Nola bereizi euskaraz sortutako eleberri bat eta euskarara itzulitako bat

Angel Erro

Irakurleak ez ohi du arazorik izan eskuartean duen eleberria zuzenean euskaraz sortutakoa den ala beste hizkuntza batetik euskarara itzulia izan den jakiteko. Datu hori ez ohi da ezkutatu eta azkar identifika daiteke. Itzulpena zeinek egin duen, liburuko azalean ez bada, barneko datu bibliografikoekin batera agertzen da. Baina orrialde hori erauzia izan balitz, esaterako, ahaztu eta desagerrarazi beharreko eskaintza eskuidatzi bat, egileak berak egina ala liburuaren jabeetako batek, jasangaitz iritzita, norbaitek hala egin duelako, irakurleak oraindik jatorrizko hizkuntza egilearen jatorritik erator lezake. Baina hori ere ez baleki, izenburua ere ukatuko balitzaio, euskarazko testu luze bat (eleberri bat izateko adina behintzat), barruan fikziozko istorio bat duena, topatuko balu, eta jakin-minagatik edo bestelako beharrengatik (epaiketa batean aditu baten azterlan batean, esaterako) ebatzi nahiko balu euskaraz sortutako eleberri baten ala euskarazko itzulpen baten aurrean ote gauden, nik uste dut testuari bakarrik erreparatuta badagoela hori ebazterik.

Hau ez da kontu hutsala, azpi-azpian idazleen eta itzultzaileen artean idazmoldeen ezberdintasuna suma baitaiteke, gu, lehen hurbilpen honetan, horren barnera iritsiko ez bagara ere. Bi irizpide baino ez ditugu aipatuko.

Bereizteko modu bat onomastikak eman diezaguke. Pertsona izenak aspaldian ez dira itzultzen. Eta itzulpena izan ala ez, bere horretan iraun ohi dute. Baina hainbat motiborengatik fidagarritasun gutxiko metodoa da. Euskal izen batzuk arrakasta handia lortzen ari dira hemendik kanpo. Gurean ere, erdaldun elebakarren artean euskal izenak barra-barra ibiltzen dira. Ia edonon kokatutako erdal nobela batek izan zitzakeen euskal izendun pertsonaiak. Eta, alderantziz ere, euskarazko nobela batean ez da batere ezohikoa erdal kutsuko izenak baliatzea, kanpoko merkatuan pentsatuz beharbada.

Hori baino modu seguruagoa deritzot, horri buruzko informazioa ematen denean, pertsonaien jatorri geografikoari. Norabide bakarrean erabili badaiteke ere. Pertsonaia guztiak, gehienak edo bakar bat Euskal Herrikoak izateak ez du bermatzen eleberria euskaraz sortu izana, baina haietako batek ere Euskal Herriarekin lotura minimo bat ez izateak bai demostra lezake eleberri hori ez dela euskaraz idatzia izan; nik orain gogoan dudala, Bernardo Atxagaren Zazpi etxe Frantzian da arau hau apurtuko lukeen salbuespen bakarra (hau idazten dut bakarra hitza erabiltzearen arrisku gertua nire gain hartuz), seguruenik euskal eleberrigileak euskal irakurleari zuzenean norekin identifikatu emateko beharra sentitzen baitu oraindik.

Beste modu bat inkrustazio metodoa dei genezakeena da. Lexiko teknikoa saihesteko euskal idazleak erakusten duen joera, euskal itzultzaile batek ezin duena beti saihestu. Itzultzaile batek un arcón con incrustaciones aurkituz gero, «kutxa inkrustazioduna» emango du, Zehazki hiztegiak bezala (edo, Zehazkiren beste adibidea ematearren, «en un arcón con incrustaciones de nácar, nakarrezko inkrustazioak dituen kutxa batean»; Elhuyar hiztegiak ere: «un anillo con incrustaciones de oro, urrezko inkrustazioak dituen eraztuna»).

Egia da inkrustazio ez dela egunero erabiltzeko moduko hitza. Baina, Ereduzko Prosa Gaur bilatzailean arakatuz gero, euskaraz bost aldiz eta beti itzulpenetan erabili da (eta, bost hizkuntza ezberdinetatik euskaratuta, bost eleberritan erabili duten lau pertsonak itzultzaileak izan dira). Honek ez du esan nahi ez denik jatorriz euskaraz sortutako testu batean inoiz erabili, baina esanahitsua bai iruditzen zait.

Inkrustazio metodoa deitu dut baina susmoa dut holako beste hitz asko daudela (alferrik eta nekosoa litzateke zerrenda bat osatzen ahalegintzea).

14 erantzun “Nola bereizi euskaraz sortutako eleberri bat eta euskarara itzulitako bat” bidalketan

  1. Oso interesgarria, Angel.
    Zure bigarren irizpide horri jarraituta azterketatxo bat egin dut duela gutxi, arrazoi akademikoengatik, eta horrelako beste zenbait datu aurkitu ditut. Adibidez:
    a) Euskal idazleen liburuetako pertsonaiak gutxitan geratzen dira atalasetan: edo barruan, edo kanpoan, baina ez erdibidean. Itzulpenetako pertsonaiak zalantzatiagoak dira, nonbait, eta noiz edo noiz atalasetan geratzen dira, barrura egin edo ez erabaki ezinik.
    b) Itzulpenetako pertsonaiak askotariko ehunez jantzirik ageri dira: flanelaz, belusez, satinez, popelinaz, tafetaz… Euskal idazleen pertsonaien artean, mahoia eta pana/belus ildaskatua nagusi.
    Gauza bera koloreen ñabardurei dagokienez: gorrixkak, gorrikarak, gorriminak, gorrindolak… ugariagoak dira itzulpenetan. Emaitza gorabeheratsuak lortu nituen, ordea, “haizetako-garbigailu”, “bihurkin”, “xurgagailu” eta antzekoekin. Eskularru(en) kaxak eta kutxak, adibidez, antzera erabiltzen dira bi corpusetan. Jon Alonsok ere aipatu du adibide hori BAT aldizkariko artikulu batean, duela gutxi.
    Gaiarekin jarraitzeko asmoa dut. Inork iradokizunik balu…

  2. Gaian interesa dutenentzat: Isabel Etxeberriaren lan-akademiko horren berri EHUk argitaratuko duen Axun Aierberen omenezko liburuan argitaratuko da.

  3. Arrunt interesgarria da artikulua, eta erabat ados nago zurekin: neroni ere ohartua nintzen maiz itzulpenetan aurkitzen nituela bertzelako liburuetan aurkitzen ez nituen hitzak. Irizpide onomastikoari dagokionez, nik uste badela bertze salbuespen bat: Harkaitz Canoren Belarraren ahoa hain zuzen, (eta, ipuinak onartuz gero, Bertol Arrietaren “Ordezko atezainaren balada”, Alter Ero liburuan).
    Zure artikuluan (eta Isabel Etxeberriaren erantzunean ere bai) paradoxa bat agerian gelditzen da: oraindik, irakurle anitzek muzin egiten diote itzulpenak irakurtzeari, benetako euskara euskaraz sorturiko testuetan dagoelakoan. Alta, bistan da itzulpengintza dela euskararendako arlo jakin batzuk irabazten ari dena, eta, beraz, itzultzaileen lana euskal literaturaren nakarrezko kutxan inkrustazio hutsa baino aise gehiago dela.

  4. “Inkrustazio” ez dela egunero erabiltzeko modukoa? Zein du, ba, euskarak, egunero erabiltzeko moduko ordaina?

    1. Xabier Aristegietari erantzuten saiatuko naiz, Angel Errorren baimenarekin, gaiari buruz gogoeta egiten jarraitzeko aukera ematen baitit.
      “Inkrustazio” ez da egunero erabiltzeko moduko hitza hitz horrek aditzera ematen duen errealitatea ez delako egunero izendatu ohi dugunetakoa. Euskal hiztunok ez dugu gure eguneroko hizkuntza-ekoizpenetan errealitate hori izendatzeko beharrik izaten; ez “inkrustazio” maileguaren bitartez, ez bestelako euskal hitz baten bitartez ere (baldin eta hori adierazi nahi badu Xabierrek “Zein du, ba, euskarak, egunero erabiltzeko moduko ordaina? ” galdetzen duenean). Eta euskaldunek bezala, ez gazteleradunek, ez frantsesek, ez beste erdaldunek ez dute errealitate hori maiz aipatu behar izaten. Kontua da erdal literaturetan bai ageri dela hitz hori, gurean baino maizago, EPGko datuek erakusten dutenez. (Kopuruak txikiak dira, bai, baina kopuru txikiko adibideak ugari badira, joera sistematiko baten zantzua ikus daiteke hor). Izan ere, literaturak, errealitatea irudikatu nahi izaten badu ere, ez ohi du baliatzen errealitate horretan benetan erabiltzen den hizkera, oro har (salbu eta efektu zehatzen bat lortu nahi denean). Eta hizkuntza guztietan badira, beraz, hainbat hitz eta molde eguneroko erabileran ohikoak izan ez arren literatur testuinguru batean normal samarrak (erraz erabiltzekoak eta irenstekoak?) gertatzen direnak. Euskaraz ez da maila berean gertatzen, ordea, edo hori ulertu (nahi izan) diot Angel Errori.
      Jon Alonsok, aurreko nire erantzunean aipatzen nuen artikuluan, ez dihardu itzulpenen eta euskaraz sortutako literatur testuen arteko aldeaz, ezpada hizkuntzaren garabidean literatur hizkerak egin dezakeen ekarpenaz, baina gakoa seinalatzen asmatzen duelakoan nago. Alonsok dioenez, tresna (hizkuntza) badugu, baina, diglosiaren eraginez, tresna hori sinesgarri bihurtuko duen erabilera-eremua edo erabilera masa kritikoa falta dugu (hitzez hitz aipatzen ari naiz ia). Eta Joseba Sarrionandiaren gogoeta bat ekartzen du testura: “Hizkuntzak berez dira edozertarako gai, baina gai egiten diren neurrian (…). Euskara eta bi erdarak maila desberdineko hizkuntzak dira soziologikoki eta psikologikoki”. Euskal hiztunok (idazle zein irakurle) oztopo diglosiko-soziologiko-psikologikoak ditugu berez gai den hizkuntzaren baliabide guztiak naturaltasunez erabiltzeko; baina testu itzuliek eremu berri horiek geureganatzen lagundu diezagukete.
      Bide batez, aurreko mezuan buruz ari nintzen, eta huts egin nuen: “eskularru(en) kutxa” adibidea hitzaldi batean entzun nion Jon Alonsori; artikuluan “lanbasa/fregona” adibidea erabiltzen du.
      Eta azkenik, nori berea. Jon Alonsoren artikulua hemen: “Literatura eta euskararen garabidea”, BAT soziolinguistika aldizkaria, 2012 (2), 83, 155-166.

      1. “Egunero erabiltzeko moduko” esatean nik ulertzen dudana da “beharra sortzen den bakoitzean erabiltzeko moduko”. Adibidez, “bisigu” hitza bezalako bat gure eguneroko hiztegiko parte da, nahiz eta, noski, lasai asko egun mordoa pasa dakigukeen hitz hori esan edo aditu gabe.
        Gaztelaniaz, “incrustación” izena eta “incrustar” aditza hiztegi arrunt-arrunteko parte dira: batez besteko hizkuntza-maila duen edonork erabiltzen eta ulertzen ditu (horretarako aukera sortzen denean, jakina), inolako hizkuntzalaritza-aditu edo hizkera espezializaturen erabiltzaile izateko beharrik batere gabe. Alegia, ileapaindegi batean bertan ere entzun daitezkeela “le han regalado un brazalete con incrustaciones de diamantes”en tankerakoak.
        Benetan, ez dut ulertzen nola esan dezakezun “euskal hiztunok ez dugu gure eguneroko hizkuntza-ekoizpenetan errealitate hori izendatzeko beharrik izaten; ez “inkrustazio” maileguaren bitartez, ez bestelako euskal hitz baten bitartez ere”. Antza, zu eta ni mundu arras ezberdinetan bizi gara.
        Orain dela egun batzuk, Itzul zerrendako mezu batean, azeriaren eta mahatsen fabula hizpidera ekartzeko beharra gertatu zitzaidan, eta gaurkoan, berriro ere, frogatuta ikusten dut euskal itzulpengintzaren mundu honetan fabula horren irakaspena aplikatzeko dagoen premia gorria. Izan ere, zerbait euskaratu behar eta horren euskarazko ordain superjatorrik aurkitzen ez denean, hain dago gure artean zabaldua eta errotua dena delako espresioaren “beharra” zalantzan jarri eta are bipil ukatzeko ohitura, zezenari adarretatik heldu beharrean!

  5. Ez dut uste horren urriak direnik Euskal Herriarekin inongo zerikusurik ez duten narrazioak, eta horrenbestez euskarazko edo Euskal Herriko izenik erabili gabe idatzitakoak. Hori bai, esango nuke ugariagoak direla horrelakoak 90eko hamarkada baino lehenagoko lanetan.

  6. Xabier, urte asko dira ez naizela ile-apaintzailearenera joan, baten bati lagun egiten ezpada, baina egingo nuke inoiz ez dudala halakorik entzun hango berriketa arinean, ez erdaraz ez euskaraz. Alegia, “Le han regalado un brazalete de diamantes”, bai, edo “Perladun lepoko bat”, baina “un brazalete con incrustaciones de diamantes” behin ere ez.

    Izan liteke ile-apaintzaile chic garesti, edo txit garesti, horietako batenean halakorik entzutea, baina nire mailakoetan ez, horratik (beharbada, soziolektoa ere bada tartean, eta ez teknolektoa).

    Besterik da museo batera joan eta han “Valerio Kaioren errauts-kutxa, marmolezkoa eta bolizko inkrustazioduna” ikustea. Han, bai, jakina.

    Hala ere, zure tema horretatik segi liteke “Harri batzuk inskrustatu zitzaizkion belaunean erori zenean” esatea badagoela, eta, are, normal-normala dela, baina horretan, beste gauza askotan bezala, euskara eta gaztelania ez dira simetrikoak, euskaraz honelatsu esango baikenuke: “Harri batzuk sartu zitzaizkion belaunean erori zenean”. Horrek ez gaitu baldresago eta landerrago egiten. Nik uste.

    Halakoen zale izanez gero, erdaraz egitea ere badago, jakina, Hesoporen alegien laguntasunik gabe ere. Beraz, bankuari mailegua eskatu aurretik komeni da sakelan sosik duzun begiratzea, korrituak uste baino handiagoak izaten dira eta.

    1. Iñigo: ez dugu, noski, eztabaidagune hau ileapaindegi-izenen haizaleku bihurtuko. Baina gaztelaniaz “incrustar” edo “incrustación” maila jasokozat jotzea bezalakoek beldur sentiarazten didate gure eguneroko jardunaren bidez euskara lantzen dugunok garapen-eredu hartzen ditugunen zer-nolakoez.
      Niri ez zait hizkuntzaren normalizazio-seinale iruditzen euskararen egunerokotasunak zehaztasun-maila jakin bateko hitzak ustezko arroztasunagatik edo dena delakoagatik ezin bereganatzea, bitartean gure inguruko hizkuntzetan bai erabilera aktiboan eta bai pasiboan zehaztasun askoz ere handiagoko hitz eta espresioak inolako problemarik gabe, natural-natural, hitzetik hortzera dabiltzanean.
      “Inkrustatu”? Zergatik ez? Esadazu: euskarazko zer hitz jator zapaltzen du horrek? “Sartu”? Duela gutxi Koldo Bigurik “Humpty Dumpty-ren hiztegi”az idatzitako iruzkin zolia datorkit gogora.
      Ohargarriena da, alabaina, hain zuzen ere eguneroko erabilerak erakusten digula euskaldunek/ok etengabe hartzen ditugula maileguak. Beraz, planteamendua ez da euskaldunek erabiltzen ez dituzten hitzak haiei norbaitek erabilarazi nahi dizkiela, baizik eta zeharo alderantziz: egunerokotasunean erabili egiten dituzten hitzak debekatu nahi zaizkiela, euskaldunen utzikeriaren ondorio bailiran (eta ez zehaztasun-bilaketa berariazko nahiz oharkabe baten emaitza), “hizkuntza-jatortasun” halako bati buruzko ikuspegi zehatz batetik.
      Eta, hari horri tiraka, esan behar dut ezen, kazetaritza sentsazionalistan bezala, zeinak goiburuetako bat baitauka “ez utzi egiari albiste on bat hondatzen”, gehiegitan egiaztatu izan dudala nolabaiteko hizkuntza-jatortasunaren ikuspegi hori defendatzen dutenak atxiki egiten zaizkiola “ez utzi esanahiarekiko leialtasunari euskarazko espresio superjator bat bazter utzarazten” gidalerroari. Izan ere, soilik horrela uler daitezke urte hauetan eman izan diren zenbait arau, edo orientabide edo ustezko kalko okerren salaketak. Eta soilik horrela uler daiteke Angel Errok bere artikuluan esaten duena: maileguak gehiagotan agertzea itzulpenetan (non testugilearen jarduneremua, bistan denez, askoz ere murritzagoa baita) sormen-lanetan baino (non autorea ia beti moldatu ahalko baita hitz gatazkatsu bati iskintxo egiteko).

  7. Xabier, uste dut oso oker zaudela uste baduzu idazlea iheska ibiltzen zaiola hizkuntzari. Edertu, findu egiten duela, tira, baina, nik euskaraz idazten dudanean, euskaratik euskarara idazten dut, eta ez erdaratik euskarara. Alegia, euskararen sistema autonomotik aritzen naiz.

    Harri bat belaunean sartu zaizunean, “inkrustatu” behar duzula uste baduzu, barkatu, bi aukera daude: edo menderatuaren konplexuak bizi zaitu, edo erdaratik etengabe itzultzen ari zara.

    Hori guztia onez esanda.

  8. Iñigo, hemen inork ez du esan “inkrustatu” “behar” duenik. Ez zaitez, beraz, erabileraren debekua/erabileraren behartzea manikeismo horretan eror.

    Psikologiaren esparruko irakurketak, niri, zuri, edo edonori buruzkoak, guztiz interesgabeak dira.

    Euskaraz aritzean idazleak askotan saiheste-lanak egiten dituela, era askotakoak, ez daukat inolako zalantzarik.

  9. Askotan bezala, gai minberegia omen da, agidanez, patxadaz hitz egiteko (neure buruaz ere ari naiz, ez pentsa).

    Hala ere, hizkuntza asepsiatik ezin azter daiteke, eta iruzkin psikologiek badute funtsik bakoitzaren buruerak ulertzeko. Ez nuen inor iraintzeko asmorik.

    Bide batez: nik ez dut inoiz sentitu hizkuntza azpigaratu batean nabilenik, diglosiak diglosia, egunero ikaskizu berriak ematen baitizkit (ez hizkuntzak berak, jakina, erabiltzaileek berek baino).

    1. Ni beti prest zurekin edo nahi duen edonorekin iritzi-trukean aritzeko, Iñigo. Argudio “teknikoak” erabiliz gero, ez dago zertan sumindu edo minberatu.

      Nik bai sentitzen dut, kasu batzuetan, euskaraz zenbait gauza findu beharra dagoela. Alabaina, hori ez da bateraezin, noski, zuk diozun bezala euskaraz egunero ikaskizun berriak aurkitzearekin.

      Gustura irakurtzen ditut zure artikuluak eta, iritziak iritzi, horiek ere eskaintzen dute jakingarririk. Eutsi zeregin horri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude