Alfontso Mujika Etxeberria
Euskal Herritik urrun harrapatu ninduten iazko urrian Euskal Herriko giro politikoa inarrosi zuten berri nagusiek: Donostiako Nazioarteko Bake Konfererentzia eta ETAren ekintza armatuen behin betiko uztea. Etxera itzulita, postontzian pilatutako aldizkariak irakurtzeari ekin nion. Bake-konferentziaren ostean Bertie Ahern-ek irakurritako adierazpena irakurri nuen Argia aldizkarian. Laugarren puntuan, hau:
(…) Ildo horretan, eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu (…).
Ez nuen ondo ulertu, eta Berria egunkarira jo nuen. Han, berdin-berdin zegoen testua. Beraz, banatutako testu ofiziala izango zela pentsatu nuen. Erdal iturrietara argi bila jo, eta Bertie Ahernen bulegoaren webgunean aurkitu nuen ustez jatorrizko bertsioa dena:
(…) We suggest that non violent actors and political representatives meet and discuss (…)
Eta Diario Vasco egunkariaren hemerotekan ere aurkitu nuen gaztelaniazko bertsioa:
(…) Sugerimos que los actores no violentos y representantes políticos se reúnan (…)
Etsipen-puntu batez egiaztatu nuen, berriz ere, euskararen estandarizazioan badugula zer ibilirik. Ez naiz ausartzen esaten bortxatzaile “etimologikoki” gaizki dagoenik, baina, hor, egokia behintzat ez zitzaidan iruditu. Gure inguruko bi erdara nagusietan eta munduko hizkuntza nagusian bereizketa egiten da (es: violento/violador; fr: violent/violeur; en: violent/rapist [pertsona], violator); hori hala izanik ere, ez gaude gu behartuta bereizketa egitera. Ados, ez dugu bereizketa mimetikoki egin behar, baina… mesede egiten al digu bereizketa ez egiteak? Laguntzen al digu testu ulergarria lortzen? Euskaraz sortutako testua, eta ez itzulia, izan balitz, hala idaztea bururatuko zitzaigun?
Iazko gogoetatxo hori berpiztu dit, eta zabaldu, adiskide batek egin didan galdera-sortak.
Berak: «Nola esan behar dugu violencia euskaraz?»
Nik: «indarkeria edo biolentzia, nahi duzun moduan».
Berak: «Eta no violencia?».
Nik: «indarkeriarik eza edo biolentziarik eza».
Berak: «Eta violento?».
Nik: «Ba, indarkeria dakarrena adierazteko bada, indarkeriazko izenlaguna, edo, bestela, bortitza izenondoa».
Berak: «Eta biolentoa ezin da erabili?»
Nik: «Tira, Iparraldean biolent erabili izan da tradizioan, eta, gaur egun, Hegoaldean behintzat, biolento aski erabilia da, bai prentsan, bai literaturan. Ez nizuke eragozpenik jarriko biolentoa erabiltzeko».
Berak: «Orduan, no violento, euskaraz, ez biolentoa esan daiteke?»
Eta nik: «Ba, bai. Baina, Aitziber, zer duzu galdera-zaparrada honen atzean?».
Eta berak: «Begira, “Nonviolence”ko mugimendu batean nabil, eta indarkeriarik ez horrek ez digu balio. Bi hitz dira, deklinatu behar denean arazoak ematen dizkigu, eta ezin dugu hortik izenondoa atera».
Saiatu naiz, hasieran, kontra egiten. Esan diot resistencia no violenta edo el 15-M es un movimiento no violento gisakoetarako, nahikoa izan litekeela indarkeriarik gabeko erresistentzia eta 15-M indarkeriarik gabeko mugimendu bat da edo antzeko zerbait. Baina beste adibide batzuk eman dizkit (Ser no violento no es lo mismo que no ser violento…), eta esan dit ideologia bat dela, filosofia bat dela.
Orduan, beste hizkuntzetako jokabideari erreparatu diogu (es no violencia / no violento; fr non-violence / non-violent; en Nonviolence / nonviolent; ca no-violència / no violent; it nonviolenza / nonviolento), eta ikusi dugu, bestalde, baditugula tradizioan ezantsia, ezaxola, ezbehar, ezbide, ezdeus, ezgarai, ezizen, ezleku, ezordu gisakoak. Hala, ezbiolentzia eta ezbiolento ontzat ematekoak iruditu zaizkit (ez dugu ezer asmatu, dena den; ikusi dugu dagoeneko aski erabiliak direla euskaraz ezbiolentzia eta ezbiolento esanahi horretan).
Aitziber gustura antzean gelditu da; berari aukera hori iruditzen zaio egokiena, eta ziurtatu nahi zuen ez zegoela horretan hizkuntza-behargabekeriarik. Ni, pentsakor gelditu naiz, bortizkeria/bortitz (bortizkeriarik eza / ez-bortitza) aukera aipatu ere ez baitiot egin.
Indarkeria, bortxakeria, bortizkeria eta biolentzia oinak emanda, nola osatu bertsoa?
Eskerrik asko zure ekarpenagatik