Oskar Arana Ibabe
Teoriarako adimen kamuts honekin etsirik, edo arazo teknikoei buruz konponbide teknikoen bila hasita eskainiko nukeen emaitzaren murritzak lotsaturik, zertaz ariko eta pasadizo bat kontatzea otu zait, testu bat ingelesetik euskarara itzultzeko gogo bizia eragin zidana. Aurrerago, beharbada, beste aleren batean, ausartuko naiz teoriaren edo teknikaren ur handietan murgiltzera… arnasa laburrekoa naiz, ordea, eta litekeena, oso, saiatu eta otarra hutsik lehorreratzea.
Hiri handi batean oporretan, itzuli izan ditudan hainbat kontakizunen gertalekua ezagutu nahirik, egonaldi labur samar baina oparoa amaitu eta atzenengo egunean, pasieran joan nintzen auzo lasai eta gozoan zehar. Poz handia neraman bihotzean, hamaika kontakizunen gertalekua bertatik bertara ikusi berria, irudimena bor-bor, pertsonaia asko eta askoren ahots ordura arte irakurriz irudikatuak kalean entzuten nituen gizon-emakumeen ahoetan ipiniz, bihotza irribarrez.
Kaleak eta etorbideak bat egiten zuten izkinan eskuinera jo eta han agertu zitzaidan begien aurrean, horma batean dotore idatzita, poema bat, eta geratu egin nintzen irakurtzera. Eta irakurri ostean, hunkiturik, argazki bat atera nion. Gizon beltz bat zegoen horma barrenean eserita, gaztea, itxura abailduarekin. Baimena eskatu nion, horma berea izan ez arren, poemari argazkia ateratzeko. Han zegoen eserita, horma beteko poemaren sinadura balitz bezala. Irribarre egin zuen nola hunkitu nintzen ikusirik. Ez zen bera egilea izango, ez poemarena, ez grafiti bitxiarena, baina egokia izan zen baimena eskatzea. Geureganatu egiten ditugu espazioak, eta hura ez zen, inondik inora, neurea.
Honako hau zen poema, eta honela itzuli nuen:
Harrabots eta lehien artean, zoaz lasai,eta gogoratu zer bake izan behar duen isiltasunean.Ahal duzun neurrian eta etsi gabe,onean izan pertsona guzti-guztiekin.Esan zure egia lasai eta argi,eta entzun besteei,are aspergarriei eta ezjakinenei ere;haiek ere badute beren istorioa.Ez ibili pertsona zaratatsu eta erasokorrekin,ernegagarri zaizkio espirituari.Zeure burua besteekin alderatuz gero,litekeena da harroputz eta mikatz bihurtzea;zeren eta beti izango baitazu baino gehiago edo gutxiago denik.Gozatu zure lorpenez,eta berdin zure asmoez.Zaindu arretaz zure karrera,zein ere den apala,ondasuna baita denboraren zori aldakorretan.Ibili zuhur zure negozioetan,mundua amarrukeriaz beterik baitago,baina ez diezazula horrek ezkuta zer den egiaz bertutea:pertsona askok borrokan egiten du ideal handien alde,eta, nonahi ere, bizitza heroismoz beterik dago.Izan zu zeu.Batez ere, ez egin maitasun itxurarik.Ez izan inoiz zinikoa maitasuna dela eta,zeren eta, idortasun eta desengainu ororen aurrean,belarra bera bezain betierekoa baita.Onartu goxoki urteen aholkua,duintasunarekin etsiz gaztetasunaren dohainak uztera.Elikatu espirituaren indarra,zorigaiztoak bat-batean jotzen duenean zeure burua babesteko.Baina ez zaitezela atsekabetu gogoeta ilunekin;beldur asko akiduratik eta bakardatetik sortzen dira.Diziplina bertutetsuaren gainetik,izan bihozbera zeure buruarekin.Unibertsoaren umea zara,ez zuhaitzak eta izarrak baino neurri txikiagoan;baduzu hemen egoteko eskubidea,eta, zuk argi ikusi edo ez,unibertsoa behar lukeen bezala ari zaigu agertzen.Hala bada, egon bakean Jainkoarekin,zein ere den Hari buruz duzun ideia,eta, zure langintzak eta asmoak direnak direla,egon bakean zure arimarekin bizitzako anabasa zaratatsuaren erdian.Bere iruzur, neke eta amets hautsi eta guzti ere,mundua ederra da.Izan alaia.Saiatu zoriontsu izaten.
|
Go placidly amid the noise and haste,and remember what peace there may be in silence.As far as possible without surrenderbe on good terms with all persons.Speak your truth quietly and clearly;and listen to others,even the dull and the ignorant;they too have their story.Avoid loud and aggressive persons,they are vexations for the spirit.If you compare yourself with othersYou may become vain and bitter;for always there will be greater and lesser persons than yourself.Enjoy your achievements as well as your plans.Keep interested in your own career, however humble.it is a real possession in the changing fortunes of time.Exercise caution in your business afairs;For the world is full of trickery.But let this not blind you to what virtue is:Many persons strive for high ideals;and everywher life is full of heroism.Be yourself.Especially, do not feign affection.Neither be cynical about love;for in the face of all aridity and disenchantmentIt is as perennial as the grass.Take kindly the counsel of the years,gracefully surrendering the things of youth.Nurture strength of spirit to shield you in sudden misfortune.But do not distress yourself with dark imaginings.Many fears are born of fatigue and loneliness.Beyond a wholesome discipline,Be gentle with yourself.You are a child of the universe,no less than the trees and the stars;you have a right to be hereAnd whether or not it is clear to you,no doubt the universe is unfolding as it should.Therefore be at peace with God.whatever you conceive Him to be,and whatever your labors and aspirations,in the noisy confusion of life keep peace with your soul.With all its sham, drudgery, and broken dreams,it is still a beautiful world.Be cheerful.Strive to be happy.
|
Googleri galdetu eta jakin nuen Desiderata duela izena poemak, eta Max Ehrmann legelaria izan zela egilea (1872-1945, Terre Haute, Indiana, AEB). 1920. urtearen inguruan idatzi omen zuen, eta 1927an onarrarazi egile-eskubideak. Frederick Kates izeneko abadeak bere eliztarrentzako poesia inspirazionalen bilduma batean (nork bere buruari laguntzeko liburuen tankerakoa, nonbait) jaso omen zuen, 1959an, baina hainbeste zabaldu omen zen Baltimoreko Old St. Paul’s Church hartatik hasita, non, 1970. urtearen azken aldera, astean 40 bat lagunek galdetzen omen baitzuten elizan poema hura norena zen.
Oporretako atzenenego egun hartan Brooklynen pasieran egitera bultzatu ninduen haize hark bultzatu du nire gogoa poesia hau itzuli eta hemen agertzera, agerkari honetan irakurritako zenbait artikuluren aztarnari jarraituz, aztarna horiek gogoan ereindako zenbait galdera eta gogoetaren bidezidorretik: poema bat aurkitu nuen horma batean goxoki idatzia, desiderata izenekoa; euskaraz aurkitu nahiko nukeen, hori edo beste bat, euskaraz bizi den komunitate linguistiko sendo baten herrialdean, auzo bateko horma batean. Zeren inguruan sendotzen dira komunitate linguistikoak, garai batean meza ostean elizako atartean euskara hutsez berriketan egitera biltzen ziren euskaldunen tankeran?
Gogora etorri zait, orobat, ez bainaiz poesia itzultzen trebatua, Gerardo Markuletak joan den udan Eibarren Udako Euskal Unibertsitatearen eskutik poesia itzultzeaz emandako hitzaldia. Orduan entzundakoak ahaztu samarrik, hartara jarrita beste ezer gabe ausartu naiz lantxo hau egitera. Baina bai langintza zaila, poesia itzultzea; bai langintza zaila gurea, itzultzaileona, bakardade osoan aritzeko.
Gogoan izan dut, orobat, zein itzulpen ederrak egin ahal izango liratekeen talde-lanean, zenbat eztabaida, azterketa eta ikerketa sor litezkeen hemengo hau bezalako lan soil baten haritik, hainbat lagunen artean lan egitera. Gogora etorri zait “Elizen arteko Biblia” lana ere, eta gure itzulpengintzaren historian atzeragokoak, beharbada lagun bakar batek itzulita baina hainbaten eta hainbaten zuzenketa eta gomendioak jaso ostean jendarteratuak… Eta nola trinkotuko zen gure komunitate linguistikoa testu haien inguruan…
Literatur itzulpena zergatik zaidan handi, eder, ezinbesteko, bizigarri, hunkigarri azaltzeko ere balio lezake lekukotza honek.
Geure buruari esateko MEREZI DU, jarrai dezagun euskarazko literatur testu hunkigarriak ekoizten, denon artean, egongo da eta irakurlerik (egongo da, bai, Iñigo), haizea lagun gogoa elikatzera pasieran aterako denik liburu, kontakizun eta poesien karriketan barrena!
Gurea ere, apala, baina karrera da, nahiz eta zor zaion ezagutzarik eman ez literaturaren kate luzean. Geuk zaindu behar, arretaz, geure karrera…
“Zaindu arretaz zure karrera,
zein ere den apala,
ondasuna baita denboraren zori aldakorretan.”
http://cultura.elpais.com/cultura/2012/11/22/actualidad/1353614625_491968.html
Poesia “for the happy few” itzultzen da, Oskar, baina ez dio ardura, idatzi ere bakan horientzat idazten baita.
Hala ere, arrazoi duzu: elkarlanerako eremu emankorra da, langaiaren luze-zabalagatik eta korapiloen zehatzagatik. Kontuan izan, honetan Gerardo eta biok bat gatoz (inoiz hitz egin dugu-eta horretaz), oso esker oneko eginkizuna dela berehalako emaitza inspiratua ekartzen baitu, nahiz gero, txiri-txiri, leundu behar izaten diren ertzak.
Oskar, arrazoia! Lehengo egunean, irrati-zapinga egiten ari nintzela, euskarazko berba batzuk entzun, eta geratu egin nintzen. Esataria oso trebea izan ez arren, testua zoragarria iruditu zitzaidan. Zelan ez zen izango, ba! Bilboko irrati adbentista harrapatu nuen, Elizen Arteko Bibliatik salmo bat irakurtzen ari zirela. Testu bikaina, zinez!
Bai, Oskar, batzuetan, ia-ia horixe izaten da (irakurleren bat gutxienez egongo dela, alegia) helduleku bakarra; esaterako, itzulpen gaitz itxuraz amairik gabeko batean dihardugunean. Gogoeta ederra; eskerrik asko konpartitzearren.