Iñigo Errasti Aranbarri
Lehenik eta behin, aitor dezadan begietan hartuxea dudala bikote hori. Denok izaten ditugu gure maniak. Horra nirea (haietariko bat, behintzat). Aspaldiko lagun batek, esaterako, ganadua tartean ez bazen, ez zuen inoiz erabiltzen hausnartu; alegia, harentzat, jendeak «gogoeta» egiten zuen. Baserrian hazia izanik, esaten zuen ezin zuela horrela erabili hausnartu, behiak etortzen zitzaizkiola gogora eta ezin zuela jendea hausnarrean imajinatu. Bazekien irudizko erabilera zela, eta lehengo autoreek ere erabiltzen zutela, baina… Ezin zuen eraman.
Antzeko zerbait gertatzen zait niri -tze aldera horrekin. Helburuzko adieraz ari naiz, ez «-en truke»-ren baliokideaz, ezta «esate aldera esan» bezalakoez ere. Gurean ez da erabiltzen adiera horretan, eta, beraz, etxetik kanpo ikasi dut. Oraintsu, egia esateko. Ez dakit noiz entzun nuen lehenengo aldiz, baina nahiko argi daukat halako batean bazter guztietan topatzen hasi nintzela zorioneko esapidea.
Hasieran, pentsatu nuen ohikoa izango zela beste euskalkiren batean eta, nola horrenbeste jendek erabiltzen zuen, ba, zuzena izango zela. Baina, egun batean, banoa Orotarikora, eta han ez dut halakorik aurkitzen. Sarasolaren Euskal Hiztegian bai, esaldi bat. Bakarra. Ez dut esan nahi okertzat jo nuela, baina nik neuk ez dut erabiltzen. Baten batek esan lezake, arrazoi handiz, ea ez ote dudan erabiltzen nire euskalkikoa ez den ezer, eta, horren aurrean, ez daukat beste aitzakiarik: -tze aldera ez erabiltzeko mania daukat.
Gero, han eta hemen galdetuta, belarria erne beti, ikusi dut ezen, askok erabili arren, gehienontzat berria dela, azken urteotan ikasia. Itzultzaile itzal handiko bati entzun nion, gainera, «jator exotikotzat» zeukala -tze aldera hori, eta, izan ere, horixe dio, gutxi gorabehera, EGLU VII.ak (173. or.). Jakina, modu formalagoan.
Bulegoan, nahikoa kalaka eman baitiet kontu honekin batzuei, erdi brometan hasi ginen forma horren beste aldaera batzuk botatzen, -tze alderako zera eta halakoak esaten, baina fikzioa errealitatea baino motelagoa omen da, zeren ahalegin handirik egin gabe topa baitaiteke Interneten «…. eskubideak bermatze alderako laguntzak…» bezalako bat, adibidez.
Lankide batek topatu zidan, hain zuzen ere, Rufino Iraolaren artikulu bat esamolde horren abusua salatzen duena. Rufinok dioen legez, ona da hitzak beren ohiko bideetatik ateratzea eta adierazpide berriak saiatzea (ona, eta beharrezkoa, nire ustez), baina abusua ez da ona. Eta oker ibiliko naiz igual, baina iruditzen zait horixe egin dugula -tze alderarekin, abusatu. Halako bat topatzen dudan bakoitzean, Lázaro Carreterren harako hartaz gogoratzen naiz: «¡Lo que molesta es la insistencia!».
Nik “nago”-ri hartu diot antzeko mania. “Nago hori azkena izango dela” eta horrelakoak… Hori ere ondo modan dago, alajaina!
Ez da erraza neurria jartzea, abusuak-eta ekiditeko. Dena den, nik zuena ez bezalako alderdi batetik heldu nahi diot honi.
Imajinatu, esaterako, hizkuntzarekin kezka pittin bat duen bat, eguneroko zeretan, “uste dut”, “nire iritziz” eta hortik kanpo ezer gutxi baliatzen. Baina egun batean zutabegile bati, hurrengoan irratiko kazetari bati eta hirugarrenean idazle famatu bati, hara non hasten den entzuten/ikusten, gero eta sarriago, “nago” forma, aurreko horien adiera bertsuan. Eta bere baliabideen urritasunaz oharturik, gure laguna ere hor hasi zaigu “nago” han eta “nago” hemen.
Ez dut uste jarrera txarra denik begi-belarriak erne izatea eta joera berrioi abegi ona egitea. Azken batean, denok jarduten baitugu beste batzuen imitatzaile edo kopiatzaile. Eta idazle eta kazetariok zarete, gainera, gehienetan modon hedatzaileak.
Ongi etorriak izan bitez moda berriak baldin eta taiuz eta zentzunez egiten badira eta bitarteko linguistiko murritzegiak zabaltzera badatoz.
Denok ditugu geure mania eta ezin ikusiak (nirea: “zentzu honetan…”); denok gara jokamolde pendularraren biktimak nolabait ere. Bidezkoa iruditzen ez zaidana da bestelako “tasun” batzuk atxikitzea zalantzazko esapide “modakoak” erabiltzen dituenari. Ez da zuen kasua, ez da oraingoa, baina iltzatuta geratu zitzaidan “Euskara batuaren ajeak hartan”, “azken finean” esamolde ustez desegokia txarretsiz egileak eman zuen errematea: “Izan ere ezin sinetsizkoa da ergelkeriaren indarra”. Ez zitzaidan justua iruditu.
Bide batez, ea ba blog bikain hau ere modan jartzen den!
Bai, bai, ados nago; “nago”-ren erabilera horri hatu diodan ezinikusiak gehiago du maniatik beste ezeretik baino. Gauza bera gertatzen zait, adibidez, “balitz”, “bailiran” eta kasta bereko denekin; lirikoegiak iruditzen zaizkit, gozoegiak… Baina hori ere mania hutsa da azken batean.