Mirie eretxita egotea… eta erregistroak

Oskar Arana Ibabe

Inoiz, edo sarri, edo sarriegi, niretzat arruntagoak behar luketen esapideak, gogoan eskurago beharko nituzkeenak bilatzera joaten naiz hiztegietara, gaztelaniaz aiseago etortzen zaizkidanak euskaraz nola esan jakin ez-eta, edo gogoratu ez-eta. Gaztelaniaz barra-barra entzuten dira nonahi, kalean, irratian, telebistan, idatzita liburu, aldizkari eta berripaperetan, baina euskaraz zelan esan jakin ez, eta begiratu egin behar.

Eta inoiz, oso bakan, nahi baino gutxiagotan, lagun euskaldunen batekin berriketan ibili, edo herriko edo sendiko edo zaharragoen lagunarte bateko solasa entzuten jarrita, geureak izanik ezagutzen ez nituen esapideak edo hitzak entzun eta poz handi bat sortzen zait bihotzean, eta larritasuna ere bai, beldurrez eta lagunarte hori hain aspalditik ezagututa une horretara arte entzun ez dudan hitz edo esapide hori ostera ere entzuteko beste hogeita hamar edo berrogei urte igaro beharko ote diren. Eta arin abiatzen naiz, gogoan edo paper zati batean edo bihotzean edo oraindik lekuren bat hutsik duen adimeneko edo arimako zokoren batean gordetzera, bitxia balitz bezala, urre gorria.

Gero, beste ezagunen bati aurkikuntza pozgarri horren berri eman eta gertatzen zait entzutea baietz, eurenean hori erabiltzen dela, hitz edo esapide ezaguna dela, berriz ere mediterraneoa aurkitzera abiatu naizen edo zer, hori esapide arrunta dela… eta nahigabetu egiten naiz, zer ingurutan bizi ote naizen, nola narrastu ote zaidan horrela euskara.

Halaxe entzun nuen aurreko batean «mirie eretxite egon» edo «mirie eretxi» esapidea. Zenbat aldiz begiratu ote dudan hiztegia, gaztelaniazko «echar de menos», edo ingelesezko «miss» euskaraz esateko zer baliabide ditugun jakiteko. Eta, entzun nuenean ere, begiratu nuen, jo nuen Zehazkira eta beste hiztegi batzuetara, eta ikusi nuen baliabideak baditugula eduki euskaraz, asko, hala nola «echar de menos, falta sumatu, faltan bota beh, mira egin goi, beharretsi goi: la echa de menos, mira egiten dio», Zehazkin; «faltea euki, hutsunea igarri, eduki, izan, sentidu edo sentitu…» Labayrun, eta  «-en mira izan, -en falta/hutsunea sentitu» Elhuyarren, honako adibide txit egoki hauekin: «Echo de menos el café que tomábamos a la tarde: arratsaldean hartzen genuen kafearen mira dut, Se le ha muerto la mujer y la echa de menos: emaztea hil zaio eta haren falta sentitzen du». Eta, hala, lehengo larritasun, poz eta nahigabeari, beste nahigabe berritu bat gehitzen zaio orain, ezagun batzuek ez ezik hiztegiek ere esapide hori ezagutzen zutela ikusita. Tira, ez da hirukoa izan saskiratzea, esan nion neure buruari, baina gorde dezagun poz txikiago bat, mediterraneoa aurkitu ez baina neuk ezagutzen ez nuen esapide bat, gure eskualdeko euskararena ere bazena, neureganatu izanagatik.

Hurrengo pausoa, berez dator. Zergatik, orduan, hiztegian jasota egonik, ez dut baliatu inongo itzulpenetan edo testutan? Zergatik aspaldiko lagun batek telefonoz lasai-lasai eta ahalegin berezirik egin gabe eroso-eroso erabili zuen esapidea, ez dut nik baliatu orain arte?

Hara zertarako erabili zuen adiskideak esapidea:

Haur bat daukat eskolan, Boliviakoa, eta hona ekarri zuen amak handik, engainaturik. Jakingo bazenu zer negarraldi egiten dituen hango bere bizimoduarekin eta lagunekin eta senitartekoekin gogoratuta. Ba omen zeukan Andeetako txirula bat han, eta nik ekarri nion beste txirula bat opari, baina ez zela berarena bezalakoa erantzun zidan. Bere txirularen «mirie eretxite» dago…

Zelan? Nirie eresten deutsela?

Ez, mirie, mirie eretxite dagoela…

Nahiko testuinguru arrunta da, ezta? telefonozko elkarrizketa bat izateko. Bada, ez dut inoiz erabili. Zerk atzeratu izan nauen hiztegi batzuetan jasota dagoen «mira izan» hori adiera horrekin erabiltzetik? Ezjakintasunak, edo entzungabetasunak, nahi baduzue, inoren ahotan inoiz ez entzun izana eta, beraz, zer erregistro dagokion ez jakitea. Eta, ezagutu izan banu ere, gure euskalkiaren eremutik kanpo zer hedadura duen ezin jakin ez eta uzkurtu egingo nintzen erabiltzera. Zehazkik goi erregistro ematen dio, Elhuyarrek (hau poza!!!) ez. Bidea libre, hartara? Ezin jakin.

Eta halako malenkonia batek hartzen nau, jakinik zein erraz erabiltzen duten «miss» ingelesek, «echar de menos» hemengo gaztelaniadunek, «extrañar» hego-amerikarrek. Haiek bezain aise eta natural erabili zuen nire solaskideak «mirie eretxite egon». Gure inguruan, gurean, ordea, «faltan bota» dago guztiz errotuta, eta «de menos bota» ere hasi naiz entzuten. Zergatik diodan txera handiagoa «mirie eretxita egon» horri? Garbizalekeriagatik… apika, nostalgiko petrala naizelako, menturaz. Faltan bota eta hutsunea sentitu-ren artekoa izan da orain arte nire zalantza itzulpenetan, erdarazko beste esapide horien euskarazko ordaina bilatzeko orduan. Falta sentitu-ri txukuna deritzot, faltan bota-ri baino txukunagoa. Baina, hala eta ere, zer egingo dugu mira iritzi horrekin, edo Elhuyar hiztegian jasota dagoen hain eguneroko esaldi horrekin («arratsaldean hartzen genuen kafearen mira dut»), poesiarako gorde?

Zenbat hitz, beste euskalki batzuetan arruntak izan eta guk literaturaren bidez geureganatuak, antzaldatzen diren, eta ematen zaien erregistro goragoko bat, pentsatu dut (Gogoratu naiz nola irakurri nuen poesia batean gaztetxotan haiduru, eta nola entzun nuen gero xiberutarren ahotik etxalde baten aitzinean, «behien haiduru» zirela laborari batzuk eta ez zihoazela herrira… eta zer pozgarria izan zen hori ere, kasu bera baina alderantzitara).

Otu zait halaber agian hotsek, esaterakoan zail, goxo, gogor, trakets, ezti edo arin, nola jotzen diguten belarrian, bihotzean, oroimenean, oroimen sentimentalean, horrek ere izan lezakeela kutsu lauso irrazionalago bat esapide batzuen edo besteen alde egiterakoan. «Haiduru», h ahoskatu eta guzti, zirraragarriagoa zen beharbada. «Miss», ingelesentzat eta ingelesdun berrientzat, coolagoa liteke; «extraña su flauta andina», latinamerikar doinuz, gure Debagoien eta Aramaioko «mirie eretxite egon» baino gozoagoa. Itxaropen ustela sortzen zait ondoren, alemanez gurea baino are eta luzeago eta belarrirako zakarrago ote den esapidea… (izango ahal da!).

Ez dakit izango dudan aukerarik esapide hori baliatzeko gure eskualdeko euskaldun gutxi batzuen artean izan ezean, eta hain noizbehinka ikusten ditut…! Baina Andeetako txirula bat zor diot Boliviatik gurera etorritako neskato horri.

4 erantzun “Mirie eretxita egotea… eta erregistroak” bidalketan

  1. Ni ez naiz euskalduna baina kanpotik ikusita (edo kanpotik irakurririk) “mirie eretxite egon” esapidea ez zait zakarra iruditzen. Ia ia musikala dela esango nuke.
    Eta alemana ere hizkuntz musikal bat da. Ez gozoa, baina min edo nostalgia edo malenkonia (eta artikuluan hain zuzen ere nostalgia erakutsi duen esapide batez ari zara) adierazteko hizkuntzik egokiena, Marlene Dietrich-en kanta bat bezala

    salutacions

    1. Eta “mina”? Ez al da aipatu dituzunak baino zabalagoa eta jatorragoa? Nire ustez ume horrek bere txirularen mina du, besterik ez. Zorionak blog hau egiten duzuen guztioi.

  2. Eta “mina”? Ez al da aipatu dituzunak baino zabalagoa eta jatorragoa? Nire ustez ume horrek bere txirularen mina du, besterik ez. Zorionak blog hau egiten duzuen guztioi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude