Erlatibo murrizgarriak erresuntiboen bidez

Jesus Maria Agirre Berezibar

Xabier Amuriza jo eta ke ari zaigu aspaldion euskara batua osaberritzeko lanean, helburu duelarik euskara inguruko hizkuntza garatuen parean jartzea baliabide estrukturalei dagokienez (ikus Zazpi ebidentzia birjaiotzarako, 2012). Konkretuki, erlatibo murrizgarrien kasuan, izen sintagma erlatibizatua kasu markarekin errekuperatze aldera, sistematikoki erresuntiboetara jotzea proposatzen du. Berria egin zait erresuntibo hitza, eta gauza berriak, berandu bada ere, ikasteko prest izaki, jo dut gramatika batzuetara eta ikusi dut haietaz hitz egiten dutela, besteak beste, Xabier Alberdik (Euskal estilo-libururantz) eta Carlos Cid Abasolok (Sareko euskal gramatika, «Perpaus erlatiboak»).

Ni bezain ezjakinak gogoan hartuz, zer da erresuntibo izeneko baliabide hori? Cid-en hitzetan da «izen sintagma erlatibatua ordezkatzen duen izenordain edo adberbioa, kasu erlatibatua bere gain duena». Beraz, anafora bat dugu, erlatiboarekin konbinazioan erabilia. Hona bi adibide Cid-ek berak aipatzen dituenak: «Berari buruz ezer egiaztatzerik ez dagoen izaki horietakoa zen Bartleby» (Juan Garzia), «Ez dakit nork esan zuen memoria dela bertatik bota ezin gaituzten paradisu bakarra» (Anjel Lertxundi).

Nire lanean konturatu nahiz ezen gaztelaniazko ahozko interbentzio parlamentarioetan ere erabiltzen dela jokabide hori, QUE markarik gabe emanez eta QUEri legokiokeen marka, geroago, erakusle bidez adieraziz: «Un ejemplo de una persona que hemos tramitado su expediente», «Una cifra que llevamos muchos años con la misma». Euskaraz ere badakar Cid-ek ahozko adibide bat: «Amets zoragarri bat izan zalako neretzako egi bihurtu dena baina prezio haundia ordaindu behar izan dana honengatikan».

Kontua da Amurizaren adibideetako hainbat gordin eta ilun samarrak egin zaizkidala, testua ondo jarraitze aldera bi aldiz irakurri eta gogoeta egin beharrekoak. Oro har, ez zait iruditzen oso funtzionala euskal erlatibo murrizgarriek daukaten egiturazko defizita sistematikoki erresuntiboen bidez konpontzea. Arrazoiak hauek izango lirateke:

  1. Erlatibo arrunta euskararen mendeko egiturarik zurrunena da (izenlaguna, izen bati aditzaren bidez lotua), eta halako egituran izenarekiko erreferentzia aditzaren bidez barik erakusle baten bidez egitea maniobra bihurri eta behartu samarra egiten zait. Cid-ek dakarren adibide bat nahasgarria litzateke: «Zein da harekin bizitzera behartu nahi nauen neska?».

  2. Anafora erreferentzia bat atzetik errekuperatzeko erabiltzen da normalean, eta erlatibo arruntean erresuntiboak aurretik errekuperatzen du normalean, deskodetzen zailago dena. Cid-ek aipatzen duen Harkaitz Canoren adibide bat: «Haien falta hainbeste sumatzen duen eguzki izpiekin gogoratzeko modu bat izan da, tarte batez». Amurizaren adibide batk: «Hartaz akusatua den bere sermoia entzun al zenuen?». Horregatik, erresuntiboa hobeto dekodetzen da erreferentziarekin lotura zuzena duen hitz bat aurretik daukanean. Amurizaren adibidea: «Hemen duzue sekula beragatik txarrik esango ez nukeen laguna».

  3. Beharrezkoa da semantikak edo testuinguruak laguntzea erresuntiboa natural samar gelditzeko. Amurizaren adibidea: «Gero beragaz ezkonduko nintzen neska honi lehen komunioa neuk emana nion».

Ikusi dut jokabide hau beste hizkuntza batzuetan ere erabiltzen dela, ikusi dut iparraldeko euskal tradizioan ere erabili dela (baina erlatibo ez-murrizgarriekin), ikusi dut hegoaldean Altubek eta Etxaidek baliatu dutela. Hala ere, oro har, egitura behartu samarra eta deskodetzeko zaila iruditzen zait erlatibo murriztaileen kasuan, nahiz eta erabilera solte batzuk onargarriak izan daitezkeen. Azken finean, baliabide hori erabiltzea litzateke euskararen eraketa prepositiboari anafora bihurri bat eranstea, horrek komunikaziorako dakartzan oztopoekin (aurrekarga, erreferentzien iluntasuna).

Erantzun bat “Erlatibo murrizgarriak erresuntiboen bidez” bidalketan

  1. Amurizaren helburua txalogarria izanik ere (euskara inguruko hizkuntza garatuen parean jartzea), proposatzen duen bidea, “erresuntiboetara sistematikoki jotzea”, arriskutsua da, bai, zuk esan duzun moduan.
    Aipatu dituzun iturriez gainera, uste dut beharrezkoa dela EGLU ere aipatzea (EGLU V; mendeko perpausak I), luze eta zehatz deskribatzen baitu baliabide hori eta haren mugak. Eta, adi!, EGLUk, gramatika deskribatzailea izanik ere, EZ DA GOMENDATZEKOA dio, gero gomendioa zehazten badu ere. Hona ekarri dut, inork EGLU eskura ez badu ere (testuak Beñat Oihartzabalen idazkera dotorearen usaina du):

    2.2.7. Erlatibakuntza errazteko bideak
    (…)
    Ez da [beragatik bizia eman nezakeen] gizonik.
    (…)
    Perpaus erlatiboetan, beragatik-en moduan, erabiltzen diren izenordainez esaten da erresuntiboak direla, eta hizkuntza askotan erabiltzen dira izen sintagma erlatibatuen ordezko edo. Zenbait euskal gramatikarik, adibidez Etxaidek edo Altubek mende honen hastapenean, euskararentzat ere egokiak izan zitezkeela pentsatu izan dute, sintagma erlatibatua adberbiala den kasuentzat bederen. Hona Altubek emandako adibideetarik bat (izenordain erresuntiboa seinalatua da):

    (36) Bertatik urten neban etxea (S. Altube, Erderismos, §125).

    Euskararen literatura tradizioak ez die toki handirik eman horrelako izenordain erresuntiboei. Izan ere, badirudi erdarazko testuak itzuli behar direnean bereziki baliatua dela jokabide hau, ez euskararen beraren berezko joera bati erantzuteko. Alde horretarik ez da gomendatzekoa izenordain erresuntiboen erabilera hau, nahiz badirudien beste ingurumen batzuetan, erlatiboaren barnean toki sakon batean denean (cf. hemen beherago, (39)), edo erlatibo apositiboetan (ik. 2.2.14.4), errazkiago onesten direla.

    Erresuntiboen erabilera izenlagunak erlatibatzeko ere proposatua izan da, bai eta kasu hondarki konplexua duten izen sintagmak (motibatiboa edo destinatiboa adibidez) erlatibatzeko ere:

    (37)
    a. Oraintxe ikusi det, here hire seme ezagutzen ditudan gizon bat (J. I. Arana, Relativo deitu idazlanean).
    b. Bere lan guziak irakurri ditudan autorea da hura (S. Altube, Erderismos, § 125).

    (38)
    a. Beragaitik galdu nintzan laguna (Ib., § 125).
    b. Beretzat lan egiten dedan ugazaba (Ib., § 125).

    (36-38) adibideetan izen sintagma erlatibatua sartua da perpaus erlatiboko osagai baten barrean, eta badirudi orduan errazkiago baliatzen ahal direla erresuntiboak. Oro har zenbat eta barnago sartuak baitira erresuntiboak perpaus erlatiboaren osagai batean, hanbat errazkiago onartzen ditugu. Konpara adibide hauek:

    (39)
    a. *Hari egia esan behar izan genion gizona.
    b. ?Haren aurrean egia esan behar izan genizun gizona.
    c. Haren aurrean egia esateko agindu zenigun gizona.

    Hiru adibideetan izenordain erresuntiboa agertzen da. Ordean, (39a) ezin onartua bada, (39b)k ez digu hainbeste minik egiten; eta are gutiago (39c)k. Zergatik? (39a) adibidean izenordain erresuntiboa perpaus erlatiboko osagai datiboari dagokio. (39b) adibidean, berriz, izenordain erresuntiboa adizlagun baten barneko izenlagunari dagokio, eta (39c) adibidean adizlaguna bera ere perpaus osagarri batean sartua da. Hitz batean esateko: zenbatenaz barnago agertu izenordain erresuntiboa perpaus erlatiboan, eta hanbatenaz onarrerrazago gertatzen zaigu.

    Kontuan har horrelako kasuetan erlatibatzeko modu arrunta nekez balia daitekeela, eta erresuntiboa baztertuz gero arras bestela adierazi behar direla gauzak. Hain zuzen horrelakoa izan da joera nagusia orain arte literaturan, eta ihes egin diete idazleek gisa horretako egitura astun, korapilotsuei. Adibidez, (37a) adibidea aipatu ondoan, Aranak berak proposatzen zuen ageriko erresuntiborik gabe den ondoko perpausa erabil zedin haren orde (izen sintagma erlatibatua datiboan izanik orduan, eta aditz komunztaduran agerturik):

    (40) Oraintxe ikusi det iru seme ezagutzen dizkiodan gizon bat (J. I. Arana, Relativo deitu idazlanean).

    Dena den, izenlagun bati dagokiolarik ere erresuntiboa ez da beti beharrezko. Adibidez, posposizio-izenen izenlagunak erlatibatzerakoan ohiko bidea erabil daiteke, eta Altuberen (41)eko adibidearen ondoan, J. Etchepare medikuaren (42)ko aipua eman daiteke:

    (41) Aitari ekarri diot berau aren atzean ibili zan gizona (S. Altube, Erderismos, §125).

    (42) ikusi gabe utzi behar dugu halaber komentuko liburutegia, adituak girelakotz berdin ez dela gehiago han Nabarreko erregeek gainean zin egiten ohi zuten zilarestalgiarekilako liburu handia (J. Etchepare, Beribilez, 49).

    (41)ean atze posposizio-izenaren izenlaguna erlatibatua da, eta aren erresuntiboa erabilia da; (42)an ere gain posposizio-izenaren izenlaguna da erlatibatua, baina ez da erresuntiborik agertzen haren tokian.

    (…)

    2.2.14.4. Erlatibatzeko zailtasunak eta erresuntiboen erabilera perpaus erlatibo apositiboetan

    Aposizioan diren perpaus erlatiboetan, ardatzik gabeko beste perpaus erlatiboetan gertatzen den bezala, gogortzenago dira erlatibatzeko eskalan diren zailtasunak. Halere kanpoko ardatzik gabeko perpaus erlatibo generikoei konparatuz (2.2.13.3), murrizketa ez da hain urrun joaten eta oraingoetan aditzondo diren sintagmak erlatiba daitezke:

    (110)
    a. Ba ote da bazter bat ez naizena izan? (L. Villasante, Sintaxis de la oracion compuesta, 96).
    b. Ethorriko da denbora, deabruak laguntzarik eginen ezterakuna (P. Axular, Guero, 333).

    Adibide horiengatik, aski zail da horrelako erlatibo aposatuen erabiltzea, zenbait hiztunentzat bereziki. Horregatik menturaz, erresuntiboen (2.2.7.2) baliatzeko joera handiagoa izaten da aposizioan diren erlatiboetan, izen sintagma erlatibatua adizlaguna izanik erlatibatzeko zailasuna markatuago delarik bereziki:

    (111)
    a. Sacaramentu onen bidez barkatu zizun bekatu jatorrizko, edo originala, [guziok arekin jayotzen geranal (Aguirre Asteasukoa, Eracusaldiac 1, 193).

    Adibide horretan arekin izenordain erresuntibo gisa agertzen da. Kontuan har, kasu soziatiboan dela, eta beraz erlatibatzeko zailtasuna dakarren kasu batean. Erresuntiborik gabe ezin ulertuzkoa litzateke perpaus erlatibo aposatua:

    b. *Sakramentu honen bidez barkatu zizun bekatu jatorrizko, edo originala, [guziok jaiotzen gerana].

    (…)

    2.4. BAIT-ERLATIBOAK

    2.4.2. Erresuntiboen forma
    (…)
    LABURPENA

    Izenordain erresuntiboetara jotzea ez da ohikoa (22), baina bide hori zabalik dago, batez ere izen sintagma erlatibatua erlatiboko osagai baten barnean denean (23):

    (22) *Hartatik atera nintzen etxea…
    (23) [[Hartatik atera nintzela] uste zenuen] etxea…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude