Iñaki Iñurrieta Labaien
31 eskutiken orain arte agertu diren artikuluei begira, ildo edo zain ezagun bat agertzen zait nabarmen: zerbait (hitz, esapide, egitura edo erabileraren bat) ez dela zuzena edo egokia argudiatzen duten artikuluak. Era horretakoak dira, esate baterako, Alfontso Mujikaren «hiru etxe-kaleratze ematen dira egunero», Juan Garziaren «Balizko ausazko premiazkoak» edo Juan Luis Zabalaren «Baina eta bainoren arteko borrokak». Esan dezadan bertatik bat natorrela artikulu horietan esaten denarekin.
Zain horretako ageri zaizkit, halaber, Iñigo Errasti «-tze aldera»ren erabilera kritikatzen duenean, edo Juan Luis Zabala –aurrekoari egin iruzkinean– «nago»ren erabileraz gogaituta ageri denean. Bi kasu horietan, gustu kontuak jartzen dira auzitan. Kritikatzen dituzten bi erabilerak datoz OEHn; lasai asko erabil daitezkeela iruditzen zait, nik behintzat hala egiteko asmoa dut, adierazi nahi dudana esateko egokiak iruditzen zaizkidan bakoitzean. Sumatu gabe nengoen aipatzen duten saturazio hori. Ez dakiela gerta bi esapide horiei bati gertatu zitzaiona: halako batean, zabaldu zen bat gehiegi erabiltzen genituelakoa, eta, kontsigna horren hotsera, han joan ziren desagertuz bat asko eta asko…, harik eta Juanek salbatzeko aldarria egin arte.
Zain horrek badu bere kontrakoa (edo osagarria, nondik begiratzen den), hau da, debekuen kontrakoa: ez dugu hain estu lotu behar geure burua. Lasaiago onartu behar ditugu erdal jatorriko hitzak, kalkoak…, komunikatibotasunaren mesedetan. Ikuspegi horren arabera, erabilerak du munta, zer erabiltzen den (jotzen da ezen, zerbait erabiltzen bada, premia bati erantzuten diolako, edo gabeziaren bat betetzen duelako erabiltzen dela). Beste joera hau lehenengoari emandako zenbait erantzunetan agertu da gehienbat.
Bi joera horien arteko elkarrizketa ikusi dugu Beñat Oihartzabalek eta Igone Zabalak adierazi aditzaren erabilera biologiako berri baten inguruan trukatu dituzten iruzkin luzeetan. Bigarren joeraren ildoan ikusten dut Jesus Mari Agirrek baliabide prepositiboen alde egindako proposamena ere. Horrelakoak ez dira asko agertu orain arte, eta horretarako ere baliatu behar genuke plaza hau.
Igone Zabalak aipaturiko garapen funtzional kontzeptua da hor gakoa. Denok ikusten dugu mugak zabaldu beharra dagoela, inguruko hizkuntzetan esanda dauden eta esaten diren gauza asko esan gabe daudela oraindik euskaraz. Kontua da nola zabaldu mugok.
Kanpoko erak kopiatzea eta kalkatzea da, beraz, bide bat. Hizkuntza guztiek egiten dute-eta, zergatik ukatu hori geureari. Kopiatze horrek, maiz (beti?), zenbait hitz eta esamolderi balio berriak ematea esan nahi du. Hala, Igonek berak adierazi aditza iragangaitz darabilenean.
Ingelesek ez omen zekiten sentimental jartzen, edota, jarrita ere, ez omen zekiten sentimental jartzen zirenik, harik eta Sternek, hitza alemanetik kopiatuta, Bidaia sentimentala idatzi zuen arte.
Idazle zaharretan gorderik eta ezkutuan dauden baliabideak berraurkitzea da beste bide bat. Itzultzaileok ditugun arazo edo premia askoren erantzuna haietan gorderik dago, ezkutuan. Horretan bai ez zaigula zereginik falta. Gero eta tresna hobeak ditugu, gainera, bilaketarako: OEH bera, edo corpusak arakatzeko tresna gero eta zorrotzagoak, egunotan iragarri diguten kalkoen behatokia…
Bestalde, era batera edo bestera, itzultzaileok askotan izan dugu sentipen hori gure lanean, molde berriak asmatzen ari garelakoa; bitariko sentipena izan ohi da: batzuetan, asmatutako horren gordinak traba egiten digu, eztarriko lakarrak nola; beste batzuetan, berriz, zerbait txukun asmatu dugulako sentipenak bete izan gaitu, bete eta puztu ere bai tarteka. Hala ere, esango nuke gehienetan urrats horiek hor geratzen direla, inork inon jaso gabe. Batzuk beharbada jasoko ziren edo dira Kalkoen Behatokian, baina ez dut uste denak hor sartzeko modukoak direnik; bestelako behatokiak ere behar ditugula, alegia.
Harrikadarik futuristenak ere egin dezake bidea. Ikusi besterik ez dago nola baliatu zuen Xabier Olarrak Jesus Rubiok (Euskarararen garabideaken) eta Erramun Gerrikagoitiak (bere idatzien praktikan) proposatutako bidea Queneauren estilo-ariketetako bat itzultzeko; «harrikada futurista prepositiboa» izenekoa, hain zuzen ere.
Harrikada, nik botatakoa bai ederra! “Sentimental” hitzaz diodana, erabat sinetsita nengoen halaxe irakurri nuela noizbait. Artikulua bidali eta gero, ordea, hor geratu zitzaidan zalantza-izpi bat, eta iturria ondo kostata aurkitutakoan, hara non ikusi dudan kontua alderantziz dela. Hitza, XIV. mendearen hondarrean frantsesetik mailegatutako “sentiment” hitzaren eratorpena, 1749an agertu zen lehen aldiz ingelesez idatzita. 1763an, “Bidaia sentimentala” argitaratu zenean, moda-modan zegoen Londresko pinpirin eta esnob guztien artean. Sternek moda hori hartu, eta obsesio bihurtu omen zuen nazioartean: Frantzian eta Alemanian, jendea sentimental jartzen hasi zen edozertarako. Frantsesez, Sterneren eleberriaren itzulpenean agertu zen lehen aldiz “sentimental” (1769); alemanez, “Bidaia”ren itzultzaileak (1768) “empfindsam” neologismoa erabili zuen “sentimental” esateko.
Oso iruzkin ederra iruditu zait.
Ñabardura bakarra: “itzultzaileok askotan izan dugu sentipen hori gure lanean, molde berriak asmatzen ari garelakoa”. Itzultzaileok… eta zeinek ez? Saia zaitez euskaraz ganorazko zerbait idazten, eta berehala datorkizu gainera sentsazio hori (ahozko euskaraz ere… ez dakit). Zentzu horretan Amurizak arrazoi osoa duelakoan nago.
Erremedio bakarra: gehiago saiatzea, gehiago irakurtzea, gehiago ikastea, gehiago idaztea… eta egingo dugu bidea.
Ez dakit beste biderik (araugintza zabalagoa eta zorrotzagoa, adibidez) ote dagoen, edo eraginkorrak liratekeen egiazki. Esango nuke ezetz, arazo honetarako ezetz.
Epa, Iñaki:
Saturazio/abusu sentipena guztiz subjektiboa da, jakina, eta hor ez daukat nik ezer esateko.
Dena dela, OEHn agertzen dela diozu, baina nik neuk Juan San Martinen hiru-lau adibide besterik ez ditut aurkitu (“-tze alde” darabil hark, gainera). Helburuzko adieraz ari naiz, ez nahiko ondo dokumentaturik dauden beste bi adierez. Eskertuko nuke esatea non topa daitezkeen -tze alde/aldera eta, esaterako, -tzeko/-tzearren berdin erabili izan direla erakusten duten adibideak.
San Martin handia izanik ere, harengandik hasita agertzen bada “tradizioan” erabilera hori, “-tze aldera”-k gaur egun duen hedadura gehiegizkoa iruditzen zait niri (nahiz eta Eibarren arrunt-arrunta izan… ez dakit hala den ere).
Ez naiz erabilera berrien eta mugak zabaltzearen kontrakoa (eta bat nator zurekin goian idatzi dituzun hainbat kontutan), baina halakoak neurriz erabili behar direla uste dut, eta, batez ere, beharrezko direnean. Ez dut ikusten zer abantaila, ustezko dotoretasun edo hobekuntza nabari ematen digun “-tze aldera” batek, helburua adierazteko erabili izan diren beste baliabideen aldean. Kontrakoa frogatzen badidazu, zintzo-zintzo onartuko dut arrazoia duzu(e)la.
Ondo ibili,
Iñigo
Iñigo laguna:
San Martinenez gainera, beste hauek ere badatoz OEHn:
“Egurra eman digute kentze aldera (G-azp),
[…] bildotsa ematen diote lan egite aldera (AN-gip)” Gte Erd 281.
Zaldia emaztearentzat, eta aizturrak bedorrentzat, testamentua egite-aldera. Urruz Zer 123.
Beraz, gutxienez, Urruzuno (1944-1923) arte atzeratu behar da tradizioa.
Guztira ere ez dira asko, egia, baina hain zuzen horrexegatik har daiteke «-tze aldera» garapen funtzionaltzat, edo hala iruditzen zait niri. Zer abantaila dakarren? Beste aukera estilistiko bat gehiago helburua adierazteko (“jator exotikoa”, nahi bada), eta hori lehendik zeudenei traba egin gabe, sisteman «zarata» edo nahasmenik sortu gabe, hori ere nahitaezkoa baita funtzionaltzat hartzeko.
Kaixo, berriro, Iñaki:
Uste dut ez dituzula zuzen interpretatu goian aipaturiko esaldi horiek. Begira non datozen, hau da, “Aldera” sarreraren d) letraren barruan (“a cambio de, en pago de” da esanahia; zerbaiten trukean, ordainetan). Gutxi gorabehera hau esan nahi dutela esango nuke: “Egurra eman digute, (egur hori) geuk kentzearen truke”; “bildotsa ematen diote lanaren truke”, eta “zaldia emaztearentzat, eta aizturrak berorrentzat, testamentua egitearen truke/lan horren ordainetan”. Ez dira, beraz, helburuzko perpausak.
Berriro diot, oker egongo naiz igual, baina ez dut, San Martinen adibideetatik kanpo, halako besterik topatu OEHn. EGLUn ere ez da aipatzen haren aurreko autorerik. Villasanteren sintaxi-lanetan ez dut aurkitu “-tze aldera”ren aipamenik. Horri, beste zerbait balitz, ez litzaioke txokokeria esango?
Ni ez naiz nor txarto dagoela esateko (eta ez dut halakorik esan), baina zalantza egin dezaket, baldin eta sumatzen badut halako jatorri “mugatua” (denboran/euskalkietan?) duen erabilera bat bera baino zaharrago diren eta hedatuago dauden erabileren aldaera elegantetzat jotzen dela; izan ere, maiz hala gertatzen dela iruditzen zait (irudipen hutsa izango da, ziur asko); alegia, exotikotik eleganterako saltoa erraz-erraz egiten duela askoren buruan, eta, adibidez, “-tzeko” edo “-tzearren” jarriko luketen lekuan, zerbait berezia behar-edo, eta gure “-tze aldera” honetara jotzen dutela, eta bitxia zena, gutxika-gutxika, jaso bihurtzen dela, ia guztiontzat arrotza izatea beste merezimendurik izan gabe.
Bueno, Iñaki, nahikoa eta gehiegi luzatu naiz. Buka dezadan zurekin guztiz bat natorren kontu batekin: altxor eder asko daukagula idazle zaharren lanetan gorderik, eta, lan nekea izan arren, merezi duela haien bila joatea, urrea balio baitute sarri han aurkitzen direnek.
Ondo-ondo ibili.
Iñigo,
Utzidak pixka batean jarraitzen, oraintxe hasi nauk-eta argi pixka bat sumatzen, hirekiko elkarrizketa honi esker, niretzat garapen funtzional den kasu honetan.
Hain zuzen, hiru esaldi horiek oker interpretatzeak berak erakusten zidak bidea. Oker interpretatu baditut, bi interpretazioak ez zeudelako bata bestetik hain urruti interpretatu ditiat oker (eta, beraz, hain oker ere ez ditiat interpretatu). “Bildotsa ematen diote lan egite aldera”: konforme, hori dioenak “bildotsa ematen diote lan egitearen truke” esan nahi dik, baina hori entzuten edo irakurtzen duenak “bildotsa ematen diote lan egin dezan” interpretatzen badu, ez dik hainbesteko okerrik egiten. Berdin beste kasuetan ere: “egurra eman digute, (egur hori) geuk (trabatik) kentzearen truke” eta “egurra eman digute, (trabatik) ken dezagun” oso hurbil zeudek bata bestetik; orobat “aizturrak berorrentzat, testamentua egitearen truke” eta “berorri ematen dizkiot aizturrak, testamentua egin dezan”, oso-oso antzekoak biak.
Horrelako esanahi-lerratzeak etengabeak dituk pertsonok elkarrekin hizketan hasten garen bakoitzean. Esango nikek gehienetan gertatzen dela hori; alegia, gutxitan datozela guztiz bat batek zerbait esatean-idaztean esan nahi duena eta besteak hura entzutean-irakurtzean ulertzen duena. Orokorrean bai, noski, bestela aspaldi bukatu zuan-eta mundua (bide horretan aurrera samar ote gauden errezeloa ere badiat, dena den), eta hain justu tarte horietan gertatzen duk, esango nikek, hizkeren eta hizkuntzaren beraren aldatze eta bilakatzea, eta forma eta adiera berriak agertzea. Alegia, garapen funtzionalak (eta disfuntzionalak: gure artean, gehitxo, zoritxarrez).
Horrelako zerbait gertatu ote zitzaion San Martini, “-tze aldera” berri hori lehen aldiz erabili zuenean? Kontua duk niri funtzionala iruditzen zaidala: lehen aldiz erabili nuenean, haren “jatortasun exotikoak” plazer estetiko halako bat sentiaraziko zidaan (aliritzira ari nauk), eta gainera senak esango zidaan ondo ari nintzela (badakik, itzultzaileok maiz izaten dugun sentipen hori, zerbait asmatzen –eta zerbaitetan asmatzen- ari garelakoa).
Guztiz ados nagok egiten duan deskribapenarekin: «…jatorri mugatuko erabilera bat bera baino zaharrago diren eta hedatuago dauden erabileren aldaera elegantetzat jotzen dela (…) exotikotik eleganterako saltoa erraz-erraz egiten duela askoren buruan, eta, adibidez, “-tzeko” edo “-tzearren” jarriko luketen lekuan, zerbait berezia behar-edo, eta gure “-tze aldera” honetara jotzen dutela, eta bitxia zena, gutxika-gutxika, jaso bihurtzen dela». Uste diat ondo asmatzen duala hor, horrelatsu gertatzen direla askotan gauza hauek; baina hori, berez, ez zaidak ez susmagarria ez gaitzesgarria iruditzen. Funtzionala den ala ez, niretzat horrek dik munta.
«Sentimental» hitzera itzulita: 1749tik 1763ra Londresko jaun eta andere eder jentil haiek guztiek hitz hura takian-potian erabiltzeari ekin ziotenean, exotismo-nahiak, asperduratik ihes egin nahiak, berri-nahiak, aldatu-nahiak… auskalo zerk bultzatu zituen. Gero, jakina, hitz hura oso funtzionala gertatuko zuan handik laster, Erromantizismoan, sentimenduak arrazoiaren gainetik jarri zirenean, eta abar…