Zuzentzailea Mac eta Docs-en

Eneko Bidegain

Informatikak zuzen idaztea asko errazten digu. Zuzentzaile ortografiko automatikoei esker, berrirakurketa lana arinagoa eta ziurragoa da. Eta euskaraz ere aukera hori daukagu. Beste kontu bat da idazten ari garenean gogoratzea ezarpenetan hizkuntza aukeratu behar dela; eta beste bat zuzentzaileari kasu egitea. Onartezinak dira testu tratamenduekin idatzitako testuetan agertzen diren ortografia huts asko. Noski, “haurra”-ren ordez “ahurra” idatzi duena ez da ohartuko huts bat egin duela (ez badaki edo ez badu berak berriz irakurri), baina beste huts asko saihestu daiteke. Ikasleei garbi erran diet ez dudala onartuko Xuxen-ek pasatzen utziko ez lituzketen hutsez betetako idazlanik. Kazetari batek ez dezake artikulurik bukatutzat jo Xuxen pasa gabe. Hori oso garbi adierazten ziguten Berria egunkarian. Idazle bati ere komeni zaio zuzentzaile ortografikoaren laguntzarekin lan egitea, argitaletxeari zuzenketen fasean alferrikako lana aurrezteko eta argitaletxeko zuzentzailearen lana zuzenketa sakonago eta zorrotzagora bideratzeko.

Baina Google Docs-en edo Mac ordenagailuko Word testu tratamenduan testu bat idazten duenak ezin du zuzenketa automatikorik egin. Google Docs-en ez daiteke euskara aukeratu hizkuntza gisa, beraz euskaraz gaizki idatzitakoa ez du detektatzen. Apple-ren kasuan, oker ez banago, Xuxen bertsiorik ez da egin 2004tik hona. Ez dakit noren esku dagoen egoera hori zuzentzea, baina euskarazko zuzentzaileak tresna guztietan egon behar du eskuragarri eta erabilgarri, euskararen bazterketa areagotu nahi ez badugu.

9 erantzun “Zuzentzailea Mac eta Docs-en” bidalketan

  1. Mac-erako “XUXEN Hunspell Mac” dago, baina Mac OS X Snow Leopard (10.6) behar da. Xuxen, horrela, sistema eragileak dakartzan programetan txertatzen da: Safari-n, Mail-en, iWork-en, eta TextEdit-en ere bai.
    Mac-en, bestalde, OpenOffice edo LibreOffice ere erabil daitezke, eta horietan Xuxen IV instalatzea badago.
    Google Docs-en bai ez dagoela modurik (nik dakidala), eta, egia esateko, eskertzekoa litzateke.
    http://www.euskara.euskadi.net/r59-20660/es/contenidos/informacion/euskarazko_softwarea/es_9568/xuxen.html

  2. Kaixo Gotzon, frogatu dut Google Docs-en, eta ez dakit nik egin dudan zerbait gaizki, baina ez dizkit zuzenketak ongi egiten. Batzuetan bai, baina beste batzuetan hutsak ez ditu detektatzen edo proposatzen dituen zuzenketak gaizki daude. Adibidez, “gabiltsa” gaizki dagoela detektatzen du, baina “gabitza” proposatzen du. “Gabiltza” ere ez du onartzen, eta “gabitza” proposatzen du…

    1. Nirean, Firefox 17.0, gehigarria Xuxen 4.0.1.

      Ohartu naiz Xuxenek desberdin jokatzen duela Google Docs-en eta, esate baterako, formulario honetan. Zuk diozun bezala jokatzen du Docs-en, Eneko. Aldiz, formulario honetan:

      “gabiltsa” idatzita, gorriz ari zait azpimarratzen; eskuineko botoiarekin gainean klik eginda, “gabiltza” proposatzen dit zuzenketa bakarra.

      “gabitza” idatzita, gorriz ari zait azpimarratzen; eskuineko botoiarekin gainean klik eginda, zuzenketa hauek proposatzen dizkit: gaitza, gabitzar, gabitzat, gabiltza, garitza.

      Firefox-erako Xuxen gehigarria egiten dutenek jakingo ote dute zergatik jokatzen duen horrela Google Docs-ek?

  3. Kaixo,
    bai, hala da. Elekak Firefoxerako garatu zuen gehigarria instalatuta badago, bertan idazten dugun formularioetan zuzenketa ortografikoa egiten lagunduko digu.
    Baina, GoogleDocs-ek zuzentzaile propioa du integratuta, eta ez dio uzten XUXENi funtzionatzen. Aztertzen ari gara ea zerbait egin daitekeen.
    Bestalde, MAC-ei dagokienez, Anderrek zioen moduan, sisteman integratzen den XUXENa dago, eta OpenOfficekoa ere erabil daiteke. MACerako Officen kasuan, berriz, azken bertsioa 2008an atera zen eta espero dugu datorren urtean bertsio berria kaleratuko dugula (Office 2011rako).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude