Miel Anjel Elustondo
-
Alkate jaunak ostrukarena egin zuen, berriro ere, Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruan erantzukizun politikorik eskatzeko uko egin zuenean.
-
Ezin dute ostrukarena egin. Azken baten, EAJren kudeaketa politikorako eredua da Bravo sententziarekin zigortu dena.
-
Hulako sarraskia gertatu zenetik ezin da ostrukarena egiten jarraitu, besteak beste, 100 hildakoen artean 32 haur zeudelako.
-
Euskal Herriko errealitateari bizkarra eman eta honen erabakitzeko eskubidea ukatu nahi duela gobernuak adierazi du, ostrukarena egin eta…
-
Euskal Herrian zabaldu nahi den konponbidearen aroan, Frantzia ostrukarena egiten ari da, gatazka politikoak beraiekin ezer ikustekorik ez…
-
“Egin dezagun bidea”ren manifestazioaren balorazioa… horren aurrean ez espainiar ezta frantziar gobernuek ezin dutela ostrukarena egin.
-
Azken honen egoitzan egin zigun harrera… Hori, ingurumenaren ikuspegitik, oso arriskutsua da, baina ez dugu ostrukarena egin behar, ezertaz konturatu nahi…
«Ostrukarena egin» jarri dut Google leihatilan. «2.980 emaitza inguru (0,38 segundo)» dio makinak. Ezjakinean dira kolore suerte guzietako eragileak. berria.info, bilbokobranka.info, aralar.net, naiz.info, eitb.com, hamaika.tv, ehu.es, bildu.info, hamaikabilbo.tv, euskonews.com…
«Trikuarena egin» jarri dut Google leihatilan. «10.100 emaitza inguru (0,32 segundo)» dio makinak. Bernardo Atxagaren poema, Javier Muguruza, Koldo Almandoz eta nik neuk behin halako eskribitutako testua. Lokuzioetan ere ez dut nire trikurik harrapatu. Amaren altxortegitik jaso nuen.
Ostrukarena egiten ikasi dugu, trikuarena egiten ikasi behar orain. Trikuarena esaten.
Ez alferrik.
Ez dut nik ezer “trikuarena egin” esamoldearen kontra (hori bai, Googleren emaitzena zuzenduta, ez baita egia “trikuarena egin”ek 10.100 agerraldi inguru dituenik [2 ditu, 31eskutik-ekoak kenduta]; ezta “ostrukarena egin”ek 2.980 inguru dituenik ere [380tik gora ditu]). Polita iruditzen zait, benetan.
Eta ez dut ezer “ostrukarena egin” esamoldearen kontra ere. Horregatik, ezin aldeztu «Ezjakinean dira kolore suerte guzietako eragileak» baieztapena.
Badago sineste bat, edo sineskeria bat, oso zabaldua, dioena ostrukak arriskuren bat sumatzen duenean burua zulo batean ezkutatzen duela ihes egin edo eraso egin beharrean. Dirudienez, ez da egia: urrunean arriskugarri izan litekeen zerbait ikusiz gero, burua lurrera eramaten du, hanken ondora, hala, urrundik ikusita, zuhaixka baten antza baitu. Baina, arriskua bertan dagoenean, ziztu bizian ateratzen da korrika (orduko 70 kilometroko abiadura bada zerbait), edo mokoka egiten du eraso.
Zer den sinestea eta zer den egia alde batera utzirik, kontua da ostrukarena egitearen kontzeptua gure kulturaren (Mendebaldeko kulturaren) ondare komuna dela. Eta beste hizkuntzetan esaten dena euskaraz ere esan dezakegula, kultura-kalkoak ez baitira kalko ustelak. Horregatik, adibidez, gaztelaniaz “política del avestruz” esaten bada, frantsesez “politique de l’autruche”, ingelesez “ostrich policy”, alemanez “Vogel-Strauß-Polit”, nederlanderaz “struisvogelpolitie”, italieraz “politica dello struzzo”, portugesez “política do avestruz”, katalanez “política de l’estruç”, eta abar, guztiz zuzena iruditzen zait “ostrukaren politika” esatea euskaraz. Eta, hortik, “ostrukarena egitea” berez ateratzen du hiztun jatorrak, jakitun, eta ez ezjakinean.
Pentsa liteke, kontrara, “trikuarena egin” esamoldetik “trikuaren politika” esamolde berria berez ateratzen dela, baina, berria den aldetik, bidea egin behar luke, eta “ostrukaren politika” lehiakide ahaltsu luke.
Baiña zeren komunzki, hala eskiribatzea, nola minzatzea, nori berea iduritzen baitzaika hoberenik eta ederrenik: eta ene haur ezpaita zurea bezala, ez, othoi, hargatik arbuia eta ez gaitz erran. Hunetzaz kontent ezpazara, egizu zuk zeure moldera, eta zure herrian usatzen eta segitzen den bezala. Zeren ez naiz ni hargatik bekhaiztuko, eta ez mutturturik gaitzez iarriko. Aitzitik haur da nik nahi nukeien gauzetarik bat, ene enseiu aphur hunek kilika zinitzan eta gutizia, enseiu hobeago baten egitera eta ene hemengo falten ere erremediatzera. Zeren halatan, ez lizateke euskara hain labur, eskas eta ez hertsi, nola munduak uste baitu, eta baitaduka, dela.
Orai badirudi euskarak ahalke dela, arrotz dela, eztela iendartean ausart, entregu, bithore eta ez trebe. Zeren are bere herrikoen artean ere, ezpaitakite batzuek, nola eskiriba, eta ez nola irakur.
Baldin egin baliz euskaraz hanbat liburu, nola egin baita latinez, franzeses, edo bertze erdaraz eta hitzkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere, eta baldin hala ezpada, euskaldunek berèk dute falta eta ez euskarak.