Elebakartasunaren aberastasuna

Juan Luis Zabala Artetxe

Imanol Lazkano bertsolaria elkarrizketatu berri dut, Berriarako, eta atentzioa eman dit nola liluratzen duten errezildarrek. Errezilgo anekdoten inguruko liburu bat argitaratuko dute udaberrian, eta Lazkanok parte hartu du horretarako egin diren lanetan, berak entzundakoak kontatzen. Azalpen hau eman zidan Lazkanok, elkarrizketan, Errezil horren berezi zerk egiten duen galdetutakoan:

Errezil erreserba bat da. Madrilgo bidea Tolosatik pasatzen da, Donostiatik Bilborakoa kostatik, eta ondorioz Azpeitia pixka bat erreserba moduan gelditu da. Baina Azpeitia erreserba baldin bada, Errezil bi aldiz. Errezil da erreserba puru-puru-purua. Hor halako gauza polit bat gorde da, eta ez da gainera pertsona bat edo birena bakarrik. Hango edozein aitona, amona, neska gazte, mutil gazte, haur… hizketan entzutea, niretzat behintzat da… Hizketari halako puntu bat bilatze horretan biziatua egon da beti herri hori, hizkuntzarekin jolas egiten.

Lazkanok esaten duen horrek sendotu egin dit lehendik nuen susmoa: nekeza dela —ezinezkoa akaso— beste hizkuntzarik ikasi eta bereganatzea ama hizkuntzan adierazkortasuna galdu gabe. Errepide nagusirik ez izateak, inorako bidean ez egoteak, azken batean, erdaren eraginetatik babestu baitu batez ere Errezil. Zeretik bestela? Ez dakit ikerketa zehatzik egin den horretaz, baina seguru nago euskaldun elebakar —edo ia-ia elebakar— gehien duten herriak direla ahozko adierazkortasunean aberatsenak.

Gaur egun, inguru hauetan behintzat, gehienok dakizkigu gutxienez bi hizkuntza, eta gazte ia denek hiru. Ez da bere alabak edo semeak gutxiago ikas ditzan nahi duen gurasorik. Baina lekutan geratzen ari da errezildarrek omen duten esan-indar hori!

Pentsatzen egon naiz, egun batean, luze gabe, paradoxikoa badirudi ere, elebakartasunaren aldeko aldarriak ez ote diren egingo kultur pluraltasuna eta hizkuntz dibertsitatea babesteko.

10 erantzun “Elebakartasunaren aberastasuna” bidalketan

  1. Ez nago ni oso ados idatzi duzun horrekin. Egia da euskaraz eta euskaraz eta kitto hitz egiten duenak babesten duela hobekien euskara; baina aberastu, egiatan aberastu, elebidunak egiten du. Nire ustez, euskal hiztunaren beharrak asetzeko, euskarak ezinbesteko aliatu du erdara: erdal esapideak, erdal hitzak eta erdal egiturak. Eta esango nuke euskarak erdarari esker lortu duela XXI. mendera arte iristea, gaztelaniari esker bereziki, baita Errezilen ere.

  2. Funtsean, ez dut ukatzen zuk diozuna, Xabier. Baina uste dut ona dela gogoratzea ez dela ia-ia inoiz ezer irabazten ezer galdu gabe, eta gure egungo aurrerapen kosmopolitekin aldez aberasten garen bezala moldez pobretu ere egiten garela, eta nola! Besterik gabe.

  3. Uste dut ulertzen dudala zer esan nahi duzun, Juan Luis, baina arriskutsu samarra iruditzen zait artikuluak, zuzenean ala zeharka, aldezten duen elebakartasun idiliko hori. Beldur handia ematen didate elebakartasun «puru»aren aldarriek, batez ere errealitateari baino gehiago “ideia” ustez ideal bati erantzuten diotelako. Nik ez dut bizi nahi txerokientzako erreserba batean, ezta erreserba horretakoek munduko euskararik ederrena hitz egiten badute ere.
    Ondo izan.

  4. Nik ere ez dut erreserbarik nahi. Besterik gabe, gaia planteatu nahi dut, eta ez dakit zergatik izan daitekeen “arriskutsu samarra” euskarazko elebakartasunaren alderdi onei erreparatzea, halakorik baldin badu edo izan badezake behintzat, plano hipotetiko hutsean. Ez al da arriskutsuagoa egun nagusitzen ari den multikulturalismoaren aldarri edulkoratuaren onarpen akritikoa? Eta beste kontu bat: multikulturalismoak, kosmopolitismoak edo dena delakoak ere ez al dio “ideia” ustez ideal bati erantzuten?

    1. Lehen ere idatzi izan dudala uste dut: arnasguneetan euskarak erresistentziarako gaitasuna baino ez du, Imanol Lazkanok berak dio erreserba dela. Eta, ustez, aspaldi erabaki genuen euskara ez genuela erreserban gura. Erreserban gura izatera, euskara baturik gabe, jator etxe txokoan, aspaldi onartu gintuen frankismoaren sano regionalismoak. Batua eta bide modernoaren zuzena agerian geratu dela uste dut. Osterantzean, erdararen olio-orbana laster hedatu zen A-8tik Azpeitira eta handik ere zabaldu. Euskara etxerako, irakaskuntzarik gabe, jator-jator, ahozko, “kutsatu” gabe, eta bitartean erdara bizitza moderno guztia bereganatzen.
      Hori esanda, bai, elebitasuna kalterako da, diglosia modernoa ezkutatzen duelako. Espainolaren indar erabatekoa ez du ezerk urratzen gaur-gaurkoz, ez da egia “gazteek hiru hizkuntza” dakizkitela, ingelesaren ezagutza negargarria da oraindik ere; are gehiago, barneratuta daukagu ingelesak “hirugarren” hizkuntza izan behar duela, garrantzitsua da baina espainola “gureago”.
      Euskararen arriskua, higadura, espainoletik dator. Frantsesek babesten dute frantsesa ingelesetik, baina ez digu ardura espainolak etengabe gure adierazmoldeak elbarritzea. Behetik gora bakarrik eginda, alferrik gabiltza, euskarak ez du espainola ordezkatuko. Baina ingelesa zinez zabaltzen bada, agian, lor liteke hegemonia hori apurtzea, presioa behetik bezala goitik eginda. Nola da posible elebakarrak elebidunari kosmopolitismoa aldarrikatzea? Bada espainolari -ez erdarei- aurre egiteko bide berriak urratzeko unea. “Biolentzia politikotik baino ezin daitezke defendatu hizkuntzak” ziotson Albert Pla i Nualart-ek Argiari, eta guztiz bat nator. “Katalana aitzinatzeko gaztelania atzerarazi behar da” dio, eta hori da gakoa. Euskarak soilik ez du atzeraraziko gaztelania, baina ingelesak badu horretarako indarrik. Eta boteretsuen borroka horietako zirrikituak oso interesgarri zaizkigu hizkuntza txikiei. Immigrazioa apustu gisa har liteke berreuskalduntzerako, lehendik ere immigrante asko izan diren lekuetan, orain artekoek ez badute ikasi, iristen diren berriei pizgarriak eman euskalduntzeko. Euskalduna euskal herritarra dela aitortzeko burujabetza baino ez da behar, euskarak herritartasuna dakarrela alegia.

      1. Ez dut uste ingelesa sustatuz espainiera atzeraraziko dugunik, inondik ere. Izan ere, ingelesa bihurtzen ari da euskaldun eta erdaldun askoren elkargunerako aukera “neutroa”. Futbolaren antzera.
        Paco Ibañezek berak argi ikusi du: http://zuzeu.com/2013/01/14/walt-disney-culinary-center/.
        Arazoa ez da espainiera, ingelesa bera ere, arazo ez den bezala. Arazoa da Espainiaren eta Frantziaren hankapean bizi garela, eta gure eliteak haien lilurapean bizi direla, hankapean bainoago. Azken golak izan dira “ingelesa menperatzearen ezinbestekotasuna” eta horren eta “berdintasunaren” kontzeptu unionistaren izenean ezarritako eredu hirueledun negargarria, D ereduaren arrakasta trabatzeko sortua.
        Eta arazo dugu alderdi abertzaleen despistea, eta arazo dugu autozentsura. Inor gutxi ausartzen baita bizi dugun menpekotasuna eta horren itzalean sortutako antzerkia eta hipokresia salatzera.
        Nola uler liteke bestela erdaldun praktikante porrokatuak izatea Euskalgintzako erakunde bat baino gehiagoko buru?
        Nola, Lehendakari erdaldun eta euskarari errefraktario bat onartzea?
        Nola, Lehendakari horrek euskarari eskola-eskapo egiten milioiak xahutu izana, inork ere konturik eskatu gabe?
        Nola, itzal handieneko politikari abertzaleek, Ibarretxek eta Otegik, espainierari erabateko lehentasuna eman izana?
        Nola, Gararen eta Deiaren jokabide linguistikoa?
        Eta nola… galdetzen jarrai genezake gau erdira arte.

    2. “…multikulturalismoaren aldarri edulkoratuaren onarpen akritikoa”
      Benetan, egoera erreala jasotzen duen esaldi zirraragarria. Baina nola buelta eman? Eta eman beharra daukagu.

  5. “Ez nago ni oso ados idatzi duzun horrekin. Egia da euskaraz eta euskaraz eta kitto hitz egiten duenak babesten duela hobekien euskara; baina aberastu, egiatan aberastu, elebidunak egiten du. Nire ustez, euskal hiztunaren beharrak asetzeko, euskarak ezinbesteko aliatu du erdara: erdal esapideak, erdal hitzak eta erdal egiturak. Eta esango nuke euskarak erdarari esker lortu duela XXI. mendera arte iristea, gaztelaniari esker bereziki, baita Errezilen ere.”

    Gaineko aipu hori ezin onar dezake Ipar Euskal Herriko euskaldun batek. Zoritxarrez, de facto, hegotiar askok bere egiten dute gainean azaltzen diren hainbat ideia. IEHan erdara ez da espainiera (edo nahiago baduzue gaztelania), frantsesa baizik. Eta zer nahi dugu euskañola ala euskara?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude