Zer egin behar dugu?

Juan Luis Zabala Artetxe

Txikia nintzela, normaltasun osoz erabiltzen ikasi nuen hala etxean nola kalean; gramatikarik, hiztegirik eta ohar teorikorik gabe. Euria bezain berezkoa zen niretzat; jatea, edatea edo ibiltzea bezain naturala.

Herritik kanpora irtetean etorri ziren kontuak eta komeriak. Han ez zen gurean bezain berezkoa. Han, izan ere, ia-ia ez zen. Bakan batzuek baino ez zuten erabiltzen, eta zerabiltenetariko askok nahiko modu artifizial, inpostatu eta traketsean zerabilten; zatar, gozakaitz, narritagarri. Nekez ikasi eta gaizki bereganatutako zerbait zen hala haien ahoetan nola haien idazkietan.

Arazo sozial bat ere bihurtu zen kontua. Txikitan ikasi nuen modu hartan hitz egin eta idatzi behar nion beste modu batean hitz egiten eta idazten zuen jendeari? Ulertuko zuten nik esandakoa edo idatzitakoa? Ulertzen bazuten ere, ez zuten harrokeriatzat hartuko nire jokabidea? Ez ninduen horrek ingurukoengandik urrunduko, ezin gaindituzko arroztasun batera bideratuko?

Ez ote zen hobe, beraz, nire txikitako hizketa modu hura betiko baztertu eta ahaztea? Mereziko zuen benetan hari eustea, hura berreskuratu eta gizarte osora zabaltzeko ahalegina egitea?

Hainbat jakintsuri entzun eta irakurri nien galduegia zegoela, atzenduegia, atzeratuegia; handiegia izango zatekeela berreskuratzeko egin beharreko ahalegina eta eskasegia ahalegin eskerga horren fruitua. Berez galtzen uztea zela onena; neuk txikitan ikasi eta bereganatu nueneko naturaltasun berberarekin desagertuko zela betiko gure hizketa eta idazketa moldeetatik.

Gure gizarteak ez du, ordea, erabaki irmorik hartu, ez aurrerako eta ez atzerako. Badira berreskuratzeko ahalegin puntual eta bakan batzuk, baina ez dute ez laguntza eta ez oihartzun handirik jasotzen. Desagertzen utzi behar dela uste dutenek, berriz, ez dute aldarrikapen hori ozenki plazaratzen.

Zer egin behar dugu hitanoarekin?