Etxetik botatzetik etxegabetzera

Iratxe Goikoetxea Langarika

Alfontso Mujikak, bere azken artikuluan, «Gipuzkoan hiru etxe-kaleratze ematen dira egunero» esaldiaz galdetu zigun. Eman horrek ez ote zigun kirrinka egiten. Niri bai. Baina ez dut uste arazoa huts-hutsean semantikoa denik: aditzak izentzen ditugunean, zulo bat uzten dugu esaldian, eta zulo hori betetzeko izan, gertatu eta aditz gutxi gehiago ditugu euskaraz. Horrek ekarri du emanen zabalkunde arrotz hori.

Beraz, egin dezagun pauso bat atzera adibideko esaldian, aditz zulorik utzi barik:

Gipuzkoan hiru etxe kaleratzen dira egunero.

Ez dirudi oso txukuna. Beste pauso bat:

Gipuzkoan hiru familia kaleratzen dira egunero (etxetik).

Edo are normalago: «hiru familia botatzen dituzte etxetik», «hiru familiari kentzen diete etxea»…

Lehengoan, hain zuzen, bankuen ekintza horrekin lotura zuzena duen berba bat ekarri zuen Maite Goñik Gaurko hitza blogera: etxegabetu (es desahuciar, fr chasser, en to dismiss). EITBko albistegietan hitz horren bultzatzaile izan garen aldetik, egin duen bidea kontatu nahi dut hemen.

Desahucioak noizbehinkako albiste zirenean, «etxetik bota», «etxea kendu» eta halakoak esanda konpontzen ginen albistegietan. Ugaritu ahala, baina, esapide zehatzago baten premia sortu zitzaigun. Esaterako, Stop Desahucios plataformaren izena aipatzeko. Izen deskribatzailea duten beste hainbat elkarte eta erakunderekin egiten dugun bezala, euskaraz bateatu genuen albistegietan: Stop Kaleratzeak. Gero, elkarteak berak ere bide horretatik jo zuen, eta Kaleratzeak Stop Desahucios izena darabil orain.

Kaleratze hitzak, ordea, bazeukan bainatxo bat: lanetik botatzeko ekintzarako erabiltzen da. Eta albistegiak kaleratzez betetzen hasi zitzaizkigun. Ondorioz, beste esateko modu bat behar genuen, ahal zela, berba bakarrekoa eta entzunaz batera ulertu eta identifikatzeko modukoa. Zuzenbide hizkerako utzarazpenek ez zituen baldintzok betetzen. Eta desjabetu aditzak, tentagarria bazen ere, bestelako esparrua du (administrazio prozedura bati dagokio).

Zelan esango, eta, etxegabe berbaren haritik, etxegabetu esatea bururatu zitzaigun. Interneten arakatuta, ikusi genuen Herria astekariak erabili izan duela, hondamendietan etxea galdutakoak aipatzeko:

200.000ko bat hil hain segur, eta miliun bat eterdi etxegabetu, kolpatuak ezin ohatuak hango zortzi ospitaletan (…). Herria, 2010-01-28.

Hiztegietan ez dago jasota, baina Ereduzko Prosan Sarrionaindiaren eta Pako Aristiren adibide bana daude, ‘etxetik bota’ edo ‘etxea galdu’ adiera zabalean.

Halaxe, guretzat praktikoa eta edozein belarrirentzat ulergarria zelakoan, etxegabetu aditzaren alde egin genuen EITBko albistegietan. Eta badirudi bidea egiten hasi dela.

Berbak eta esanahiak uste baino bizkorrago garatzen dira askotan. Bitxia iruditu zait…

  • Kaleratu berbaren egungo adiera nagusia berria izatea. ‘Lanetik edo beste nonbaitetik kanporatu’ esangura ez dago jasota OEHn.

  • Etxegabe hitza oraindik jaso barik edukitzea Elhuyar eta Labayru hiztegiek. Badira hogeitaka urte hasi ginela erabiltzen bizilekurik ez duten pertsonak aipatzeko, eskale, arlote eta antzeko berba markatuen alternatiba modura. Hiztegi Batuak badakar, baita Zehazkik eta Wikipediak ere (oso artikulu luzea, gainera).

4 erantzun “Etxetik botatzetik etxegabetzera” bidalketan

  1. Ederki adierazi du Iratxek niri ere artikulu horrek eragin zidan gogoeta nagusia. Troiako zalditxo bat da halako bakoitza, laster sarraskiak eragingo dituena joskeran eta arierazpidean… hiztegigintza itxuraz aseptikoaren atetik sartuta.
    Balegoke zer esanik artikulu berean arauemailetasuna hiltzat jotzen duen auskalo nork ezarritako legeaz eta bestez, baina
    erantzunen txoko hau estua da horretatako, eta, bestetik, uste dut arriskutsua dela elkarri erantzunka jarduteko erabiltzea artikuluak berak, tentagarri izan arren.

  2. “…conductas fraudulentas en sede recaudatoria consistentes en la despatrimonialización de una sociedad”…itzultzeko “ondaregabetu” raino iritsi naiz aste honetan. Hitz hori, “despatrimonializar”, ez dago RAEn jasota, eta, euskarazko hiztegietan, Labayrun bakarrik aurkitu dut “ondaregabetu”. “Ondarez gabetutik” “ondaregabetura” tarte txikia dagoelakoan, eta joskera errazten duelakoan, ederto etorri zait aditz hori. Molde horretako aditzen saila eta dagozkien aditz-izenena ugarituz doazela dirudi, eta baliabide ona dirudite.

  3. Egun on:
    Artikulu interesgarria.
    Zalantzat bat sortu zait. Zein da “utzarazpen”ekin duzuen arazoa? ez duzue uste denboraren poderioz jendeak zabalduko dela? (hasieran ohar batekin idatzita, ta hortik aurrera bere horretan) Ziur nago hasieran “desahucio” zer zen ez zutela jakingo askok eta orain ohitu egin gara.

  4. Ondo diozu: edozein berba behin eta berriro erabilita, ikasi eta geuretu egiten dugu azkenean. Halere, ETBko albistegietan ahalik eta hitzik ulergarrienak erabiltzen ahalegintzen gara, eta ‘utzarazpen’ ez da behingoan ulertzen. Euskaltermek bakarrik dakar (ez Elhuyarrek, ez Zehazkik, ez Hiztegi batuak), eta izena bakarrik ematen digu (“desahuciar” aditzik ez dago). Horrek asko mugatzen gaitu: eroso esan dezakegu “familia etxegabetuak”. Baina “utzarazpen” edo “utzarazi” erabilita?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude