Itzulpena eta ideologia

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Ustez, denok bat gatoz esatean itzultzaileok ez dugula geure ideologiaren baldintzapean egin behar itzulpenik; gure lanbidearen oinarrizko jokamolde etikoaren arau bat edo da hori, gure arautegi deontologikoan nonbait jasota egongo dena. Errealitatera etorriz, ordea, arau etiko hori noizbait hausten dela erakusten duen adibiderik ez da falta.

Duela gutxi, adibidez, eztabaida sortu zen Itzul zerrendan “copago” hitzaren itzulpena zela eta; eta ez ziren hain gutxi izan hitz horren euskal ordaina emateko orduan “berrordainketa” defendatu zutenak, hori delako(an) beren ustez benetan gertatzen dena; eta pentsatzekoa da itzuli ere hala itzuliko zutela testuren batean edo bestean.

Bat etor gaitezke uste horretan, baina ez dut uste itzulpen-proposamen hori zuzena denik, etikaren eta deontologiaren ikuspegitik behintzat. Izan ere, “copago” hitzaren aldamenean, gazteleraz ere ikusi-entzun izan da “repago” kontzeptua, iritzi artikuluetan edo tertulietan, baina, beti ere, esan bezala, iritzi baten babespean. Zer esanik ez, euskaraz ere hitz bana egon liteke, eta egon beharko lukete, bi kontzeptuentzat, ez bakarra, norberaren nahierara.

Bat etor gaitezke, orobat, esatean bai “copago” eta bai “repago” hitzak ideologikoki markatuta daudela, edo ideologia argia dagoela horietako bakoitzaren azpian; eta lehenengoa, azken finean, itxura neutraleko eufemismo hutsa dela. Baina testu batean bata agertzen bazaigu, ezin dugu bestearekin itzuli, horren azpian datzan ideologiarekin ez gatozelako bat.

Beste adibide gehiago ere badaude. Esate baterako, Bilboko Urkixo zumarkaleko postetxean, lehoi-postontzien azpiko plakan ageri den “Nacional / Estatu barrua” itzuli zuenak ez zuen behar bezalako etikaz jokatu itzulpen hori eskatu zion erakundearekin, bere ideologia lehenetsi baitzuen; antzekoa gertatu da (gertatzen da) DNI delakoarekin: ikusi bestela hemen esandakoak.

Jakina, gutako bakoitzak gure bizitza pertsonalean nahi duguna erabil dezakegu, baina itzultzaileak garenean, ematen zaigun testuari eta lan-emaileari zor diegu leialtasuna, eta, kasu askotan, argi dago agiri horren izendapen ofiziala baino ezin dela erabili. Besterik da, “nacional” hitzarekin jarraituz, elkarteren batek edo beste edonork ateratzen duenean gurean ere hain ohikoak diren gabonetako loteriako partizipazioetan, argitaratzaileak nahi duen izendapena erabiltzea, “Espainiako Loteria”, “Gabonetako Loteria”, “Estatuko Loteria” edo nahi duena, partizipaziogile horrek baduelako eskubidea berea den produktuan nahi duen izendapena erabiltzeko.

Azken adibide bat ipiniko dut, niri neuri gertatua (eta barkatu adibide pertsonala ekartzeagatik). Samaniegoren alegiak itzuli nituenean, euskarara itzulitako alegiei buruzko tesi bat egin zuen norbaitek kritikatzen zidan genero-irizpidea kontuan ez izatea eta “hombre” hitza “gizon” itzultzen nuela, eta ez “gizaki” edo “gizon-emakume”. Alde batera utzita hitz neurtuetan egindako itzulpen batean silaba bat gehiago edo gutxiago izateak duen garrantzia, uste dut kritika hori egin zuenak ez duela ulertzen XVIII. mendeko testu batean nekez aurkituko dugula gaur egungoa den irizpide hori eta, gordin esanda, Samaniego matxista bazen, haren itzulpenetan ere matxismo hori agertu behar duela itzultzaileak.

Honi lotutako azken anekdota batekin nahi dut bukatu: nire interprete lanetan noizbait gertatu zait elkarte feministaren batek antolatutako mintzaldi batean norbait etortzea kabinara esatera hizlariak, adibidez, “hijos” esaten duenean, “seme-alabak” itzuli behar genuela, beti ere genero-ikuspegiari amen eginez… baina hori ez ziotela esaten hizlariari!

Beldur naiz, ikusitakoagatik, bai itzultzaileok baita beste askok ere lehenago aipatu dudan araudi deontologiko edo etikoa berrirakurri beharko genukeela noizean behin.

4 erantzun “Itzulpena eta ideologia” bidalketan

  1. Koldo, pasatuko diguzu aipatzen duzun araudi deontologiko edo etiko hori?

    1. Oker ez banago, EIZIEk egin zuen bere garaian. Benetan interesatuta bazaude, haien bulegoan galdetu.

  2. Aski gai irristakorra den arren, ausartu nadin hariari heltzen.

    Ez dut uste auzia hain argia denik, Koldo; aitzitik, lauso samarra da, eta zenbait ikuspegi kontuan hartzera behartuta gaude, nire ustean.

    Gogoeta lokabe batzuk:

    1. Gizarteek aitzina egiten dute, eta hizkuntza moldeak ere aldatu egiten dira. Lehen maskulinoa generikoa zen, eta orain, ez. Garai bateko irakurlearentzat arrunta zena, gaurkoarentzat, zorionez, bitxia izan liteke, eta, beraz, kontuan hartu beharrekoa da hartzailearen ikuspegi hori (edo erabakiaren ondorioa).

    2. Ideologia dela eta, bezeroak, beharbada, nahi izango du testua neutroa izatea XHn. Berdin hartzen al dituzte irakurle erdaldunak eta euskaldunak “Espainia” edo “nazional” hitzak? Oro har, ezetz egingo nuke; jakina, euskaldun guztiok horretan ere ez gara gogaide (denean bezala). Beraz, bezeroaren asmoa ere aintzat hartzekoa da.

    Azken batean, testuaren hitz-segidatik harago, hamaikatxo konnotazio daude (“soziologikoak”, nahi baduzue), eta erabakiok hartzean aintzat hartu behar genituzke, gutxienik, bezeroaren asmoa (eta argia ez bada, gaztigatu behar genioke izan litezkeen ondorioez) eta hartzaileen ikuspegia.

    Alderdi horiei guztiei ez ikusiarena egitea arduragabekeria galanta litzateke, ezbairik gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude