Iñaki Iñurrieta Labaien
Las más vehementes aspiraciones de los súbditos de un país no debidamente regido por instancias gubernamentales están condicionadas por una multitud de factores que las hacen más o menos realizables en cada ocasión.
Agustín García Calvo hil berriak dioenez (Karlos del Olmok herenegun ItzuL zerrendan In memoriam estekatutako artikulu aspaldiko, Senezen agertu batean), errazagoa omen da esaldi hori —maila kontzientetik gertukoa, Kulturan ondo bildutakoa— itzultzea, “Pues, anda que el otro” esaldia baino —hots, subkontzientean barneratuago, Kulturatik urrunduago dagoen esaldi bat baino—.
Zuri, berriz, esaldia irakurri orduko, iruditzen zaizu hor ere aurkituko dituzula, besteak beste, hizkuntza pospositibo, atzerakargatu honek egunero aurrez aurre jartzen dizkizun sintaxi-arazoak. Proba dezagun, ia aldi bereko interpretari batek bezala, bat-batean, hiztegietara-eta jo gabe. Hor ekin diozu:
Herrialde bateko sujeten nahikaririk suharrenak…
Geldi hor: erdaraz ondoren datorrena aurrean jartzea litzateke normalena, izenlagun gisa. Has gaitezen berriro:
Gobernu-instantziek behar bezala gobernatu gabeko herrialde bateko herritarren nahikaririk suharrenak…
Alto berriro. Atzerakarga handiegia… Ea izenlagun luze hori eskuineratuta…:
Herrialde gobernu-instantziek behar bezala gobernatu gabe bateko herritarren nahikaririk suharrenak…
Irakurgarriagoa ote horrela? Irakurle molde horretara trebatu batentzat, akaso, bai… Zalantzak sortzen dizkizu “Herrialde gobernu-instantziek” horrek. Izenondoa jartzerik balego herrialderen ondoren… moderno, europar, burujabe… testuinguruan egoki letorkeen izenondoren bat. Honela, adibidez:
Herrialde moderno, gobernu-instantziek behar bezala gobernatu gabe bateko herritarren…
Argiagoa, baina hori tranpa egitea da, jatorrizkoan ez da halako izenondorik…
Dena den, erdia besterik ez duzu egin. Beste erdia falta zaizu. Ea, pausoz pauso…
baldintzatuta daude…
hainbat eta hainbat faktorek baldintzatuta daude… baldintzatzen dituzte.
abagune bakoitzean egingarriago egiten dituzten hainbat faktorek baldintzatzen dituzte.
Arindu dezagun erlatibo hori:
hainbat faktorek baldintzatzen dituzte, abagune bakoitzean egingarriago egiten dituzten faktoreek.
Tira, badirudi egina dagoela. Jar dezagun dena batera, ea nola irakurtzen den:
Herrialde (europar/moderno/burujabe,) gobernu-instantziek behar bezala gobernatu gabe bateko herritarren nahikaririk suharrenak hainbat faktorek baldintzatzen dituzte, abagune bakoitzean egingarriago egiten dituzten faktoreek.
Osorik irakurrita, bistan da subjektua eta aditz nagusia aurreratzea komeni dela:
Hainbat faktorek baldintzatzen dituzte herrialde (europar/moderno/burujabe,) gobernu-instantziek behar bezala gobernatu gabe bateko herritarren nahikaririk suharrenak; abagune bakoitzean egingarriago egiten dituzten faktoreek.
Irakurgarria al da aukera horietakoren bat? Jatorrizkoa bezain irakurgarria/irakurgaitza? Nola itzuliko luke esaldia aldi bereko interpretari batek? Ziur asko, automatizaturik ditu prozesu horren pausoak; animatuko balitz deskribatzera…
Zalantzan egon naiz erantzun ala ez, ni ere hasia bainaiz antzeko zailtasunen gaineko artikulutxo bat idazten. Nire proposamena da Juan Garziak “Puntuazioa” eskuliburuan jaso duen esaldi-ereduari zorrozki jarraitzea: mintzagaia(k) / galdegaia + aditza (+ hizpideabarra(k)) / gehikuntza(k).
Kasu honetan: «Gobernu-erakundeek behar bezala gobernatzen ez duten herrialdeetan, hainbat faktorek baldintzatzen dituzte herritarren asmorik gogotsuenak, eta, kasuan-kasuan, gauzatzen errazago edo gauzatzen zailago egiten dituzte».
Eztabaida mintzagaiaren aukeraketagatik etor daiteke. Nik testurik erosoena osatzen laguntzen didan osagaia bidali ohi dut posizio horretara -galdegaia zein den garbi eduki eta gero-.
Hizkuntzan, maiz aski, errazena da zailena eta zailena, berriz, errazena. “Anda que tú!” hori aise ateratzen zait euskara gurean: “heu hortik honakoa!”. Orain: egia da “usteak erdia ustel” itzultzea, hots-joko eta guzti, oso gauza zaila dela.
“Las más vehementes aspiraciones…” moduko hizkuntza klase hori, aldiz, oso zaila da itzultzen oso korapilatsua delako, eta, aldi berean, oso erraza da, zeren kasik berdintsu baitio era batera itzuli edo bestera itzuli, ez baita belarri natural batek ulertzeko moduko hizkuntza klasea, munduko edozein hizkuntzatan esanik ere.
Aldi bereko batek nola jokatuko lukeen galdetzen du Iñakik.
Bada, ahal bezala, eta ez da guztiz broma. Ahozko diskurtsoaren itzulpenean mamiak, zentzuak du erabateko garrantzia, bestela ezinezkoa litzateke.
Esaldi jakin horri gagozkiola, diskurtsoan horren aurretik zer esan duen, hori nolako entonazioaz esan duen… hortik ondorioztatu behar du interpreteak zer adierazi nahi duen, zer transmititu nahi duen hizlariak, une horretan, esaldi horrekin. Eta horren arabera, euskaraz esanahi hori jasoko duen esaldia bota.
Hizkuntza erregistro jaso samarrean egiten saiatuko litzateke kasu horretan, baina, hortik aurrera, formari kasu gutxi. Diskurtsoa biluztu, mamia antzeman, eta euskararen arropa jarri.
Interpretak bestelako mugak ditu, baita bestelako askatasunak ere. Idatzizkoan ez bezala, esaterako, esaldi oso bat ken dezake, edo hitz bakarrera murriztu…
Eta mamirik gabeko diskurtsoa denean?, galdetuko du baten batek. Horra interpretearen benetako kalbarioa, zaila baita, oso, keari inolako arropa egokitzea.