paseando cierto día por un pueblo industrial guipuzcoano en compañía de un médico vizcaíno euskeldun, éste, observando el número bastante crecido de niños de aspecto raquítico, comentó: -Auek dira gure “aje-umeak”, ingelesez  dioten “los hijos del sábado”, alkoolez ondo beteta sortuak).

Pentsatu gabe erabiltzeko…

Loiolaren itzala da agian, umetan bertako jardinetan jolasean nenbilela jasotako erradiazioa arintzeko ariketen emaitza, nik dakit ba. Kontua da ezin izaten diodala eutsi. Ikasleen idazlanetan barrena bedoi eta aihotz nabilela, irakurri eta batera azpimarratzen dut. Beti. Akatsa, ez da, baina ez dut komentatu gabe utzi nahi izaten. Nire ideologia da, auskalo norenaren gainean ezarri nahian borrokan. “Hiztegian halaxe dator” protestatzen dute. Egia. Bada lantegi errazagorik. Berriro ekiten diot, orban morala daramala berbak, “non galdu da ba, ahaztu egin zaio etxerako bidea akaso?”

Gogorrarena kenduta, erdaldunagoa zaie Leizarragaren, Duvoisinen, Berrondoren, edozein euskal herritan nagusi den puta jatorragotzat duten emagaldua baino.

Ez daude emateko:

“Eta puta, edo prostituta, hobeak dira?”

“Etimologia garbiagoa dute?”

“Eta hitz bakoitzarekin egin behar da ariketa hau?”

Arrazoi dute. Nik ere pentsatu gabe nahi dut erabili hizkuntza.

4 erantzun “Hitzen lorrina” bidalketan

  1. erabat ados hizkuntzaren ideolojiaz hala ere ba daude beste hitz batzuk arrunt erabiliak, mingarriak zaizkidanak: Mito, (faltsuaz ari garenean) , mitiko; basati(zipaio edo kapitalismoaz aritzean), hiritar (herritarrez aritzeko) zibilizatu(giza jarrera onez) eta burura ez datozkidan beste batzuek.

  2. Zatarrenetako bat, baina oso gurea; “aitona” edo “amona” pertsona zaharrei deitzeko. Irain bat harreman zahar denentzat eta bereziki, esaten den bezala, “familia izan ez dutentzat”.

  3. ZUZENDUTA: Zatarrenetako bat, oso gurea; “aitona” edo “amona” pertsona zaharrei deitzeko. Irain bat zahar denentzat eta bereziki, esaten den bezala, “familia izan ez dutentzat”.

  4. Guztiz ados, Iñigo, hizketan ari garela, ideologiaz ari gara. Hiztegietan, ezinbestean, egile(ar)en (eta garaiaren) ideologia islatzen da, modu ageri eta gordinean batzuetan, zure adibideetan ikusten den bezala, eta ohartu ere ez egiteko moduan beste askotan. Hizkuntza darabilgunean, geurera erabiltzen dugu, geu ohartu ala ez; gure pentsamenduak eramaten ditugu hitzetara, pentsamendu horietaz jabetu ala ez. Mujikaren hiztegia horretarako ere nahi dut sarean, gure hiztegiei, gaurkoei eta atzokoei, darien ideologia zipriztinen azterketa akademikoa egiten denerako: interesgarria izanen da garaian garaiko beste hizkuntzetako hiztegiekin konparatzea; ikerketa diakronikoak erakutsiko dituen aldaketak ikustea; sarrera eta ordain asmatu, ahaztu, birmoldatu eta desagerraraziak ikertzea, batez ere ahaztu eta desagerraraziak…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude