Gabonetan, maniak ere etxera

Idoia Santamaria Urkaregi

Lan bakartia delako, beharbada; edo hitzekin (eta hitzez) bizi garenez, gau eta egun, amorrarazi egiten gaituztelako. Edonola ere, ez da zalantzarik: egunero hitzak josiz ordu mordoxka ematen duenak maniak hartzen ditu. Duela aste batzuk, Iñigo Errastik bere apetetako baten berri eman zigun (-tze aldera), eta Juan Luis Zabalak beste bat aipatu zuen hari erantzunez (nago).

Nik ere badut bat: ABIAN DA (eta aldaerak). Barra-barra ageri da komunikabideetan; hona hemen adibide batzuk:

  • ‘Klik euskaraz’ sareko euskarazko tresnen kanpaina abiatu du Eusko Jaurlaritzak (erabili.com, 2012/11/27)
  • Eusko Jaurlaritzak ‘Euskararen aurpegiak’ kanpaina abian du (erabili.com, 2012/11/27)
  • Martxa girotzeko Kontseiluak abian jarritako kanpainan, asteak zeramatzaten gizartearen alor desberdinetako hainbat ordezkarik galdera horri erantzuten… (Diario Vasco, 2012/12/2)
  • Urtero legez, irailean abiarazi genituen aurtengo 2012ko CAF-Elhuyar Sariak (Elhuyar, 2012/12/10)
  • Asmoz Fundazioak Donostiako San Telmo Museoan abian den «badu, bada: euskara mundu eleanitzean» erakusketan parte hartuko du (Asmoz fundazioa).
  • Askorengan heldu den eskasia ere gai sakona da, abian dauden gerrak bezalaxe (Diario Vasco, 2012/12/24).

Zer egiten genuen dena abiatu, abian jarri eta abiarazi aurretik? Kanpainak hastea, adibidez, zer da, arruntegia? Testuinguruaren arabera, ezin ditugu gauzak bultzatu, prestatu, martxan jarri, apailatu… beti aditz eta esaldi-egitura bera erabili ordez? Bitxia da nola zabaltzen ditugun formula batzuk, eta, halako batean, ia konturatu gabe, formula bakar bihurtzen zaizkigun, beste edozein baino dotoreago direla sinetsita. Inoiz, gainera, bada arriskua erabat bazterturik geratzeko ordura arteko esapide arruntak, arkaismoak edo baldarkeriak balira bezala. Badakit aitzakiarik gabeko egitura dela ditxosozko abian da hori. Hiztegi Batuan jasota dago. OEHn ere bai. Izan dadila, beraz, aukera bat, beste batzuekin batera erabiltzekoa. Baina ez bakarra.

Ez dira gurean bakarrik gertatzen horrelakoak, hala ere. Gaztelaniaz, esaterako, kexu dira realizar aditzaren abusuarekin. Batetik, hacer arrunta ordezkatzeko aditz sasidotore bihurtu da (realizar un dibujo, realizar un viaje); eta, bestetik, abusuak aberastasun eta egokitasun lexikoaren galera dakar (efectuar, emprender, llevar a cabo, elaborar, confeccionar…).

Aitor dut, bai, neuk ere maniak ditut, eta maniokin jango ditut polboroiak aurten ere. Hitz batzuk, izan ere, hirugarren solairuko bizilagunaren telebista-burrunba amaigabea gorrotatzen den bezala higuintzen dira. Beste batzuk, berriz, hondartzara joateko plana egina duzunean bat-bateko euri-zaparrada madarikatzen den moduan. Petralago batzuk ere badira: zeure etxekoen ohitura gogaikarrien parekoak, testu batean irakurri orduko begiak itxiarazten dizkizuten horietakoak. Gogoa ematen du halakoen aurkako kanpaina bat abian jartzeko.

Erantzun bat “Gabonetan, maniak ere etxera” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude