Adiskide aizun horiek

Gotzon Egia Goienetxea

Hotz dira letrak, ordenagailuaren moldean ematen direnean. Arial edo Times Roman izoztuetan bidali behar ote zion zorion agur bat François Hollandek, nori eta Barack Obamari (munduko buruzagi gorenari!), bigarrenez presidente hautatu zutelarik. Itzultzailearen ingeles sotilaren segidan, luma hartu eta hizki batzuk eskuz izkiriatu zizkion izenpearen aitzin, gutunari epeltasun lagunkoi apur bat gaineratu nahirik. «Friendly» abegitsu bat otu zitzaion, labur eta dotore.

Nahi gabe, begi bat erantsi zion Hollandek kate luze bati. Bere aurreko Sarkozy jaunak irrist sonatuak eginak zituen, Hillary Clintoni harrera egitera iritsi zenean euripean, «sorry for the time» esanez, frantsesez beti temps diren denbora time eta eguraldia weather nahasita; edo Elizabeth II erreginari «It is magnifical!» bat bota zionean, atzerriko agintariari eskainitako galako afarian.

Bi hizkuntzatan forma antzekoa duten adiskide aizun horien erruz egiten omen dugu labainka hainbatetan. Nahigabeko zirristak izango dira gehienetan (Kalkoen Behatokiak eman zizkigun ale eder batzuk hemen bertan), ez dizuet ukatuko, baina, bertsolarietan nola, hitzen arteko antza indartsua izan ohi da zentzuak —zentzu berriak— esnarazteko. Ados, «emendakin iz. ‘eranskina’ (ez du gaztelaniazko enmienda adierazten)» tematzen da Hiztegi Batua, baina Google-k bilaketa azkar batean gezurtatzen digu hori: emendakin ia guztiak gaztelaniazko enmienda dira gaur egun.

Izan ere, batzuetan badirudi zentzuaren hurbiltasunak ekartzen duela hitzak forman ere antzekoak izatea. Hala, ez al da zentzuzkoa armadaren mandoak izatea, zer esanik ez mando horiek tradizioaren alarde egiten den gure herrien mando direnean?

Nahitara bilatutako adiskide aizunak dira, alderik gabe, ederrenak. Zer esaten didazue, hirietako trafiko kutsadura murrizteko inoiz asmatu den ekuazio indartsuenaz, bici=bizi? Zoragarria. Edo gure hizkuntzari berandu gabe arnas handiagoa eman nahi liokeen euskara ahora lema horretaz? Pentsatzen jarrita, ixo, nahi dugun portura eramango ote gaitu lema horrek?

3 erantzun “Adiskide aizun horiek” bidalketan

  1. Eta “soberania” ez da “subiranotasuna”.
    Zakilixutek abegi ona egingo lioke Pouvreau-ren “Philotea”ko esaldi honi.
    “Ederki bestiturik gogo garbirekin eta soberaniarik gabe”

  2. Ez dakit honako hau adiskide aizunen moldekoa den edo hoskidetasun kasu bitxi bat, baina kontatzea merezi duela uste dut, eta halaxe egingo dut.

    Ingeles-klasean hasi gara oinarri-oinarriko esaldi laburrak iruten, eta irakasleak, gu guztiok animatzeko, proposatu du bakoitzak esan dezala inoiz edo behin egindako zer edo zer berezia, apartekoa… Lehenengoa Marisa hasi da, eta sano-sano bota du, batere maleziarik gabe, bera gaztetan ‘much building’ ibili zela [transkripzioa nirea da, noski, ariketa ahozkoa zen eta]. (…) ‘Muth building’… ‘much building’… ikaskideok ahapeka, arkitekto edo aparejadore edo ibili ote zen, eta ezetz, ezetz. Arrastorik ere ez, orduan. “Laguntza, laguntza…!” Bai, ‘much building’ Errioxa aldean, uda partean, bertako upategi baterako, ardoa egiteko…

    Uste dut euskara bigarren hizkuntza gisa ikasi duten askori, segidan ingelesari ekiten diotenean, gertatzen zaien interferentzia dela, euskara eta ingelesa nahastearena. Hasieran behintzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude