Iratxe Goikoetxea Langarika
Izena aldatu diote EAEko Osasun Sailari gaztelaniaz. Departamento de Sanidad zena Departamento de Salud da orain. Euskaraz, osasun hitza ageri da, lehen eta orain.
Kontu honek berben ibilbide kapritxosoa ekarri dit gogora, zelan aldatzen diren adierak hizkuntza batetik bestera. Esaterako, sanidad/sanidade bikotean. Ez ginateke oso sano ibiliko Osasun Saila barik Sanidade Saila bageneuka. Izan ere, osasuna urruti gelditu zaio sanidadeari gibel-handitik hasi eta lotsagabetasunerako eremua hartzen du, oso-osokotasunetik pasatuta.
‘Oso-osokoa’ edo ‘xaloa’ da sanoa hainbatentzat. ‘Oso-osokoa’ edo ‘jatorra’, beste batzuentzat. Edo naturala. Edo osasun eta sasoi onekoa. Baita horrek dakarren kemenaz jantzia ere.
Bizkaieradunok, osoren parekotzat jota, adberbio graduatzaile bihurtu dugu sano ere:
- Sano gitxi jaten dau. (Bizkai euskeraren jarraibide liburua)
- Gizona sano zan jakituna. (Ahotsak, Ubide)
- Burle egin eusten sano. (Kirikiño)
Otxandio aldean, are urrunago joan, eta erabateko adizlagun eta izenlagun bihurtu da, ‘fuerte, gogor’ adierarekin: Azak usain sanoa dauka, baina gustu suabea. Kantatu sano, guztiok entzuteko moduan.
Idazle klasikoetatik lagunarteko jardunetara, eremu zabala jorratu du sanok bere eratorriekin: sanotasun (abstinentziaren alaba, Lizarraga Elkanokoaren esanetan), sanokortxo, sanopotro, sanotu…
Ekonomiak sanotu beharra daukan honetan, osasuna ei da mundu honetako ondasuna.
Beraz, osasunarekin urra dezagula urte berria.