e. eta h. markadun hitzik ez Euskaltzaindiaren Hiztegian

Paskual Rekalde Irigoien

Hamabi urte iragan dira Euskaltzaindiak Hiztegi Batuaren lehen idatzaldia argitaratu zuenetik. Liburuxka haren ondotik beste bi ere etorri ziren 2008an eta 2010ean: osotara, 36.000 sarrera eta 6.000 azpisarrera inguru.

Hiztegi horren idatzaldietako zenbait sarreratan e. eta h. markak ageri dira. Ikusita euskarazko anitz hitzek aldaera bat baino gehiago izan dituztela tradizioko testuetan, Akademiak aldaera horietako bat onartu zuen eta gainerakoak baztertu: (erropa* e. arropa; hibai* e. ibai). Bestalde, hainbat hitzi h. zeinua erantsi zien: batetik; erabaki zen hitz batzuk hobestea (beste, urtarril) euskalki marka daramaten hitz batzuen kalte (bertze, ilbeltz), betiere Euskal Herri osoari begira idatzitako testuetan erabiltzekoak baziren, eta bestetik, zigarreta edo partida moduko hitzak hobetsi ziren Hegoaldeko zigarroren edo partiduren aldean.

Adibideez eta adierez hornitutako hiztegia behar genuen eta hutsune hori betetzera etorri da Euskaltzaindiaren Hiztegia. Hiztegi Batuko lehen 20.000 hitzetan oinarritutako lan honetan jadanik ez dugu e. eta h. markarik ikusiko. e. markadun hitzei (edo hitz baztertuei) dagokienez, baztertze-maila leundu da eta erabilera debekatzetik ez gomendatzera pasatu da. Adibidez: hibai iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, hibai-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. ibai]. Bestalde, hitz ez-hobetsiei h. marka kendu zaie eta bere horretan utzi dira, erabilera-adibiderik gabe, bigarren mailakotzat joz. Adibidez: bertze Lap. eta Naf. Bestea.

Jakin badakigu (eta hala aitortzen du Akademiak) Hiztegi Batua plazaratzen joan zen garaian euskara estandarra ez zegoela aski finkatua, ez bederen hiztegiari zegokionez eta, ondorioz, garaiko joerari men eginez, gogortxo jokatu behar izan zuela hitzen onartze eta arbuiatze kontuan, euskal hiztegiaren batasuna ahalik eta arinen lortzeko. Bada, ematen du Akademiak gogortasun hori nolabait ere gozatu nahi izan duela marka horiek ezabatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude