Ana Telletxea Koxkolin
—Ama, Peru ikusi det…
—Ikusi dut! —amak erantzun azkarra tonu haserrekorraz.
—Ikusi dut… —alabak burumakur, akatsagatik goibel.
Berriki bizitu dut elkarrizketa hau Oiartzunen. Ama-alabak ari ziren, nigandik hurbil kasualitateak nahirik, eta ezin izan nuen oharmenak alarmari eragitea saihestu. 7 urte izanen zuen neskatila ttiki hark, eta ama gaztea zen zuzentzailea.
Bat-batean zuri gelditu nintzen, ezin sinetsiz. Burua jautsi eta zoruari begira gelditu nintzen ikusi eta entzundako eszena hura prozesatzeko. Egia zen.
Gehiegitan aditzen dut euskalduna berez eta sortzez filologoa dela; gehiegitan euskalki gehiegi dituela euskarak; eta halaber, gehiegitan euskara batua asmakuntza artifiziala dela; gehiegitan gure aitzineko belaunaldiek egiten zutela euskara garbia propio… Gehiegitan honelako hamaika baieztapen, eta denak nahasi zaizkit oraingoan burrunba gorrian.
Erdarakadak, kalkoak, egitura edota hitz okerrak zuzentzen ohituak gaude, baina honezkero, agidanez, familia edo lagunarteko esparruko euskarari formalitatea eskatzen hasiak gara, are haratago, alegia. Baliteke neure buruarekin egin dudan bataila ttikia baino ez izatea gogoeta hau. Segur naiz deus berri ez dudala ekarriko, beraz, gaiaz pentsatzeak eragin didan plaza-eletzat uler bedi gaurkoa.
Euskara vs euskalkia: binomio hau gai zaharra da. Honela, llaburki, euskara batua, batik bat idatzizkorako pentsatua, euskara da. Arau mota bat da funtsean, kode jakin bat erabilera zuzena zehazten duena. Hizkuntz estandarra izatea du lan nagusia. Euskalkia, berriz, euskararen hizkera berezia da, aurrekoaren “araua” urrun duena, baina ez inondik bere arerio.
Ikusi det bat zuzentzera ailegatu baldin bagara, zerbait ez gara ongi egiten ari. Izatez, gainera, esparrua zein den (familiartea) kontuan hartzen badugu. Ongi jokatzeko asmo onarekin maiz, kodeak noiz eta non erabili ez dugu garbi. Eskizofrenia gisako bat oraindik ere (edo orain bereziki) sumatzen dut maiz hiztunengan. Noski, sona kontua agerian da; herrikoitasuna edo modernotasuna erakutsi nahi den, kode bat edo beste hautatuko da. Hizketa moduen itzal hori pisua da. Norma soziala, ez da, beraz, hizkuntzaren dimentsioa huts-hutsean, beste faktore batzuk daude jokoan. Badirudi arauaren zama dugula bizkarrean, eta bide honetatik, hiztun idealaren bilaketan, erronka handiegi.
Bistan da kezka dugula, baina, nori dagokio honen gaineko aholkuak gizarteratzea? Ze erantzukizun edo ardura dugu hiztunok? Izan ere, denak gara (nolabait) hizkuntzaren irakasle; bai bederen, erakusle. Eta hortaz, hizkuntzaren ardura dugunok kezkatzea baino gehiago ez ote den behar duda naiz.
Nago halabeharrezko bizikide ditugun erdarek ez dituztela buru-hauste hauek sortzen haien hiztunengan. Askotan, eta hiztun komunitateei erreparatuta, susmoa dut ardura eta exijentzia maila hagitzez ere altuagoa dugula gurean, auzokoen aldean. Baina hori gure normalizazio egoera osagabeari zor zaio, ustez.
Koldo Mitxelenak (Altuna, P., 1972, Mitxelenaren Idazlan Hautatuak) honela zioen: “batasunak, edozein batasunek gero, galera berekin dakar, ez da hasi berrian behintzat amaren hizkuntza izango, esperanto-usaina itsatsiko zaio noraezean, ñabardura aberatsik gabe agertu beharko du jendartean”.
Euskara batuaren hastapeneko ekimenaz ari zen hura, jakina, baina beldur naiz ez ote den laster hori (bakarrik) izanen gailentzen ari den euskara, ez ote garen gehiegi galtzen ari. Iruñerriko (edo gisako inguruneko) ikasle euskaldunekin jardutea zer den dakienak ulertuko du zer den det bat zuzentzen entzutea gogorra gertatzea, eta horren haritik ere, zer den aldian-aldian sorterrira joateko beharra sentitzea, lausotzen dena berrikusteko eta berrikasteko.
Gai adartsu eta mamitsua, bai eta gaurkotasuna duena, dudarik gabe.
Baina ez dakit aukeratu duzun adibidea egokiena den. Adibideko ama hori, beharbada, euskalkiko adizkia ari zitzaion umeari erakusten, hain zuzen, eta ez alderantziz?
Begira Koldo Mitxelenaren hitzok 1978ko “Arantzazutik Bergarara” artikulukoak:
“Errenteriarra zen Xenpelar, eta Oiartzun aldeko errenteriarra: ‘det’, ‘zan’ eta ‘zebillen’ usatuko zizkizun, haatik, kantulanean, lagunarteko ‘dut’, ‘zen’ eta ‘zabillenen’ ordez. Orobat egiten du Lardizabal zaldibiarrak duen, duten eta zuen, zuten idazten duenean etxeko eta eskualdeko duan, duen eta zuan, zuen idatzi beharrean”.
Horixe esatera nindoan ni ere. Elixabetek esan duna: Oiartzunen ‘det’ beharrean, ‘dut’ esan izan baitugu (nahiz eta inguruko herrien eraginez gero eta ‘det’ gehiago aditu). Eta ez daukagu ezer ‘det’ horren kontra, baina hain justu, alfabetatua ez den jendeak (eta alfabetatu askok ere) batuaz egin nahi dutenean erabiltzen dituzte erdialdeko euskalkiaren forma horiek: det, gea, jolastu, barnean… oiartzueraz (edo hobeto esanda dagoela uste dut: oiartzungo hizkeran) dut, ga, jostatu eta barrenin esan izandu denean. Eta gauza bat da Donostiara joan eta batuaz egin nahi izatea, baina herrian bertan, bertakoekin, ez dago horren beharrik. Hian xuxen ere, batua egin nahi horretan, azkenean ez dugulako kalitatezko hizkera bat erabiltzen. Baina mezua ulertu dut, eta ados nago erabat. A, ta gai honekin gabiltzala, galdera bat, zuek jakingo duzue eta: Lekitto aldeko umeak hor dabiltza ‘A ke bai’ ateraldi gorrotagarri horrekin. Lekittoko fenomenoa ote da? Edo beste herritan ere detektatu duzue? buffff