31 eskutik
Editoreok prestatu dugu gaurko ekarpentxoa… eta lana emateko! Zalantza batez galdetzea erabaki dugu.
Erabaki garrantzitsua da, langile askori eragiten baitio eta beste enpresa batzuetan ere aplika daiteke.
Era horretako esaldiak irakurtzen ditugu zenbaitetan, eta pentsatzen dugu: “langile askori eragiten baitio” bakarrik da hor kausala, ala ondotik datorrena ere bai? Eta, juntagailuaren ondotik datorrena ere kausala baldin bada, ez genuke beste bait- bat beharko? Kausa-zentzua aurretik adierazten duen lokailu bat sartuz ere saihesten da arazoa (arazo baldin bada):
Erabaki garrantzitsua da, langile askori eragiten baitio eta beste enpresa batzuetan ere aplika baitaiteke.
Erabaki garrantzitsua da; izan ere, langile askori eragiten dio eta beste enpresa batzuetan ere aplika daiteke.
Beste adibide pare bat, bat laburrean eta bestea luzean. Uste dugu azterbide bera aplika daitekeela.
Han garbi markatua zen bidea, orbela lurrean itsatsia baitzegoen eta ilunago ageri zen tarteka.
Hori hala izan da XX. mendearen lehen erdian, baina ez azken berrogeita hamar urteetan, historialariek ez baitute ia ikertu garai hori, eta beste gizarte-zientzialarien eskuetan —politologo, soziologo, antropologo eta jurista, batez ere— utzi dute zeregin hori.
Zuen iritziaren zain gelditzen gara. Eskerrik asko. Iruzkinak egiteaz gain, klik bat edo bi ere egin dezakezue hemen behean, egokien deritzozuena hautatzeko (jakinaraziko ditugu emaitzak):
[googleapps domain=”docs” dir=”spreadsheet/embeddedform” query=”formkey=dE9qdVc3b3B3ZXVwNS1OdDlQNjBleVE6MQ” width=”760″ height=”585″ /]