Juan Luis Zabala Artetxe
Txikia nintzela, normaltasun osoz erabiltzen ikasi nuen hala etxean nola kalean; gramatikarik, hiztegirik eta ohar teorikorik gabe. Euria bezain berezkoa zen niretzat; jatea, edatea edo ibiltzea bezain naturala.
Herritik kanpora irtetean etorri ziren kontuak eta komeriak. Han ez zen gurean bezain berezkoa. Han, izan ere, ia-ia ez zen. Bakan batzuek baino ez zuten erabiltzen, eta zerabiltenetariko askok nahiko modu artifizial, inpostatu eta traketsean zerabilten; zatar, gozakaitz, narritagarri. Nekez ikasi eta gaizki bereganatutako zerbait zen hala haien ahoetan nola haien idazkietan.
Arazo sozial bat ere bihurtu zen kontua. Txikitan ikasi nuen modu hartan hitz egin eta idatzi behar nion beste modu batean hitz egiten eta idazten zuen jendeari? Ulertuko zuten nik esandakoa edo idatzitakoa? Ulertzen bazuten ere, ez zuten harrokeriatzat hartuko nire jokabidea? Ez ninduen horrek ingurukoengandik urrunduko, ezin gaindituzko arroztasun batera bideratuko?
Ez ote zen hobe, beraz, nire txikitako hizketa modu hura betiko baztertu eta ahaztea? Mereziko zuen benetan hari eustea, hura berreskuratu eta gizarte osora zabaltzeko ahalegina egitea?
Hainbat jakintsuri entzun eta irakurri nien galduegia zegoela, atzenduegia, atzeratuegia; handiegia izango zatekeela berreskuratzeko egin beharreko ahalegina eta eskasegia ahalegin eskerga horren fruitua. Berez galtzen uztea zela onena; neuk txikitan ikasi eta bereganatu nueneko naturaltasun berberarekin desagertuko zela betiko gure hizketa eta idazketa moldeetatik.
Gure gizarteak ez du, ordea, erabaki irmorik hartu, ez aurrerako eta ez atzerako. Badira berreskuratzeko ahalegin puntual eta bakan batzuk, baina ez dute ez laguntza eta ez oihartzun handirik jasotzen. Desagertzen utzi behar dela uste dutenek, berriz, ez dute aldarrikapen hori ozenki plazaratzen.
Zer egin behar dugu hitanoarekin?
Horixe esaten diat neuk ere, zer egin behar diagu?
Ni berreskuratzearen aldekoa nauk, erabat, baina hemen inguruan ere galtzen ari duk, neskek ere elkarren artean hika egiten dutenean ez ditek noka egiten askotan… zerbait egin beharra zegok, baina zer?
Zer egin behar dugun? Egin.
Hizkuntza asunto hontan “egitea” duk egin daitekeen gauza bakarra.
Egitearen azpitik ez zegok ezer, eta gainetik egiten denak ez dik ezertako balio.
Egiten den lekuetan egin, eta egiten ez den lekuetan ahal dena… egin.
(Nik ez diat besterik ikusten; ni ez nauk estratega edo planifikatzailea; ez diat holako espiriturik. Egite soilean bizi nauk.)
Txiste merkea onartzen badidak, arrazoia daukak, Iñaki, jakina, nola ez ba! (Bide batez, noiz aurkeztu behar duk hire liburu berria? Gustura letuko diagu!)
Baina ez zakiat ba, nik egin egiten diat, baina zalantza handiak izaten ditiat norekin, noiz eta nola egin, eta ezerosotasun iturri amorragarri bihurtzen zaidak askotan kontua. Txera handia zioat hitanoari, baina trabagarri petrala ere gertatu zaidak nahi baino gehiagotan; neure izaera zalantzati eta inseguruaren ondorioz neuri handi batean, jakina.
Ni ere ez nauk estratega edo planifikatzailea (eta eskerrak, izatekotan ezin txarragoa izango nintzatekeelako), baina susmoa diat adostasunik, elkarlanik, estrategiarik eta planik gabe, bizi gaituen diglosiak are azpirago hartuko gintuzkeela euskaltzale eta euzkaltzulo guztiok. Euskara baturik gabe, adibidez. Eta, gisa berean, adostasunik, elkarlanik, estrategiarik eta planik gabe errekazulora doala zuzen-zuzen hitanoa.
Eta horetara iritsita, gogoan diat Patzikuk eta biok esan zenidatela behin, orain dela 15 bat urte igual (Herri Irratiko “Komatxo artean”-en elkarrekin egon eta gero uste diat izan zela, pentsa!), hitanoa arautzearen aurka zeundetela eta zuen arrazoiak ezin ulertuta gelditu nintzela.
Segi bizkor.
Ez duk hain aspaldi batuak beretzat irabazi dituela alokutiboko aditz moldeak, ekialdeko adizkiei lehentasuna emanda. Ordura arte, gipuzkerazko formak ibiltzen zituan testuetan, oro har: zeukeat, zegok, zihoak, dizkiagu… Eta askok halaxe barneratu genitian, etxe ondokoak gorderik: dok, gozak, yuk, esaik, etorri (h)aizez…
Aspaldi ez dela ikasi genitian forma estandarrak, guretik hurbilagoak: zagok (jagok), zuan (zoan), zoak (joiak), zaukaagu (jaukagu)… baina hizketarako xelebreegi iruditzen zitzaizkiguan oraindik, eta probintziako lagunekin, batuaz egin arren, aurreko molde batu ez-ofizialak erabiltzen jarraitu genian (diagu).
Azken batean, lagunarteko adizkiak dituk, giro jakin batean erabiltzekoak, eta batuak oraindik ez dik eremu hori erabat beretu. Hortxe zagok koska, beharbada.
Noiz erabili ere ez duk hain aspaldi dakigula, gainera: mendekoetan ez, galderetan ez (ez?), heiagoretan (???)… Ziurgabetasun horrek ere izango zian zerikusirik alokutiboaren gainbeheran, ezin baita esan ospe onik izan ez duenik. Tartean, mendebalde honetan behintzat, eten handi bat izan zian transmisioak, eta horri buelta ezin emanda gaudek orain. Horra diagnostikoa. Konponbidea? Baduen ere ez dakit eta.
Nik ez nian txikitan ikasi. Euskaraz hasi nintzenean ere, arrotz zitzaidaan. Baina laster igarri nian haren falta, noka ari zitzaidanari zuka erantzun beharrak markatzen zuen distantzia ezabatzeko bazen ere!
Gipuzkoan ikasi nian, Goierri aldekoa, hango lagun batzuei entzunda. Pazientzia nahikoa izan zitean nire hanka sartze guztiak gorabehera noka jarraitzeko, eta beti eskertuko zieat.
Gerora, neure egin diat, erabiliaz, eta orain, eroso sentitzen nauk. Forma estandarrak ere ikasi dizkiat, lanerako behar baitizkiat. Nola itzuli, bestela, “La haine” moduko film bat? Asterix eta Obelix euren artean hika jarri zituenean Joxan Elosegik, komikiak asko irabazi zian, jatorrizkoa askoz hobeto jaso zian.
Egitea beste biderik ez diat ikusten; egin egiten zutelako lortu diat nik adierazkortasun maila bat gehiago igotzea.
Ados nago erantzunekin, baina nire kezkak hor jarraitzen du. Egin egin behar da, egin, baina… Adibide bat etorri zait burura, nire kezka zein den hobeto erakusteko. Nik dakidala, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ez dute hitanorik erabiltzen (atzo disko zahar batean entzun nuen haietako batek erabiltzen zuela, baina oso aspaldiko grabazioa zen). Eta neure buruari galdetzen diot, zintzoki: erabili behar duten edo ez erabakitzeko, aholkua eskatuko balidate, zer esango nieke? Bada oso maite dut hitanoa, baina ez dut oso argi erantzuna. Zuek? Kontuan hartu erabaki horrek zer ondorio ekarriko lizkiekeen. Ez litzateke ahuntzaren gauerdiko eztul txoro bat, ez horixe!
Nik ere, Begok bezala, “handitan” ikasi diat. Beno, ikasten ari nauk egia esateko. Nire kasuan, Kataluinatik, interneten bidez (nire “Koadrilla” euskaraz eta hitanoaz sarean idazten duzuen duk)
O sea que mesedez, de abandonar el hitanoa, ni parlar-ne! 😉
Horrelako mezuekin, ezin etsi. Eskerrik asko.