ETBrentzako eredua

Asier Larrinaga Larrazabal

Oso-oso kezkatuta utzi ninduen Deiak 2012.12.09an argitaratu zuen analisiak. EiTBra etortzekoa den zuzendaritza berriak analisian jasotzen diren bezalako ideiak badakartza, euskarazko ikus-entzunezko komunikazioak etorkizun iluna du (lehenengotan «euskarazko ikus-entzunezko komunikazioa amaitutzat eman dezakegu» idatzi dut, baina tremendismoak ez dit ondo funtzionatzen). Badakit lehenago ere plazaratu direla EiTBrentzako proposamenak, gogoetak eta iritziak, baina nik muinagora jo nahi nuke (hori horrela esaterik badago).

Ahalik eta eskematikoen izango naiz, eta ETBz baino ez naiz arituko, hortxe baitago iltzea.

Abiapuntua: Ekimen pribatuaren interesik ezaren aurrean, administrazio publikoak hartu behar du bere gain euskarazko ikus-entzunezko eskaintza.

Nire iritziz, eskaintza horrek lau zutabe izan behar ditu.

1. ETB izango da aginte publikoek euskarazko ikus-entzunezkoen alorrean egotzi zaien erantzukizuna kudeatzeko erabiliko duten bitarteko edo tresna. Oso positiboa litzateke beste bitarteko batzuk ere egotea (Zinema euskaraz egitaraua, telebista lokalak…), baina koordinazioa ETBk egin beharko luke.

2. Euskarazko eskaintza euskaraz eskaini behar da. Telebista euskaraz ikusteko hautua egiten duenarentzat, onartezina eta ernegagarria da ETB1en hainbeste gaztelania entzutea.

3. ETBren euskarazko programazioak orotarikoa izan behar du, genero guztiak eta publiko guztiak biltzen dituena.

4. ETBren euskarazko programazioak ohiturak sortzera jo behar du: ordutegi aldetik, egonkorra izango da; kirolari ez zaio utziko parrilla osoa mendean erabiltzen, eta abar.

Programazio orotariko eta egonkor hori honela osatu behar da, nire iritziz.

1. ETB2ren lekua ukatu barik, gaztelaniazko emisioak ez du euskarazko emisioaren aurrekontua bahituko.

2. ETB2 ez da ETB1en lehiakide izango entretenimenduan.

3. Uko egingo zaie emisio-eskubideetan dirutzak xahutzen dituzten kirol-ekitaldiei: Txapeldunen Liga, Europako liga guztiak, ACB liga, Tourra, Vuelta…

4. Behar-beharrezkoak ditugu zuzeneko magazinak (“Horrelakoa da bizitza”, “Arratsaldero”). Euskarazko telebista bat nahi dugunontzat, gutxiespen eta umiliazio handia da programok aurrekonturik gabe egitea, eta berauen emisioa errekortariek, Danborrada Txikiak edo beste edozein huskeriak baldintzatzea.

5. Behar-beharrezkoak ditugu analisi-programak (“Firin Faran”, “Azpimarra”). Euskarazko telebista bat nahi dugunontzat, gutxiespen eta umiliazio handia da programok betegarri modura erabiltzea.

6. Behar-beharrezkoak dira kalitatezko dokumentalak. Euskarazko telebista bat nahi dugunontzat, gutxiespen eta umiliazio handia da dokumentalen eskaintza erdaldun siestagileengan pentsatuta osatzea.

7. Behar-beharrezkoa da nerabeei zuzendutako eskaintza, berariazko albistegi bat barne. Sektore honentzako programazioa Interneten osatu beharko litzateke.

8. Umeek fikzioa ere nahi dute, marrazki bizidunak bakarrik ez; Disney Channelen arrakasta lekuko.

9. Helduok ere, fikzioa nahi dugu. Barne-produkzioari uko egin barik, fikzioaren eskaintza bikoizketaren bidez osatu beharko litzateke nagusiki.

a) Elkorra da bikoizketa eta azpidazketa kontrajartzen dituen debatea. Biak kontsumitzeko aukera nahi dugu.

b) Bikoizten diren produktuei ahalik eta etekin handiena atera behar zaie. Puntu honetan, gainerakoetan baino garrantzitsuago da lehen aipaturiko koordinazioa. Ez da ulertzen Donostiako Zinemaldirako azpidazten diren filmak ez iristea Zinemaldia bera baino harago. Ez da ulertzen ETBrentzat bikoiztutako produkzioak ez iristea telebista lokaletara. Ez da ulertzen Zinema euskaraz egitarauak argitaratzen dituen DVDak ez egotea bideo-klubetan edo Durangoko Azokan. Bide batez esanda, noizko Filmografia Unibertsala bilduma?

c) Lehenago edo geroago, bikoiztutako produktuek Internetera egingo dute jauzi, eta kontsumo gehiena Internet bitartez gertatuko da; ez telebistan, ez zinemetan. Horrek esan nahi du diru publikoaren inbertsioa ez dela audientzia-datuetan islatuko. Dena dela, badirudi Euskadiko aginte publikoentzat ez litzatekeela oso gauza dramatikoa izango, eitb nahieran lekuko.

d) Euskaldunok fikzio bikoiztua kontsumitzen segituko dugu; euskaraz ez bada, erdaraz. Arlo honetan erdararantz egiten dugun urrats bakoitzak gutxienez urrats bat urruntzen gaitu euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzeko ohituratik.

10. Euskal gizarteko ekitaldi bereziak (Kontxako bandera, Lau t’erdiko txapelketa, Danborrada, Euskal Herriko itzulia, errekortariak…), orain arte bezala, euskarazko kanal batean nahi ditugu. Garrantzitsuenak, eta programazioa hipotekatzen ez duten heinean, ETB1en; gainerakoak, ETBK-Saten.

12 erantzun “ETBrentzako eredua” bidalketan

  1. 9-b puntuan dio egileak: “Ez da ulertzen Donostiako Zinemaldirako azpidazten diren filmak ez iristea Zinemaldia bera baino harago. ” Oh bai, Zinemaldiko azpitituluak iristen dira harago, http://www.filmazpit.com webgunean argitaratzen dituzte 2011. urtetik. Ez direnak harago iristen ETBkoak dira. Harry Potter saileko batzuk (beste filmen artean) euskarazko azpitituluekin eman izan ditu emisio digitalean ETBk, baina azpitituluak ez dira iritsi harago, ez dira publiko egin, ez dira partekatu.

    1. “Ez da ulertzen Donostiako Zinemaldirako azpidazten diren filmak ez iristea Zinemaldia bera baino harago. Ez da ulertzen ETBrentzat bikoiztutako produkzioak ez iristea telebista lokaletara”…
      Ulergaitza baino areago eskandalagarria da, euskara lagundu nahi ez izatea (garestia ez denean ere), euskarari hegalak mozteko politika eta euskaldunak nardatzeko borontatea. “Euskal Herria” esneari egin dioten modukoa.

  2. Kaixo denoi. Honako gogoeta hauek kontsumitzaile soil gisa egin nahi nituzke:

    Aipatu gabeko alderdi bat: kalitatea. Hiru hamarkadetan zehar militante txintxoen gisan sekulako bodrioak irentsi eta gero (tarteka kutixi goxo zenbait ere bai), uste dut honezkero kalitate minimo bat eskatzeko eskubidea irabazia daukagula.

    – Nola egin kalitatezko “magazin”, elkarrizketa eta analisi programak, gonbidatu eta solaskideetatik asko ez baldin badira behar bezala moldatzen euskaraz edozein gaitan txukun eta aise aritzeko?

    – Zenbat euskaldun dago gure komunitate txikian, hiztun eta komunikatzaile on izateaz gainera, alorren batean zerbait benetan esanguratsua esateko gai izan daitekeena? Jakina, gero eta gehiago dira horrelakoak, baina oraindik, dirudienez, gutxi xamar, EITBko programazioan ikus daitekeenez.

    – Nola ohitu jendea euskaraz bikoiztutako filmak ikustera…
    a) batzutan bikoizketetan darabilten hizkuntza-eredua erabat urruna, artifiziala eta antipragmatikoa denean? Gogoan dudan azken adibidea, “Batman Begins” bikainaren euskarazko dialogo KRIPTIKOAK.
    b) maizegi, bikoiztutako filmaren jatorrizko bertsioa geuk ederki asko dakigun hizkuntza batean baldin badago? Zer motibo dauka euskaldun normal batek Antonio Resinesen antzezpena Joseba Apaolazaren bozarekin gozatu nahi izateko, edo Joseba Apaolazaren erdarazko antzezpena Josebak berak euskaratua ikusteko?

    – Euskarazko fikzio-produkzioetan sekulako inbertsio ekonomiko eta humanoa dago, euskal idazle hoberenak dabiltza gidoilari lanetan, teknikari hoberenak buru-belarri sartuta, eskarmentu handiko aktoreak,.., Orduan, salbuespenak salbuespen, zergatik ateratzen dira hain produktu txarrak? Nor izan zen “Sukalde Kontuak” izeneko pastitxe bati dirulaguntza oparitu zion funtzionari alua?

    Eta kasu, nire iritzia besterik ez da: ez naiz ez euskaldunberri, ez euskalkidun asilbestratu, ez ikastolero ere. Euskaldun normal eta normalizatutzat daukat nire burua, dexente irakurritakoa.

    1. Eta zer premia dugu Antonio Resines ETB1en ikusteko? Ez al dago este katerik haren filmak emateko? Ez al da mundua zabala beste tokietako filmak emateko euskaraz itzulita?

      1. Horren harira oso ekarpen argigarriak “Ahoa bete hots” Mintzolaren jardunaldien liburuan argitaratutakoak.

  3. Oso hausnarketa interesgarria, Asier. Urrats bat aurrerago ere joan gintezke:
    1.- Euskarak beharrezko du bere telebista kanala, euskaldunok behar dugu uneoro euskaraz ariko den kanala. Hizkuntza gutxitua izateak babes hori behar du, erdararik gabeko euskarazko telebista. Baina gaztelerak ere beharrezko du babes hori? Ez dut nik planteatzen gaztelerazko kanala ixtea, inondik inora, baina kontzeptua bera birpentsatzea bai: erdaldunentzako kanala egin arren, euskararik gabekoa behar du? Zein logika dauka, saio grabatuetan, realityetan, e.a. euskaldun petoak erdaraz egitera behartzeak, hau da, euskaraz egitea debekatzeak? Lasai asko azpidatz litezke gazteleraz horiek. Erdaldunek ez dute sekula euskarazko kanalik ikusten, eta euskaldun gehienak bizi diren etxe mistoetan ere, nekez ikusten da euskara hutsezkorik. Gainera, euskaldunok badakigu erdaraz. Beraz, erdarazko kanalean euskarak izan beharreko lekuaz ere hausnartu beharko genuke, euskararik gabeko kanala egin ordez.
    2.- Azpidatziak. Ez dago horrela funtzionatzen duen milioi bat hiztuneko hizkuntzarik. Ezta bi, edo bost milioikorik ere ez. Bikoizketak espainolaren morrontzara garamatza, milioika ikusentzule behar ditu funtzionatuko badu. Osterantzean, aurrekontuen araberako txaplatak egingo dira beti, baita gaurko aurrekontua 20 aldiz haziko balitz ere. AEBetako ekoizpen arrakastatsuenen zati txiki bat euskaraz izango dugu, baina gainontzekoa espainolez ikustera behartuta jarraituko dugu. Espainolez, ez ingelesez edo beste edozein erdaratan, euskaraz ez dagoena espainolez ikusi beharrak haren morrontzan gatibatzen gaitu halabeharrez.
    Bikoizketa orduarekin zenbat azpidatzi ordu egin litezke? 10? 20? Beraz, nahi beste milioi euro bideratuko balira ere zinemara euskaratzera, beti izan behar dugu argi: film bat bikoizteko diruarekin 20 film izan ditzakegu euskaraz azpidatzita. Filmografia unibertsala ideia bikaina da horretarako.
    Inork ez du zalantzarik Norvegiako telebistak norvegieraz diharduela, bertako telesail eta film guztiak jatorrizko bertsioan emititu arren. Beraz, ingelesezko audioa izateak ez du esan gura ez garenik euskaraz emititzen ari, euskaraz azpidatzita badago. Abantaila ekonomikoaz harago, badugu beste bat: 30 urteren ondoren, euskarara bikoiztutako filmekiko ohitura falta. Ondo diozu, ohiturak sortu behar dira, zorionez garaiz gabiltza. Gakoa ez da, beraz, zelan ohitu ikusentzuleak euskarazko bikoizketara, baizik-eta zein ohitura komeni zaigun zabaltzea: frankismoak gaztelerari ezarritakoa ala Europako herri ertain eta txiki guztiek darabiltena? Ohitura berriak sortzeko garaiz gabiltza. Erronka, gaurko euskal gazteak europar normalak izatea 15-20 urteren buruan. Norvegiarrek edo estoniarrek edo esloveniarrek ez dute jasaten film bat bikoiztuta. Ez da esnobismo kontua, baina New Yorkeko polizia bat estonieraz ikustea ez zaie sinesgarri.
    Euskarazkoa entzuteko, euskarazko fikzioa susta bedi, eta kanpokoa bere horretan utzi, merke-merke azpidatzita (Estonian eta Letonian bi hizkuntzatan azpidazten dute, eta ohitu dira horretara, familia mistoak direla eta). Europako herri txikia izateaz gain, herri txiki normala bagina legez joka dezagun, islandiarrak, estoniarrak edo danimarkarrak bezain normalak bagina legez. Lana ondo eginez gero, euskaraz azpidatzita eta jatorrizko bertsioan ikustera ohituta dagoenak aurki ez du bikoiztutako ahots enlatatua jasango, izan euskaraz zein espainolez. Menturaz, 15-20 urteren buruan gazteek espainolezko bikoizketa ere ez dute jasango, ohituta egongo direlako jatorrizkoa ikustera. Eta hori eskaintzen dien bakarra euskaraz azpidatzita egongo da.
    Hor, agian, izan dezakegu herri normal bezala jokatzerik. Bikoizketarekin hizkuntza gutxituta daukan herri elbarrian biziko gara beti, euskaraz ez dagoena espainolaren makuluekin ikusten.
    Josu Erkorekak eredu eskandinaviarrak aipatzen zituen atzo. Serio har ditzagun ereduok. Ez dago euskaldun elebakarrik, eta etorkizunekoak ez dira elebakar izango. Saia gaitezen beraz espainola beti nagusi den elebitasun diglosikoa euskara nagusi duen eleaniztasunarekin apurtzen. Ingelesak ez dakarkio arriskurik euskarari/estonierari (euskara galdu denean, espainolak/frantsesak ordezkatu du), baina espainolaren hegemonia txikitzen du.
    3.- Horrek ez du kentzen, ETB1ek euskarazko ekoizpenetarako kanala izan behar ez duenik, akaso ETB2 da kanpoko fikziorako lekua. Baina jatorrizko bertsioan eta euskaraz (gutxienez) azpidatzita. Teknologiak ahalbidetzen du: euskarazko azpidatziak itsatsita utzi, eta erdarazkoak aukeran utzi.
    4.- Nerabeez diozuna behar-beharrezkoa da. Baina ez dezagun ahaztu: Al Jazeera eta BBC eta Telemadrid ikusten ditugun sasoiotan Nafarroako umeak euskarazko marrazki bizidunik gabe ari dira hazten. Espainian 45 milioi izan arren Latin Amerikan sartzeko ahaleginetan dihardute, baina gure hiztunen % 15ek ezin ikustea konpondu ezineko arazotzat daukagu. 4. puntuan jarri arren, lehendabizikoa beharko luke etorkizunaz ardurarik duen edozein gobernu abertzalerentzat. Nafarroako Gobernuko nazionalista antieuskaldunentzat hala da.

  4. Bat nator Urtzirekin. Eta Asierrek programazioari buruz idatzitako 2. puntuan oinarrituta, neurri zehatz bat proposatu: ETB1en eta ETB2ren ekoizte eta programatze ereduak trukatzea.
    ETB1en eguerdiko albistegia eta gaueko prime-timea ekoizten dira orain. ETB2n aldiz, goizetik hasita ia egun osoko ekoizpen propioa aurkituko du ikus-entzuleak. Baliabide ekonomiko mugatuak ditugunez, aukera hori egin izan dute zuzendaritza desberdinek, bi kateen arteko oreka handiagoaz edo txikiagoaz, urteak joan eta urteak etorri.
    Aukeratu beharra badago, zergatik ez alderantziz egin? Zergatik ez ETB1i eman lehentasuna ekoizpen orduei eta aurrekontu handiagoko saioei dagokienean?

  5. EHU-EiTB multimedia masterreko ikasleok orain dela hilabete pasa EiTBn izan ginen programazio buruarekin. Audientziak nola neurtzen dituzten ikusi ostean, programazioa nola antolatzen duten ere ikusi genuen. Argi geratu zitzaigun han ginen guztioi, iragarkiengatik lehian ETB2 ari dela gainerako gaztelerazko kateekin. ETB1 hortik kanpo utzita dagoela aspaldi, inoiz egon bada. Hortaz, argi izanik ETB1ek lehia hori gaindituta duela, zergatik ez Asierrek eta Urtzik aipatzen duten “ohitura” sortzea serio hartzen? Ohitu gara jada kirol saioan euskaraz ikusten; izan gaitezen anbizio handiagokoak. ETBn kontatu zigutenez, telebista orokorrean geroz eta gehiago ikusten bada ere, adin tarte guztietan, 4-12 urte bitartekoen artean geroz eta argiago dago euren interesa telebista tematikoak direla. Kalitatezko programazioa euskaraz egin daitekeela badakigu. Egin dezagun, morrontzarik eta konplexurik barik.
    Urtzi oso interesgarriak aipatu dituzun Iparraldeko herri txikien telebista ereduak.

  6. Urtziren erantzuna dela eta, kontu batzuk argitu behar direla uste dut, gaizkiulerturik egon ez dadin. Badakit eztabaida beste bat dela, baina tira, ausartu egingo naiz.
    Lehen kontua: ez da egia frankismoak gaztelerari bikoizketa ezarri zionik, ezta hurrik eman ere. Gaztelerazko bikoizketa Francoren diktadura baino lehenago hasi zen, eta Paramount edo Universal bezalako produktoreen eskutik heldu zen bikoizketa Europara eta Espainiara (1932an, hain zuzen).
    Bigarrenik, datuak ezin dira hola eta hola bota. Hortaz, “film bat bikoizteko diruarekin 20 film izan ditzakegu euskaraz azpidatzita” baieztapena ez da egia. Egia da prezioak oso baju daudela, baina horrenbeste ez. Bikoiztea hiru edota lau aldiz garestiagoa da: beraz, lauzpabost film azpidazteko bai, baina ez 20.
    Datuak alde batera utzita, bi gauza daude oso argi: gazteek ez dute telebista ikusten (ez euskaraz, ez gaztelaniaz) eta etorkizunak. (bihar bertan) Internet du izena. Eta hor bikoizketa vs. azpidazketa eztabaidak ez dauka inolako tokirik, batez ere kontuan hartzen badugu gazte jendeak gero eta hizkuntza gehiago ikasten duela.
    Gaizki esanak barkatu eta ondo esanak gogoan hartu.

  7. Nafarroatik laguntza eskatu nahi dut. Kanal horietatik ETB1 eta ETB2 analogikoan eta irudi kalitate eskasarekin iristen zaigu, eta zonalde batzuetara bakarrik (herriberako herri batzuetara ez da heltzen). Hemengo euskaldunok ez omen dugu euskarazko komunikabideen eskubiderik,…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude