Kalkoen Behatokia

31 eskutik

UPV/EHUko Euskara Institutuaren webgunean jarria dago, azaroaren 20az geroztik, Kalkoen Behatokia izeneko baliabide berri bat. Baliabide praktikoa eta didaktikoa, dudarik gabe.

Hitzaurreak dioenez, «Ikerketa-proiektu baten emaitza da Kalkoen Behatokia. Hain zuzen ere, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHUk) eta Euskal Irrati Telebistak (EITBk) finantzatutako ikerketa-proiektu honen emaitza: “UE08/05, Inguruko erdaren interferentzia eta kalkoak hedabideetako hizkeran (Interferencias y calcos de las lenguas vecinas en el euskera de los medios de comunicación)”».

Hauek dira lanaren egileak: Xabier Alberdi —koordinatzailea—, Xabier Altzibar eta Julio Garcia irakasleak, EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa sailekoak; Asier Larrinaga, EITBko Euskara Zerbitzukoa; eta Josu Landa, Ametzagaiñakoa.

Materiala fitxaka antolaturik dago, eta modu bat baino gehiago eskaintzen du informazioa bilatzeko, erraz. Hona hemen edukien gain-gaineko sailkapena, zenbait adibiderekin:

1. KALKO SEMANTIKOA kolpatu (“zauritu”):  atea kolpatu / atea jo
2. HITZEN JOSKERA: KALKO LEXIKO-SINTAKTIKOAK Agurtzen naiz lagunengandik (gazt. despedirse (de)) / lagunak agurtu, lagunei agur esan…
3. HITZEN MORFOLOGIA: KALKO LEXIKOAK Emendakin (gazt. “enmienda”) / zuzenketa
4. KALKO MORFOSINTAKTIKOAK Eduki desberdinak landuko ditugu. / Askotariko edukiak landuko ditugu
5. KALKO DISKURTSIBOAK Hobe esan / Hobeto esan
6. HITZ MULTZO EGINAK EDO FINKATUAK: KALKO FRASEOLOGIKOAK Guardia ez jaitsi / erne egon; Arreta deitu / atentzioa eman…
7. BESTELAKOAK (…)

Hona, adibide gisa, fitxa baten edukia:

KODEA 1098
KALKOA X (galdegaia) da + erlatiboa (mintzagaia) [gazt.: es X el que / el que… es X  (fokua adierazteko)].
HOBETZEKOA • Hasi baino ez da egin sagardotegi denboraldia, eta dagoeneko pertsona asko dira Astigarraga aldera jo dutenak.
HOBETUA • Hasi baino ez da egin sagardotegi denboraldia, eta dagoeneko jende askok jo du Astigarraga aldera.
KALKO MOTA 4.4. KALKO MORFOSINTAKTIKOAK – Perpausaren mailatik gorakoak
AZALPENA • Ikus EiTB: Euskarazko albistegietarako esku-liburua (II) (Hikea): 2.3.5  AHOLKUA: Informazio berria galdegaiaren lekuan jartzen da

Zerrenda moduan ere ikus ditzakegu fitxak, eta han bilatu informazioa:

Zerrenda

—438 fitxa—

aditzaren aspektua: -t(z)en / -ko

aditzaren aspektua: -t(z)en, agintera / geroa

aditzaren aspektua: agintera / -ko

aditzaren aspektua: ahalera / geroa (-ko)

agurra jaso X-ren aldetik

agurtu da (gazt. despedirse)

agurtzen naiz / agurtzen zaitut, agur esan

agurtzen naiz lagunengandik (gazt. despedirse (de)) / lagunak agurtu, lagunei agur esan…

Ahalera gaztelaniazko subjuntibozko perpaus erlatiboen ordain: *gerta litezkeen kalteak.

Ahaleraren erabilera okerra (ahal izan da): Azkenean sartu ahal izan da/zen.

Ahaleraren erabilera okerra: … ahal bazenit…? / …egingo didazu…?

Ahaleraren erabilera okerra: ahal izan

(…)

Material guztia, bere hitzaurre, bibliografia, iradokizun, erabilera-ohar eta gainerakoekin, orri honetan dago. Aurrera begirako asmoez, hauxe dioskute hitzaurrean:

‘Behatokia’ izena du datutegiak. Eta, hain zuzen ere, asmo horrekin sortu dugu datu-basea: alegia, datutegia elikatzen segitzea da gure asmoa. Alde batetik, datutegia fitxa berriekin osatu nahi genuke. Beste aldetik, irrikitan gaude datutegiaren erabiltzaileen iritzi, ohar eta ekarpenak (kalko berrien adibideak, esaterako) jasotzeko, ondo asko baitakigu zer orraztu ugari dagoela fitxetan. Hain zuzen ere, horretarako jarri dugu ‘Iradokizunak’ izeneko esteka, irakurleekiko harremana bideratzeko.

6 erantzun “Kalkoen Behatokia” bidalketan

  1. Kalkoen behatokiaren berri honek alerta moduko bat piztu dit garunean, irudituz kalkoez hitz egiten dugun % 90ean haiek gaitzesteko izan ohi dela. Errezeloa dut gutako askok, nigandik hasita, barrunbeetaraino dugula itsatsia purismoaren edo jatorrizkoaren kutsu gehiegizko bat. Zuhurtziaz jokatu behar genuke arlo honetan, eta errekonozitu, aurrejuzkurik gabe, kalkoa lehen-lehenik itzulpen-baliabide bat gehiago dela, emankorra gerta daitekeena.

    Inpresioa daukat kultur hizkuntza nagusiak historian zehar elkarri gupidagabe imitatuz, elkarri lotsagabe kopiatuz garatu direla hein batean. Gure kasura bihurtuz, gogora etorri zait nonbait idatzi nuen hura: “Gutxiengoarena eta elebidunena den eta gutxituta eta garatze bidean dagoen hizkuntza batek, aitzinatuko badu, hizkuntza hegemoniko eta landuaren kutsadura jaso beharko du hein batean, behar adina prozedura mailegatuz eta kalkatuz”.

    Kalkoez hitz egiten denean, kontu handia izan beharko genuke, nire ustez, ez esnatzeko gutako askok barruan daramagun purismoaren basapiztia.

    1. Jesus Mari, hitzak ahotik kendu dizkidazu. Zorionak zure komentarioarengatik.

  2. Bi iruzkinon harian, eta gure berri-ematearen osagarri, beharrezko iruditu zait lanaren egileen paragrafo hau gehitzea (Hitzaurrekoa da; hitzaurreko azken paragrafoa, hain zuzen):

    «Ohar bat, azkenik, amaitzeko. Gorago adierazi dugunez, askotan zaila da erabakitzen hitz, esapide edo egitura bat kalkoa den; eta are zailagoa da erabakitzen ‘kalko okerra, desegokia edo badaezpadakoa’ den. Bigarren arazoari dagokionez, gehienetan euskararen gramatikan, literatura-tradizioan eta gaurko zenbait estilo-liburutan oinarritu gara proposamenak egiteko. Dena dela, zenbaitetan irizpideok ez dira erabakigarriak esapide berri batzuk balioesteko, eta halakoetan “garbizaletasun-irizpideen” gainetik gaurko erabilera zaindua izan dugu gidari (gaurko idazleak eta gaurko hiztegiak, besteak beste): esaterako, nahiz eta estilo-libururen batean ‘Akilesen orpo’ eta ‘kiroltasun’ hitzen ordez, hurrenez hurren, ‘ahulune’ eta ‘kirol-lege’ proposatu diren, gaurko prosan eta hiztegietan ageri diren esapideak dira ‘Akilesen orpo’ eta ‘kiroltasun’, eta horregatik erabaki dugu horrelakoak gure datutegitik kanpo uztea. Alegia, burujabetasunez (euskararen legeetatik) jokatzea eta albo-hizkuntzekiko alferrikako mendekotasuna saihestea dira oinarrizko irizpideak, baina baita kalko funtzionalak onartzea ere eta orobat —zuzentasuna eta egokitasuna gorabehera— erabilera zainduan zabaldu direnak».

  3. Ados, baina ez didazue ukatuko erlatiboen erabilera gehiegizkoa egiten dela euskaraz erdaren eraginez, askoz ere modu sinple eta naturalagoan (ez purista) egin daitekeen kasuetan:
    “Hasi baino ez da egin sagardotegi denboraldia, eta dagoeneko pertsona asko dira Astigarraga aldera jo dutenak.
    HOBETUA • Hasi baino ez da egin sagardotegi denboraldia, eta dagoeneko jende askok jo du Astigarraga aldera.”

    Jakina, tentuz ibili behar da honekin, azken batean kalean erabiltzen dena delako egiazko hizkuntza, baina saia gaitezke gauzak gehiago nahas ez daitezen (gero erlatiboak euskaraz zailagoak direla esango dute, erabili beharrik ez denean ere erabiltzen dituztenek).

    Ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude