Elebakartasunaren aberastasuna

Juan Luis Zabala Artetxe

Imanol Lazkano bertsolaria elkarrizketatu berri dut, Berriarako, eta atentzioa eman dit nola liluratzen duten errezildarrek. Errezilgo anekdoten inguruko liburu bat argitaratuko dute udaberrian, eta Lazkanok parte hartu du horretarako egin diren lanetan, berak entzundakoak kontatzen. Azalpen hau eman zidan Lazkanok, elkarrizketan, Errezil horren berezi zerk egiten duen galdetutakoan:

Errezil erreserba bat da. Madrilgo bidea Tolosatik pasatzen da, Donostiatik Bilborakoa kostatik, eta ondorioz Azpeitia pixka bat erreserba moduan gelditu da. Baina Azpeitia erreserba baldin bada, Errezil bi aldiz. Errezil da erreserba puru-puru-purua. Hor halako gauza polit bat gorde da, eta ez da gainera pertsona bat edo birena bakarrik. Hango edozein aitona, amona, neska gazte, mutil gazte, haur… hizketan entzutea, niretzat behintzat da… Hizketari halako puntu bat bilatze horretan biziatua egon da beti herri hori, hizkuntzarekin jolas egiten.

Lazkanok esaten duen horrek sendotu egin dit lehendik nuen susmoa: nekeza dela —ezinezkoa akaso— beste hizkuntzarik ikasi eta bereganatzea ama hizkuntzan adierazkortasuna galdu gabe. Errepide nagusirik ez izateak, inorako bidean ez egoteak, azken batean, erdaren eraginetatik babestu baitu batez ere Errezil. Zeretik bestela? Ez dakit ikerketa zehatzik egin den horretaz, baina seguru nago euskaldun elebakar —edo ia-ia elebakar— gehien duten herriak direla ahozko adierazkortasunean aberatsenak.

Gaur egun, inguru hauetan behintzat, gehienok dakizkigu gutxienez bi hizkuntza, eta gazte ia denek hiru. Ez da bere alabak edo semeak gutxiago ikas ditzan nahi duen gurasorik. Baina lekutan geratzen ari da errezildarrek omen duten esan-indar hori!

Pentsatzen egon naiz, egun batean, luze gabe, paradoxikoa badirudi ere, elebakartasunaren aldeko aldarriak ez ote diren egingo kultur pluraltasuna eta hizkuntz dibertsitatea babesteko.