Iñigo Aranbarri Alberdi
Hizkuntzak pentsatu gabe erabiltzeko dira.
Kontua da orain ez hainbestera arte, seguru antzean ikusten nuela neure burua goia non zegoen banekielako, eta ondorioz, baita behea ere. Halaxe ikasi nuen umetan, bazela Goiko Taberna bat amamaren etxetik goraxeago, eta kale barrenera jo beharra nuela amak ogia erostera Beheko Panaderira bidaltzen ninduenean. Hala, kalean-gora-kalean-behera ibiltzen ginen, afalondoren zapia buruan lau korapilo eginda txoroarena egin gabe, eta hala jotzen genuen Goiko Kalera edo Beheko Plazara, Goiko Errotara eta Beheko Joxeparenera, geure oinen atzetik.
Urte batzuk beharko nituen geografia haren logika zein zen ikasteko: munduko beste herri askotan bezala, gurean ere ibaiaren ibiliak erakusten zuen non zegoen goia eta non behea. Mendia goian dagoelako dago behean itsasoa. Fisika hutsa. Hidrogeologia hizkuntzara aplikatua.
Urrun gaberik, amaren herrian bazela gurean aditzen ez nuen esaerarik konturatu nintzen gero: “beheko haizea atera du”. Eta beheko haizea da itsasotik sartzen dena, iparretik hortaz, tarteka udako egun beroetako lamarari arindua dakarkiona, gogoz estimatzen den aire freskoa. (Gurean zergatik ez dugun hori esaten, geografiak du hobena, ez hiztunak. Azpeitian ez bezala, Izarraitz erauzi beharra dago ipurdi-ipurditik kostako haizea Azkoitira helduko bada, eta zinez diotsuet alferrik etorriko zaizkigula Dimako, Ataungo zein Sarako jentil guztiak, hain ditu lurraren begiraino sartuak zuztarrak delako harritzarrak).
Geografia ikasteko behintzat baliagarria zitzaidan ikasgaia, inondik ere: Nafarroa bat bazen Etxegaratez bestalde, Iruñetik gora (hain gora ere! Udaletxeko plaka geodesikoak halaxe dio: 444,67 m) Mendigatxaren basabideetan barrena Auñamendietaraino igotzen zena, eta haien bestaldean bazen beste Nafarroa bat, Beherea zeritzona, esan gabe doa, itsasoan hondarratzeko hurrerago zegoelako. Logika berari jarraiki, Gipuzkoan bazen Goierri bat, eta Oria ibaian behera, baita Beterri bat ere. Bizkaian Goiherri dezente ezagutzea aplikatu zait harrezkero Erandion, Aulestin, Barrikan zein Zaldibarren. Izango da gehiago.
Gero, itsastarrekin, arrain jendearekin bezala, lehorreko legeak alferrikakoak direla konturatu nintzen. Bizkaiko kostaldean, goia ez dago hegoaldean. Nahikoa da Eneko Barrutiaren Bizkaiko arrantzaleen hiztegia-ri begiratu bat ematea: “GOITAR: lesteranzko portuetako arrantzaleak”. Eta berme, Mundakan Dimas Zaldunbideri jasotako hitzak: “goitarrak lekeitiarrak eta ondarrutarrak ere bai, baina gehien giputzari esaten zaio”. Lekeition, marinel giputzak dira goitarrak itsasoko hizkeran, hala entzun izan diet beti lagunei. Orri batzuk atzerantz jo dut. Hiztegiak ez dakar ez BEHETAR ez BEHE sarrerarik. Kantabroak montañesak dira.
Txorabioaren hasiera baino ez zen, ordea. Iparrorratzaren dantzak ez du etenik. Erabileretan, uste dut hondoko hau izan dela iristen azkena. Ez dakit, beharbada Fernando Colomoren komedia hark bizitu zuen lehendik garretan erdi gordean zegoena. Kontua da bajarse al moro-k, Gasteizera jaitsi-ri eman ziola bide Bizkai-Gipuzkoetan 80ko hamarkadaren erremate hartan. Eta hala, Madrilera jaitsi esaera aski arrunta egin delakoan nago harrezkero, ibaian zein itsasoan beharrean mapan dabilena jaitsi egiten baita Madrilera, ez igo, eta Marokora bezala, baita Andaluziara ere. Galdetu bestela astebururo presogintzan dabiltzanei.
– Ezin diat. Soto del Real-era bajatzea tokatzen zaidak zapatuan.
Gora jaitsi. Ona da. Anariren kantu hartan bezala, baina poesiarik gabe: “erori banaiz ere/gorantz erori naiz/nola urazaleratzen diren/arrainak hiltzean”.
Hala nenbilen zalantzan, goia hegoa, ekialdea edo iparraldea zen, Hirutasun Santuan sinesten hizkuntzari esker hasi behar nuen, amak deitu zidanean, ea ez nuen asteburuan azaltzeko asmorik. Noiz egongo zen etxean, nik. “Zortzietatik aurrera”. Egokiago ezin. Afari-legea egiteko agertuko nintzela. Herrira nindoala-eta, arindu bat hartzeko aprobetxatuko nuen hartara. Segituan deitu nion pelukeroari. Ohi moduan hartu ninduen: “bostetatik atzera, nahi duanean”. “Seietan orduan” esanda gakotu nuen telefonoa.
Konpasa eta segundua gurutzatzen diren lekua. Ez da espazioa, sarritan honen ispilu den denbora ere, bada. GPSak eta erlojuak. Biak txikitzen ditu hiztunak egunero. Txorabioak pentsatzen hasiz gero ematen dizu. Ez gelditzean dago gakoa.
Izan ere, eguneroko ibilian, ezin esan moldatzen ez garenik Brian Friel-en “Agur Eire, agur” hartan britainiarrak bezala, hizkuntzaren kartografo oro engainatzeko dirudien erabilera ero, bihurri eta ederrokin.
Testuan diozu ‘goitar’ sarrera aurkitu duzula Eneko Barrutiaren «Bizkaiko arrantzaleen hiztegia»n, baina ez ‘behetar’ eta ez ‘behe’. Hala ere, hantxe dira haiek biak ere, 134. orrialdean.
Zuzenketa hori eginik, beste kontu bat nahi dut hona ekarri. Goiak eta beheak aipatu dituzu, eta ondo azaldu askotan ez dela erraza jakiten zer adierazi nahi den behearekin eta zer goiarekin. Horrek hemengo, Bermeoko, istorio bat ekarri dit akordura. Anton Erkorekak batu zuen, eta «Leyendas, cuentos y supersticiones» liburuan argitaratu, «Historías picantes» deituriko atalean. Anton Erkorekak entzun zuen bezala eta nik liburuan irakurri dudan bezala aldatu dut hona (uste dut ondo ulertuko dela). Kakotx artekoa Erkorekaren oharra dela pentsa daiteke:
«Eguraldi txarrakaitxik baporak iru-lau egun daruie etxien. Askanien egualdijje obarantz due, baie gisónak ondiño ez dauie urteten itxosora.
»Andrie aspertute dau gizona etxien ikusten, ezer eiñ barik eta diñotxo:
»—Zer? Noiz guez itxosora ba?
»Eta gizonak erantxuten txo…
»—Ehhh, ondiño beie baltz jauk (Bermiotarrentzat Bermiotik Oesterantz “beie” da, eta Esterantz “goijje”. “Beie” baltz egotie egualdi txarran etxurie da).
»Oneri andriek diñotxo.
»—Bai, bai, au be (eskue partietara erunde) baltz jjauk, baie onek etzu emoten ikararik.»
Hortaz, Bizkaiko kostaldean ere ez dirudi beti argi dagoela zer den behea eta zer goia (baie bai zek emoten dauen ikarie eta zek ez).
Alberto Mtz. de la Cuadra
Eguzkia sortaldetik sortzeak eragingo du hura goia izatea eta sartaldea behea? (hipotesi kardinal txiripazkoa besterik ez)
Alberto Mtz. de la Cuadrak esanda bezala, hor dira Barrutiaren lan zoragarrian bai BEHE “Portutik irtenda oesteko manda”, eta bai BEHETAR “Bizkaitik oesteranzko portuetako arrantzaleak”.
Bajatzen hasita dagoena, bistan da, nire bista da.
Orain ez oso aspaldi, Landuchioren hiztegi hartan beha, “beheko axe” edo antzeko bat azpimarratu nuen, orain ez daukat aurrean, baina uste dut “cierzo” ordaina eman ziola harako berriemaileak. Leintz Gatzagako lagun batekin berba eginda, “beheko axie” eurentzat “errekako aixe” ei da, aixe hotza…Beharbada horixe Tafalla aldean eta zierzoaren eskualdeetan ematen zioten izena, ez dakit,…”beheko haizea”, haize hotza, nonbait, eguerdiko (?) eskualdeetan…
Alegia, ez daukagula erraza haize kontuan ere ezer batzeko. Leintz Gatzagan “erreka haizea” hotza bada, hegoa baita Bizkai kostaldeko hainbat herritan. Hala entzuten da, “errekaxea”; “herriko haxea” ere bai, ordea…